Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

Gora Karlos zazpigarrena 
   
pdf    

 2015eko azaroaren 7a, larunbata, eguerdiko ordu bata eta erdiak, hego haize epela Bergaran. UNEDen egoitzatik atera eta betaurreko beltzak jantzi ditut, inork ezagutu ez nazan.

Ozaeta jauregiaz galdezka hasi naiz plaza nagusian. Atso zahartxo bat tematu da bertaraino laguntzeaz. Ezetz, ez dudala laguntzarik behar. Baietz, komeni zaiola ibiltzea.

Bat, bi, hiru, lau. Nor zara? Lau segundo behar izan ditu lehenengo galdera egiteko.

Galder Preguntegi Dudagoitia naiz, 1950eko irailaren 30an Gernikan jaioa. Garraitzetan munduratzekoa nintzen, Euskal Herriko bazterrik ederrenean, baina hamar hilabete egin nituenez amaren sabelean, amona emaginak ezin izan zion lagundu alabari erditzen. Ondorioz, Gernikako klinika batean forceps-ekin atera behar izan ninduten babeslekutik, mailatuta. Hainbat egunetan, munduko umerik itsusienaren titulua izan nuen −tximinoaren eboluzioa azaltzeko adibide aproposa, Internetik egon izan balitz−.

Barre egin du andreak.

Amaren sabelean leku nahikorik ez eta oinak atzera begira jaio omen nintzen. Zazpi egunekin oinetako hezur mengelak apurtu eta aurrera begira jarri zizkidaten. Normaltzeko, esan zioten amari.

Ama gaixoa! Erditze minekin aski ez eta seme itsusi bezain kuttunarentzako bularrik gabe geratu zen. Garraitzetako Urtza baserriko Txata behi adarluzeak atera ninduen aurrera; beraz, harro esan dezaket, pobrea izan arren, inudea izan nuela, nahiz eta nirea behia izan.

Gustatu zaio atsoari inudearena.

Jaiotzarekin baino suerte txarragoa izan nuen izenarekin. Nori bururatzen zaio San Jeronimo egunean jaio den bati Fernando izena jartzea! Jeronimo izena izan banu, Santa Kruz apaiza  bera baino ere ausartagoa eta beldurgarriagoa izango nintzatekeen; Fernando izenarekin, berriz, zalantzatik zalantzara, bilintzi-balantza ibili izan naiz, beti. Izena aldatzea erabaki nuenean, abizenekin bat zetorren bat nahi nuen, eta, Jeronimo baino hobea Galder, ez?

Horixe baietz! Galder Preguntegi Dudagoitia zara, orduan. Eta zer egiten duzu Bergaran?

Hara, nire lagunik gehienak aspalditik daude jubilatuta, bizitza osoa eman baitute intxaur oskoletan, afrikarrei atunak ostuten. Haien esanetan, “jubilatu-bizitza mauka duk”; izan ere, Afrikako bizimodu gogorraren ondoan erretreta pagotxa izatea ez da mirari. Baina lehorreko erretiratu batzuek esan zidaten beraiei asko kostatu zitzaiela bizimodu berrira egokitzea. Orduan, nik, lehorrekoa izanik, badaezpada ere, aktibitateren batean izena ematea erabaki nuen, eta non hobeto Bergarako UNEDen baino?

Eta zer ikasten duzu UNEDen?

Idazten.

Idazten? Ez niri adarrik jo, gero. Idazten umetan ikasten da, eskolan.

Bai, baina UNEDeko Idazle Eskolan ipuinak, nobelak, poesia, saiakerak eta horrelakoak idazten irakasten digute.

Denbora-pasa, beraz.

Horixe! Inbidia puntu batekin begiratu dit. Egoeraz baliatuta, kafe bat hartzera gonbidatu dut eta nire egunerokoa irakurtzera. Pozez zoratzen onartu du gonbidapena, inoren bizitzan horren erraz sartzerik ez zitzaion-eta inoiz burutik pasatuko.

Kafetegi bateko mahai batean eseri gara, kafeak eskatu eta egunerokoa luzatuta, lehen pertsonan idazten ikasteko idatzi dudala esan diot. Irrikitan dago irakurtzen hasteko. Kafea  ekarri digute. Trago batean edan eta berak eguneroko irakurtzen duen bitartean Ozaeta jauregira hurbilduko naizela diotsat.

Ados!

 

2015/12/27

Erretreta hartzean, dena planifikatu nuen: eguerdira arte ohean egon, loaz berdinduta jaiki, nagiak atera, gosaldu, egunkaria irakurri … baina ametsa, gogoaren igande: goizero, seietan, intzirika hasten da emaztearen iratzargailua, eta, gainera, bera bakarrik iratzarri beharrean, neu ere esnatu egiten nau. Aparatu madarikatua!

Altxatu eta kazetariak famatuen atzetik nola, halaxe ibiltzen natzaio emazteari etxe guztitik segika, koadernoa eskuan eginbeharrak apuntatzen: etxea aireztatu, arropa zuriak eskegi, gimnasiotik bueltan koloreetakoekin ikuzgailua jarri, hautsak kendu, irensgailua pasatu, komunak garbitu, errekaduak egin, bazkaria prestatu … Alaba gaztea jaikitzen denerako, ezkaratzeko mahaia papertxoz beteta edukitzen dut, bakoitzean betebehar bat. “Egingo al didazu katilua jartzeko tokia, aita?”, galdetzen dit hamazazpi urteko alabak eta lekua egiteko, papertxoak errenkadaka eta zutabeka kokatzen ditut, kronologiko ordenatuta.

Zazpi eta erdiak. Badoaz ama-alabak, bakoitza bere eskolara. Neuk ere nahiago nuke joan beharra banu, zeren jubilatu aurretik banintzen norbait, baina orain, zer naiz? Etxeko jaun? Etxekoandre?

Pentsamenduak uxatzeko, etxeko lanen masterrari ekitea hobe.

Leiho guztiak zabaldu ditut etxea aireztatzeko eta egongelako hautsak kentzen hasi naiz. Lehen, emazteak idatzitako manualari begiratzen nion zer egin behar nuen jakiteko; orain, buruz dakit: oztopatzen dauden objektuak erretiratu, geratzen den espazio libretik hautsa kendu; eta, gero, objektuak, hautsik gabe, lehengo lekuetan kokatu. Ariketa honekin hasi  nintzenean, zenbait trastu lurrera erorita apurtzen hasi zitzaizkidan. Lurraren erakartze indarrari bota nion errua, baina, aitortu behar dut, batzuei neuk lagundu niela jauzi egitera, oztopo izateari utz ziezaioten.

Dena den, harrituta nauka hautsaren kontu honek. Nondik agertzen da horrenbeste? Ez al da inoiz agortuko? Horretaz hausnartzen nabilela ez dut, bada, entzuten goiko atsoa alfonbrak astintzen? Neuk leihoak noiz zabalduko egoten da, dongea, alfonbrak astintzen hasteko. Bekatuan doa penitentzia, dio esaera zaharrak, baina, badaezpada, nahikoa ez balu penitentziarekin, ezkaratzera joan eta GAM siglekin jarri dut papertxo bat mahai gainean: Goiko Atsoari Mendekua.

Arropa zuriak eskegi eta, gainontzekoa gerorako utzita, banoa presaka kiroldegira, ordurako heldu ezik ez baituzu harrapatzen gustuko aparaturik. Nire egunonei gogo txarrez erantzun diete kiroldegia noiz zabalduko zain dauden jubilatuek. Atea ireki eta han goaz denok, arrapaladan, aldageletara. Praka motzak eta niki bat jantzi, oinetakoak korapilo birekin lotu, toalla hartu eta gimnasiora. Zinten eremura heldu naizenerako guztiak daude toallekin hartuta, baina zinta gainean, korrika, pertsona bakarra. Detailea eduki du udaletxeak jendearentzako toallak ipinita, esan diot korrikalariari. Ez, ez da izan udaletxea, neuk ipini ditut lagunei lekua hartzearren, esan dit, arnasestuka, lotsagabeak. Jaso ditut gainontzekoen toallak eta kiroldegitik hamar metrora dagoen itsas labarretik behera bota, uretara. Udarako hondartzan izango dituzte, esan diot, bueltan, azal lodiari, eta korrika hasi naiz zinta gainean.

Kiroldegitik ateratzean ke-adarrak ikusi ditut gure etxe inguruko ortuetan. Ez dira, baina, Basilisaren erreturak izango? Beldurrak oinetan hegalak jantzita iritsi naiz itsumustuan etxera eta susmoa egiaztatu ahal izan dut: eskegitako arropa zuriak ke hats nabarmenarekin; berriro garbitu behar, eta, han, laurogei urteko emakumea, Basilisa, lasai, ortuan, kulero eta  bularretako hutsik, moztutako belarrekin erretura elikatzen. Ezkaratzeko mahai gaineko zerrendari BM sigladun papertxoa gehitu diot.

Papertxoz estalita geratu da mahaia, argi printzarik sartzeko zirrikiturik gabe, ilunetan … Zer pentsatua eman dit egoerak, mahaiak nire bizitza adieraz baitezake: zereginez zamatua, norberarentzako tartetxorik aurkitu ezinik …

Neure egunerokoa irakurtzen utzi dudan atsotxoa buruan, konturatzeke heldua naiz Ozaetako jauregiari itsatsitako Zubieta izeneko zubira, Marotoren eta Esparteroren besarkada historikoaren lekura, Interneten arabera. Nire arbaso bat izan zen haren lekuko. Gizajoa burua galduta etxeratu zen besarkada hartatik. Hainbeste ilusio, neke, izerdi, negar eta odol alferrik galduak. Etxekoek, gainera, karrerarik egin ezinda, gela batean giltzapetu behar izan zuten, VIVA CARLOS SEPTIMO deiadarka ematen baitzuen eguna. Gelan, ohea eta pixontzia besterik ez, leihoan bost barra burdinazko, kartzela. Otorduetan, kontzientzia arretatsuz irensten omen zuen ekartzen zioten guztia, pixontzia kaka eta txizez betetzeko xedez; ondoren, eskuekin dena ongi nahasi eta marroi koloreko orearekin hormak pintatzeari ekiten omen zion: VIVA CARLOS VII.

Baina ez zen Karlos erregegaia maite zuelako, ez, Euskal Herria zuen maite, eta oihuarekin Gora Euskal Herria ari zen esaten; eta halaxe irudikatu dut, gaur, besarkadaren egunean ito behar izan zuen deiadarra oihukatzen, barrua askatzen.

2015/12/28

Gaur, Inuzente eguna, hego-mendebaldeko haizea oso zakar joka dabil boladaka, eta kristalak arretaz garbitzeko egun aproposa izan daitekeela erabaki dut. Olentzerok DIAn erositako kristalak ikuzteko trapu berria hartu, ur berotan busti eta hor ari natzaie balkoiko kristalei zirriak egiten; nik busti, haizeak lehortu. Dena doa primeran, kristal gardenen beste aldean agure zaharmindu bat ikusi dudan arte, neuri begira. Makulu biren premia du zutunik  egoteko, baina ez du protesirik behar “nik ez dut andreen lanik egiten” dioen irribarrea aurpegian pintatzeko. Sumindu egin nau begiradak; harrezkero, buruan ez dut beste pentsamendurik haren musutik irribarrea betiko ezabatzea baino.

Nekez doa gizona aurrera, hankak tikun-takunka, oinak tatarrez, bata besteari gailendu ezinda legez. Nire besoek, berriz, kristalak igurzten, berez. Burua, gotortuta, mendekua diseinatzen. Badakit zer egin. Farora iristen utziko diot; han, makulu biak kendu, itsasora bota eta “egiok barre heure amari” esanda lagako dut, bakardadearen erraietan.

Agur kristalak arretaz garbitzeko asmoa. Nagusitu da, beti bezala, lanbroa.

Farora iristeko tartea utzi diot agureari. Korrikalarien arropak jantzi ditut ekintza oharkabean burutzeko, eta beste barik atera naiz etxetik, arin-aringa. Farorako bidean, Karmele Jaio idazlearekin, bere ama Luisarekin eta izeko Doloresekin gurutzatu naiz, Luisak agur egin dit eskuekin. Helmugara iritsi naizenerako, han zegoen gizon makuluduna, eserita, itsasoari begira. Tikun-takuna eragiten dioten hanka-paloek, hegal batean, atsedena hartzen. Kendu dizkiot makuluak eta itsasora jaurtitzera nindoala, zera diost gizonak, irribarretsu:

“Hara hemen nire gaztetako argazki bizia”.

Zer diozu? Ni zure gaztetako argazkia?

Kristalak garbitzen ikusi zaitudanean, nire Nobierkako (New York) garaia etorri zait burura.

Hura sasoia! Egunsentian joaten nintzen lanera eta arratsaldean itzuli etxera. Autoa ahal nuen lekuan aparkatu, atarira bitarteko distantzia oinez egin, igogailuan 25 solairu igo, bazkaldu, eta balkoira, autoa atetara hurbildu nezakeen ikustera. Bitartean, garbiak zeuden kristalak garbitzeari ekiten nion, zuk bezala, denbora pasa. Lekuren bat libratzen zenean, korrika ateratzen nintzen autoa hurreratzera. Eta horrela, egunero, afariko ordura arte. Han egin nuen urte mordoan, gutxitan suertatu zitzaidan portalearen aurrean aparkatzea, baina  lortu nuenetan, txanpan botila batekin ospatu nuen garaipena. Gaur, kristalak garbitzen ikusi zaitudanean, neure burua ikusi dut, gazteago nintzenean.

Eta ni andreen lanak egiten nenbilelako barrezka ari zintzaizkidalakoan.

Andreen lanak? Ni kristalak garbitzetik bizi izan banaiz hainbat urtez. Politika kontuengatik guardia zibila atzetik nabaritu nuenean, izututa ihes egin nuen Amerikara, arrantzan zihoan txalupa batean. Eskean, gosetuta, noraezean ibili nintzen, harik eta bertigorik gabeko jendea behar zuen enpresa batek hartu ninduen arte, etxe orratzen fatxadak garbitzeko. Zeruharraskari haietan aurkitu nuen bakea: iraganaz beste egin, problemak eta pentsamenduak eten … beste erremediorik ez daukazu- eta, orainaldia segundo batean uzteak heriotza dakarrenean.

Behin, halere, heriotzatik hurbil-hurbil egon nintzen. Han goian, 129. solairuan, garbitzen ari nintzen kristalaren beste aldean, emakume batek txilaba kendu zuen, eta begien aurrean agertu zitzaidan koadroak zoratu egin ninduen. Emakumea polita ez eze ederra ere bazen. Agerian zeuzkan atalen beste kitzikatzen ninduten ezkutukoek, ezpain mamitsu eta sentsualen beste soineko urdin mehearen azpian dardarka ari zitzaizkion bular mardulek ... Ikuskizunak liluratuta, kulunkari jarri zitzaidan artasuna, eta dangaden erritmoan nindoan, sorginduta, amildegirantz.

Ez dakit zelan, baina ez nintzen jausi; edo erori nintzen eta eldarnioak egin zion grabitateari muzin.

Baina urteak ez dira alferrik igarotzen. Orain, Nobierkako zainzuri jostalaria hemen daukat, bare-bare, Dodotisean beratzen. Prostataren handitasunak txitean-pitean txiza egitera behartzen nau. Tamalez, lau tanta baino ez bakoitzean; bestela, kaleko hormak gernuzko pintadekin beteko nituzke, komun publikoak aldarrikatuz. Zoritxarrez, oraingoz, pixoihala janztea da kalera irteteko daukadan aukera bakarra. Baina troxarekin oinez egitea ez  pentsatu erraza denik, gero; robot baten antzean eman behar dituzu pausoak: bizkar hezurra zuzen, eta oinak tatarrez, arrautzak zapaltzen legez, paketearen zarata isiltzeko xedez. Hankapaluak jendea nahastatzeko erabiltzen ditut, inoren zer esangoak lotu ez diezazkidan zangoak. Makuluekin ikusita, hankak direla arazo uste du jendeak, pixoihalaren aitortza denean benetako sufrikarioa.

Sufrikarioa bai, baina hari esker ezagutu dut inoiz ezagutu dudan pertsonarik miresgarriena: Zaharren Etxeko mojatxo itsusia. Abitu urdinaren azpian ezkutatzen den emakume gaztea hezur eta azal baino ez da, titirik ere ez zaio nabari, kondorduna, herrena, betokerra …; jantziaren kolorean eta buruzapian baino ez dauka Nobierkako beste haren antzik, baina serora honek daukan barre kutsagarriak, gaixoak osatu ez ezik, birusak ere uxatu egiten ditu. Eta ahotsa? Txundigarria. Ahotsaren jainkosa dela esatea, gutxi esatea da.

Dodotisa jartzera etorri zitzaidan gauean ezagutu nuen. Ez zeukan agure zahar baten hankartea garbitzen hasteko gogorik; ulertzekoa, bestalde. Gaua komunera osteraka galtzeko prest nengoela esan nion, poema bat irakurtzen bazidan pixoihala ez ipintzearen truke. Ados. Santa Teresaren “Nigan bizi ezik bizi naiz” poema irakurtzean zaletu omen zen, bera, poesiaz, eta Machadoren “Ibiltari, bidea ibiliaz egiten da” leituz hartu omen zuen lekaime izateko erabakia.

Poesia zalea ez ezik, poeta ere bazen mojatxoa. Lehenengo gauean irakurri zidan poema bikaina eta mirarigilea suertatu zitzaidan, gaua eldarniozko hodei batean eman nuen-eta, seko lo, komunera altxatu gabe. Gainontzeko gauek ere ezaugarri bera izan zuten. Ez nekien irakurtzen zizkidan olerkiak berez ziren apartak, edo bere ahotsak egiten zituen eder. Egiaztatzeko, poemak idazten hasi nintzen, eta, berak irakurrita, neureak ere ederrak begitantzen zitzaizkidan. Harrezkero, olerkiak idazteko inspirazio bila etortzen naiz Farora, dandarrez; poeta sentitzeko, gauez. Eta zu zertara etorri zara? 

Zeuri makuluak ostu eta jabalinak bailiren jaurtitzeko itsasora, baina esan didazun guztia entzunda, ez dut horretarako adorerik.

Adorea bildu, UNEDen izena eman nuenean bildu nuen, orduantxe otu baitzitzaidan nire arbasoaren oihu mututuak zubi honetan egon beharko zukeela, betiko, ezadostasunaren lekuko: GORA KARLOS ZAZPIGARRENA.

Horrexegatik nahi izan dut Ozaeta jauregira bakarrik etorri.

2015/12/29

Zelan azaltzen diot nik, orain, optikari andreari, kristal bakoitzean nire begiek behar dituztenak baino 3 dioptria gehiago jartzeko?

“Bueno, zera, e, bai, zera, bueno …”

Dena hasi zen erretiratzea erabaki nuenean. Jubilatuta zeinen ondo biziko nintzen saldu zidaten nire aurretik erretreta hartua zuten lankide kabroi-gezurti-madarikatuek. Zorionaren espejismoa lor zitekeela zioten. Inork ez zidan esan, ongi sentitu aurretik bakardadearen basamortua zeharkatu beharko nuenik. Eta hemen nabil, orain, galduta, egiten dudan guztiari zentzua aurkitu ezinda. Bestela bizi nintzen inork markatutako agenda bete besterik egiten ez nuenean.

Bizimodu hoberantz nindoalakoan nengoen, aurrerantzean denboraren jabe neu izango nintzelakoan, emazteak aurkeztu zidan kontratua ere irakurri gabe sinatu nuen: lehengoez gain, etxeko lanak neuretzeko. Eta orain, hementxe, optimizazioan; alegia, lanik gutxien eginda emaitzarik onena lortzeko ahaleginean.

Adibidez, komunak egunero garbitzen ditudanetik, eseri egiten naiz txiza egiteko; bestela, zipriztinak komun guztian zabaltzen dira eta txiza-hatsa kentzeko, garbitu komuna ostera ere!  Punteria kontua zela uste nuen lehen, baina ez da, ez; zenbat goragotik txiza egin, errebotean jauzi handiagoa gernuak; ondorioz, komunaren kanpo-azalera gehiago zipriztindua.

Matxisten iritziz, komuneko tazan eserita txiza egitea artasunaren aurkako bekatu larria da; feministen iritziz, berriz, higienearen aldeko ekintza osasungarria. Zelan begiratzen den da kontua; hori bai, praktika horrekin hasi nintzenetik, emetzen noala esango nuke, zakila zimeltzen nabaritzen baitut, egunez egun.

Kezkatuta, herriko medikuarengana jo dut gaur goizean. Bertsozale amorratua denez, Txirritaren sistema erabili behar izaten dudala buztana ikusteko, esan diot. “Hori baino ez bada, lasai” esan dit berak, “betaurrekoak jantzi eta kito”.

Betaurrekoak izango dira soluziobide, baina zelan esan optikari andreari aparteko dioptriak pitilinari zoom egiteko behar ditudala?

“Bueno, zera, e, bai, zera, bueno …”

Zubian nago. Albo guztietara begiratu dut: inor ere ez. Atera dut motxilatik pixontzia, jaitsi ditut prakak, gero kaltzontziloak, eseri naiz ontzian, eta hor hasi naiz indarka, kakari deika. Momentuko emozioak, justizia egiteko abaguneak, atal biluziek inork ikusteko beldurrak, kakari deika egindako indarrek … edota faktore horien guztien sinergiak ez didate, bada, tentetu txistua?

Hau ezbeharra! Zelan bildu, orain, pintadarako orea egiteko lehengaiak ontzi berean?

Arin ediren beharko diot problemari soluzioa; horretarako, pentsatzen jarri naiz, ukabilaren gainean kokotsa pausatuta, Rodin-en pentsalaria imitatuz... Halako batean, zer den-eta, hara hor nor datorren: atsotxoa.

“Egunerokoa itzultzen etorri natzaizu Galder” diost, “baina ikusten dudanez, fikziozkoa da”.

Fernando Garatea

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli