Dibulgazioa

Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkareteren irudiak
Gorka Azkareteren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Gorka Azkarateren irudiak
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"
Inaxio Lopez de Arana: "Hiru aste Pakistanen"

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
HIRU ASTE PAKISTANEN

 

    0

 

pdf
Inaxio Lopez de Arana
Kanpamentu nagusira iritsi bitartean
mendia ez da mendizalearena;
alderantziz: mendizalea da mendiarena
Kurt Diemberger goi-mendizale austriarrak esana
 

Arratsaldeko 7ak dira, 2008ko abuztuaren 1a. Juan Carlos Gonzalezekin hitz egin berri dut telefonoz. Haren deiak gorputzaldi txarra utzi dit, kirioak airean. Alberto Zerainen berri ba ote nuen galdetu dit. Nik ezetz. “Zuri deitzekotan geratu zenez…” esanda justifikatu nahi izan du bere deia. Nik banekien Albertok aste honetan igo nahi zuela K2ra, baina ez nekien zehazki zein egunetan. Bezperan abiatu omen zen, bakarrik, hirugarren kanpamentutik gailurrerantz, eta orain inork ez daki haren berri; bizirik ote dagoen, hilda, zauriturik, gailurra lortuta, lortu gabe… Auskalo. Albertoren emazte Patriciari deitzea bururatu zait, baina bera ere albisteen gosez egongo denez, haren larritasuna areagotzea besterik ez nuke lortuko. Hamabost bat egun joan dira Pakistanetik iritsi nintzenetik, eta dagoeneko eguneroko zurrunbiloan murgilduta nago. Albertorenganako kezka gainetik astindu ezinik daukadala, bidaiaren egunerokora jo dut, egun haietako bizipenak gogora ekarri nahirik. Estualdia hobeto eramaten lagunduko ahal dit!

2008ko apirilaren 17a

Alberto Zerain lagunaren urtebetetze-eguna. Subillana-Gasteizen bizi denez, haraxe joan natzaio zoriontzera. Bostekoa eta besarkada eman ondoren, Iñaki Otxoa de Olza mendizale nafarraren heriotzaz mintzatu gara pixka batean; penagarria, bai, Iñakirena; ez zuen inork espero, hain mendizale handia izanda gainera. Alberto ez dago bakarrik bere etxeko egongelan: Aitor Las Hayas eta Juan Carlos Gonzalez mendizaleak berarekin daude mahaian, mapa handi bat aurrean dutela. Pakistango mapa da, eta azaldu didatenez, beren hurrengo espedizioaren jomuga han dago, Pakistanen, Broad Peak eta K2 mendietara igo nahi dutelako. “Hi ere bahator?”, galdetu didate zirikatzeko. Bitartean, egin nahi duten espedizioaren ibilbidea mapan markatu dute, niri bekaitza eragiteko asmoz edo; dudarik gabe, lortu egin dute.

 
1    

Galderak ezustean harrapatu nauenez, ez diet ezertxo ere erantzun, baina etxera itzulita Pakistanera joateko gonbidapen hori burutik kendu ezinik nabil. Hiru bat aste besterik ez dira behar trekking-a egiteko; gainera, ekainean eta uztailean, niri ondoen datozkidan hilabeteetan.

Mendialdea du erakargarriena Pakistanek. Hain zuzen ere, 14 zortzimilakoetatik bost daude Pakistanen, gehienak, lau, Concordia izeneko inguruan: K2, Broad Peak, GI eta GII. Halako mendi-pilaketarik ez dago mundu osoan. Hango paisaia benetan zoragarria da. Ez du bat ere akatsik. Are gehiago, ematen du gizakiak ingurune hori artifizialki eratu eta leku estrategiko hartan kokatu duela. Han sortzen da Baltoroko glaziarra eta han egiten dute bat Pakistan, Txina eta Indiako mugek.

 

2008ko apirilaren 18a

“Alberto, kontatu nirekin, baina ni trekkinga egitera niak, ez espedizioa”. Poztu egin da laguna Pakistanen egun batzuetan beraiekin izango naizela jakinda. Besterik gabe, hasi naiz dena prestatzen bidaia egiteko. Material asko behar izango dut eta ondo pentsatu beharra daukat zer erosi eta zer eskatu lagunei ez baitzait batere merke aterako bidaia: 1.500 euro hiru asteko Pakistango egonaldia (egun gehienetan pentsio osoa) eta 1.000 euro hegalaldia. Bidaia eta bisatua Jacako Aragón Aventura konpainiak kudeatuko dizkigu eta, behin Pakistanera iritsiz gero, Hunza guides enpresak hartuko du gure bidaiaren ardura.

 

2008ko ekainaren 20a

Aitor Las Hayas, Juan Carlos González, Alberto Zerain eta laurok abiatu gara Gasteiztik Pakistanerantz. Mirandan, Alfredo García errioxarrarekin bat egin dugu. Taldea jadanik osaturik dagoela ikusita, Madrilgo aireporturantz jo dugu. Barre artean egin dugu bidaia, lagun giroan.

2

El Correo, 08-06-21. Goian, ezkerretik eskuinera: Alberto eta Alfredo.Behean, ezkerretik eskuinera: Inaxio, Aitor eta Juan Carlos

 

Barajasen elkartu gara espedizioaren baimena konpartitu behar duten beste bost lagunekin: Andaluziatik Rafael eta Lina datoz, Santi eta Diego Extremaduratik, eta Alfredo Logroñotik. Heathrow-ko aireportuan Alex ezagutu dugu, nirekin trekkinga egingo duen mendizale kataluniarra; mosso d´escuadra dela jakin dudanean, pixkat ikaratu naiz. Beraz, hamar laguneko taldea guztiz osatuta dago. Broad Peak mendiko gailurrera igotzea du helburutzat espedizioak; Albertok Broad Peak ez ezik beste erronka bat ere badu esku artean: K2. Kabi, Kados, Keitu, Chogori… Zernahi gisan esaten edo ahoskatzen dugularik ere, bat eta bakarra dugu Karakorumeko mendi erraldoia, mundu osoko mendizaleentzat. Baina hara iritsi aurretik beste hainbat oztopo gainditu behar ditugu; lehenengoa, Heathrown bertan: Albertoren bideo-kamera galdu da. Nik zuri utzi dizut; ez nik zuri utzi dizut; ez, alderantziz izan da, eta abar, eta abar… Eta azkenean beste bideo-kamera bat erosi beharra, baina Islamabaden izan beharko.

Ekainaren 21a

Goizeko bederatziak aldera iritsi gara Islamabadeko aireportura.

3
Ongietorria. Kamerari begira, ezkerretik eskuinera: Inaxio, Lina eta Aitor
Bidaia ondo antzean egin dugu, baina Aitor eta Rafaelen ekipajea bidean gelditu da, zinta birakarian ez baitira haien fardelak azaldu. Nigana jo du berehala Aitorrek, ingelesez bera baino trebeagoa naizelakoan. Erreklamazioa aurkeztu ondoren, hotelera eraman gaituzte.
 
    4
    Hoteleko hallean

Hotelean, hiru espedizio bildu gara: gurea, irandarren espedizio bat (gureak bezala, Broad Peakera igo nahi duena) eta Poloniako espedizio komertzial bat. Gainera, mendian izango ditugun gidariak ezagutu ditugu: Taj (trekkingarena) eta Yanhir (espedizioarena); lotura-ofiziala ere aurkeztu digute: Anwar kapitaina. Irandarren espedizioburuak esan dit beren espedizioan sendagile bat badutela eta, premia izanez gero, beraiengana jotzeko, beren sendagileak atseginez artatuko gaitu eta. “Mila esker lagunok!” esanda onartu dut beren eskaintza.

Ordubete geroago, futbol-zelai moduko batean gaude, barruko gela zabal batean, “briefing”a (aurkezpen-ekitaldia) egiten. Han Turismo ministroak harrera egin digu eta Pakistanen bertuteak jakinarazi, ezin konta ahalakoak, benetan. Ingelesez ondoen dakiena ni omen naizenez, neu aukeratu naute gure taldearen ordezkaria izateko. Ministroarekin hitz egin dut lasai-lasai mendi-kontuei eta besteri buruz. Beste munduko ezer ez da izan bion arteko solasaldia, baina tira, ilusioa egiten du noizean behin ministroekin hitz egiteak. Hiru espedizio bildu gara: gurea, irandarrena eta poloniarrena, hau da, hotelkide garenok “briefing”-kide ere izan gara. Ekitaldiaren ondoren, estadioan ibili gara, barrutik; izugarri handia, Pakistan bezalako herri apal batentzat.

5    
“Briefing”ean, ministroa eta biok    

Arratsaldean, osteratxo bat egitera joan gara Islamabaden zehar. Bide batez, beste bideo-kamera bat erosi dugu; dendan, denetariko etxetresnak dituzte (harrigarria?!), merke antzean gainera, baina Euskal Herrirako garraioak prezio beretsuan jarriko lituzke hemengo eta hango salgaiak. Dirua aldatu dugu gero, Taj gidariaren iritziz fidagarria den leku batean. Dirudienez, ez digute kanbio txarrik egin: euro bakoitzeko 100 errupia. Diru askorik ez dugu beharko hemendik aurrera; gastatu beharreko gehiena gastatu dugu dagoeneko. Eskupeko batzuk eta otordu batzuk ordaintzeko lain besterik ez dugu behar.

Pakistan ez da turisten ohiko jomuga. Esandako horren erakusgarri da Pakistango edozein kaletan zoazela begira geratzen zaizkizula denak, mendebaldarrak ikusten ohituta ez daudelako. Uste dute atzerritar guztiak aberatsak direla, eta, neurri batean, hori egia da, bertako gehienen egoera ekonomikoa benetan penagarria baita. Jendea pobre xamarra izan arren, lapurreta gutxi gertatzen da han. Gu bertan izan ginen bitartean, ez genuen bat bera ere ikusi, eta are gutxiago lapurretaren baten biktima izan. Eta ez genuen halakoen aztarrenik edo arriskurik sumatu inondik inora. Nik uste erlijioak eragin handia duela lapurretarik ez horretan, pakistandarren berezko bizi-giro lasaian. “Bizi garen bitartean konformatu gaitezen tokatu zaigunarekin, beste munduan bizitzaz gozatu ahal izateko”. Nik uste pentsamendu hori dagoela filosofia horren atzean. Eta eskerrak erlijioari, bestela Pakistan eta Pakistanen moduko herri musulman pobre asko eta asko “debekatuta” egongo lirateke Mendebaldeko jendearentzat.

Hotelera itzultzeko, taxi txiki bat hartu dugu (horrelakoak dira Pakistango taxi guztiak, txiki-txikiak): sei lagun barruan, pentsa! Itogarria atzean doazen lau lagunentzat. Zorionez, txoferraren ondoan ni nago.

6
Taxia gainezka. Ezkerretik eskuinera: Alex, Alberto, Aitor eta Taj gidaria
Gauean, indiar kutsuko luxuzko jatetxe batean afaldu dugu; zibilizazioari agur esateko modu ezin aproposagoa, biharamunean abiatuko baikara mendi alderantz; aurrerantzean ez dugu halako gutizietarako aukerarik izango. Ea bueltatzen garenerako ohitzen naizen hemengo espezieetara (eta Indiakoetara, berberak baitira), hurrengo batean sukaldaritzaz benetan gozatu ahal izateko. Afaldu bitartean, Linari gomendatu diot bidaia osoan burua zapi batez estalita eramateko, bertako emakumeen modura. Hasieran harritu bada ere, gero ulertu egin du.
 

Ekainaren 22a

Oso goiz egin dugu aireporturantz, falta ziren ekipajeak berreskuratzeko eta Skardu-rako hegazkina hartzeko. Zorionez, ekipajeak han ziren gure zain; Rafael eta Aitorren bisaia alaiak horren lekuko.

7
Aireportuan

Baina hegaldia bertan behera geratu da, eguraldi-arazoak direla eta (gerora jakin nuenez, ohikoa da Skardu-rako hegalaldi horiek; bostetik hiru baino ez dira aireratzen). Fardelak hartu eta mikrobusera, zer erremedio.

 
8
Autobus barruan

Karakorum Highwayri aurre egiteko garaia iritsi da; zazpi ehun kilometro baino gehiago, bihurgunez eta zuloz beteak.

Mendi aldera garamatzan bide hau oso lagungarria gertatuko zaigu, geure burua garaiera handietara ondo egokitzeko.

 
9
Karakorum Highwayrantz autobusez

Autobuseko bidaia honetatik salbu eta osorik irteten bagara, behintzat. Bidaia luze hau probestuko dugu elkar ezagutzeko ere, ingurune malkartsu eta zoragarri haietan zehar ordu asko emango baititugu elkarrekin, besteren izena ez jakiteko larregi.

 
10
Trafiko handia bidearen zati batzuetan

Euskara, gaztelania, erdipurdiko ingelesa eta urduera aditzen dira autobus txiki baina saiatu hartan.

 
11
Gasolina hartzen bidean

Lehenengo orduetan, anarkia eta anabasa nagusi diren zenbait herritatik pasa gara. Naturak lasai eta zentzuz moldatzen du inguruan dugun guztia. Bide-konpontzaileak beti naturaren menpe egoten dira, eta sarritan partxeak jarri behar izaten dituzte, naturak eragindako hondamendietan.

 
12    
Pakistango kamioi tipikoa    

Doako autobide bakarra ibaia da. Urak ibai-ertzei sekulako astinaldiak ematen dizkie, urteetako harramazkari segida emanez. Hamaika zubi aurkitu ditugu bidean; handik ezin da argazkirik atera, ustezko segurtasun-arrazoiak direla medio. Hala daude gauzak Pakistanen. Nonahi ageri dira ezegonkortasun politikoaren zantzuak. Nik, hala ere, ezin izan nion argazki batzuk egiteko tentazioari eutsi. Beheko argazkia horren lekuko

 
    13  
    Karakorum Highway ondoko ibai bat  

 

Gaueko 10etarako Chilas herrixkan gaude. Hango ostatu ilun batean pasako dugu gaua.

 

Ekainaren 23a

 

Goizeko 5etan altxatu gara.

 
  14  
  Alex eta bion logela (Chilaseko ostatukoa)  

Aitorren oihuek ziplo esnatu gaituzte: argazki-kamera eta ordenagailua lapurtu omen dizkiote. Ostatua hankaz gora jarri dugu falta zen materiala berreskuratzeko. Poliziak ere azaldu dira, Kalashnikov bana eskuetan dutela. Alfredo eta Juan Carlos ere falta dira! Susmorik beltzenak hasi dira gorpuzpen nire baitan: materiala lapurtu ez ezik, bi lagunak bahitu ere egin ez dituzte ba! Halako batean, Alfredo eta Juan Carlos beren logelako atetik azaldu dira asaldatuta; aurpegian islatzen dute esnatu berriak direla. Nonbait ez dute iratzargailua entzun eta lo geratu dira. Gainera, falta zen materiala Aitorrek bezperan utzi omen zion Juan Carlosi, gorde zezan. Aitorrek ahaztuta omen dauka hori. Aitorri esker ekin diogu abenturari, mendian barneratu aurretik ere. Ostatukoei eta poliziei barkamena eskatu ondoren lotu gatzaizkio berriro geure bideari. Egun osoa eman dugu autobusean. Ezerezaren erdian dagoen herrixka batean gelditu gara bazkaltzeko.

Jendeak martetarrak bagina bezala begiratzen digu; bertatik atzerritar gutxi pasatzen den seinale. Denda batean fruta erosi eta kale erdian bazkaldu dugu.

 
15
Inaxio erosketa batzuk egiten

 

Pakistanen ohikoa da nonahi azokak ikustea, denetariko postuekin. Zerbait erosi nahi izanez gero, ezin da esan Pakistan herri garestia denik, kontrakoa. Hemen egun batean gastatzen duzunarekin han astebete edo hamabost egun egin ditzakezu, erraz gainera. Jatetxeak ez dira beste munduko gauza, ez. Espezie asko erabiltzea du ezaugarri hango sukaldaritzak, Indiakoak bezala. Pakistanera joaten bazara, komeni da boladatxo bat Londresen ematea, ingelesa lantzeko ez ezik Pakistango sukaldaritza ezagutzeko ere, Bretainia Handian pakistandarren hamaika jatetxe daude-eta, britainiarren iragan kolonialistaren ispilu.
 
16    

Kalean jaten. Ezkerretik eskuinera: Santi, Lina, Rafael, Alfredo, Inaxio, Alberto, Alex eta Diego

   

Eta mendebaldar bat ikusi orduko aztoratu egiten dira saltzaileak, gu beraientzat diru hankaduna besterik ez gara eta. Salgai duten jatekoen osasun-baldintzak ez dira guztiz fidagarriak, lehenengo begiratuan behintzat. Baina hor ari gara gu, jan eta jan, errukirik gabe, lehenbailehen bertakotu nahirik.

Autobusera berriro. Arratsaldean Santik aurpegi txarra du. Nonbait bazkariak kalte egin dio; garbitu gabe jan du fruta, antza. Sukarra du eta nekez hitz egin dezake. Gauerako Baltistango hiriburuan gaude, Skardun alegia, 2.500 m-ko altitudean. Txoferrari eskupekoa eman diot (800 errupia -8 euro inguru-; sekulako dirutza beraientzat), neuk daukat-eta denon fondoa. Concordia hotelean hartu dugu ostatua.

Ekainaren 24a

Skardun atsedena hartu ahal izan dugu, lasai asko.

17
Skardu ingurua, gure hoteletik

Gero, txoko guztiei darien bizi-giro atseginaz gozatu dugu. Han, Massur gure sukaldaria eta sukalde-laguntzailea ezagutu ditugu. Erosketa batzuk egin ditugu; aurrerago nekezago egingo zaigu ezer erostea. Pakistango saltokietan gero eta gauza gehiago dago; hori dela-eta saiatzen gara etxetik gero eta gauza gutxiago ekartzen aireko garraioan.

18
Skardun
 

Elektrizitate-sorgailu bat eta hirurehun metro soka izan dira erosi ditugun azkenak. Badakigu, hala ere, sarritan sortzen dela zerbait erosi beharra, hasieran horrekin kontatzen ez bada ere. Izugarrizko beroa egiten du: 40 gradu inguru.

19
Skarduko denda
 

Basamorturako dudan kapela atera dut maletatik. Seguru asko datozen egunotan ez dut gainetik kenduko, goretex jakako txanoa edo mendirako txano sendoa janzteko ez bada.

Ekainaren 25a

Gaurko eguna ere Skardun emango dugu.

20
Eskualdeko mapa
 

Gure ekipajea pisatu behar dugu eta 25na kiloko bidoietan banatu.

21      
Pisatze lanetan Alfredo, Alex eta Juan Carlos      

Santik hobera egin duela ematen du: gurekin bazkaldu eta afaldu du. Otordu arinak egin ditu, gorputzak gehiagorik onartzen ez diola arrazoituta. Arratsean beste osteratxo bat egin dugu Skardun zehar. Albertok ume batzuei ingelesez esan die nik bigarren aldiz igo behar dudala K2 mendiaren gailurrera. Umeek, jakina, sinetsi egin diote, “second time” hitzak mirespenez beterik errepikatuz. Eta nik ez dut lagunaren esana gezurtatu. Are gehiago, txantxa giroan sakonduz, bide normala niretzat errazegia dela esan diet, oraingoan bide zailago batetik saiatuko naizela erantsita. Umeak harri eta zur geratu dira. Begi biribil-biribilekin begiratu didate, Reinhold Messner handia banintz bezala.

Pakistango ume gehienak ingelesez moldatzeko gauza dira, beren iragan kolonizatuaren ispilu. Jakin badakite, gainera, handik etorriko zaiela ongizatea, inondik etortzekotan. Urduera edo hango beste hizkuntzaren bat soilik dakienak ezin du gora egingo bertako gizartean. Lan espezializatu gabeak egitera kondenatuta egongo da betiko. Beraz, aurrera egin nahi izanez gero, ingelesa ondo ikastea beste biderik ez du ikusten hango jendeak

Ekainaren 26a

Goizean goiz altxatu gara, 4 bider 4 ibilgailuek Askoleraino eraman gaitzaten.

22
Autoak hartzeko orduan
 

Askole (3.050 m) da bidean dugun azken herria, eta hor hasten da hurbiltze-ibilaldia. Hasierako bi orduetan, hareatzak eta harritzak atzean utzita, aurrera egingo dugu, Skardun bukatzen den sakonunean barrena.

23
Askolera bidean. Goikoak, ezkerretik eskuinera: Santi, Juan Carlos, Rafa, Taj Diego eta Inaxio. Behekoak, ezkerretik eskuinera: Alfredo, Alberto, Aitor, Santi eta Lina
 

Ibai ondoko zelaietan, zuhaitzez inguratutako lursail emankorrak ikusten ditugu. Harrizko hesi luzeek, fruta-arbolek eta landareek babesten dituzte inguru horretako etxeak.

24
Bidean geldirik, atseden hartzeko eta argazki batzuk ateratzeko

Aitortu beharra dago, Baltistango etxe asko ez bezala, Skardu inguruko etxeak ondo antzean daudela eraikita. Ibaia erotuta bezala igarotzen da bertatik, bidean batere trabarik aurkitu gabe, lau haizetara zarata ikaragarria zabalduz.

25
Eskoleko bidean

Halako batean, gelditu egin gara. Zer dugu? Semaforoa gorri dago, esan du gutako batek txantxetan. Bidea etenda dago, lurjausi baten ondorioz. Aurrera jarraitu ahal izateko, berrehun bat metro gora egin behar dugu.

 
26
Errepidea moztuta

Dena prest dago. Beste aldean, beste lau bider lau batzuk ditugu zain, goian. Ez dugu arazorik izango Askolera iristeko. Jeepetik jaistean konturatu gara ez goazela bakarrik: autoaren gainean zortzi bat mutilek egin dute bidaia, gu konturatu gabe. Ez dira polizoi joan, txoferra jakinaren gainean zegoelako, baina ez die ezertxo ere esan; are gehiago, txoferrak berak esango zien gure jeepean joateko, hain da eskuzabala hango jendea, duten apurra konpartitzeko beti pronto.

27
Goi-bidaiariak

Umeen adeitasunak ireki egiten dizkigu herri horretan sartzeko ateak. Han-hemen nabarmena da gure ohituren lilurapean ez erortzeko sentimendua. Etxeei erreparatuta argi ikusten dugu zeinen gogorra den hunza arrazako jendea. Egurrak teilatu gainean dautza, eta uda bukatu orduko etxea berotzeko erabiliko dute. Murruetan lehortzen den simaurra sua biziagotzeko eta sua luzeago irauteko baliatzen da. Animaliak beheko aldean sartzen dituzte, eta goian duten leku urria konpartitzen dute. Ume horien gurasoetako batzuk izango dira gure zamaketariak, gure ametsa gauzatzen lagunduko digutenak.

 
28
Askoleko etxe batzuk

 

Oraingoan Albertok bi zortzimilako igo nahi ditu, baina bietako bat K2 mendia denez, bat gehi bat ez omen dira bi. Aurrerago ikusiko dugu zein den batuketa horren emaitza.

Askoleko zoko-moko guztiak bisitatzea otu zaigu.

29  
Askolen zehar misiolari  
 

Lorenzo Mazzoleni anbulatorioan sartu gara, jakin-minak hartaratuta. Hango sendagile Maria Assunta Lenottik azaldu digunez, K2ko maldetan hildako mendizale italiarra zen Lorenzo Mazzoleni, eta haren omenez ireki zen anbulatorio edo sasiospitale hori Askolen. Maria Assunta ingelesez polito moldatzen da, baina urdueraz ez daki, fitsik ere ez. Herriko mutil batek batzuetan laguntzen dio itzultzaile-lanak eginez. Horretaz aparte, kartel handi-handiak erabiltzen ditu, marrazki handiekin, eta horrek lagundu egiten dio bertakoei azalpenak emateko orduan. Primerako harrera egin digu Maria Assuntak: segituan tea eta pasta batzuk atera dizkigu. Ez diegu muzinik egin noski. Italiar emakumeari agur esaten ari nintzaiola galdera bat etorri zait burura: Zer arraio egiten du horrelako emakume batek horrelako toki batean? Zer galdu ote zaio Italiako emakume bati Pakistango eskualde isolatu horretan? Gustura hori eta gehiago ere galdetuko nioke, baina Maria Assuntarekin oraindik ez daukat horrelako gaiei heltzeko behar besteko konfiantzarik. Hurrengo batean agian.

 
30
Askoleko haur batzuk

Kanpadendetan egin dugu lo aurreneko aldiz, Askolen. Sekulako jendetza dago kanpamentu txiki horretan: hiru espedizio gutxienez, beren zamaketariak eta, kanpoaldean, lan bila joan diren zamaketarigaiak.

31      
Askoleko kanpinean, zamaketariak      

Espediziokide batzuk pilulak hartu dituzte; hori ikusita, nik ere hartu egin dut baten bat. Altuerako gaitzari erro-errotik egin behar zaio aurre. Hotza zer den ere antzeman dugu aurreneko aldiz. Plumiferoei lehenengo astinaldia eman diegu. Polizia eta armada nonahi dabiltzala ere jabetu gara, gauean dokumentazioa eskatzera etorri zaigu-eta armatuta zihoan tipo bat. Eskatutako paper guztiak eman dizkiogu noski. Jende horrekin txantxa gutxi. Eta horrelako hamaika daude Pakistanen, zoritxarrez. Irakurtzen jakin ez, baina Kalashnikov-a erabiltzen ondo baino hobeto moldatzen direnak.

Bertako egoera soziopolitikoari loturik, argi dago Pakistan ez dela paradisua. Alde batetik, pobrezia handia dago (baina delinkuentzia-tasa txikia da, Mendebaldeko herrialdeekin alderatuta), eta bestetik, ondoan duen herrialde batek, Afganistanek, bizi duen gerra-egoerak oso kalte handia egiten dio Pakistani, bereziki, Afganistanekin muga egiten duten Pakistango eskualdeei: hor kasik egunero izaten dira atentatuak, hildakoak, sarraskiak… hondamendia nonahi, labur esanda. Okerrena da, ordea, indarkeria-giro hori zenbaitetan Pakistango gainerako eskualdeetara zabaldu egin dela: hor ditugu Islamabaden eta Karatxin gertatu diren atentatu odoltsuak. Horren guztiaren ondorioz, polizia eta armada nonahi daude, hirian, landa-eremuan nahiz mendialdean, susmagarri gerta dakiekeen edonori pasaportea edo identitate-txartela eskatzeko pronto. Kalashnikov fusila daramate aldean polizia eta militar guztiek, garai bateko sobietarren oroigarri edo. Eta ez da zaila Kalashnikov bat erostea Pakistanen: Skarduko denda batean salgai zeuden. Bestalde, Pakistanek aspaldi du auzi bat Indiarekin Kashmir eskualdea dela eta. Hiru zatitan banatuta dago Kashmir: bat Indian dago, beste bat Pakistanen eta hirugarrena Txinan. Biztanle dezente ditu, 13 milioi lagun. Azkenaldi honetan, Kashmir dela-eta ez dute elkarren kontra jo Indiak eta Pakistanek (kontuan hartu ezen eskualde horregatik hiru aldiz gerran aritu direla). Barealdi hori gorabehera hor dago auzia, oraindik konpondu gabe, eta edozein txinpartak eragin dezake sutea berriro ere.

Ekainaren 27a

Gaur hasi da trekkinga. Eguna argitu aurretik altxatu gara kanpamentua biltzeko. Antzigarra ingurune guztien jabe.

32
Zamaketariak antolaketa-lanetan, Askoleko kanpinean

Jula dugu gaurko jomuga.

33
Inaxioren fardela pisatzen

Bidean behin baino gehiagotan gelditu behar izan naiz eta, ahal izan dudan moduan, libratu, sabela oso nahasirik izan dut-eta azken egunotan. Zamaketarien eta beste mendizaleen etengabeko joan-etorriak intimitaterako zirrikitu askorik uzten ez badu ere, premia larriak erraz zokoratzen du lotsa.

34
Zamaketariak joan-etorrika

Arratsaldeko 6ak aldera iritsi naiz Jula kanpamentura (3.190 m). Zortzi bat ordu oinez, atsedenaldiak kontuan hartu gabe.

35
Inaxio zubi bat zeharkatzen

Alberto oraindik ez da iritsi. Zerbait gertatu ote zaio? Haren bila-edo hasi aurretik hara non ikusten dugun ibaiaren beste aldean dagoela oraindik, urruti eta herrenka. Herrenka? Geroago esan digunez, lo-kuluxkatxo bat egiten geratu da bidean, eta gero, oinak indartzeko, azkeneko hamar kilometroak oinutsik egin ditu. Sekula halakorik! Eta hori gutxi iruditu, eta larrugorritan bainatu ez da, ba, hango ibaiaren ur izoztuetan! Pakistandarrek ezin dute sinetsi.

 
36
Alberto errekan

Itxaropentsu daude Linak gauza bera egingo ote duen, baina mendizale sevillarra ez da ausartu, hainbeste ikusle irrikatsu bertan egonda. Nik bitartean galtzerdi pare bat garbitu dut uretan, eta hankak sartu ere bai, baina gorputz osoa… ezta pentsatu ere.

Sexu-kontuak erakarrita ez doa inor hara; Pakistan ez da, ez, turismo sexualaren jomuga. Areago, “play boy”ak infernuan bezala sentitzen dira, Pakistango emakume gehienek ez diete-eta aurpegira begiratu ere egiten gizonei; eta aurpegira begiratzen ez badute, inolako harremanik nahi ez duten seinale. Bestalde, atzerriko emakumeak oro har ez dira gustura sentitzen Pakistanen, bertako gizonek ez diete-eta begirik kentzen gainetik.

37
Julako komun eta dutxa aldeko instalazioak, Italiak K2ra egindako lehenengo igoeraren berrogeita hamargarren urteurrena dela-eta oparitzat emanak (1954-2004)

Pixkanaka-pixkanaka, halako konplizitate bat hasi da pizten Baltistaneko zamaketariekin. Une gogoangarriak emango ditugu elkarrekin hurbiltze-bidean. Ilunabarra iritsita, biribilean jarrita berotu egin nahi dute, harrien babesleku batean. Plastiko zati bati teilatuaren funtzioa emanik, izoztaldiari traba jartzen diote, sortu berri den etxekotasun hori lapurtu ez diezaien. Sabela neurrian beteta eta behar beste te edanda, gustura hitz egingo dute elkarrekin, eta are gehiago: oso litekeena da baten bat kantuan hastea, behialako kantuak eta doinuak gure artera ekarriz.

38    
Lina zamaketari bati laguntzen    
 

 

 

Gauean “hijo puta” karta-jokoan egin dugu. Alfredok irabazten du beti. Horrek ez du esan nahi, noski, putakume bat denik. Halako batean, Aitorrek esan digu ez dela batere ondo sentitzen eta irandarren espedizioko sendagilearekin hitz egin nahi duela, ea berak laguntzen dion duen gaitza sendatzen. Neuk lagundu diot Aitorri, hizkuntzaren kontua lautzearren. Katarro arrunta duela esan dio irandarrak. Gure kanpadendetara bidean pentsatu dugu katarroarena huskeria bat dela eta beste zerbait asmatu behar dugula gure lagunak ikaratzeko. “Zergatik ez diegu esaten “hemorroides orales” (ahoko odoluzkiak) dituzula?”; horra nire proposamena. Berehalaxe onartu du Aitorrek. Eta hala kontatu diegu. Beldurrak airean geratu dira, eta beldur hori areagotu egin da oso gaitz kutsagarria dela esan diegunean. Esan diegu, orobat, Aitorri supositorio batzuk jarri beharko dizkiogula, eta horretan txandakatu beharko garela. Aitorren kanpadenda-kideak, Albertok, zamaketariekin pasatuko du gaua, bere hobe beharrez. Eta gainera, handik aurrera isolatu beharko dugu Aitor, harik eta guztiz sendatzen den arte. Den-dena sinetsi dute gizajoek. Eta halako batean, Aitorren barre-algarak ekarri ditu atzera ere egiaren mundura. Laster denok ari gara barrezka. Lasaitu ederra hartu dute batzuek! Ulergarria da: supositorioarenaz pentsatze hutsak sabela brinkoka jartzen dit niri ere.

 

Ekainaren 28a

 

Jula atzean utzita, gaur Paujura (3.400 m) goaz. Horixe dugu hurrengo helmuga.

 
39
Txangoaldiko lehenengo metroetan

 

Hauxe da trekkingeko etaparik laburrena, 5 edo 6 ordukoa. Sabela oraindik dantzan daukat.
 
40
Txangoaldian zehar Lina, Inaxio eta Alberto


ndv sdjiviosjvis lksvlkasvlkasv kvkljasjnvkasnv

Bidearen azken zatian, harrizko basamortu erraldoi baten erdian, odoletan hasi naiz sudurretatik. Bertan odolustu behar nuela pentsatu dut. Ez dut ez mukizapirik ez ezer izan aldean, sudurzuloak estaltzeko. Handik pasa diren zamaketariei laguntza eskatu diet, baina ez dira gelditu ere egin, nire odol-jario oparoarekin ikaratuta. Halako batean, Yanhir gidaria azaldu da haitz batzuen atzetik. Ahal izan duen moduan lagundu dit. Julako kanpamentura bitarteko bidea nirekin egin du, ni ondo nagoela ziurtatzeko. Altuera hasi da nabaritzen bai; odola lekuko.
 
41
Kokapen militarra

Kanpamentura iritsi naizenerako bertan dira espediziokide guztiak. Lina eta Aitor luzaketak egiten ari dira, eta besteak patxadaz mahai baten inguruan eserita. Gainetik aipatu diet odolarena, hemendik aurrera haientzat karga bat izango naizela pentsa ez dezaten. Diru asko gastatu dute hara joateko. Hori dela eta, nik ahaleginak eta bi egingo ditut aurrerantzean batere arazorik ez emateko, espediziokideek nahikoa dute-eta gailur-kontuak prestatzearekin.

 
42
Bilera kanpadenda nagusian. Ezkerretik eskuinera: Santi, Inaxio, Juan Carlos, Alberto, Alfredo eta Diego
Ekainaren 29a
 

Gaur atseden-eguna dugu Paujun. Euria ari du, gogotik gainera.

43
Gure kanpamentuaren zati bat

Bazkaldu ondoren Marco Confortola mendizale ezaguna etorri zaigu kanpamentu nagusira. Aspaldiko lagunak bagina bezala hitz egin digu. Hasiera-hasieratik jator askoa iruditu zait, batez ere Aitorren txantxa astunak nola hartu dituen ikusita. Nik behintzat eskertu egin dut Marcoren bisitaldia, euria goian eta behean ari duen egun aspergarri horietan edozer nobedade eskertzekoa baita. Hainbat egun joan dira K2ko kanpamentu nagusira iritsi zela, eta hankak luzatzearren-edo gure bila etorri da Concordiatik behera. Kilometro pila egin du, berak bakarrik gainera. “Gugatik izan ote da bisita, edo Linarengatik?”, pentsatu dut maltzurki neure artean.

 
44
Zamaketarien bilera

 

45
Bi zamalari eta hirurok euripean

Gerora, telebistako kameralari bat etorri zaigu, Aragoiko telebista batekoa. GIIren kanpamentu nagusian egun batzuk eman ondoren, behera doa eta gurekin afalduko du. Ongi etorria lagun eta bidaia ona izan!

Ekainaren 30a

Payu atzean utzi dugu, eta gaur bertan murgilduko gara Baltoroko glaziar beltz eta higatuaren handitasun paregabean. Labirinto handi bat da, eta handik granitozko hamaika harritzar ikusten dugu, inguru hartako altxorren zaindari erraldoiak balira bezala.

46
Zamaketariak lanean

Ertz haien atzean, amildegiz inguratutako horma haien ostean, gure erronka dago, gordean, zain. Han gaudela, orain inoiz baino argiago ikusten dugu zeinen txikiak garen gizakiok. Agian horregatik hazi nahi dugu eta menpean hartu, menperaezina dirudien erraldoia.

Urdukas (4.000 m) dugu gaurko helmuga.

 
47
Urdukaseko ikuspegi bat

Gaurko etapa orain arteko gogorrena iruditu zait. Egun osoa euripean eman dugu. Rafaelek forroa utzi dit, ez neukan-eta soinean kamiseta termikoa besterik. Eta jatekorik ere ez. Zorionez, irandar espedizioko sendagilearekin topo egin eta fruitu lehor batzuk eman dizkit; ez da asko izan, baina nolabaiteko bizigarria ekarri diote nire sabel errukarriari.

 
48
Talde osoa Urdukasen

Gaur ez nago karta-jokorako.

 
49
Urdukaseko ikuspegi bat

Afaldu orduko ohera joaten saiatu naiz, baina zamaketari bat otoitz egiten ari da gure kanpadendako atearen aurrean, eta ez dit sartzen uzten. Errezatzen amaitu duen arte itxaron dut. Ez diot ezertxo ere esan; gorputza eta burua nahasiegi dauzkat horretarako.

Uztailaren 1a

Ondo altxatu naiz gaur. Badirudi bezperako aje guztiak gainetik astindu ditudala. Gainera, oso giro eguzkitsua dugu. Primeran!

 
50
Trangoko Dorreak

Gaur Goro IIra iritsiko gara, 4.300 metrora. Bidean aurrera goazela hasi gara aurreneko erraldoiak ikusten: Trangoko Dorreak, GIV… ikuskizun aparta.

 
51
Baltoroko glaziarraren zati bat

Arratsaldeko 5etarako iritsi naiz kanpamentura. Alberto sendagile-lanetan ari da, zenbait zamaketari zauriak osatu nahian.

 
52
Alberto sendagile lanetan

Uste dute gu denok sendagileak garela eta denetariko sendagaiak ditugula. Maina batzuk eginda edozer emango diegula uste dute eta ez zaie arrazoirik falta. Erabilitako galtzerdi batzuk oparitu dizkiot bati, erdi oinutsik zihoala ikusita, sandalia zahar batzuk baino ez. Banekien galtzerdi haiek ez zituela jantziko hurrengo egunetan, haren iritziz, onegiak zirelako honelako egun arruntetan erabiltzeko; meskitara joateko eguna iritsi arte itxarongo zuen. Baina nik eman egin behar nizkion.

 
53
G IV

Gugandik ehun bat metrora poloniarren eta irandarren espedizioak ikusten ditugu, zein bere lekuan. Poloniarrak animatu dira eta zamaketariekin ari dira dantzan, beheko zelai batean. Nik dantzan egin ez, eta zamaketarien asto batera igo naiz, txantxa giroa pizteko.

 
54
Hainbat asto batera

 

Poloniarrek ez dute gauera arte itxaron. Glaziarrean hotz handia egiten du, eguzkia sartu orduko.
 
55
Dantza-saioa

Uztailaren 2a

Ezusteko bisitaria izan dugu gauean: elurra. Kanpadendan estu-estu, izar sutsuen sinfonia entzun dugu, elurretan hondoraturik; bien bitartean, kanpoaldean, bizigiroa lehertu eta han-hemenka dabil, alderrai, inguruan dugun guztia bere izotzezko geruzaren azpian bilduz. Haitzek, elurrak eta izotzak gainezka egiten dute inguru hartan, eta beren ahotsak gauaren isiltasuna urratu du bat-batean.

 
56
Alex eta biok abiatzeko prestatzen

Argitu du egun berriak; estaltzen gaituen izotzezko kristal-geruza bere egin du. Lurrak dar-dar egin du. Inguruan dugun oro suspertu egin da. Argi-distira batek izotzezko malkoak erauzi dizkigu bisaitik.

 
57
Kanpamentutik abiatu eta berehala

Elurrak dirdira egiten du, itzalak aienatuz doaz, baina eguzkirik gabeko toki hauek eguneko argiaren majiatik at daude oraindik.

 
58
Concordiako bidea

Gaur elurtuta esnatu da eguna, bai. Zalantzan gaude abiatu ez abiatu. Azkenean, lotura-ofizialak akuilaturik gehienbat, bideari lotzea erabaki dugu. Concordiatik (4.700 m) pasako gara Broad Peakeko kanpamenturako bidean (4.800 m). Hara iritsi baino pixka bat lehenago, elurrak abandonatu egin gaitu, ordura arte bidaide leiala izan badugu ere. GI mendiak gu guztion arreta bereganatu du, burua gu geunden lekura atera baitu, eta gure begien aurrean oso-osorik azaldu. Gero, Gasherbrum mendien glaziarrari bizkarra eman ondoren, hor ditugu azkenean, begien irispenean. K2 mendia, beti bezala dago, sekulakoa da, eta askorentzat kitzikagarria ere bai. Eutsi ezinezko jarioa isurtzen du; askoren begirada kateatuta garatzen da haren lilurapean. Baina utz ditzagun alde batera lilura eta xarma guztiak. Mendi bat besterik ez da, eta hori dela eta, burua hotz jokatu behar da. Broad Peak mendi prestua dela diote. Ea horrela den.

59
Chogholiza mendia
 

Concordiara iritsi baino pixka bat lehenago, Aitor eta Alberto atera zaizkit bidera, lasterka. Nirekin kezkatuta zeuden, ni gaizki nengoela uste zutelako. Diegok horrelakoren bat aipatu die, baina, egia esateko, ohiko burukomina eta kakalarria besterik ez ditut izan. Baina Aitorrek handik aurrera ez nau bakarrik utziko, nik bakean uzteko eta gogaikarria ez izateko eskatu badiot ere. Broad Peakeko kanpamentu nagusiko sarreran, José Carlos Tamayorekin topo egin dugu. Betidanik ezagutuko banu bezala hitz egin diot. Mendizaleen bizimodu gogorraz mintzatu natzaio, eta berak baietz, baietz eta baietz, niri etengabe arrazoia emanez, baina haren itxurari erreparatuta edonork pentsa lezake K2 mendiaren inguruan barik parke batean zehar pasieran dabilela.

 
60
Broad Peak mendia gure gainean

Kanpamentura iritsita, eseri egin naiz. “Nekatuta nagok, ostia!”, esan dut nire artean. Ordurako, kanpadenda gehienak jarrita daude. Zamaketariak ez dira arratsalde pasa etorri. Eta, gainera, lehenbailehen bukatu nahi dute, dagokiena kobratu eta handik ahalik eta azkarren alde egin ahal izateko. Aurretiaz adostua genuen zenbat eman behar genion shidar-ari, zamaketarien buruari.

 
61
Zamaketariak Broad Peak mendiaren kanpamentu nagusian

Eskupeko bat ere eman diegu, pozik gera daitezen. Irribarretxo bat eginez konforme zegoela adierazi digu shidarrak.

 
62
Shidarra eta beste zamaketari batzuk diru-kontuetan
63
K2 Broad Peak-en kanpamentu nagusitik

Egun hauetan nolabaiteko adiskidetasuna egin dut zamaketari gazte batekin, ingelesez ondo antzean moldatzen zena, nire galderei erantzuteko beti gertu egon baita; atzerrira joanda jakin-minik ez duenak hobe du etxean geratzea. Zamaketari horri 30 dolarreko eskupekoa eman diot. Berak ere irribarre. Ziur nago ez duela susmatu ere egiten zenbat eman diodan; ikusi nahi nuke nolako aurpegia jartzen duen enteratzen denean.

Uztailaren 3a

Gauza guztiak antolatzeko eguna dugu gaurkoa. Komuna han, jantokia hemen, biltegia harantzago. Zamaketariak bezperan joan zaizkigu.

 
64
Zamaketariak

 

Bi gidariak, sukaldaria, sukaldari-laguntzailea eta lotura-ofiziala besterik ez dira geratu gurekin.
 

 

65
K2 mendia eta biok

Baina ez gaude bakarrik. Beste espedizio batzuk daude kanpamentuan, gure begien bistan ez baina. Bielorrusiako espedizio bateko bi kide eskean etorri zaizkigu: zuen argindarra gure gasolinaren truke. Konforme. Soka kontuetan ere elkarlanean ibiltzea erabaki dugu. Hurrengo egunean beren ordenagailu eta telefonoak ekartzeko eskatu diegu, gaur geuk beharko dugu-eta sorgailuak eman diezagukeen elektrizitate guztia. Baina ordu erdi geroago hor dira berriro bielorrusiarrak, oraingoan zenbait tresna besapean dakartzatela. Ez omen digute ulertu eta oraintxe nahi dituzte beren katxarro guztiak kargatu. Nazioarteko gatazka bat piztu nahi ez, eta utzi egin diegu. Gu bai eskuzabalak!

Uztailaren 4a

Gaur kide batzuk K2ko kanpamentu nagusira joan gara (5.135 m.) eta beste batzuek Broad Peakeko lehenengo kanpamenturantz egin dute, arratsaldean bueltatzeko asmoz.

66      
Alberto erreka zeharkatzen      

Alex, nire trekking-kidea ere joan da espediziokideekin. Gainera, neuk utzi diot arnesa errekasto bat kable batetik igarotzeko. Taj konturatu da Alex ere lehenengo kanpamentura joan dela. Haserre etorri zaigu horrek dakartzan arriskuez ohartaraztera: lehenengoa, gailurrik lortuz gero, legezko baliorik ez ematea; eta bigarrena, lotura-ofiziala Alexen ihesaldiaz enteratzea eta neurriak hartzea Alexen eta espedizio osoaren kontra. Gauzak beren neurritik ateratzen ari dela pentsatu izan dut, baina ez diot ezer esan, une horretan barrenak hustu behar dituela iritzita. Guk gezurra esan diogu ofizialari, handik hurbil argazkiak egiten ibiliko zela adierazita. Ez digu sinetsi, baina hala ere ez digu K2ko kanpamentu nagusirako bidea eragotzi.

Bidean geldialdi bat edo beste egin dugu, Broad Peakeko lehenengo maldetan gora doazen mendizaleak ikusteko. Eta usterik gutxienean hara non azaldu zaigun Alex, argazki-makina besotik helduta, eta inguruan zegoen guztiari tiro egin nahirik, argazkia ateratzeko baina. Tajekin izandako solasaldiaz hitz egin diogu eta gure kanpamentuko bidea hartu du berriro, auzia lehenbailehen argitzeko.

K2ko kanpamentu nagusian, Koreako espedizio baten kanpadenda berde berri-berriak dira nagusi.

 
67
Koreako espedizioaren banderolak eta erregu-oihalak K2ko kanpamentu nagusian

Espedizio horretako lotura-ofizialak ongietorria eman digu. Zerbait edatera gonbidatu gaitu eta guk atseginez onartu. Edari freskoak! Harritzekoa! Galdera piloa egin digu, eta berak agintzen duenez, guzti-guztiei erantzun egin behar.

68
K2ko kanpamendu nagusiaren ikuspegi orokorra

Gure kanpamenturantz abiatzekotan ginela berriro ikusi dugu Marco. Han zegoen, asper-asper eginda, eguraldi ona noiz etorriko zain, K2ri hagina sartzeko. Opari bat egin digu, “carne seca”, haren esanetan. Poltsakada bat hestebete, bere enpresa babesleak emana. Janari madarikatua bertakoentzat, baina bedeinkatua guretzat.

Arratsean azaldu dira Broad Peakeko lehenengo kanpamentura joan direnak, hain zuzen Alberto, Lina, Aitor eta Santi (dagoeneko sasoia berreskuratu duena). Nonbait harri eta izotz-puska asko erortzen dira goitik; horrek ikaragarri zailtzen du igoera. Baina oraindik ez daude amore emateko, ez horixe.

69    
Guk alde egiteko bezperan. Goian, ezkerretik eskuinera: Yanhir, sukaldaria, sukaldari-laguntzailea, Taj, Sati eta  Juan Carlos. Behean, ezkerretik eskuinera: Rafael, Alex, Lina, Inaxio eta Alberto    

Uztailaren 5a

Alex eta biok bueltatzen hasteko eguna dugu. Espediziokideak han geratu dira. Orain Broad Peakeko kanpamentu guztiak ezartzen hasi beharko dira, gailurrerako bidea eta beren gorputza bera ere prestatzeko. Abenturaren zatirik itsusienaren atarian daude; itsusiena bai, baina agian emankorrena ere bai, gailurrera igotzea baita denon ametsa. Horretan buru-belarri ibiliko da espedizioa, eguraldiak uzten dien egunetan.

Alde egin aurretik, besarkada bana eman diet han geratu direnei. Beherantz goaz, zibilizazioaren bila. Etxera bidean gaude, pozik, berriro ere gure mundura itzuliko garelako, baina hamaika arrazoi daude Pakistanera joateko, ezbairik gabe. Lehenengo, ohiz besteko herrialde bat dela, gure zibilizazioarekin inolako zerikusirik ez duena. Beste garai batean bizi dira. Espazio eta denbora diferenteak dituzte beraz. Beste arraza bat da, beste hizkuntza bat edo batzuk hitz egiten dituzte, gizartearen antolamendua guztiz diferentea da, jendearen portaera ere bai… Gure gidarietako batek Pakistan atzerritarrentzat herri “rough” (gogorra, latza) dela esaten du, baina ni ez nago ados berarekin: niri iritziz, herri desberdina dela, baina ez gogorra, zu gogortasunaren bila joaten ez bazara behintzat, gu bezala.

 

--------------------------------

Hurrengo zortzi egunetan, itzulera bidea egin genuen, etorritako bide beretik egin ere. Hasierako asmoa Gondogoro Pass-etik itzultzea zen, baina zamaketariek ez zuten nahi izan, bidea oso gaizki zegoela iritzita. Matxinada beraz, gure ontzian. Nik ameto eman nuen, baina Alex tematu egin zen Gondogoro Pass-etik jaitsi nahi zuela. Ingelesez gutxitxo zekienez, neuk lagundu behar izan nion zamaketariekiko gestioetan. Baina gure zamaketariek ezetz. Concordian kanpamentu egonkorra zuen pakistandar batek esan zuen ez zegoela batere arazorik Gondogoro Pass-etik pasatzeko eta zamaketaririk behar izanez gero, berak lortuko zizkiola batzuk. Hori, noski, ez zuten batere ondo hartu gure gidari eta zamaketariek. Halako batean, gure sukaldariak bere burua eskaini zuen Alexekin joateko. Diru-kontuak segituan konpondu zituzten.

70
Taj, trekkingaren gidaria

Han zen beste zamaketari batek (gure taldekoak ez, beste batek) osatu zuen Alexen azpiespedizoa. Hiru lagun ziren eta gu zortzi. Haiek hiru egun beharko zituzten Skardura iristeko eta guk lau. Gauzak horrela, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Lau egunen buruan ni Skarduko Corcordia hotelera iritsi naiz. Bi egun lehenago iritsia zen Alex, aurreikusita zegoena baino bi egun lehenago. Sukaldariak ikaragarrizko erritmo gogorra ezarri omen zuen igotzeko, eta horrela iritsi ahal izan ziren egun bat lehenago Skardura. Alexek ez zion barkatu, hala ere, sukaldariari aldapa haietan gora gorriak ikusarazi izana, eta ez zion ordaindu.

71
Inaxio beherako bidean eta beherakoa oraindik soinean

Uztailaren 13ra

bitartean hartu genuen etxera eraman gintuen hegazkina. Uztailaren 31n, Alfredok Broad Peakeko gailurra zanpatu zuen.

 

*******************************

Goizeko 8ak dira, 2008ko abuztuaren 2a. Riiiiiiiiiiiiiiing! Riiiiiiiiiiiiiiiing! Oso goiz izanda ere, telefono-deiak ez nau esnatu (baina bai pixka bat izutu, aitor dezadan), gau osoan ezin izan baitut begirik bildu, egunerokoa irakurri ondoren Albertorenganako kezkak loa guztiz eragotzi dit eta. Bai, Juan Carlos Gonzalez da. Honela esan dit arrapaladan: “Albertok K2ko gailurra lortu du eta ondo dago, Broad Peakeko kanpamentu nagusian atseden hartzen. Baina diotenez, izugarrizko triskantza gertatu da K2n. Mendizale pila bat hil da serak batek azpian harrapatuta”.

 

Zoritxarrez, Juan Carlosek egia zioen: bezperan hamaika mendizale hil ziren K2ko maldetan, Botilaren Lepoaren inguruan; beste bi mendizale larri zauritu ziren, bietako bat Marco Confortola. K2, amesgaiztozko kabia ote?

FITXA TEKNIKOA

  75  
  Pakistango Errepublika Islandarra  
72   73
Bandera   Armarria
  Lema: Iman, Aktad, Nizam (itzulpena:fedea, batasuna, disziplina)  

________________________________________________________________________________________________

Ereserkia: Pak sarzamin shad bad

________________________________________________________________________________________________

74

 

 

 

 

 

 

Kokapena Asiako hegoaldea. Munduko eskualderik gatazkatsuenetako batean kokatuta dago. Gainera, arlo guztietan dituen arazoei mugakide dituen herrialdeetatik datozkion auziak erantsi behar zaizkie
Mugakideak Iran, Afganistan, Txina, Kashmir, India eta Arabiako itsasoa
Hiriburua

Islamabad

33° 43_ N, 73° 4_ E

Hiririk jendetsuena Karatxi
Hizkuntza ofizialak Urduera eta inglesa
Erlijioa Nagusia musulman sunitarra (% 97); eta hinduismo eta katolizismoa (% 3)
Mendiak Pakistango mendirik entzutetsuenak herrialdearen iparraldean daude, Karakorum Highway bukatzen den eremuan, Baltistan eskualdean, Txinako eta Indiako mugetatik hurbil

Gobernu-moldea

Presidentea

lehen ministroa

Errepublika islamiarra / erdipresidentzialista

Asif Ali Zardari

Yousaf Raza Gillani

Independentzia 1947ko abuztuaren 14an independizatu zen Erresuma Batutik

Azalera

Guztira

Mugak

Munduko 34.a

803.940 km2

3.621 km

Populazioa

Guztira

Munduko6.a

180.803.560 (2006ko datuak)

BPG (nominala)

Guztira (2008)

• BPG per capita

Munduko 45.a

US$ 452.700 milioi

US$ 830 (2006)

BPG (EAP)

Guztira (2008)

• BPG per capita

Munduko 27.a

US$ 452.700 milioi

US$ 2722 (2006)

Moneta Pakistango errupia (PKR); euro 1 = 116 errupia (2010-3)
Jentilizioa pakistandarra

 

Inaxio Lopez de Arana

 

Irudiak

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli