Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
 
luma6

Iraultzaile konprometitua batzuentzat, ezkertiar burges eta playboy erromantikoa besteentzat, eta bolxevikeei saldutako traidorea beste hainbatentzat. Hala ere, inork ezin du zalantzan jarri John Reed (Jack lagunentzat) historiako kazetari, erreportari eta kronista interesgarrienen artean kokatzen dela, bai bere lanagatik bai bizitzan erakutsitako konpromisoagatik.

Portland hirian, Oregon estatuan, jaio zen, 1887. urtean, eta hogeita hamahiru urte geroago hil zen Moskun, Errusia berriaren bihotzean.

Familia aberats baten erosotasunean igaro zuen haur- tzaroa, eta horri esker Harvard Gollege-n ikasi ahal izan zuen. Han ezagututako lagunek eta garai hartan zeuden gizarte-desberdintasun ikarragarriek ideia ezkertiarrak bereganatzera bultzatu zuten.

Olerkaria izan zen bizitza osoan, baina «Masses» aldizkariko zuzendari Max Eastman-ek esan zuenez, «Reed-en poesia, hitzak idazteko ez ezik, bizitza bizitzeko ere bazen». Beraz, haren poemak ez ziren bikainak izan, baina zuzenean jo zuen gerren eta iraultzen, greben eta manifestazioen bihotzera, eta hori guztia kamera baten begi zorrotzarekin egin zuen, kamerak asmatu baino lehen, eta magnetofoiaren memoriarekin, oraindik horrelakorik ez zegoenean. Historiari bizia eman zion aldizkari merkeetako irakurle xumeentzat eta hileroko kazeta gorrien kontsumitzaile ezkertiarrentzat.

Garai hartan, Pancho Villa nekazari-matxinada baten buru zen Mexikon, eta Metropolitan agerkariak be- rriemaile gisa joateko eskatu zion Reed-i. Laster ikusiko zuen bere burua Mexikoko iraultzan murgilduta, Villaren beraren alboan zaldi gainean. Handik bidalitako artikuluei buruz honako laudorioak idatzi zituen Walter Lippmann idazle eta intelektual ospetsuak: «Inoiz egin den kazetaritzarik onena... Haren inpresioen aniztasunak, baliabideek, haren hizkuntzaren koloreek agortezinak ziruditen... eta Villaren iraultza, zeina ordura arte prentsan modu gogaikarrian islatu baitzen, nekazari-mugimendu geldiezina bihurtu zen, lurraren eta zeruaren arteko panorama miresgarrian».

Horren guztiaren emaitza da Insurgent Mexico (Mexiko Matxinatua), gai horri buruz John Reed-ek idatzitako artikuluekin 1914. urtean argitaratutako liburua. Ortodoxiaren ikuspuntutik, ezin liteke kazetaritza objektibotzat jo; aitzitik, iraultzaren aldeko ikuspuntutik idatzita dago.

Bere kontakizunetan Mexikon zuzen-zuzenean izandako bizipenak jasotzen ditu kazetariak, deskribatzen duen errealitatean guztiz murgilduz. Hango matxinatuekin dabil, haien poz, neke, arrisku eta beldur berberak bizitzen ditu, eta ez du ezkutatzen haiekin sentitzen duen identifikazioa; izen eta abizenekin aurkezten dizkigu, eta bakoitzaren fisikoaren, nortasunaren eta istorioaren berri ematen digu. Horrela, historia nagusiaren barruan istorio txiki asko daude, errealitatea ez balitz, abenturazko nobela ere izan litekeen narrazioa osatuz.

Garai hartako Mexikoz ematen digun irudiak kontraesan asko ditu: distiratsua eta miserablea; kementsua eta koldarra; idealista eta ezjakina. Jasotzen dituen egoera eta elkarrizketa asko Latinoamerikan sustrai sakonak dituen surrealismoaren eta errealismo magikoaren barruan kokatzeko modukoak dira. Horiek irakurrita, ez gaitu harrituko Luis Buñuel zine-zuzendariaren Mexikoko filmak eta Gabriel Garcia Márquezen eleberriak lurralde haietan inspiratu izanak.

Urte batzuk geroago gerra piztu zen Europan, eta New Yorkeko hedabide handienen eskaintzak jaso ondoren, Metropolitan-entzat lan egitea onartu zuen berriro. Ordurako, bere konpromiso politikoa gero eta ageriago zegoen, batez ere gerraren aurka adierazitako iritziengatik, eta horrek zenbaiten kritikak erakarri zizkion. Adibidez, urte batzuk lehenago hainbeste laudatu zuen Lippmann-ek honela definitu zuen: «Izakeraz, ez da idazle profesionala, ezta kazetaria ere, ondo pasatzen duen pertsona baizik»; «Reed ez da objektiboa, eta harro dago horretaz».

Errusiatik zetozen berriek sekulako zalaparta sortu zuten 1917. urtean. Tsarra, erregimen zaharra, boteretik kendu zuten. Iraultza abian zen. Herri oso batek uko egin zion gerraren sarraskian parte hartzeari.

 

Berehala abiatu zen Petrogradora. Han, iraultza borbor egiten ari zen bere inguruan, eta bera guztiz barneratu zen giro sutsu hartan: manifestazioak, mitinak, lantegien okupazioak, gerraren aurka altxatzen ziren sodaduak, Petrogradoko Sovieteko barne-eztabaidak...

Eskenatoki guztietan ibili zen Reed, batetik bestera mugituz, atsedenik gabe, oharrak abiada izugarrian hartuz, panfleto, kartel eta proklamazioen bilduma eginez, inoiz gertakari historiko batez eman ahal izan den lekukotzarik fidelena osatzeko material nahikoa zeukala iritzi zion arte.

Estatu Batuetara itzuli eta, ohar horiek baliatuz, bi hilabete eta erdi gau eta egun idazten pasa eta gero, Ten Days That Shook the World (Mundua Astindu Zuten Hamar Egunak) argitaratu zuen 1919. urtean. Liburu hori boltxevikeen Iraultzaren lekuko baten narrazio klasiko bihurtu da, eta bere orrialdeetan mundu berri baten jaiotzaren soinuak pilatzen dira.

Alde batetik, iraultzaz jabetu nahi ez zuen Errusia islatu zuen: «Garai horietan gertatu ohi den bezala, eguneroko bizitza txikiak jarraitzen zuen, iraultzari entzungor eginez. Olerkariek olerkiak egiten zituzten, baina ez iraultzarik. (...) Probintzietako damatxoek jarraitzen zuten hiriburura iristen, frantsesa ikasi eta ahotsa heztera. (...) Funtzionarioen emazteak tea hartzeko biltzen ziren arratsaldeetan, bakoitzak bere mangitoan ogi biribil erdia eta brillantez apaindutako urrezko edo zilarrezko kutxatxoetan azukrea zeramatela. Andre horiek Tsarraren itzulera irrikatzen zuten, edo alemaniarren etorrera, edo, finean, etxeko zerbitzarien krisia konponduko ziekeen edozer. Egun batean, lagun baten alabak histeria atakea izan zuen, tranbiako kobratzaileak «burkide» (tovaritx) deitu ziolako».

Beste aldetik, Errusia berriaren jaiotza deskribatu zuen: «Nevski etorbidean, ilunabar hezearen pean, jendetza elkarri bultzaka zebilen azken egunkariak eskuratu nahian, edo gune libre bakoitzean itsatsitako deialdi eta aldarrikapenak irakurtzeko ahaleginean. Petrogradoko Sovieta bilkura iraunkorrean zegoen Smolnyn, ekaitzaren erdigunean. Ordezkariak loguraren loguraz erortzen ziren lurrera; gero, altxatu eta eztabaidetan parte hartzen jarraitzen zuten. Trotskik, Kamenevek, Voldarskik egunean sei, zortzi, hamabi ordu igarotzen zituzten hizketan...».

    luma7

Reedek idazkera bizi-bizian ematen digu gertakari haien guztien berri, eta gatazkaren muinera eramaten du irakurlea. Mexikokoa ez bezalako irudia ematen digu. Errusian Lenin gidatzen ari zen mugimenduan dena zen serioagoa, antolatuagoa, logikoagoa, nahiz eta han ere kontraste izugarria bizitzen ari zen: erregimen zaharraren eta iraultza gorriaren arteko gatazka; izan ere, ez zegoen erdibiderik, burgesia ahulegia baitzen bere aukera, demokrazia kapitalista, aurrera eramateko.

Jaioterrian gauzak gero eta zailago jartzen ari zirela ikusirik, Errusiara itzultzea deliberatu zuen Reed-ek. Bidean preso hartu zuten antikomunistek, eta torturak eta espetxea nozitu zituen. Horrek bere osasun egoera ahuldu zuen, eta geroago, Moskun, haren gorputzak ezin izan zion aurre egin gerraren eta miseriaren ondorioz hedatutako tifus gaitzari. Haren bizitza gorabeheratsua amaitu zenean, tristatutakoak bezainbeste izan ziren lasaitu ederra hartutakoak haren aberrian.

Ezin dugu jakin ze gizon mota izango zen hogei edo berrogei urte gehiago bizi izan balitz. Agian, Jack-ek, 26 urterekin bere garaiko kazetaririk hoberena askorentzat, eta 32 urterekin idazle eta ekintzaile politiko bikaina beste hainbatentzat, mito bilakatuko zuen azken balentria gauzatu zuen: gazte hiltzea. Haren gorpua Krenlimean datza, iraultzako beste heroien ondoan, eta ohore hori izan duen estatu batuar bakarra da.

Jose Luis Larrañaga

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli