Ondo gaude horrela Irudia: Lina Bo Bardi
Irudia: Lina Bo Bardi
Bada herri ttipi eta nimiño bat 
non, errekak negar egiten duen mutxurdinen kantuekin.
 Hala diote baina nik ez dut sinetsi nahi. 
Herri ttipi eta nimiñoak,
 badu agureen zelaten berri 
edo horren aguretuak ez garenon miserienak. 
Nori axola baina, norbera zeren sinestun jarri. 
Agian, ispilu eskegi gabeen errua da,
 kaleetan diot, denbora ez hartzearena 
norberak bere gorputzari so egin eta 
aldendu beharrean,
 kristalaren itzalari besarkada lapurtu 
eta geure buruak onartzearen bulkada 
besteek nola begiratuta, zer pentsa.
 Ttipia eta nimiñoa delako herria 
durundatzen dute agian, hainbeste geure pausoek 
tantaka dabilenean euria, putzutik putzura saltoka oinak.
Eta ginenaren begirada horretan betiko jendea
 eta betiko kaleak ikusiko nituzke
 neure begietatik aldatzen eta aldentzen eta gordetzen
 egunsentia, 
beste behin ere. 
Herri ttipi eta nimiño batekoa izan nintekeen ni 
eta agian, horregatik barrutik kanporanzko norabidean biluztu
 eta nire arropak zabalduko nituzkeen 
herriko plazako etxetxo bateko balkoi handienean, lasai.
 Errekak zubia gurutzatzen duen ala zubiak erreka 
galdetuko lukete atsaldepasa ihintzak hartu dien mutxurdinek.
 Orain, legerik kabitzen ez den geure erdi aroko plazetan 
non maiteminduak pipak jaten dituzten skate parkeko banku arruntek,
 ez duten zeri erruki apurrik hartu. 
Herri ttipi eta nimiñoak, 
ez du betirako sinestu nahi laztana, 
-dibortzioak ehuneko berrogeita hamar diren garaiotan-
eta batera bizi ez garenez
 -eta batera bizi nahi ez dudanez-, 
ondo gaude horrela, 
euria eta putzuak kalean 
eta zu lo ohean, 
bazoazen ala zatozen asmatu bitartean, 
eta miazka disimulatu horien bizkarrean.
	



