Presazkoak
Irudia: Lina Bo Bardi
Eskua luzatu nahi nizun, eta halere,
zeuk zabaldu zenituen neure armairuko ateak 
nik gaizki eskegitako arropak erakusten nizkizun bitartean. 
Ikusi zenituen iragandako solasak 
eta gorpu bat ur eske udara zen gau batean, 
zaharkitutako ametsak, zer dela ere. 
Armairua zabaltzen dut 
eta inori aitortu gabeko bakarrizketekin 
egiten dut topo janzten naizen bakoitzean. 
Politagoa litzateke 
hozkailua zabaltzea limoiur beharrik gabe. 
Zati erauziengatik izango da akaso, 
eta garaiera altuenetan arnasa galtzea, 
tamalez armairuko ispiluak hitzik ez du guretzat. 
Giltzak irentsi ditut amildegia aurrean, 
esan ala ez esan 
ama errietan dudala, 
banaiz eta deus.
	


