Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
pdf  
Auto...biografia?

AUTOKARABANA Fermin Etxegoien Pamiela, 2009

Bizitzaren autobideak ez du zentzurik, ezta itzulbiderik ere. Bizitzaren barnean goaz gutako bakoitza, batzuk bizkorrago, besteok mantsoago, eta bizitzak aitzina segitzen du, gu gabe nahiz gurekin. Gurpildun tramankuluetan korrika eta presaka goaz ea nor lehenbizi iritsi; nora? Pentsatzen paratu gabe sentimenduak gurpilek zapal ditzaketela, eta zapaltzen dituzte; gelditu gabe, baina denok irribarretsu, irribarrea tristea bada ere, unibertsoari eskatuz gogo biziz gure alde para dadin.

Hori dio, bederen, Paulo Coelhok, eta hari arras ongi doakio. Hori dio Fermin Etxegoien idazlearen eleberri honetako protagonistak ere, eta dena nahiaz beste ateratzen zaio, «zerbait desiratuz gero gogo biziz unibertsoak berak konspiratzen du lor dezazun», behin eta berriz errepikatzen badu ere; Paulo Coelhok lortu duen arrakasta hain da handia garai postmoderno hauetan, unibertsoaren konspirazio hori sinetsi beharra duela. Ni, berriz, Coelhoren “Alkimista” liburuaz oroitu naiz, ahazteaz ikasi ez dudalako oraindik.

Herri hizkera erabiltzen du idazleak, zenbaitetan arrunkeriaz mintzo ere, erranen nuke, gizonezko ikuspegi batetik gaur egungo euskal gizartea hankaz gora paratzeko, edo gutxienez zer pentsarazteko euskal gizartearen arlo guztiei buruz.

Sexu-minez etengabe dagoen banandutako aita herri txiki bateko kooperatibako langilea bere herrian lanean; emazte ohia eta alaba txikia Bilbon ditu. Hasieratik esaldi zuzen eta ulerterrazetan barna aise murgildu naiz, tarteko pertsonaien arteko elkarrizketa laburrekin.

Hizkuntzarekin jolas egiten du, ez preseski euskara jator edo zuzen batean; horrela euskarari buruzko iritziak botatzen ditu. Hasieratik nahastu ditut idazlea bera eta protagonista, lehen pertsonan idatzia dagoelako, eta gainera liburuaren amaiera aldera arte ez baitu aipatzen protagonistaren izenik: Elias Aldasoro.

Gizonezkoaren ikuspegitik kontatzen du protagonistak 2007. urtea hasi berritan bere eguneroko bizitza pertsonal nahiz profesionala. Bizimodu modernoak ez du asetzen eta dena kritikatzen du, baita gizontasuna bera ere. Gaur egungo euskara planek gogaitzen dute, bere ama-hizkuntza euskara izan arren, erosoago sentitzen delako erdaraz. Hiriaren eta herriaren artean dago banatuta protagonistaren patua, baina ez dut nik eleberria kontatuko hemen.

Bizimodu postmoderno hau kritikatzen du etengabe Eliasek; bizitza bakarra bizi dugun arren, kontrakoa sinetsarazten zaigulako haren ustez, hamaika batera bizi genitzakeela, autokarabanaren irudi zoragarriaz noranahi joan eta bizi alegia. Baina nora joan?

Azken batean, zertarako izan supergizon bat, etengabeko aseezintasun batean bizitzeko? Norberaren egia bilatzea da norberaren patua, nahiz eta bizitzak badakien bidegabe izaten, baina gure etsipenak, haserreak eta tristurak baretzeko mundu postmoderno itogarri honetan nork bere barnera begiratzea beste biderik ez dagoela esaten du Paulo Coelho berak ere.

Eta eleberriko protagonistak bere amorrua baretzeko bere egia paper eta boligrafoarekin korapilo guztiak (lana, familia, maitasuna, sexua, bizitokia...) askatu nahi izan du idazleak eleberri honetan. Pentsarazteko galderak botatzen ditu, gainera!

Aina Maia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago