Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
pdf    
Odol hotzekoak 

Jakina da sugegorriek maite dutela eguzkitan egotea. Topatzen dute txoko bat, jartzen dira bertan geldigeldi, eta halaxe egoten dira suge arrek paella prest dagoela esaten dieten arte.

Sugegorri on guztiek bezala, Terek ere ezkata distiratsuak erakutsi nahi ditu uda aurretik, errekaduak egitean edo jai eguerdiko txuria hartzean. Horregatik alokatu du aurten Begoren alboko apartamentua Saloun. Gogotsu dago, aspaldian ez baitu Begorekin oporraldirik igaro eta ahizpak oporraldi lasai eta etxekoia agindu dio.

Bittor eta Joxe Martin maletak autoan sartzen ibili ostean hasi da erritua. Begok Caribe 2002 jartzen duen CDa sartu du irakurgailuan eta “Hay mete-mete”-ren erritmoan sorbaldak dantzan jarri ditu, ahizpari beharrezko instrukzioak emanez.

Aditu, Tere, joango naun esplikatzen hondartzan ikusiko dinagun jendea. Urte asko ditun, badakin, eta ezagun asko zauzkanat– Suge-ahoa okertu du Terek, benetakoa ez den irribarrean. Ez dauka suge ezezagun bazter-nahastaileekin egoteko gogo handirik–. Venus plazan zagon gure apartamentua eta handik gertu, Bellomar hotela. Ez diten gelako txartelik eskatzen gosarietan eta behin baino gehiagotan joan gaitun Bittor eta biok bertara. Ez hondartzan ezer komentatu gero, e?

Ez, noski–Begok azalpenak ematen jarraitu du geratzen zitzaizkien lau orduetan, Bittor eta Joxe Martinek Realaren partidua sakelakotik jarraitzen duten bitartean. Noski, Begok ez baitie Caribe 2002 partidu ziztrin harengatik ordezkatzen utzi.

Heldu dira. Bittorrek autoa Edifici Bartolo aurrean gelditu eta traste guztiak atera dituzte. Hor hasi da errituaren maila gorena, gosaldu ostean hondartzara joan direnean.

Aurpegiak garbituta eta buruan mototsa eginda –sugeek ere adats ederrak baitituzte– beste batzuk dira Bego eta Tere. Zer esanik ez, soinekoak buru gainetik atera dituztenean. Terek ondo gora igo du bikinia, ezkata artean nabari zaion sabelaldea ezkutatzeko. Bego erregimenean dago, ordea, eta harro-harro jarri da zutik hondartzan. Senarrak agudo desagertu dira, barizeentzako ona dela eta ibiltzera joanda.

Zutik dirau Begok, erne, gotorlekutik bere suge begiekin hondartza ikuskatuz. Irribarrea zabaldu zaio aurpegian eta besoa luzatu du, hondarretan arrastaka datorren suge berria agurtuz. Akabo bakea. Zapia dauka buruan eta zartaginean asko frijitzen duenaren tripa. Begoren instrukzioak, bestea iritsi artean:

–Zaragozakoa da, Trini, alaba eta senarrarekin etortzen da.

Besarkada estuan lotu dira suge biak, isatsak kiribilduta. Negua zer moduz joan den, alaba zelan, zein ondo orain Bittor jubilatuta…

–Hau Tere da, ahizpa.

Trinik begirada zuzendu dio eta besarkatzera hurreratu zaio.

–A, bai! Zu zara alaba futbolaria duena –Terek irribarre egin dio, lotsatuta–. Kroketa gozoak egiten dituena?

–Bueno, hala famatu naute!

–Aizu, olioarekin zikindu zaizu bikinia!– hiru begi pare jausi dira Tereren bikinira, bat-batean. Bellomar-eko tostada haren olioa! Trini hura garbitzeko egin dezakeenaz aholkuak ematen hasi zaio, geldiezineko hitz-jarioan.

Azkenean, tutoriala amaitutzat emanda, bazkaltzeko egin duen alberjinia beteen errezeta azaltzeari ekin dio, aulkia harean finkatuz. Tereren garunak ezin du hainbeste informazio prozesatu. Hitz eta hitzen artean plastikozko tapera atera du Trinik eta sagar gorri zatitxoak eskaini dizkie.

Eskaini baino, jatera bultzatu ditu, bitamina asko baititu eta garrantzitsua omen delako egunero sagar bat behintzat jatea. Kontakizuna bere horretan gelditu da ipurdi bistan datorren suge gaxte bat itsasertzetik pasatzen hasi denean. Hiru buruek jarraitu dute mugimendu sinkronizatuan, ezkerretik eskubira, oraindik ahoan sagarra murtxikatzen ari direla.

–Ene, a ze tipoa neska harek…– Begok haizea eman dio bere buruari abanikoaz.

–Ez al zen Rosanarena? Zaharrena? –Trinik zapia ondo jarri eta altxatu egin da eserlekutik, gaztea ondo ikusteko.

–Entzun al dun honena?

–Izango zuen haurra, ezta?

–Bai, baina ez omen dun senarra haren aita!

Bego eserlekuan mugitu da eta betaurrekoak altxatu ditu:

–No fastidies! Zein ba?

–Festan ezagututako bat, Reusekoa.

Begok nola jakin duten galdetu dio eta Trinik azalpenak eman, hil ala biziko kontua balitz bezala. Eta ez dute eten guztia ondo zukutu arte. Terek batetik bestera eraman du burua, istorioko hariak lotu nahian.

–Aizu, eta Sole? Aurten ez omen dun etorri ere egin, depresioak jota. Esaten dute alaba pornografian sartuta dabilela… – ingurura begiratu du Begok, ahapeka hitz eginez.

–Pornografia? Jesus! –aitaren egin du Trinik, baina ez du ahotsaren bolumena jaitsi – ikusita nola ibiltzen zen: ope- Amaia Telleria hutsa ratutako titiak, ezpain handi haiek…

–Hara! Rosana–. Triniri belaunean kolpetxoa emanda, agur egiteko aurpegia jarri du berriz Begok, eta buztana gehiegizko mugimenduan dantzan dakarren sugeari erreparatu dio Terek. Pareoa dakar gerrian lotuta, agian ezkatak zulatzen dizkion zelulitisa ezkutatzeko. Ezpainak gorriz margotuta dakartza eta lastozko txapel modernoa.

–Rosana, guapa! Zer moduz? – Bi musu eman dizkiote sugeari eta Tere aurkeztu, baina Rosanak ez dio gehiegi begiratu, arduratuta baitabil bere biloba ederraren argazkia sakelakoan bilatzen. Hori bai, Reusekoaren istoriorik ez du aitatu ere egin. Ume eder eta zintzoa, ezagutu duen formalena.

Iritsi denetik hitz egiteko aukera gutxi izan dute Terek, Begok eta Trinik berak, Rosanak haurraren dohain guztiak azaldu ostean, margotu berri dituen ezkatak erakutsi baititu, Bartzelonako lokalik onenean egin dizkiotenak. Ondoren, bart gauean afaltzera joan zen jatetxea zehatz-mehatz deskribatu du; garesti samarra, baina sekula ezagutu duen dotoreena. Trinik eta Begok baiezko keinuak egiten dizkiote eta tarteka galderaren batekin jarraitzen dute elkarrizketa. Zerura eraman ditu begiak Terek Begoren telefonoa jotzen hasi denean.

–Bai? Bale, bai. Bagoaz – Begok mugikorra eseki eta poltsora bota du, zutituz-. Gizonak dira, prest dagoela paella. Bihar hemendik ibiliko gara, nahi baduzue.

Tereren buruko sirena martxan jarri da: emergentzia. Irribarre edulkoratuaz altxatu eta aulkiak hondarretan utzita bi sugeek etxerako bidea egin dute, arrastaka. Hasperen egin du Terek, irrikitan dago ezagutzeko geratzen zaizkion suge guztiak hondartzan topatzen joateko. Zorionez, eguzkipeko saio asko izango ditu oraindik, odol hotzekoak baitira. Eta Jakina da odol hotzekoek eguzkipeko txutxu-mutxuak zein gustuko dituzten.

Amaia Telleria Mujika
Idiazabalen jaioa, 1993an. Lehen Hezkuntzako
irakasle ikasketak amaitu berri, benetan irakasle
izaten ikasteko behar zuen tokietan dabil lanean:
eskoletan. Idazketa aspaldiko grinari helduta,
Bergarako Idazle Eskolan praktikan jartzera animatu
zen iaz. 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli