Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
pdf    
Urruneko garaipena

«Imajinatzen dugu, ez dugu ikusten baina imajinatzen dugu, ta haruntz goaz arraunean»

J. Sarrionandia

Sukaldean afarirako tortilla prestatzen duen bitartean, azken bisitan ekarri dioten musikarekin erritmoa biziagotzen du. Idazleak irlatik igorritako hitzak musikatu dituzte Gosekoek, eta bitxiak zein gozagarriak zaizkio Euskal Herritik iritsi diren azken abestiak. Etxeko musika entzutea, dastatzea maite du. Ezin du ozen jarri, bizilagunek ez dezaten hizkuntza exotiko hori entzun, baina sua eta ke-erauzgailua martxan daudenean egiten dio bere buruari halako oparirik.

Urteak dira egunerokotasuna segurtasunaren zurruntasunera behartuta duela, errutinei arnas printzak ateratzen ikasi badu ere. Hilabeteetako erabateko itxialdia izan zen lehenik. Itxaronaldia. Amaigabea. Eguneko minutu bakoitza jasanezina bilakatu arte. Lehen egunetan baretzen zuen munstroen atzaparretatik ihes egin izanaren lasaialdiak zein bere ekarpena beste molde batzuetarako bideratzeko grinak, baina erregai hori ere amaitu egin zen, lau hormen arteko egunak luzatu ahala.

Idazteak lagundu zion garai hartan. Idatzi eta ezabatu, idatzi eta suntsitu. Idatzi, nor zen ez ahazteko. Zer desio zuen gogoratzeko. Barne eta kanpo borroken bozgorailu. Idatzi eta izan, idatzi eta bizi.... Bizi? Jakinagatik hura ez zela behin betiko geltokia, nekoso bilakatu zen egunero arnasa hartzea. Baina iritsi zen bidegurutze berrietarako garaia. Idatziz, hura ere. Dardarka jaso zuen gutuna, bere bizitzaren hurrengo geltokia erabakitzeko itaunak zekarzkion gutuna, eta arnasa lehertu zitzaion barruan.

Erbeste hartara egokitzea ez zen erraza izan, baina kalean ibili ahal izatea mozkortzeko modua iruditu zitzaion hasieran. Zoramena. Zoramen neurtu eta neurrizkoa, ordea. Zorrotza. Zorrotz bizitzen ikasi zuen, segurtasun-irizpideek jositako zorroztasunean. Zaila baina polita izan zen hizkuntza berria ikastea, ohitura berriak praktikatzea, bera ez zen norbait zela antzeztea. Baina egunero jan ahal izatea ez zen erraza izaten batzuetan. Ezta hara eraman zuten zereginak aurrera eramatea ere.

Urteak pasatu dira jada, eta bere egunerokotasunak gero eta gutxiago du antzerkitik. Alaba bertan jaio, eta bi hizkuntza, bi izen, bi bizitza zituen arren, Poppegang kalea jada beren kalea zen. “Ni ez naiz hemengoa” dauka apaletan, eta tarteka berrirakurri egiten du. Ispiluek lagundu egiten diote, espazioa handiago egiten dute bere bizitzan ere. Eta Mari jaio zenetik arnasa sakonago har dezake. Etxeko atetik irteten denean Marie da, etxe barruan Mari. Hizki bakarra, bizitzaren hitz-jolaserako ate.

–Ama, badakizu baleak direla itsasoko autobusak?

–A, bai?

–Bai, bere barruan doazelako beste arrainak, bidaiatzen.

Irribarreak oparitzen dizkio hitz egiten hasi zenetik, keinuka hasi zenetik, bularra hartzen ikasi zuen unetik beretik... jaio zenetik. Mila korapilo askatu behar izan zituen bere baitan, erabaki aurretik. Apustu egin zuen. Eta irabazi. Eta orduz geroztik Mari ispilu ederrena du, argi gehien ematen diona, bizitza barrutik handitzen diona. Mariren irribarrea ikusten du bere ahoan, ispiluari begiratzen dionean.

«Ta haruntz goaz arraunean...». Euskal Herriko musikaren txinpartak gaur afari berezia eragingo du. Marik ere dantza egiten du, egongela eta sukaldea espazio berean daude, eta logela bestean. Besarkatuta dantzan bukatu dute, eta ia erre da oilaskoa...! Barrez eragin diote keari, eta leihoa zabalik utzi dute afalostean, usaina beren ametsetan sar ez dadin.

Mari lokartu denean heldu dio paperari. Tximeletak dantzan ditu sabelean eskari hura egin ziotenetik. Konta ezazu... Eta munstroen atzaparretan erori zeneko egunak gogora ekarri behar dituela jakiteak dardararazten du. Baina era berean beharra du, bakea behar baitu bere ispiluen kaiolan egunak argiagoak egiteko.

«... Motxila latza da torturak uzten dizuna. Bizitza osorako zurekin eramango duzu. Baina garaipen txikiak ere badaude. Txikitu egin ninduten. No vas a tener hijos en tu puta vida. Behin eta berriro entzun nuen, irainen artean. Eta beldurra barru-barruraino sartu zidaten, bete-betean sinetsi nuen. Ama izan nintzenean, ordea, garaitu nuela sentitu nuen».

Danbada atean. Hotzikara.

Arantxa Erasun Urtzelaieta
1972, Donostia. Hernaniartutako andoaindarra. Kazetari eta
coach formazioz, aldaketa prozesu pertsonal eta kolektiboen
laguntzan murgilduta. Hitzak eta irudiak ere eraldaketa eta
ahalduntzerako bidaide hartuta... ibiltzen.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli