Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

  

buruaz_beste.jpg  
 
BURUAZ BESTE

 

Buruaz beste egin nuen egunean heldu zitzaidan Amerikako osabaren herentzia. Benetan penagarria. Nik ez nekien, jakin, Amerikan seniderik nuenik, eta ez nuen asmatu -nola bada?-, ondo jantzitako legegizona bidaliko zutela, sina nazan.

Bi ordu lehenago heldu izan balitz, zor guztiak ordain nitzakeen; baina bizitza, eta heriotza horrelakoxeak dira, kontrolaezinak, gugandik kanpo dauden entitate ikusezin bezain eraginkorrak; nahi dutena, nahi dutenean, nolanahi egiten dutenak.

Buruaz beste egin nuenean estuturik nengoen. Ez nuen uste benetan kapaz izango nintzenik, gainera. Hainbeste aldiz bururatzen zitzaidan asmo hura azkenaldian, ezen, jada, ohiturik nengoen ideia horrekin bizitzen. Horregatik, zubitik salto egitera nindoanean, pozik sentitu nintzen momentu batez: behingoz neuk pentsatua nuen zerbait egingo nuen, behingoz neure barnetik aterako zen zerbaiti kasu egingo nion, eta ez, bizi guztian bezala, beste zerbaiten menpe bizi, drogaren menpe, telebistaren menpe, zakila ernetzearen menpe, zorren menpe, Nere-ren menpe.

Halere, ez pentsa erraza denik. Salto egin nuen, bai, baina, izatez, egiatan estuturik nengoelako, itota. Beldurrez bizi nintzelako. Atzetik nituen, orduantxe bertan, burusoil zakar droga saltzailea, bere bi bizkartzainekin; Abokatua izan zitekeen traje, gorbata eta maletadun gizaseme nekaezina, bai eta bankukoak deitutako ertzainak ere. Inguraturik nengoen.

Ibai lehorra pasatzeko zubia hartu nuenean ez zitzaidan iruditu inor zegoenik, bestela azpitik joango nintzen. Erdian nindoala, ordea, bai eskuinetik, bai ezkerretik, azaldu ziren jazarleak. Ezin nuen ihes egin. 

Zubitik goranzko burdinetatik igo nintzen; gero, eskala estu batetik jarraitu; azkenik, alboko kable astunetik zintzilikatu.  -“Tarzan New York”-en ikusita nuen, baina nik igerian ez nekien, eta zubi honen azpian ez zegoen urik.

Bilakaera ezinbestekoa zen. Ez zegoen, jada, nire esku. Irudia mantentzearren edo, dignitate hutsal eta itxurazkoaren izenean, neuk hartu nuen, azkeneko aldiz, erabakia: neure buruaz beste egitea. Horrela ezin nuen jarraitu. Salto egin nuen.

  buruaz_beste1.jpg

Buruaz beste egin baino ordu erdi lehenago Nere-rekin nengoen kafea hartzen. Zeharo haserre zegoen nirekin, ez zidan barkatzen bere lagun onena, Ainara, masturbatu izana igande goizaldean, hirurok ohean ginela, bera lo zegoen bitartean. Nik, aitzakiarik ez neukanez, entzungor egiten nuen, ekaitza noiz pasako zain. Orduan, praketako orban hezea ikusi zidan. Ez dakit zergatik zegoen nire hankartera begira, baina halakoxea zen Nire.

Ernegatzen hasi zen, gorrotoa ere atzeman nion, momentu batean. Desleialtasuna aurpegiratu zidan, eta nik, derrepente, kafea aurpegiratu nion, hau da, kafea bota nion aurpegira -epela zegoen-, barnean nituen guztiak ez aurpegiratzearren.

Ez dago ondo ikusita txalarena egitea tabernetan, jendearen aurrean. Bart gaueko gehiegikeriak irten nahian zebiltzan arren, eutsi egin nion mingaina lehertzeari.

Nere, orduantxe bai, sutu zen benetan. Lehenengo aldia zen horrela ikusten nuela. Orduantxe bai emakume galanta, bere onetik irtenarazi nuenean. Bermaitemindurik utzi ninduen; bukatzear zegoela uste nuen erakarpen-indar hura aterarazi.

Eskua zabalduaz zaplazteko handia eman zidan, titi borobiltsuak dantzan, kanpora nahian, ari zitzaizkiola. Izugarria. Zakila,  berriro ere, gogortu zitzaidan. Ezpainetik odola zeridan.

Erortzen ari nintzela agure zahar bat begiztatu ahal izan nuen, ikuskizunari begira, gustura, eta emozionaturik, -emaion berriz!- esaten, alkoholez betetako ahots zurratuaz. Harantzago, adineko emakumea, azkar-azkar altxatu, eta mototsa airean ia galduaz, alde egiten ziztu bizian, beldurra izango balu bezala.

Keinu harroaz –ni makur-makur eginda nengoen-, buelta eman zuen, ipurtalde ederrak indarrez mugituaz. Atenea lez, guztiak aho betez hari begira baikeunden, kanpora joan zen.

Komuna non zegoen galdetu nuen. Zerbitzariak –etxeko jabea zenak-, bibote luze eta zabalaren atzetik zera esan zidan, iseka eta haserre eginaz aldi berean:
-Nire kafea botatzen duen inori ez diot ezer erantzuten-
Eta nik, -Eta zergatik erantzun didazu hori?-
-Nik ez dizut erantzun-
-Eta, orain, zergatik erantzun didazu?-
-Nire kafea botatzen duen inori ez diodala ezer erantzuten esaten ari naiz…
Eztabaida bukaezin hartan gero eta beroago sumatu nuen kamarero burugogor eta ezjakin hura. Ni baino askoz indartsuagoa zen; beraz, esku artean labanarekin ikustean alde egitea erabaki nuen, nahiz eta, gero, ihesika, konturatu, limoia zuritzeko hartu zuela.

Azkar-azkar, taberna guztia pasa eta komunera heldu nintzen. Komun txikia eta “lurrintsua” zen. Goizero garbitzen omen zutena. Dagoeneko dariola zegoen, baina ez zitzaidan inporta, ez nintzen hara eskuak eta ezpainak garbitzera joan; ez eta ezpainetako odol isuria garbitzera ere. Zakil gogorra bi eskuekin hartu eta hazia isuri arte ez nintzen gelditu. Besoa ere minduta neukan, gero eta azkarrago, gero eta goriago; Nere neukan buruan, eta arrautzak sugarretan erretzen. Sekulakoa. Txorrotada bota nuen, komunaren ertzetik kanpora –bat gehiago-, ezkerrerantz. Bat-batean akiturik sentitu nintzen; ezin nintzen eseri, zikinetan; horman burua eta bizkarra jarriaz deskantsatu nuen.

Tabernariak, ate joka, errealitatera itzularazi ninduen, handik irteteko esanaz, mekauendioska. Atea ireki nuenean, jendez inguraturik nengoela ohartu nintzen, agian, komunean –ziurtasunerako- bideoa edo, zutelako. Besterik ezean, ni modukoak ikuskatzeko balio zuena.
Besarkadaka hartu ninduten:
–Hori bai kanpai jotzea, motel!
-Nahiko nikik neuk ere horrelakoren bat!
-Ederra bota duk benetan!
-Emadak autografoa!

Nola edo hala, edan-zulo hartatik ihes egitea lortu, eta, behingoz, bakarrik egotea lortu nuenean, erabaki nuen, berriz ere, buruaz beste egingo nuela. Horrela ezin nuen jarraitu.

Buruaz beste egin baino ordubete lehenago bankuan nengoen. Diru eske joan nintzen, telefonoz deituta ez baitzidaten ezer ematen. Zuzendariak azaldu zidan hiru kreditu nituela oraindik ordaintzeko, eta nik olio botila eskaini nion. Horrekin ere ez zegoen konforme. Adarra jotzen ari nintzaiola esan zidan, eta nik, bada, utziko balit, adarra joko niola erantzun nion, eta zorrak barkatuz gero, adarra miazkatu ere egingo niola. Isil-isilik gelditu zen, eta nik, administrazioaren isiltasun bezala ulertuaz, mahai azpian jarri eta brageta ireki nion, zakil heze, astuna –aspaldian gogortu gabekoa zirudiena- atzaparretan hartuaz.

Kristau onarena egin zuen  -horregatik zen bankuko zuzendaria, neoliberala bai eskumakoa; emazte bakarreko, amorante ezkutudun, ezkondu zoriontsua-; bekokiko izerdia garbitu, gorbata bizpahiru aldiz zuzendu, gogortzen ez zitzaion zakila gorde; lepotik heldu, eta izterrondoan ostikada handi bat emanez bidali ninduen.

Etsita nengoen. Dirua behar nuen. Nere-rekin ordu laurden barru egon behar nuenez denbora neukala eta, zaindariari ezustean ostikoa eman, eta burdina ostu nion. Eskuak gora! Esan nuen, eta denak zut! –harrigarria! nire zakila ere bai, berriz!-, zutik jarri nituen. Hura gozamena! Diru eskean zeuden guztiak, diru banatzaile eta hartzaile guztiak neure menpean zeuden, geldi-geldi.

Idazkari gaztetxo batek liluratu ninduen, bat-batean. Eskuak gora, bularretakoa igartzen zitzaion; bai eta bularretakoaren barneko titiburuak ere. Pistola eskuan, dardaraka hasi nintzen, titiburu haiek irudikatu nituen nire zakilaz igurzten, hura gozamena! Bazetorrela sumatu nuen. Kontrolaezina zen. Lurrean etzateko agindu nien, behera begira, ikus ez nintzaten; lotsa ematen zidan, nerabe ezjakina izango banintz bezala, eutsi ezinik, jokatzeak. Hantxe bertan isuri nuen, neskaren bizkarrari begira, bularretakoak larruan egiten zizkion marretan pentsatuaz.

Izterrak busti nituela konturatzeak arduratu ninduen. Ez zegoen ondo hankartea bustirik Nere-rengana joatea. Bestalde, haserretuko zitzaidan oraingoan ere. Argibideak eskatuko zizkidan, eta nik ezin eman.

Ez neukan denborarik, halere. Kutxazainari –ez automatikoari- dirua poltsa batean sartzeko agindu nion. Berak, ez zeukala poltsarik. Nik, jertsea kentzeko, eta han sartzeko. Hark, hotza zeukala eta, mesedez, ez kenarazteko…

Bitartean, zaintzaileak, atzetik arrastaka etorri zenak, orkatilatik heldu eta izterrean hortzaka egin zidan. Minaren minez, hartu berri nuen dirua erori, korrika hasi, atea ireki eta kale ertzetik joan nintzen. Atzera begiratu nuen inor ote zegoen ziurtatzeko. Aske nintzen; ez zegoen inor. Nere ikustera nindoala erabaki nuen, berriz ere, buruaz beste egitea. Horrela ezin nuen jarraitu.

Buruaz beste egin baino ordu eta erdi lehenago euskaltegian nengoen. Zorrak nituen, hainbeste periko eta horrenbeste emagaldu gozamen garestiak baitira. Etxeko hipoteka ordaindu gabe neukan azken sei hilabeteetan. Bankutik hainbat dei egiten zidaten azkenaldian. Harro-harro, neuk, neronek dei egin nien. Diru eske nentorkiela esateko atrebentzia izan nuen, baina alferrik, etxea galduko nuela adieraziz mehatxatu ninduen. Bertara –hau da, bankura- joatea erabaki nuen, zorrari olioa emateko.

Azken droga sorta ere ordaindu gabe neukan. Ez dakit, horregatik edo, goizean, sarreran jende arraroa ikusi nuela iruditu zitzaidan; ikasle itxurarik ez zeukan tipo burusoil bat, atzean patilla handiko bi laguntzaile tripontzi mardul zeramatzana.

Euskaltegiko langileek ere, ez ninduten, jada, begi onez ikusten. Izan ere, hilabeteko aurrekontua xahuturik izanda, azken sei egunetan kalefakziorik gabe zeuden –geunden-, deitu gabe zegoen tekniko konpontzailearen zain.

Halako batean, telefonoz deitu zidatela esan zidan, aurpegi txarrez –eta hotz aurpegiaz-, idazkariak. Ez nuela erantzun nahi eta, arren eskatu nion, esateko ez nengoela; baina, mendekua bere esku, baietz esan zion, libre nengoela eskolan, etortzeko bertara, ordu laurden batean han izango nintzela. Egin nion so beltzak ere ez zuen berotu idazkari gaiztoa. Keinu zantarra eginaz joan zen.

Azkar-azkar ihes egitea pentsatu nuen, bankura joateko aitzakia medio. Trasteak jaso nituen, ikasleei esan hurrengo orduan ez nintzela egongo. Atea irekitzerakoan dirdira handi batek itsutu ninduen. Ez dakit burusoilaren soiltasun dirdiratsua zen, ala eskuan zeraman errebolberrarena. Badaezpada atzeko aterantz joan nintzen. Ahots sakona entzun nuen barrutik deika; ni, orduan eta azkarrago, ihesik.

Ehun metro –nik egin ahal izan nituen- harantzago oihuka ziharduen, oraindik, nirekin egon behar zuela zioen trajedunak. Maleta beltza erakusten zidan nabarmen, arma arriskutsuren bat, agian, nire artean. Hirurehun metro beherago ere, han neukan atzetik. Azkenean, kale ertz batetik sartu eta aztarna galarazi nion. Bankua aurrean nuela konturatu nintzen aldi berean, eta zuzenean sartu nintzen, buruaz beste egitea pentsatzen ari nintzela, berriz ere. Horrela ezin bainuen jarraitu.

Buruaz beste egin baino bi ordu lehenago etxean nengoen. Biharamuna neukan –buruko min galantaz-, eta euskaltegira joateko prestatzen ari nintzen. Ez neukan kokarik ajea jasan ahal izateko, ez dirurik erosteko. Zorrez beteta nengoen. Bankutik hiru dei nituen erantzungailuan. Nere-rekin arazo larria sumatzen nuen, ordu eta erdi barru ohiko tabernan itxoiteko esan zidanean, eta bururatu zitzaidan ea merezi zuen horrela bizitzeak.

Euro bat ere ez poltsikoan kafetxoa hartzeko. Gogogabe, kafeinagabeko Neskafea prestatu nuen; ez zegoen oso ona, zaharkitua baitzegoen. Bi urte zeramatzan armairuan, bihozgaberen batek gabonetan erregalatu zidanetik. Ez neukan azukrerik ere.

Ez dakit zergatik, koilaratxoarekin ari nintzen, bueltak eman eta eman, hausnarrean, eta otu zitzaidan, Amerikako osabaren bat izan ezik, estu eta larri ibiliko nintzela. Benetan penagarria.

Bi ordu lehenago heldu izan balitz…Baina bizitza, eta heriotza horrelakoxeak dira, kontrolaezinak, gugandik kanpo dauden entitate ikusezin bezain eraginkorrak; nahi dutena, nahi dutenean, nolanahi egiten dutenak. 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli