LOPETEGI SENPERENA,Anttoni "Erabakia" L.Luma berrien eleak. 2005,3.Zenb. 22-23 or. Jonen begiak ez dira hain txikiak. Itxura erromantikoa ematen dioten betaurrekoak gau-mahaian utzi ditu eta instant batean nabaritu dut berezkoa duen begirada beltz sarkor hori nire gorputzeko zuntz finenak zeharkatzen; batbatean, lotsa galduta bezala, ibilaldi geldoa une batez eten dute, begi-ninien iluntasunean desio eta grinek itoalditik askatu nahi dutela nabaritu dut; arnasaren hats beroa, nire lepo txokoan sentitu dut; begiak itxita ez dut erreala den ezer ikusten eta arrazoia erne egotetik ia lokartzera pasa da; bere besoek aurrena, eskuak gidari, nire gorputza inguratzen eta dastatzen hasi dira eta berehala ekin diogu dantzari: gozoa, geldoa, baina, etenik gabekoa...