Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
hemen_eta_orain1.gif  
pdf  
HEMEN ETA ORAIN: BIZKOR 
IRAKURTZEKO 
GOGOETAK 

Esnatu da presaka. Egun osoan egin behar duenaz ia nekatuta. Ohetik jaiki eta zabaldu du leihoa gelako oxigenoa berritu dadin. Joan da sukaldera eta jarri du kafe makina martxan. Jantziko duena erabaki eta sartu da bainugelan. Dutxa azkarra; besapean desodoranteari bost pasaldi eman dizkio egun osoan usain ona izateko. Ilea lehortu, jantzi eta sukaldera. Kafe beroa eta ogi xerra jan orduko bidean da. Abiatu da eguneroko kaiolarantz edo askatasunerantz. Segun eta. Bidean presa eta estresa; lehenbailehen iritsi beharra. Han da, lantokian, ez daki ondo nola iritsi den. Agian ez da jabetu norabait heldu denik ere. Eta hasi da paper artean, torloju artean edo zapi artean eman eta eman. Ez gelditzea da kontua. Zergatik ez gelditu? Stop! Non gaude? Une honetan, hemen eta orain. Ezta? Burua atonduta edukitzea oinarri sendoa omen da bizitza honetan. Baina zein ote burua atontzeko jantzi egokia? Gure mundu honetan, ehunka urteren buruan jasotako kulturaren bueltan, nahiz eta gu benetan jabetu ez, soineko jakin bat daramagu. Eta honek bizitzan zehar bidea erraztuko digu batzuetan eta mugatuko besteetan. Logikoa dirudi horrek, ala? Geure izatearen jabe garela sinetsita gaude. Bizitzaren gurpila geuk mugitzen dugulakoan. Norabait goaz beti, helburu bat lortzea uneoro buruan. Lan egin behar dugu, eta ez eguneroko ogia lortzeko bakarrik, halako edo bestelako etxea edo autoa erosteko ere bai. Jo dezagun beti aurrera, ez dezala inork pentsa egotearekin konformatuta gaudenik. Mugimendua behar dugu, akzioa. Zerbait gerta dadin bultzatu behar dugu geure bizimodua. Eta ari gara etengabe bat egin eta bestea egin. Ari gara gure bizitza betetzen, egunari berrogei eta zortzi ordu ateratzen. Ari gara, bai, ari garenez. Eta harro gaude gainera, gustura. Aktibo jokatzen ari garela pentsatzen dugu. Seguru? Ez ote gaude sekula baino pasiboago? “Egin eta egin!”. Horixe egungo leloa. Asteburua heldu eta ezer berezirik ez egitea denbora alferrik galtzea dela ikasi dugu. Oporraldia iritsi eta inora joaten ez bagara, egonean ahitzen ari garela. Egungo gizarteak gogor bultzatzen gaitu, eta hortxe goaz geu marean gora eta marean behera. Hortxe goaz etengabeko martxan, goizero egun berriak agurtzen gaituenez. Baina dena aprobetxatu nahi horrek, hainbeste gauza egin nahi horrek ez ote garamatza bizitzan axaletik? Denborak abiada berdinean egingo du aurrera guk egiten duguna egiten dugula. Edo ez. Bizitzaren gurpilak aurrera egiten du beti, ezin gelditu. Edo bai. Nork bere denboraren jabetza izan dezake agian. Zergatik ez? Bankuan eserita dagoen aitonak agian bizitzen du sakonago eguna, hamabi orduz lanean, seme alabei eskolako ariketetan laguntzen eta gainera gimnasiora joaten den gurasoak baino, ala? Jabetza galduta ote daukagun, ez ote garen gu geu. Gehiago eginez gehiago garela saldu ote digu norbaitek? Nor ari da gehiago egiten, belarra txukun-txukun mozten ari den baserritarra edo hegazkina hartu eta batetik bestera hamaika batzarretan dabilen enpresaria? Etxean, agian bat wï-an jolasten ari da, bestea ordenagailuan, hirugarrena nintendoan eta azkena telebista aurrean, laurak batera daudela jabetu gabe ere, erabateko inkomunikazioan. Zergatik joera hauek? Nahiko genukeena gara edo gizarteak nahi duena? Gelditzen al gara inoiz? Hemen eta orain egoteko gai al gara? Zertarako etorri ginen hona? Zeinek eskatuta? Bizitza zoragarria dela esaten dugu, hori sinetsita bizi gara. Bai, ala? Nahiz eta zenbaitek pentsatu eguna luzeegia dela. Baina bizitzak eta guk ezagutzen al dugu elkar? Pentsatu gabe ibiltzea, baina oin bat bestearen segidan jarrita, patxadan joatea hobea da agian, korrika gailurrera errekor berria egin nahian heltzea baino. Zerk bultzatzen gaitu? Non daukagu pasioa? Egiten duguna pasioz egingo bagenu, zertan ari garen jabetuz, agian sendatuko ginateke. Baldin eta gaixorik bagaude, jakina. Ez dugu unean unekoa bizi, beti daukagu pentsamendua egingo dugunaren hurrengoan. Astea hasi eta asteburuan pentsatzen ari gara. Urtea hasi eta Aste Santuko oporretan, hauek amaitu eta udakoetan. Guk geuk estutzen dugu lokarria geure lepoan. Eta konturatuta edo konturatu gabe, geure ondorengoak gu bezala bizitzera bultzatzen ditugu. Zergatik aspertzen zaizkigu haurrak? Zergatik nekatzen zaigu orain hainbeste burua? Zergatik lehertzen, eta depresioaz edo estresaz gaixotzen? Ospea eta fama, geure arrastoa utzi beharrean ari gara. Itzalean bizi dena ez omen da bizi. Egun ikasten ari direnak lan bila hasten direnean hiru mila euroko soldata nahiko dute bat-batean. Lanean ari denak ahalik eta lan gutxien egin nahi du eta lan asko egiten duenak ingurukoei harro erakutsiko die bere estresa. Denboraren altxorra galduta daukagu. Nork asmatu ote zuen denbora? Denbora, zergatik neurtu denbora? Zertarako? 24 ordu; egun bat. Gutxi maitearen ondoan. Gehiegi bakardadean. 24 ordu; egun bat. Denbora eskasa maitatzeko

Sobera sufritzeko. 24 ordu; egun bat. Denbora omen. Zenbat denbora da denbora?

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli