Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
...ETA LAPURRARI ILARGIA LEIHOAN AHANTZI ZITZAION   
Esaldi hori bera irakurri dut duela gutxi orri zati batean, liburu baten orrialde bat markatzeko erabiltzen den kartoi markagailu horietako batean.

Eta istorioak segitzen zuela ikusi dut. Orduantxe bihotz itxurako esku-zorro bat eskuetan, beltzez jantzitako neska gazte bat ikusi dut parean dudan etxebizitza baten teilatuan jauzika. Harriturik, lo-jantzia soinean dudala eta argia itzalirik, leihoa irekitzen dut, baina ez dut teilatuetako neska inon ere ikusten…

Bat-batean lainoak hiri osoa estaltzen du, nik dena lainoturik ikusi arte, lainoaz aparte ez baitut deus ere gehiago ikusten. Udazkeneko urriaren hasiera hau erabat gautu da, eta segituan Londreseko karrika eta etorbide hitsetan nagoela iruditu zait, baina euskal herri bateko bulebarreko etxe zahar bateko sabaian nago. Hantxe bizi naiz. Nire logelan lainoa sartzen dela ohartu naiz eta leihoa itxi dut. Jack erraiateratzaileaz oroitu eta ohatzean barneratu naiz. Zirrara eta hotzikara sakona ene gorputzaz jabetzen da. Maindire eta manta artetik burua bakarrik agertzen dut kanpora, eta leiho aldera begira lainoa besterik ez dut ikusten. Minutu batzuk kanpora begira egon ondoren, lainozko teilatuetan argi bat islatzen dela ikusten dut. Eta handik une batera argi hori desagertu egiten da. Segidan beste argi bat agertu eta berriro desagertzen da eta horrela argiak agertuz eta desagertuz ikusteaz liluraturik leihotik begira nagoela, logelako atea pixkanaka irekitzen da....

Isilka norbait sartzen dela ikusten dut, baina ezin dut bereizi emakumezkoa ala gizonezkoa den; beltzez doala iruditzen zait. Berak ez du nigana begiratzen ere eta aurrealdean dudan mahai gainean zerbait utzi du. Nik, orduan, argia pizten dut egiten dudanaz ongi jabetu gabe eta argia piztuz batera ezezaguna gelditu eta begietara so, lehenago ez zegoen lurrin goxo batek inguratzen gaitu. Biok mugitu ezinik gelditzen gara eta momentu batez gure begiradak gurutzatzen dira. Beltzezko emakume gazteak aski izango du gurutzatze horren zirrikitu bat alde egiteko, eta han utziko nau ni begiak zabal-zabalik eta liluraturik… maitemindurik?

Logalerik ez eta ohatzetik jaikitzen naiz. Leiho aldera begiratu eta handik behelainoa besterik ez dut ikusten, baina leloturik eguzkiak iluna urratu arte egon naiz…

    Ezagutu berri ditudan begiez maitemindurik, hantxe utzi nau. Mugitu ezinik. Neska misteriotsua desagertua da, baina nik haren begiak ikusten ditut oraindik eta bat-batean, goizeko eguzkiaren lehen errainuak leihotik sartzen zirelarik, “pi-pi-pi- orduz orduko Euskadi- irratiko albistegiak zuekin, entzuleok, azken orduko albiste batekin hasi behar dugu: aurreko gauetan bezala gaur gauean euskal herri zenbaitzuetako etxe askotan norbait sartu eta bihotz bat utzi du, etxe barneetan lurrin goxo bat utziz, baina lapur misteriotsuak ez du etxeetatik ezer ere hartu. Ondorengo orduetako albistegietan gehiago hitz egingo dugula pentsatzen dut. Orain...". Kolpe bat ematen diot irrati-iratzargailuari eta bainu-gelan sartzen naiz...

    Bitartean mendiko borda zahar batean norbait dago geldi-geldi eta irratirik entzun gabe: larri ibili da ihes egiteko, ez baita aurreko gauetan bezala gertatu; oraingoan norbaitekin topo egin du etxe batean eta mutil baten begiek erabat hunkitu dute bere bihotza, hotzikara ikaragarri bat sumatuz gorputz guztian zehar. Neskak benetan dohain berezia du mundu osoa alde gaiztoez (gorrotoaz, gerraz, haserreaz…) askatzeko, baina oraingo honetan bera da bere jokoan sartu dena eta maiteminez jesarrita dagoena. Orduak eta orduak,  gauak eta egunak, asteak pasatzen ditu neska gajoak horrela, ezer jan eta edan gabe, ezagututako mutilaren begiak bakarrik ditu bere begien aitzinean, amets baten gisa. Eserita pasatzen du denbora osoa, eta jadanik banatu beharreko bihotzak zokoraturik daude bordan, ez baitu hirira jaitsi eta etxez etxe ibiltzeko batere gogorik. Munduarekiko interesa galdua du.

Borda hartatik kanpora, karriketan nahiz edozein txokotan iskanbilak, haserreak eta garrasiak dira nagusi. Paradisua infernu bilakatu da, eta jadanik ez dira bikote maiteminduak eskutik heldurik ikusten, ez eta lagun koadrilarik ere elkarren artean futbol partiduak jokatzen ari. Dena bestela dago, musuen ordez zaplaztekoak eta lehengo lagun taldeek elkar borrokatzen dute, kale-borrokak  kale-tribuen artean edonon eta edonoiz, lapurretak, bortxaketak, eta mundu mailan, berriz, nazioen arteko gerrak piztu dira.

Telebistan ez dira maitasun istorioak kontatzen, minuturo albiste txarrak baizik, baina gure neska ez da eserlekutik mugitzen ere, harik eta bere begien aitzinean irudia erabat aldatzen den arte: ez da aurrekoan ezagututako mutilaren irudia, baizik eta orakulu ilun bat izarren arteko mezu batekin…

“Izar, Izar, Izar…” neskak bere izena entzun ondoren, adi-adi jarri zituen belarriak orakulu iluna ulertu nahian… “Izar, Izar... zertan zabiltza? ahaztu al duzu zertarako bidali zintugun mundu ezjakin horretara?"

- Ez, baina…

“Badakit urte asko daramatzazula mundu zikin honetan lan gogorrean, baina ohartzen al zara zenbateko kaltea egin duzun orain gelditzean? Ez da zure mailakoa maitemintzea, zu bezalako izakiak ez dira gizaki batez maitemintzen, entzun? Oroit zaitez mundu honetan konkordia baldin badago, gure munduan ere konkordia egongo dela eta horrela unibertso osoa harmonia guztizkoan egongo da. Badakizu. Zu  helburu jakin baterako sortu zara eta hori ez da maitemintzea. Oroitu. Oroit zaitez beti, beti, beti, beti…” orakulua pixkanaka airean ezabatzen da, Izar gure neska pentsakor utziz eta zer egin jakin gabe. Bat-batean bere eserlekutik mugitzea erabaki eta telebista pizten du. Horren albiste txarrak entzunda,  gorputz osoa sutzen zaio haserre bizian eta unibertsotik horrenbesteko energia pilatzen du, ezen airean gorantz suziria bailitzan munduko atmosferatik kanpora ateratzen den.

Orduan, mundua bere begien bistan duelarik, pilatutako energia osoa munduan deskargatzen du: munduak horrenbesteko indar energia jasan ezinik, unibertsoan desoreka gertatzen da. Bat-batean mundua dardaraka hasi eta ezbehar natural asko gertatzen dira denak batera, hala nola sute handiak, lurrikarak, itsasikarak, uholdeak, tifoiak, zikloiak…

    Baina horrela, munduko gaitz guztiak betirako desagertu dira eta gizakiak, berriz, ez du ontasuna eta maitasuna besterik ikusten bere inguruan. Neskak mundu fisikoaren malgutasuna profitatuz, bihotz irudia ematen dio munduari eta horren ondorioz, mundutik unibertsora maitasunezko lurrin goxoa botatzen du etengabean.

    Hala bada ere, unibertsoan beti harmonia, konkordia, bakea, maitasuna eta askatasuna egonik ere, munduak ez du gehiago bihotz itxurako esku-zorroa daraman beltzezko neska ikusiko...

Baina lapurrari ilargia leiho batean ahantzi zitzaion.

    Eta geroztik, ilargi berriko gauetan, gau ilunetan, Izar batek dizdiz egiten du sabai batera keinuka oso berezi, atzera begira.
 

Ainara Maia 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli