ODRIOZOLA LACARRA, Ainhoa"SMS-a paradisutik" Luma berrien eleak 2005, 2 zenb. 10-14or.Oinak amildegiaren ertz-ertzean jarrita, basamortuaren goritasuna osoki ikus zezakeen, zabal zeru marraraino. Bere basamortua zen hura, bere zerua, baina aldi berean arraroa, ezohiko zeru eta basamortua. Supituki, oinutsen azpian lurraren sostengua falta zuela eta ikaraz, amildegian behera zihoala ohartu zen, garrasika begi-ahoak zabalduz. Atzera egin nahian astinduta esnatu zen, eta buruarekin osteko harri tontorra jo. Kokoteko minak baino gehiago, ipurdia lurrean jesarrita sentitzeak lagundu zion ametsetik ateratzen. Eskuaz burua igurtziz, baretu gabe oraindik bihotz taupadak, Ngiyak izpia ikusi zuen. Tribuko gizonezkoek goian jarritako ohol eta harritzarren artetik, lotsagabe sartzea lortu zuen argi izpi bakar filigranazkoa.