Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Giza harremanak airean

 

li5  

MUSIKA AIREAN  Karmele Jaio  Elkar, 2009

Irakurriak nituen Karmele Jaioren aurreko hiru lanak eta aurreiritzi batekin hartu nuen “Musika airean” gasteiztarraren eleberri berria. Aurretiazko usteak bete egin zaizkit: liburu hau aurreko hiruren jarraipena da, bai aukeratutako gaiari bai idazkerari dagokionez ere. Eleberri labur honen oinarrian pertsonen arteko harremana dago. Jaiok zuk edo nik gure egunerokoan bizi ditzakegun egoeren, sentimenduen, eta azken batean, harremanen inguruan idazten du. Hortik irakurleek (eta batez ere emakumeek) Jaioren istorioekiko sentitzen duten erakarpena. Are gehiago, irakurleak bere pertsonaiekin identifikatuta sentitzeko helburuarekin idazten duela esango nuke. Gehienean lortu egiten du, eta, beraz, bejondeiola!

 Alargun geratu zenetik bakarrik bizi da Elena. Azken urteak etxeko egongelan, isilik, bakean pasa ditu. Bake hori apurtuko du seme-alabek jarri dioten zaintzaile latinoamerikarrak, Beatrizek. Egongelako leihoak plaza aldera ematen du. Bertatik ikusten ditu Elenak, Carmen, bere lagun mina izandakoaren (urteak daramatzate elkarri hitz egin gabe) etxea eta horrenbeste erromerien agertoki izandako musika kioskoa… Egongelako leihotik iragana ikusten du protagonistak. Kontakizun horretan Carmen eta bere arteko harremana da ardatza. Haserretu egin ziren, baina zergatik? Orrietan aurrera egin ahala erantzuna argituz joango da, eta bitartean zalantza horrek emango dio tentsioa istorioari. Harreman gehiago ere badira ordea: Beatriz zaintzailearen eta Rikardo medikuaren artekoa, Elenaren seme Sabinek bere emaztearekin duena, zaintzailearen ahizpak Ekuadorren dituen seme-alabekin duen distantziazkoa… Ugariak eta anitzak dira.

Esaldi laburrak eta idazketa bizia darabil Jaiok. Orriak airean pasatzen dira, horietako bakoitzean atsegin hartuz. Hiru ahots ezberdinek kontatzen dute istorioa: bat, Elena beraren ahotsa da. Bere bakarrizketak hartzen du pisu gehien narrazioan. Tarteka, kontalari orojakile batek hartzen du istorioa kontatzeko ardura. Narratzaile honek aipatutako bigarren mailako harremanei buruzkoak azaltzen ditu. Hirugarrenik, eleberriko pertsonaien elkarrizketa laburrek iraganean gertatuak argitzen laguntzen dute.

Egunerokoaz idazten duenez, eguneroko elementu soilekin osatzen ditu metaforak eta konparazioak. Sinpleak baina ederrak dira. Istorioa ere metafora batean bildu nahi izan du Karmelek: «musika airean» dioenean, bizitza osoan barruan daramagun musikaz hitz egin nahi du. Hala ere, nire iritziz, istorioak ez du izenburua ongi sostengatzen. Behartuta dago eta erori egiten da. Amaierarekin ere ez naiz erabat konforme geratu: ahula du, eta aurretik iragar daitekeena.

Idazkera biziz idatzitako giza harremanei buruzko istorioak, eta gertukoa egingo zaigun istorio bat irakurriz denbora atsegina igarotzeko aukera. Bestelakorik erakutsi ezean, hori da Karmele Jaiok irakurleoi egiten digun eskaintza; orain artean egin digun bera. Gonbita onartu edo ez, irakurleak egin beharko du aukera.

Leire Zubeldia

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli