Solas eta jolas

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Sor Candidarentzako gutuna

Zaldibian, 1899.abenduaren 23an

Sor Cándida maitea:

Zer moduz zaude? Espero dut osasunez ondo egotea. Moja etxeko gainontzeko ahizpa guztiak ondo egotea ere desio dut. Agurtu ezazu,modu berezian, Ama Nagusia.

Notizia ezin hobeagoarekin natorkizu gaurkoan. Badaude bizitzan hor goian, nonbaiten, Jaungoikoa dagoela erakusten dizuten gertakariak. Hor ditugu Itun Zaharra eta Itun Berria. Hor ditugu meza-liburuak; bederatziurrenak; igandetako sermoiak; hor ditugu bai. Ez dago begiak ikusten dutena baino egi borobilagorik ordea.

Badakizu baita ere, ez direla errazak Jaungoikoak gure fedea benetakoa den konprobatzeko batzuetan jartzen dizkigun probak. Ederki ezagutu zenituen Mariano gerrara eraman zutenean jasa genituen sufrimenduak; are latzagoak bihurtu zirenak Españako armadak hila zela eskutitzez jakinarazi zigunean. Saminez betetako egunak izan ziren.

Ez dut esan nahi, ahizpa maitea, noizbait nire fedea zalantzan jarri dudanik. Badakizu ezetz. Eguneroko arrosario da nire arimaren sostengua. Hamar aginduak eta zazpi sakramentuak Gurasoengandik jasotako ohiturak zorrotz gordetzen ditugu: garizumako bijilia, Berpizkunde Igandea, Amabirjinaren hilabetea; corpus cristhia; Jesukristo Gure Jaunaren jaiotza. Hilero jasotzen ditugun San Antonio eta Berpizkundeko Amabirjina ere dagozkien aitagureak eta agurmariak errezatu ondoren eramaten ditugu Ibargunerekora.

Barkatuko didazu luzamendutan ibiltzea. Beldur naiz ez ote zaren urduritzen hasi jada. Ez nuke nahi lau horma sakratu horietan bizi duzuen bakea hautsi nahi. Orain emango dizudan berria zinez da asaldagarria hala ere. Pozgarria bezain sinesgaitza. Zaila egiten zait idazkera hotz hau baliatu behar izatea halakoen berri emateko. Bai, badakit zer ari zaren pentsatzen “arauak, arauak dira”.

Beti izan behar du horrela? Jesukristo berak ez zituen ba tenplutik aldarte txarrez fariseoak bota eskuan zigorra zuela? Ez zioten ba Mariari semearen gorpua besarkatzen utzi hil-oihalan bildu baino lehen? Jaio zenean ere besotan hartuko zuen ezta?

Uler dezaket eguneroko txikikerietatik babestu nahi izatea. Gaurkoa ez da txikikeria, gaurkoa miraria da Conchi, miraria! Barkatu ponteko izenarekin deitzeagatik. Ez ditut nire barruak kontrolatzen jada. Baserrian berriro ikusiko dugu eguzkia,ahizpa maitea. Negu gorria izanda ere, loratu da goizegi lurperatu genuen ernamuina.

Ohartuko zinen nire hizkiak inoiz baino baldarragoak direla, ez da gutxiagorako, Conchi. Negar malkoen markak ere nabarituko dituzu paper merke honetan. Barruak kiskaltzen dizkidan nobedadeak izoztuta utziko baitizu. Sinets iezadazu sinestezina dena! Sinets iezadazu hildakoak berpizten direla! Sinets iezadazu Martín, gure Martintxo bizirik dagoela esaten badizut! Halaxe da! Ez da kontatu digutela han edo hemen ikus dutela; ez da halakok esan diola halakori ez dakit non beste hark ikustea iruditu zaiola ez! Etxean dugu! jaiotetxean, Erraztiko paraje ilundu honetan! Ez zitzaion ba aitari erreka parean agertu gaur zortzi! A ze sustoa! “Kutxilloa sartu balidate ere ez zidaten odolik aterako!” Kontatzen dio behin eta berriz aitak baserrira bisitan hurbiltzen diren guztiei. Ze poza! Ze poz handia! Ai Conchita! Soinujolea ere ekarri zuten ere Itsasondotik. Sagardoa erruz edan dute gizonek, mozkortu gabe beti ere.

Agian ez nizuke gauza hauek kontatu behar. Barkatu. Une batez abitua daramazula ahaztu dut. San Blasetan bisitan joango gatzaizkizula esan nahi nizuke sor Cándida. Ama Nagusiari ere idatziko diot bisita gelan elkarrekin egoteko baimen berezia eskatuz. Aste hauetako errezoak horretarako izango dira.

Jaungoikoak zain zaitzala. Adeitasunez,

Pilar

Joxe Aldasoro

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli