Ez-habitalekua
Irudia: Lina Bo Bardi 
Nire etxeak baditu 
ni desagertzeko adina trikimailu. 
Esan dezagun, astean bitan
 sukaldean ezkutatzen den kamera sekretuak
 ezin duela denboraren pertzepzioa 
ondo errezibitu. 
Hilabeteak egutegia aldatu ez dudala 
eta erlojuak beti ematen ditu 
bederatziak. 
nik estali adina geruza. 
Hor dira, kaxa batean pilatuta, liburuak
 kdak nahastuta, badaezpada nik neuk ere 
aurki ez ditzadan behar ditudan kantuak 
behar ditudan orduan. 
Egunen batean egon nintzela inork 
oroituko balu, 
banindoala banekiela jakin dezan.
Nire etxeak baditu 
nik igaro adina ate berri, 
eta jertse kaputxadunak zintzilik, 
badaezpada ere historiaren susmagarritasuna 
bistakoa izan dadin, 
hiriko ahotsek egin nindutela preso 
esan dezaten nire alde. 
Norbait sartzen zait etxean eta halere, 
ez da ni baino arrotzagoa sentitzen, 
bistan denez.
Nire etxeak baditu 
sendi oso batean aurki ditzakezun gurutze-bideak.
 Ez dagoen guztiak hitz egiten du nitaz, ordea. 
Ezin aurkitu baina, ustez bilatzen ari zinena. 
Horregatik dira bederatziak 
nahiz izan pertsiana jaitsiak. 
Nire etxeak baditu 
ez diruditen zelda adina logela.
 Neure irudirako, 
egoitzaratu ninduten 
matriuska jokoaren izenean
 adina labirinto kabitzen dira 
gezur estali guzien gaineko 
txantaia kateagatik. 
Eta ez, ez dut trikimailu honen 
arrazoirik 
zuek ulertzerik bilatu gura, 
ezeren edo neure lasaitasunerako. 
Habitatu ahal izango du 
maitasunak 
etxea.
Baldin eta gero, maitasuna.



