Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
EDORTA BERTSOLARI 

- Edorta, zer darabilk buruan, hire txanda duk, motel! 

Ametsetik esnarazi nau Imanolen xuxurlak; burua biratu eta lagunaren begirada kezkatia topatu dut nigan finko. Pilotalekuko harmailak ikuslez gainezka daude, denak niri begira, arratsaldeko nire lehenengo bertsoa noiz entzungo zain.

Ikastetxe ezberdinen arteko bertsolari txapelketan parte hartzea erabaki genuen, orain bi hilabete, Imanolek, Olatzek eta hirurok. Egia esan, erabaki-erabaki Olatzek eta biok bakarrik erabaki genuen. Gauza da, gure adinean hirukotea osatu beharra dagoela txapelketan parte hartu ahal izateko, eta Imanoli laguntza eskatzea beste irtenbiderik ez genuela izan. Hiru egun behar izan genituen Imanol konbentzitzeko. Ez zen erraza izan, baina azkenean gurekin batera txapelketara aurkeztuko zela hitz eman zigun.

Gela bereko ikaskideak gara txiki-txikitatik Imanol, Olatz eta ni. Olatzekin ez dut sekula harreman handirik izan. Izan ere, Olatz neska da. Neska ezberdina, baina neska. Eta gelako neskak ulertzea kosta egiten zait askotan. Hizkuntza ezberdinez hitz egiten dute ia beti eta ulertzen ez dudan arrazoiengatik barre egin. Neskak arraroak dira. Baina Olatz ezberdina da, ez da besteak bezain arraroa.

Imanol, bestalde, nire lagunik onena da. Aspaldi egin nion aitorpen hau berari. 

- Imanol, nire lagunik onena zara.

 Berak, ez entzunarena egin zuen. Baina nik badakit entzun zuela. Baloia hartu eta ostiko bat eman zion futbolean jokatzen jarraitzeko asmoz, ezer entzun ez balu bezala. Baina entzun zuen.

Horregatik, bertsolari txapelketara aurkeztu ahal izateko bere beharra genuela esan nionean, itxaropena piztu zidan Imanolen erantzunak:

- Baina nik ez zekiat bertsotan, Edorta! Hi burutik jota hago…
- Lasai, nik lagunduko diat eta. Hik lanik errazena egingo duk. Gainontzekoa Olatz eta nire kontu.
- Baina, baina...
- Bi hilabete denbora dezente duk behar bezala entrenatzeko. Egunero-egunero jardungo gaituk eskolatik irten ondoren, etxerako bidean.
- ..

 Azkar pasa dira bi hilabeteak. Azkarregi. Hala iruditzen zait niri. Konturatu orduko, inguruko herrietako haurren aurka lehiatzeko ordua iritsi da. Autobusa bete eta aurretik sekula egon gabeko herri batera ekarri gaituzte gaur. Pozik nago, neurri batean, arratsaldeko klaseak galdu baititugu bertsolari gaztetxoen txapelketaren aitzakian. Hala ere, pentsatu dut parean dauzkadan harmailak betetzen dituzten gure gelakide zalapartatsuak, gu baino alaiago egongo direla. Horiena bai, pagotxa. Arratsaldeko klaseak galdu eta bertsorik bota beharrik ez.

Gure taldearen txanda da. Olatzek hautsi du izotza. Bera izan da saioari hasera eman ohi dion agurreko lehenengo bertsoa kantatu duena. Bertsoa amaitu duenean, pilotalekua lehertu egingo zela iruditu zait. Zer nolako oihu eta txalo zaparrada. Dotore kantatu du Olatzek, beti bezala. Imanolek kantatu du segidan. Bertso erdian trabatzeko keinua egin du, baina geldialdirik egin gabe iritsi da amaierara. Lasaitu ederra hartu du lagunak. Ikusleek badakite haserako bertso hauek etxean prestatu ditugula, baina gogotik jo dute txalo. Gaitzerdi.

 
Nire txanda da orain. Imanol ni baino altuagoa da, eta mikrofonoa nire neurrira egokitu behar izan dut. Eskuak poltsikoan ezkutatu, burua jaso eta ahoa mikrofonora hurbildu dut. Pilotalekuko horma garaiek entzuleen zurrumurrua irentsi dute. Isiltasuna erabatekoa da. 

……………………

Ez dut oroitzen noiz piztu zen nigan bertsoekiko benetako zaletasuna. Gogoan dut aitona-amonen sukaldeko irrati zaharra. Meza, trikiti doinuak eta... bertsoak. Iruditzen zitzaidan ezinezkoa zela irrati hartatik bestelakorik entzutea. Orduak igarotzen zituen aitonak sukalde txokoko aulkian eserita, intxaurrak kraskatzen, irratiari adi-adi. Gustuko nuen aitonaren alboan eserita egotea, bere jarduna arretaz jarraituz. Egun batean intxaur bat kraskatzeko aukera eman zidan. Hauskailuaren hortzez intxaurra harrapatu, hortzak estutu eta ahal nuen indartsuen estutu nuen arren, ez nuen intxaurra kraskatzerik lortu. Barre egin zuen aitonak.

- Oraindik baba plater asko jan beharrean hago, motel!

Irratiz entzundako bertso haiek, oso-oso aspaldikoak izan behar zutela iruditzen zitzaidan. Eta hala zen, berez. Tarteka, bertsolarien ahotsa moztu egiten zen, bertsolaria segundo batez isildu izan balitz bezala. Batzuetan, intxaurra hauskailuaz harrapatu, baina zanpatu gabe itxaroten zuen aitonak harik eta bertsolariak bertsoa amaitzen zuen arte. Irratitik entzuleen oihu eta txaloak entzutean, intxaurra kraskatu eta niri begiratuz, pozik esan ohi zuen:   

- Ederra bota dik oraingoan!

Aitonak oso gustuko zituen bertsoak. Baita nik ere.

Gustuko nituen, bai, bertsoak, nahiz eta irratiko bertsolari zahar haien jarduna gehiegi ulertu ez. Batak bestea zirikatu, besterik ez zuten egiten. Edo hala iruditzen zitzaidan niri, behintzat. Gainera, elkar zirikatzeko erabiltzen zuten arrazoi asko, erabat arrotz eta ulergaitz zitzaidan.

Baina bertsoak bazuen benetan gustuko nuen zer edo zer, zer zen zehazki ez nekien arren.

Adibidez, irratiari adi-adi egonez gero, bertsolariek kantaturiko hitz batzuk euren artean oso antzekoak zirela konturatzen nintzen. Eta antzekotasun horrek, kox-kox egiten zidan belarrian, lehengusinak urtebetetze askarian biolina jotzen zuenean etxeko egongelan hedatzen zen musika notek egin ohi zidaten antzera. Bertsoan zehar tartekaturik, antzeko hitzak zeudela ohartu nintzen egun batean. Egun hartatik aurrera, hitz horiek topatzera jolas egiten nuen aitonarekin batera. Hasieran aitonak irabazten zidan beti. Denbora igaro ahala, lehia parekatuagoa izatea lortu nuen, kostata, baina.  

……………………

Azaroan, San Martinetan, jaiak ospatu ohi dira urtero izen bereko herriko auzunean. Zazpi urte nituela, gurasoen eskutik hurbildu nintzen igande goizez auzune horretara, bazkal aurreko osteratxoa egin asmoz. Herriko jai nagusietan ez bezala, San Martin auzuneko jaietan ez zegoen autotxokerik, ezta tiropitxoirik ere. Urdaiazpikoak, gaztak, ardo botilak eta horrelako sari ezberdinak banatzen zituen tonbolatxo bat baino ez.
 
Aitaren eskutik nindoala, azalik gabeko hamar enbor zati zenbatu nituen, lurrean etzanak, auzuneko eliza atariko plazatxoan, Auzokideak mezatik irtetearekin batera, goitik behera zuriz jantziriko gizon sendo bi agertu ziren plazaren erdira, aizkora bana eskuan. Bakoitza enbor baten gainera igo, aizkora zerura jaso eta gizon ile zuri batek txistua jo zuenean, indar guztiz aizkoraz egurra zartatzeari ekin zioten. Makurtu eta eskuetan hartu nuen nire oinen pareraino heldu zen ezpal zatitxo bat. Usaindu egin nuen. Ederra zen egur zati moztu berri hark zuen usaina.
 
Txalo egin genuen gogoz aizkolariek euren lehia amaitu zutenean. Hiruzpalau kolperen aldeak erabaki zuen nor zen garailea. Jarraian, ebakitako egurrak plazaren ertzerantz baztertu eta erratzaz egur ezpalez estaliriko lurra pixka bat garbitu ostean, adar kiribildu ikaragarridun ahari bi jarri zituzten parez pare plazaren erdian. Apur bat beldurtu nintzen ahariak nigandik hain gertu ikusi nituenean. Besoez aitaren hanka besarkatu eta bere atzealdean ezkutatu nintzen, nire ezkutalekutxotik aharien mugimenduak jarraitzeko lepoa luzatuz.
 
Begiak ixten nituen ahari biren kopetak elkarren aurka talka egin eta plaza osoan konk hots lehorra hedatzen zen bakoitzean. Hiruzpalau kolperen ondoren, eskua kopetara eraman nuen, ahariek ez ezik neronek ere minduta nuelakoan.
 
Bitartean, trikitilariek jo eta su ziharduten taula gainean. Pieza bat bukatu orduko, hurrengoa hasi. Bikote nekaezina zen hura, antza. Halako batean, ahari jokoa amaitutzat eman zutenean, trikiti doinua ere isildu egin zen eta gizon bi igo ziren taula gainera. Bizarduna zen lehena, ile eta bizar zuriduna, eta betaurrekoak zeramatzan. Bestea, aldiz, txiki xamarra zen, ni baino handiagoa, hori bai, baina txiki xamarra aita izateko. Aitak, normalean, handiagoak izan ohi dira. Bizar zuridunak bizkar atzean zeuzkan eskuak, gurutzaturik, eta txikiak praketako poltsikoetan aurkitu zuen eskuentzat gordeleku egokia. Bizar zuriduna hasi zen kantuan.

Bertsolariak ziren.
Egun on eta ongi etorri
kantuan hasi gaitezen,

Ezin nintzen pozetan kabitu. Ustekabean, bertsolariak bertatik bertara ikusteko aukera nuen, lehenengo aldiz. Aitona-amonen sukaldeko irratian noizbait kantuan entzundako horiek nire begien aurrean nituen. Baina adi, esaten ari zirena galduko nuen, bestela!


plaza honetan asma dezagun

bertsotan egiten zuzen,

gure bertsoez entzule hauen

bihotzak poztu daitezen.

Txalo zaparradaz eskertu genion bizar zuridunari bertso saioari hasiera eman izana. Txikiak jarraitu zuen kantuan, lehenak irekitako bidea urratuz. Ordu erdiz luzatu zuten bi bertsolariek euren jarduna. Bizar zuriduna apaiz izandako etxanoarra omen zen. Euskal Herriko onena izandakoa. Euskal Herriko txapelduna, alegia. Birritan. Eta, nola ez, artean Euskal Herriko onentsuenen taldekoa. Txikia, berriz, Arratiako baserri batean jaiotako bertsolari bizi eta umoretsua zen, inongo lehiaketarik irabazi gabekoa, bizarduna ez bezala. Baina bere jardunari zerion kutsu herrikoiaren eraginez, entzuleen kuttunenetakoa.
 
Bertso saioa amaitu zenean, taula gainetik plazako lurrera jaitsi ziren Arratiako gizontxoa eta Etxanoko apaiza. Jendeak zoriondu egin zituen eskuaz bizkarrekoak emanaz.

Une batez, niregandik oso hurbil sentitu nituen bi bertsolariak. Nagusien artean haur bakarra nintzen ni goiz hartan San Martin auzoan, eta apaizak eskua jarri zidan buru gainean.

- Eta, hik ere gustuko al duk bertsoak entzutea?

 Aurpegia berotzen sumatu nuen apaiz bizardunaren esanak gainerako guztien begiradak nire gainera birarazten zituen heinean. Burua beheratuz, erantzun nion:

- Bai. Bai, asko.

Irribarre egin zuen apaizak. 

- Ikasiko duk, saiatuz gero. Gaztea haiz oraindik eta... Gu zahartzen ai gaituk, erreleboa behar diagu!

Zer arraio esan nahi ote zuen errelebo hitzarekin? Berari begira geratu nintzaion, isilik, miresmenak itsuturik.

Halako batean, eskolako Anderrek aurreko batean gelakide guztien aurrean harro-harro erakutsi zuen paper zatia etorri zitzaidan gogora. Donostian izana zen igandean aitarekin, futbol partida zuzenean ikusten. Eta irteeran, futbol jokalari ezagunen sinadurez beterik ekarri zuen etxetik eramandako paper puska zuria. Nik ere, bertsolari ezagun haien sinadura lortu behar nuen, kosta ahala kosta!

- Aita, papera eta arkatza behar dut, azkar, bertsolariek alde egin aurretik!
- Axota badiat, baina paperik ez. Zer duk, ba, buruan?
- Bizardunaren sinadura lortu behar dut.

 Aitari axota eskutik kendu eta paper zatiren bat bilatzen hasi nintzen etsi-etsian. Ez nuen taxuzko paperik aurkitu. Paperezko esku oihal bat izan zen aurkitu nuen paper zati bakarra. Lazkao Txikiri luzatu nizkion, nola esku oihala, hala arkatza.

- Autografoa nahi al duk? Ene, sekula ez diat ba horrelakorik egin gaurdaino!

 Esku oihala zartatu egin zen, ordea, arkatza gainean jarri eta estutuz, apaiza bere izena zirriborratzen hasi orduko.

- Beste nonbait idatzi beharko diat, ba… 

Apaiza niri begira geratu zen une batez. Aizkolariek egurra moztean sorturiko ezpal zati hura nuen, oraindik, besapean. Bi aldiz pentsatu gabe, ezpala luzatu nion eta bertan idatzi zuen, ezpala apurtzeko beldurrik gabe, Amuriza. Letra handiz. Erraz ikusteko moduan: AMURIZA.

 
Eskua azken aldiz buruan jarri eta irribarre egin zidan. Pauso lasaiez, jende artean ezkutatzen ikusi nituen, nola bera, hala Arratiako apaiza.

……………………
Handik denbora batera, astelehen goiz pattal batean, matematikako klase astun bezain aspergarria noiz amaituko zain geunden guztiok. Atseden garaia heldu zenean, ohar txiki bat eman zigun maisuak, korrika bizian patiora irten aurretik. Bertsotan egiten ikasi nahi zuenak, herriko bertso eskolan izena eman zezakeela esan zigun. Gelako askok ez zekiten zehazki bertsoa zer zen ere. Baina nik bai. Baita Olatzek ere. Maisuak hizketan jarraitzen zuen bitartean, ahopeka eman nion Imanoli, labur-labur, bertsoaren berri.

- Ospakizun egunetan eta kantatzen dizkitek bertsoak, auzoko jaietan etorri ohi dituk bertsolariak. Nik oso gogoko dizkiat bertsoak.

 Olatzek atzamarra jaso zuen, maisuak bere izena zerrendan idatz zezan. Bigarren aldiz, maisuak galdetu zuen:

- Beste inork ba al du izena emateko asmorik

Zalantza une labur baten ondoren, besoa altxatu nuen nik ere. Begirada Imanolengana zuzendu nuen, baina honek ez zuen izena emateko keinurik egin. Gainerako gelakideek, nahiago zuten futbola, eskubaloia edo, besterik gabe, kalean olgetan denbora pasatzea. Haiek ere ez ziren, egia esan, aukera txarrak… Horrela, aurrerantzean bertso eskolako saioetara joaten hasi nintzen ostiral arratsaldero, hutsik egin gabe, gelako Olatz eta beste ikastetxe eta maila ezberdineko haur batzuekin batera, Olatz eta biok baino zaharragoak denak. Lagun berriak egiteko aukera izan nuen lehenengo egunetik aurrera.

Errima, neurria eta doinu ezagun asko ikasi genituen. Zoriontsu nintzen bertsoak egin eta kantatzen. Olatzek ere, oso gustuko zuen bertsoak egin eta kantatzea. Kantatzea, batez ere. Nik, berriz, bertsoa egiteko unea gustukoago nuen, kantatzeko unea baino. Aurpegia gorritzen zitzaidan besteen aurrean nik egindako bertsoa kantatu behar nuen bakoitzean. Urduri jartzen nintzen. Oso urduri.

 
Doinu berriak ikasi eta errima lantzeaz gain, bertsoak ere egiten genituen, noski. Hasieran, bertso txarrak ziren guk eginiko gehienak. Astetik astera, ordea, trebetasuna garatuz joan ginen. Eta gure ostiraleroko jarduna ez zen herrian oharkabean pasa, ez horixe.

……………………

Asko pozten ninduen, Gabon gauean, senitarteko guztiekin batera aitona-amonen etxean afaritara biltzeak. Orain ere asko pozten nau, nola ez. Baina txikiagoa nintzenean, urteko gau magikoenean, denboraren gurpilak birak emateari utzi egiten ziola iruditzen zitzaidan.
 
Urte hartan ere, familiako kide guztiak bildu ginen, hutsik egin gabe, mahaiaren inguruan. Urtean bizpahiru aldiz baino ikusten ez nituen osaba-izebak ere bai.

Lehenengo platera, amonak egositako azalorea, dastatzen ari ginela, honela bota zuen osabak:

- Hi, Edorta, familian bertsolari bat dagoela entzun diat, egia al duk hori?

Begira-begira geratu nintzaion, zer esan ez nekiela. Erantzuteko tarterik eman gabe, zera gaineratu zuen:

- Gaur bota beharko duk bertsoren bat, ezta? Gabon gaua duk, motel!

Koilara platerean utzi eta osabari irribarre egiten saiatu nintzen. Erdipurdiko irribarrea marraztu zuten, ordea, nire ezpainek. Gabon gauaren magia bat-batean desagertu balitz bezala sentitu nuen. Mahai hartatik alde egitea desiratu nuen une batez. Edo mahai azpian ezkutatzea. Edo lotara joatea. Biharamunean Olentzeroren oparirik ez jasota ere, berdintsu zitzaidan une hartan. 

 
- Bertso bat? Nik ez dakit bertsotan eta…

 

- Nola ezetz? Sekula gezurrik esaten ez duen txoritxo batek esan zidak niri, gazte, herriko bertsolari onena izateko bidean hagoela!   Sabelean tximeleten ziztada nabaritu nuen, geroz eta nabarmenago, geroz eta jasangaitzago. Lehengusuak, lagundu beharrean, osabak irekitako hariari tira egin zion, irribarre maltzurrenaz.

- Nik entzun dut Edorta kantuan, osaba, eta benetan bertsolari ona da, je, je.

 Gorroto nuen lehengusua. Gorroto nuen, gure adiskidetasuna zakarretara bota eta nirekiko jarrera zapaltzailea hartzen zuenean. Barre maltzurra egin zuten osabak eta biek. Aitona izan zen, mahaiburutik, ni estuasun hartatik ateratzeko keinua egin zuen bakarra. Besoa altxatu eta zera esan zuen:

  - Beno, beno, ez ezazue, behintzat, Edorta ito, afalondoren kanta dezala, nahi izanez gero, bertsoren bat. Baina goza dezala, ordura arte behintzat, amonak prestaturiko afaria…

 Osabak eta lehengusuak nahiago izango zuten une hartan bertan ni kantuan entzutea, baina, aitonaren esanari aurka egitera ausartu gabe, etsipenez onartu zuten sendi buruaren gomendioa.

- Ondo da, afalondoren kanta dezala. Baina ez pentsa hain erraz libratuko haizenik, Edortatxo! 

 Nire kontura une alai bat igaro nahi zuen lehengusuak. Gozatu egiten zuen ni larri ikusiz, urduri, ezinean. Bazekien oso urduri jartzen nintzela jende aurrean bertsoa bota behar nuen unean. Are gehiago ezagunen edo familiako kideen aurrean kantatu behar banuen. Baina berdin zitzaion.

Menu berbera izaten genuen (eta dugu) urtero, Gabon gauean. Aspaldiko ohitura zen gure familian. Azalorea, bakailaoa saltsa berdean eta intxaur saltsa. Azalorea ez nuen oso gogoko, baina bai amonak prestaturiko bakailaoa saltsa berdean. Gabon gau hartan, ordea, ez nuen besteetan adina gozatu amonaren platerez. Buruan bueltaka nerabilen afaria amaitu orduko, intxaur saltsako azken koilarakadak irenstearekin batera, denen aurrean egin beharrekoa: zutitu eta bertsoa botatzea. Ez zen lan makala, horratio!

Gabon gauean ez zen urteko gainontzeko egunetan bezala afaltzen. Esan nahi da, askoz mantsoago afaldu ohi dela, janariaz ohi ez bezala gozatuz, elkarrekin hitz edo barre eginez. Horrela, denbora dezente izan nuen afalondoren bota beharreko bertsoa prestatzeko. Baina denbora tarte hura oso azkar igaro zitzaidan, azkarregi, eta ohartzerako platereko intxaur saltsa sabelean genuen denok. Osabak tira egin zion berriz ere, errukirik gabe, lehenago etendako hariari.

- Beno, Edorta, hire bertsoaren zain gaudek!

 Eztul egin nuen, benetako bertsolariek bertso on bat bota behar dutenean egiten duten moduan. Baina ni ez nintzen bertsolari ona, ezta bertsolaria ere. Eztul hura urduritasunak eta ezintasunak eragindako eztula zen eta ez bertso on baten aurretik eginiko eztula. Gainera, afarian zehar ez nintzen bertsoa guztiz prestatzeko gai izan eta zaila zen, baldintza haietan, bertsoaren amaierara geldialdirik egin gabe iristea. Ia ezinezkoa. Ezinezkoa.

Isiltasuna nagusitu zen aitona-amonen etxeko jangelan. Denak zeuden nire bertsoaren zain. Lehengusuaren irribarre deabrua sumatu nuen mahaiaren bestaldean, nire ezintasunaz gozatzen ari balitz bezala. Izan ere, nire ezintasunaz gozatzen ari zen, madarikatua! Halako batean, lotsa baztertu eta gutxi gorabehera prestaturiko bertsoa botatzen hasi nintzen.

- Hori duk eta, Edorta! – esan zuen aitonak.

Baina bertso erdia soilik bota nuen. Gogotik saiatu arren, ez nuen aurretik pentsatua mingainera ekartzerik lortzen. Norbaitek burutik ideia guztiak lapurtu balizkit bezala sentitzen nintzen. Edo ideiek belarri zuloetatik euren kabuz ihes egin balidate bezala. Burua hutsik nuela iruditzen zitzaidan. Pisurik gabe.


Bertso erdira ailegatu nintzenean, ez nekien nola jarraitu. Burua makurtu eta isildu beste aukerarik ez nuen izan. Korapilo askaezin bat sumatu nuen eztarri zuloan. Negarrez hasteko zorian nengoen.

Mahaian bilduriko senideek oihu egin zuten ozen. Eta txalo. Txalo zaparrada batek hautsi zuen bertsoa etetean sortu nuen isilunea.

- Ederki, Edorta, aupa!

Nik erdizka utzitako bertsoa jarraitzen saiatu zen norbait. Ez dut ondo oroitzen nor izan zen. Aitona, agian, lehengusu adar-jolea, beharbada. Edo osaba. Baina bukaera kaxkarra eman zion bertsoari, bukaera oso kaxkarra. Eta gainera ez zuen nik ezarritako errima errespetatu. Agian hobea zen, ordea, bertsoari bukaera kaxkar hura ematea, bertsoa amaitu gabe uztea baino. Agian hori zen nik egin behar nuena, ahal bezala bertsoa amaitu, bertsoak berak izan ohi dituen arauak hautsita ere. Agian…
 
Besoez begiak estali eta negarrez hasi nintzen. Jangela hartatik alde egin nahi nuen. Norabait. Urruti. Eta sekula gehiago itzuli ez. Akabo bertsoa, bertso eskola. Akabo jende aurrean kantatzea. Zertarako jarraitu, buruhausteak baino ematen ez zizkidan zaletasun inozo harekin?
 
Baina bertsoari hertsiki loturik nengoen eta ezinezkoa nuen lotura horretatik askatzea. Gabon gau hartan, mahaian negarrez nengoen unean uste izan nuen baino lotura sendoagoa zen, gainera, hura.


……………………

Ez nion, noski, bertso eskolara joateari utzi. Aste batzuk igarotzea nahikoa izan zen Gabon gaueko kolpe hura ahazteko. Beno, ahaztu-ahaztu ez nuen egin, baina kolpe hark sortzen zidan samina jasangarriagoa bilakatu zen, gutxienez. Eta hori, ez zen gutxi. Eta kolpe hartatik ahal nuena ikasten saiatu nintzen. Txikiagoa nintzenean egiten nuen bezala. Aitak nire bizikletako atzeko bi gurpiltxoak kendu zituenean bezala. Bi pedalkada eman aurretik, oreka galdu eta lurrera erori nintzen, bizikleta eta guzti. Baina aitak eskua luzatu eta, bere laguntzaz, zutitzea lortu nuen. Berriz ere bizikleta gainean jarri eta, poliki-poliki, geroz eta pedalkada gehiago eman nituen hanka lurrean jarri baino lehen. Azkenean, bizikleta txangoa nahi nuenean mozteko gai nintzen eta ez oreka galtzean, halabeharrak bultzaturik, soilik.
 
Banekien bertso kontua ez zela bizikletan ibiltzen ikastea bezain erraza izango. Bizikletan ibiltzen ikastea baino dezente zailagoa baita bertsotan egiten ikastea. Baina baita gozagarriagoa ere. Askoz gozagarriagoa.


……………………

- Edorta, baina, baina, zer gertatzen zaik? Jende guztia zain zegok, motel! Kanta ezak behingoz!!!

Imanolen xuxurlak, pilotalekuko benetako egoerara itzularazi nau, bigarrengoz. Errepaso latza eman diot, minutu erdian, bizitzako hainbat pasarteri. Urrun daudela diruditen hainbat pasarteri. Urrun eta gertu.
Olatz ere niri begira dago. Arduratua dagoela dirudi.
Ahoa mikrofonora hurbildu dut. Hau da, kantatzeko unea.

Arratsaldeon lagun maiteok

kantuan hastera noa,
……………………

  Gorka Azkarate

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli