Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
hortza_odriozola1.gif  
Irudia: Kristina Fernandez  
 
 
LEHENENGO HORTZA
 
Lehenengo hortza erori zitzaionean, konturatu zen, ispilu aurrean, hortz gehiago zeuzkala. 
Ia denak zuri-zuriak. Halere, bat edo bi ilunagoak zituen.

—Bi horiek laster eroriko zaizkizu, seme -esan zion amak. Baina berak ez zuen nahi horrelakorik. Bereak ziren, eta ez zituen galdu nahi.

Negar batean hasi zen,amaren harridurarako. Arrantzaka. Zarataka. Atake epileptikoa izango bailuen.

Zur eta lur zegoen ama. Saiatu zen, hasieran, arrazoitzen: egoera arrunta zela; guztiei pasatzen zitzaiela; Mikel, bere lagunari, atzo gertatu zitzaiola; Peru, anaia nagusiari ere, adin horretan erori zitzaizkiola; baina ezer ere ez.

Gero, amak taktika aldatu zuen: Agirre sagutxoa etorriko zela gauean, burkoaren azpian bi euro jarriko zizkiola; baina umeak negarrez jarraitzen zuen, eskuekin masaila eutsiz.

Ama, asperturik, marmarioka joan zenean, haurra bakarrik gelditu zen.Orduan eta okerrago. Irudimenak hortzak erortzen zitzaizkiola pentsarazi zion eta. Ez jadanik, banaka; binaka, hirunaka, denak erortzen hasi zitzaizkion. Gero azazkalak, hatzaparretatik soltatzen, behatzetatik askatzen hasi ziren, eta ilea ere, burutik ihesi zihoakion. Hain izuturik zegoen ezen isil-isilik gelditu zen.

Ama, ordea, umeak negar egiteari utzi ziolako-edo, lasaitu egin zen eta, edalontzi batzuk apaletan uztera zihoala, maitagarri, buruan igurtzi egin zion, albotik igarotzean.

A ze negarrak, berriro ere. Zeuzkan azken ileak atera zizkiolakoan ekin zion oraingoan mutikoak.

Izugarrizko sustoa hartu zuen andereak bat-bateko ekite hartan. Edalontziek sekulako kraska-zarata egin zuten lurrera erortzean:baldosen kontra birrindu ziren,  alboko alfonbra gainean zabalduz.

Egongela osoa kristalez beterik. Umea negar bizian.Telebista, ozen. Ganoragabeko lehiaketa nazkante baten oihartzunak belarrietatik sartzen zitzaizkion amari, balkoitik salto egitea erabaki zuenean. Buruko mina zeukan. Gero eta min handiagoa.

Gorputz erdia eskudel gainean jarri eta, gerriak bira egin zionean, arropa eskegitzeko sokan katramilatu zen. Esku bat alde batetik, burua bestetik, eta sorbalda, modu txarrean, gora begira gelditu zitzaion.

Ezin zen mugitu. Ez aurrera ez atzera zegoen eta, txarrena, ezin zuen indarrik
egin, ez salto egiteko, ez berriro ere balkoira itzultzeko.

Umea balkoira irten zenean,ordea,hortzarena ahaztu eta barrez hasi zitzaion amari. Ez zuen inoiz hain egoera barregarrian ikusi eta, denbora pasa ahala, gero eta barregarriagoa iruditzen zitzaion.

Mutil argia zen. Berehala ulertu zuen ama berari barre eragitearren ari zela hainbeste txorakeria egiten: orain eskuak gora, orain okertu bularra, orain aurpegia kakoaren kontra, orain sudurzuloa torlo-juan sartu...

Pozik zegoen eta jolasa jarraitzea erabaki zuen amak, gainera, barre-algara ergel antzeko bat egin zionean. Zintzilik zegoen lehenengo sokari tira egin zion eta ama buruz gora jarri zen, hankak beherantz zituela. Harrigarria, pentsatu zuen mutikoak, amaren malgutasuna.

-Ez nuen uste, bada, horrelakorik egin zezakeenik -bere artean.

Gero, bigarren sokari egin zion teink. Orduan ama gehixeago mugitu zen eta, lehenengo aldiz, estuturik ote zegoen iruditu zitzaion.

-Egin barre ama, mesedez -esaten zion mutikoak - badakit hau guztia nigatik egiten ari zarela; eta eskertzen dizut, benetan

-Hortzarena ia-ia ahaztu egin zait.

Hori esan eta, gogora ekarri zituenez hortzaren irudimenak, barre egiteari utzi eta haserretzen hasi zen.

-Nahikoa da ama, ez nauzu gehiago engainatuko. Nik ez dut nahi hortzak jausterik eta zerbait pentsatu beharko dut, zuk ez baitidazu laguntzen.

Andereak ez zion ezer esan, edo behintzat mutikoak ez zion ulertu, tontakeriak
egiten jarraitzen baitzuen, oraingoan kuleroa ahoan hartuta, hark, lepo atzetik, eztarria estutzen ziolarik.

Negarrez sukaldera sartu zenean, bazeukan egin beharrekoa buruan. Hortzak
itsatsi egingo zituen ahoan eta horrela ez ziren jausiko inoiz.

Ama zarataka hasi zen berriro, baina kasurik ez egitea erabaki zuen; izan ere, bazekien egitera zihoana ez zitzaiola gustatuko. Pauso sendoz, armairura joan zen.

Aulkira igo, atea ireki, eta bilatzen hasi zen. Bazekien aitak kola non gordetzen zuen: latoizko pote handiaren atzean. Presaka, azkar hartu nahian, potea jo eta, apaletik salto egin nahi izango balu bezala, ploff, ireki zen airean, kolakao guztia lurreko kristalen gainean sakabanatuz. Ez zitzaion axola.

Ez zuen nahi hortzak berriro erortzerik, eta nahitaez itsatsi behar zituen, betirako.

Txilio txundigarri bat sumatzean ohartu zen ama, kolakaoaren antzera, airean
zihoala. Bosgarren pisuan bizi ziren.

Arduratu zen, orduan, mutila, jolasa bukatu zelakoan. Itzultzean, ama egindakoaz jabetuko zen eta ipurdikoren batzuk emango zizkiola ziur zegoen. Eta negar egin nahi izan zuen.

Baina ez zitzaion ahotik zaratarik atera, hortzak eta ezpainak kolaz itsatsita zeuzkan eta.

-Hortzak, behintzat, ez zaizkit berriz ere eroriko -pentsatu zuen. Eta, pozik, harro, errealitateaz kontziente, amaren errietaren zain geratu zen, sukaldeko ertz batean makurtuta.Txintik esan gabe.
 
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago