Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
  luma8
Kolore-paleta

Pasa den azaroaren 13an Bergarako Idazle Eskolan Karmele Igartua idazle eta eskola-kideari omenalditxoa eskaini genion. Polita izan zen ekitaldia, hunkigarria, eta luze xamarra atera bazen ere, uste dut antolatzen hainbeste lan egin zutenek, pozik egoteko motiboak dituztela, une askotan giro goxo eta zirraragarria sortzea lortu baitzuten.

Nik Karmele iaz ezagutu nuen Idazle Eskolan. Ez nuen berarekin askotan egoteko aukerarik izan. Noizean behin klasera etortzen zen, eta ikasturtean zehar aurrera eraman behar genituen proiektuetaz aritzen zitzaigun: web orrirako argazkia eta profila prestatu behar genituela; Mugalarirako txandak zeintzuk izango ziren akorda eragitera ere etortzen zen aldiro, eta baita ilunabar literarioetara joateko gonbitea egitera, edota Idazle Eskolako aldizkarirako lanak prestatzen joateko aholkatzera.

Omenaldian, besteak beste, gehienbat Karmeleren beraren olerkiak irakurri genituen. Egia esateko ordura arte ez nuen Karmeleren olerkirik ezagutzen. Jakin banekien bi olerki liburu zituela idatzita, eta omenaldi-ekitaldia aitzaki hartuta, urreratu egin naiz Karmeleren olerkigintzara.

Irakurle, zerorren baimenarekin, Hitzak orbainetan liburutik olerki bat ekarri nahi dut hitzon tartera. Lilia du izenburutzat eta honela dio:

Poetak biluztu zuen
liliaren.............. hostoek,
hego haizetan,
nora – eza......... gorputz;
dantzan-dantzan
lurreratu dira
lili-lur zuriak;
esku ahurrean bildu ditut berriz
bat, bi, hiru...
eta........ neure baitara ekarri.
Ni nintekeen lilia; zu, poeta.

Ikaragarri ederra iruditu zait eszena, gozoa, erromantikoa oso. Indarra behar da gero, gaur egungo giza-arau moderno eta postmodernoen atzaparretatik ihes egin, eta harreman digitalen garaian, idatziz, paperean, lili-usainez margotutako berba xumez, sentipen-iturri bihurtu, eta hain olerki ederra erditzeko.

Karmeleren olerkietaz hitz egiterakoan, bere sormen-gaitasunaz aritzea zilegi litzateke, edota bere olerkietatik isurtzen diren gozotasunitoginez, edo lerro artetik darion xamurtasunaz.

Niri, ostera, bere olerkiak leitzerakoan, indarra begitantzen zait aipua merezi duen ezaugarria. Indarra da behar dena. Indarra, politikoki ez delako oso zuzena, horrela, inongo abisurik gabe, liliak biluzteaz, poeta izateaz eta dantzan arituz lurreratzeaz hitz egitea. Ez dago ondo ikusita nonbait, krisi ekonomikoaz beste mintzatzea: langabezian daudenen kopuru beldurgarriek dardarka uzten gaituzten garai honetan; ERE- ak zer ziren ez jakitetik, geure berbaroan txertatzera jauzi egin dugun egunotan; sarri-sarri senar edo bikoteak emakume bat jipoitu edo akabatzen duen egunotan, nola mintzatu ba liliez?

Komunikabideetatik etengabe jasotzen ditudan mezuek duten helburuaz, askotan aieruzkoa baino ez den ustea izaten dut. Gizaseme eta gizalabok ondo informatuta egotea izango da, seguruenik, helburuetako bat; gertakarien inguruko datu piloa ematen digute: noiz gertatu den dena delakoa, non, nortzuk parte hartu duten, zeinek zer egin edota esan duen, esandako edo egindakoak ze eragin izan duen, eta abar luzea. Horraino agirikoa.

Baina, horrela, eguna joan eta eguna etorri, gris xamarra iruditzen zait aurkeztu nahi didaten mundu-irudi hau; gris xamarra ez, oso grisa, hobeto esanda. Bestalde, ez dut lerrootan nerabezaroko aldarrikapen utopiko eta tolesgabeen bozeramaile izendatuko neure burua. Mundua arrosaz margotuta ikusten duten  horietarikoa naizenik ere ez nuke inork pentsatzerik nahi. Beno, egia esan, aipatutako nerabezarotik honanzko bidean, ikasi dut nik neuk ezin dezakedala aldatu besteek nitaz pentsatzen dutena; beraz, hor ez naiz sartuko.

Eta, nahita ere ezin esan gabe utzi, koloreetaz ari garenean, kolorea nik neuk aukeratzea izaten dudala gustuko, eta ez beste inork. Hori horrela, grisa batzutan ondo dago: elegantea, zuhurra, neurritsua, diskretoa. Baina, beste batzutan gatzgabea, motela, hila, tristea. Inguruko joera griseranzkoa denean, moda hedatua bihurtu denean, edota grisaren definizioa errealista denean, zaila egiten da gainontzeko koloreek osatzen duten kolore-paleta erakutsi nahi izatea. Hain zaila ezen, indar handia behar dela nonbait joera guzti horiei aurre egin, eta norberak norberarenari eusteko.

Horrelakoa da Karmeleren olerkietan atzematen dudan indarra. Nonbait ontzat emanda dagoen statu quotik kanpo hegan egiteko ausardiak eskatzen duen indarra. Orbainak ditugula eta ez daukagula kirurgia estetikora jotzeko asmorik orbainok ezkutatzeko; orbain horiei esker ikasi beharrekoak ikasten ari garela defendatzeko; guzti horretarako behar den indarrada Karmeleren olerkietan sumatzen dudana.

Eta orbainak fereka ditzakegula ere badio Karmelek amaiera modura jarriko dizuedan bere olerki zatitxo honetan. Lili, poeta, hosto, gorputz, dantza, orbain, ferekatu... grisetik haratagoko kolore-paleta liluragarria nonbait.

Fereka daiteke orbain urdindu bat; Eta itsaso urdin batek fereka dezake, Eta itsaso beltzak, eta gorriak;(...)

Miren Ione Solabarrieta

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago