Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
pdf    
LARANJA ZUKUA 

Uste osoa nuen. Eguzkia esnatzearekin batera, gabeko ikara guztiak lokartuko ziren. Ohetik jaikitzen garenean bezperako amets gaiztoak izaren artean lagatzen ditugu; mundu erreala ez dago sortua ametsentzat. Oin-bilurrak soinean nituela altxatu nintzen goiz hartan. Pausu bakoitzean presoek oinari lotuta izaten zituzten burdinazko bola astuna sentitzen nuen neurekin arrastaka. Lantzean behin orpo aldean jotako kolpeak akorda arazten zidan neurekin neramala soinean. Okindegira bidean, supermerkatuko korridoreetan, jatetxeko sukaldean... krrrrr. Denborarekin ohitu egiten ei zara, gehiagorik ez ei dituzu ikusten oin-bilurrak. Hizki bakoitzak, ordea, zama astundu egiten zuen. Nire ametsak beteko ditut, zurekin... edo zu gabe, Julia. Esaldia, asmoa, nahia, abisua... edo dena delakoa, iltzatuta geratu zitzaidan bihotzean. Mailukadak bete-betean jo ninduen. Dzastadak ez zidan minik egin; okerragoa izan zen lagatako arrastoa.

Sebastianek zaurian gainean pikoa egiten ikasi zuen. Ederto ikasi ere.

─Errekadutan joan al zara, laztana? Zer erosi duzu, bada?─itaundu nion Sebastiani Eroskiko poltsetan muturra sartzen nuen bitartean.

─Egunero egingo al didazu galdetegi bera? Telesailetako detektibeen lanpara baino ez zaizu falta ondoan. Hau gurutzea hau! Jakin dezazun: aurrekoan ahaztu zitzaizun eskuetarako xaboia erosi dut

─bota zidan erdeinuz. Komuneko armairuan xaboi poto bi zeudela akordatu nintzen.

─Jakin-mina besterik ez nuen.

─Dena jakin gura duzu. Bai zeuk eta bai mediku horrek. Okerrena badakizu zer den? Uste duzuela dena dakizuela. Eta galdera inozo horiekin tontotzat hartzen nauzue. Behin eta berriz gauza berdina. Zer ordutan jaiki zara? Zer armoza duzu? ─arlote baten antzera mugitzen zen Sebas, albo batera eta bestera, ahotsari doinu gogaikarri bat emanez─ Zer erosi duzu, laztana? Gogoratu al zara begiratzeaz ea arrautzaren bat pitzatuta dagoen? Bai, gogoratu zara? Zeinen azkarra zaren laztana! ─tonu gogaikarri berarekin jarraitzen zuen, txaloak jotzen zituen bitartean.

─Mesedez, Sebas. Ez izan ipurterrea!

─Honelako egunen batean auto-karabana hartu eta urrunera joango naiz. Ikusten dudanez, hemen traba besterik ez dut egiten. Han urrunean ziur topatuko dudala konprenituko nauen norbait. Kokota jokatuko nuke, galdera interesgarriagoak egingo lizkidakeela behinik behin.

      Hamaikagarren mailukada. Hura ere bete-betean jotakoa. Bi egun beranduago egin zuen alde, uztaileko egun eguzkitsu batean, ohartxo bakarra utzita mahai gainean: Denbora badoa eta aurrea hartu nahi diot. Maite zaitut. Sebas. Gabaz jatetxea zarratu eta etxera bueltatutakoan aurkitu nuen papertxoa. Neure burua baretzen saiatu nintzen hasiera batean. Ezin zitekeen urrunegi joan. Halakoren batean deitu behar zuen. Sentitu behar zuen nire falta. Nahitaez. Ziurtasuna, ordea, konfiantza modura, hauskorregia da haren abaroan babesteko. Zalantza ñimiño bakoitza oskola arrakalatzen duen zartakoa da, eta oharkabean gure barrunbeetaraino ailegatzen da. Han daude ustez lotan dauden ikarak, zokondoetan gordeta, eta bat batean, iratzarri egiten dira. “Ez ote du istripuren bat izan? Ez ote da errepidean nahasi?” Alzheimerra duen jendeak aise galtzen du orientazioa, baita ezagunak zaizkion lekuetan ere. Baina nora joan behar zuen auto-karabanarekin? Nire ametsak beteko ditut, zurekin… edo zu gabe, Julia. Norekin bete behar zituen, bada, amets haiek? Pilarrekin? Berrogei urte baziren gazteta izan zuen neska laguna ikusten ez zuela. “Eta urte guzti hauetan ezin izan badu burutik kendu? Eta Edurne lankide ohia?” Gaur ere berandutu egingo zait, laztana. Behar asko aurreratu behar dugu. Lasai afaldu. Maiz egiten zuen berba lantegian beharrean hastean ziren gazteez. Eta hogeita bost urteko urdanga bat Sebastianetaz aprobetxatzen saiatu izan balitz? Edo okerrago zena: eta Sebastian bera balitz goizero neskatoari keinuak egiten zizkiona bulegoaren aldamenetik igarotzen zen aldiro? Urteak ziren Sebastian eta biok ezezagunak bihurtu ginela ohean. Nire laztanak saihesten ahalegintzen zela begitantzen zitzaidan. Sarriago ikusten nion lepoa bisaia baino. Eta gaztetasuna soberan zuen urdanga hura imajinatzen nuen lantegiko gela ilun batean, izter mardulak zabalduta mahaiaren gainean, Sebastiani alkandoraren botoiak modu erotikoan askatzen. Sakon hartu nuen arnasa, barrenak jelosiaren sukarretan kiskal ez zitezen.

Gabaren erdian esnatu eta mesanotxean lagatako mugikorra hartu nuen. Goizeko 03:36.

Ordu erdiz baino ez nuen lortu logaleari kontzesio txiki bat ematea. Bezperan hasitako gerraren erdian, hogeita hamar minutuko su-eten motz bat besterik ez. Horixe zen nahi nuen guztia: errenditu. Neu ere gerra-egile sentitzen nintzen; azkenerako sinetsi egin nuen guda hura neuk abiarazi nuela, neure galdera inozoekin leherrarazi nuela egoera jasangaitza. Konturatu barik, gure bion arteko mesfidantzak hesi erraldoi bat eraiki zuen, ohean nahiz ohetik kanpo, Berlingo harresiaren parekoa, bi bandotan zatitzen gintuena. Sebastianek whatsappeko profilean jarrita zeukan argazkiari begira etzan nintzen alboz. Hiru urteko Ander zuen altzoan. Sebastianek bizarra zuen garaiko argazkia zen, nire gurasoek herriko plazaren ondoan zuten jatetxean aterata. Bertako ezkaratzean egin nintzen sukaldari. Gabeko orduetan etxeratzen nintzen, egunero egunero hamahiru bat orduz behar egin ostean.Sebastian egiten zen asteburuetan Anderren kargu. “Zu lasai, laztana. Neuk jagongo dut umea. Goi mailako sukaldaria izango zara egunen batean, eta horretarako behar asko egin behar da. Ez utzi ametsei ihes egiten. Ez nioke neure buruari holakorik sekula santan barkatuko”. Sebastianek berak urteetan aurreztutako diruari esker erosi ahal izan nuen jatetxea. Eta nik... bere ametsa zein zenik ere ez nekien.

     Goizeko zortzietan esnatu ninduen mugikorraren soinuak. Kostatu zitzaidan jabetzea norbait ari zitzaidala deika, hura ez zela eguneroko iratzargailuaren melodia. Sebas deika. Biriketatik atera berria zen arnasa saman gora gelditu eta berriz jaitsi zen behera. Ezinegonak ia bertan ito ninduen. Eztul egindakoan erantzun nuen deia.

─Bai?

─...

─Sebas, hor al zaude?

─Egun on. Bai, hemen nago.

─Non da demontre da hemen nago?

─Irungo gasolindegi batean.

─...

─Etorriko al zinateke bila, mesedez?

─Zer gertatu zaizu, bada? -itaundu nion arduratuta.

─Lasai, ez da ezer. Gasoliorik barik gelditu da auto-karabana... ─Sebastianen hasperena entzun zen mugikorraren beste aldetik.

─Eta?

─Bada ordaintzera joan naizela eta... Ez dakidala kreditu txartelaren kodea. Hori da gertatzen zaidana, Julia.

    Erantzunak lasaitu egin ninduen, nahiz eta ez zen nik espero nuena. Barkatu, laztana; bueltan nator; bazatoz nirekin nonbaitera, maitea?... “Inuzente hori!”, pentsatu nuen golkorako. Kotxea hartu eta Sebastianen bila joateko gogo bizia sentitu nuen, baina oraindik oin-bilurrak nabaritzen nituen hanketan. Nire ametsak beteko ditut, zurekin... edo zu gabe, Julia. Atzamarrekin igurtzi nuen bekokia.

─4-2-3-1

─Eh?

─4-2-3-1. Hori da txartelaren kodea.

─Ez zatoz bila orduan?

─Ez, Sebas. Ez naiz joango.

─...

─...

─Auto-karabana gasolio barik geratzen ari zen bitartean badakizu zer pentsatu dudan?

─...

─Neu ere denbora barik ari naizela geratzen ─esan zuen hamaikagarrenez. Guzti hori, banekien. Jakitun nintzen. Medikuaren begirada errukiorraz geroztik, asaldatuta zebilen Sebastian. “Frogen emaitzek baieztatu egin dute. Alzheimerra duzu, Sebastian”. Zeinen ezberdina izan daitekeen esaldi bera aditz laguntzaile ezberdin batekin bukatzea: du ala duzu. Laguntzaile da, bai, kasu askotan.

─Ez hasi horrekin ostera ere, arren. Zorigaitza besterik ez duzu ikusten.

─Esatea merke da. Zenbat bider larritu zara jatetxeko ezkaratzean, platera mahaira garaiz ailegatuko ez delako? Eh? Demagun jokoan ez dagoela bezeroa energatuko den ala ez. Demagun bizitza bera dagoela jokoan. Ez zinateke larrituko? Jainkoarren! Denbora barik ari naiz geratzen ─deia moztu zuen.

    Ala ari ginen geratzen? Sebastianekin igarotako denbora ez al zegokidan neuri ere? Bizi proiektu berari ekin genion elkarrekin berrogei urte arinago. Bizipen haiek guztiak neureak ere baziren. Hareazko erloju batek gordetzen zuen bion denbora. Sebastian goian zegoen. Haren hondar aleak banan-banan erortzen ziren. Segundoz segundo. Gabetako negar anpulu bakoitzean. Ni behean nengoen, Sebastiani jausten zitzaizkion hondar aleek estalita. Hondar-metaren azpian ari nintzen itotzen. Segundoz segundo. Isileko negar tanta bakoitzean. Oihu egiten nion azpitik Sebastiani, fededun batek zerura otoi egiten duen legez. Baina alferrik. Hondar aleak baino ez zitzaizkidan aurpegira jausten. Hondar txuntxurra gero eta handiagoa zen, eta behean ez zegoen jada fededunik.

 

****

    Dutxa bero bat hartuta sartu nintzen jatetxean. Behar nuen burua distraitu, eta sukaldea zen aproposena horretarako. Berakatz haginak eta kipulak zuritu eta eurak txikitzen baretu nituen barrenak. Hamar minututik behin, baina, mikro uhin labearen gainean lagatako mugikorrari erreparatzen nion. Artean, tuperrak goraino bete nituen. Baneukan aste osorako adina berakatz eta kipula gordeta. Lortu al duzu ordaintzea? Burutik igarotako esaldi guztien artetik, horixe idatzi nion whatsappez. Damutu egin nintzen erabakia horren azkar hartu izanaz. Estutu nezakeen gehiago; aurreko galderei ez zien jaramonik egin Sebastianek. Azken mezu hura ere umezurtz gelditzeko bidean zen. Baiezko ikur bakarra ageri zen pantailan. Urduritzen hasi orduko, deitu egin nion. Telefonoa itzalita edo estaldurarik gabe dago. Atzera esnatu ziren lokarturik zeuden ikarak. “Amatatuta izango ote du mugikorra? Ala muga gurutzatu eta horregatik dago estaldura barik?” Ez zegoen kipula ez berakatzik lasaituko ninduenik. Ertzaintzari deitu nion abisua emateko. “Alzheimerra du”, ohartarazi nien.

    Eguerdian ez genuen jatetxea zarratu. Erabakia Anderrek, Laurak eta hirurok hartu genuen.

─Zerbait egin behar dugu ama. Zakutik edo zorrotik. Baina aita konturatu behar da etxean baino hobeto ez dela inon egongo.Eta zaharren egoitza batera eramaten badugu, zer?

─Mesedez, Ander! Aitak 58 urte dituela!

    Bazkalorduko menu guztiak eman eta gero bexamel masa hozkailutik atera eta koilara biren laguntzarekin kroketa formako bolatxoak egiten hasi nintzen. Une batez buruan zebilzkidan berba guztiak ezabatu nituen, harik eta orria zuri geratu arte. Koilararen burua masarekin beteta, beste koilararekin moldeatu egiten nuen, elipsoide itxura emanez. “Batzuk borobil borobilak egingo ditut. Dozena bat edo. Xanetentzat”. Kloketa esan nuen ahopeka. Xanetek kloketa ahoskatzeko zuen graziak irribarre bat margotu zidan ezpainetan. Iragankorregia, tamalez. Atea bortizki zabaldu zen eta Laura itsumustuan ikusi nuen niregana etortzen.

─Azkar, Julia ─eskumuturretik kolpe ninduen.

    Ez nuen astirik izan atzamarrak garbitzeko. Jangelatik plater hautsi baten soinua entzun nuen. Anderrek eskuekin estaltzen zuen ahoa. Gainontzeko bezeroak telebistari begira zeuden, adiadi. Begi guztiak niregana zuzendu ziren.

─Zer gertatzen da hemen? ─galdetu nuen larri. Anderrek telebistara zuzendu zuen atzamarra.

─Aita da.

    Frantziako Tourreko irudiak ziren. Begiak uzkurtu nituen, txirrindulari pila haren erdian zerbait ikusi asmoz. Geldirik zeuden, hankak lurrean. Kamerak tropelaren buruan eratu zen pilaketa erakutsi zigun. Txirrindulari asko behegainetik ezin jaikita zeuden. Maillot urratuak edonon, izterrak haragi bizitan, odol-zurrustak zaurietatik, lurrean etzandako txirrindulari mordoa, aieneak... eta auto-karabana zuri bat. Sebastianen auto-karabana, marra horiduna. “Ai, amatxo maitea”.

─Zer gertatu da?

─Ez dakit ama. Aitaren aurpegia ikusi dut, baina kotxe batean sartu dute. Galduta zirudien.

─Jarriozu bolumena telebistari.

    Esataria aztoratuta zegoen. Sinesgaitza dirudi honek guztiak. Halakorik ez dut sekula ikusi Tourrean. Nola iritsi da, bada, auto-karabana horraino? Atentatu bat dirudi honek! Inor hil ez denean, gaitz erdi! Ea errepikapenak zerbait argitzen digun. Zerutik hartutako irudiak eman zigun zorretako azalpena. Errepidea zuzena eta luzea zen, herritik urrun. Nekez ikus zitekeen zalerik. Bidegurutzean txirrindularientzat moztutako erraila hartu zuen beretzako Sebastianen autokarabanak. Azkarregi pelotoi buruan zihoazen txirrindularientzat. Saiatu ziren ibilgailuaren muturra saihesten, baina korredore askok ez zuten lortu. Errepide horietan aise joaten dira berrogeita hamar kilometro orduko abiadan. Zartakoa latza izan zen. “Amaaaa!”, egin zuen oihu Laurak.

Hiruzpalau txirrindulari airean atera ziren auto-karabanaren kapotetik gora. Baina nora begira zegoen gidaria? Zerk arraio egin du huts? Triskantza eragin du babalore horrek! Esataria guztiz asaldatu zen kamerak furgonetaren atzeko aldea erakutsi eta matrikularen ondoan itsatsita zegoen ikurrina enfokatu zuenean. Hara! Hara! Hau besterik ez genuen behar! Ganorabakoak leku guztietan daude. Gure artean ere bai. Gizon horren erruz euskal zale guztien izen-ona zikinduko da.

Hau lotsa! Jangelako begirada guztiak nigan sentitu nituen.

─Azkenburukoekin amaitu baduzue, mesedez joan zaitezte zeuen etxeetara. Jatetxea zarratu egingo dugu.

    Aulkian jesarri eta buruarekin laztandu nuen mahaia. Mahi-oihalaren leuntasunak mahaia berriz laztantzeko desioa piztu zidan. Anderren eskuak sorbalda igurtzi zidan. Jakitun ginen bizitza irauli egin zitzaigula. Tropelak hartutako zartakoarekin Berlineko harresia boladu bat bezala hautsi zen, kartekin eraikitako gaztelu bat eraisten den antzera. Gerra Hotza bukatu egin zen. Salba bedi ahal dena. Sebas nuen akorduan. Guda hartatik onik aterako al zen? Alzheimerra pairatzen duen pertsona bati asko eragin diezaioke halako gertaera lazgarri batek. Medikuaren esanak errepikatu egin ziren buruan: “Hiru fase ditu Alzheimerrak. Arina, ertaina eta gogorra. Aurreneko fasean pertsona gai da gidatzeko, janzteko. Ez da galduko, lasai. Gauza arinak ahaztuko ditu. Agian, izenak, zitak... Bigarren fasean erreakzioak eta erantzunak oldarkorragoak dira. Bidaiatzeko autonomia galtzen du. Senideek 24 orduz zaindu behar dute”. Gogoan nuen galdera bakarra egin ziola Sebastianek: “Zenbat urte geratzen zaizkit?”. Erantzunaren oihartzuna berriz entzuteak barrenak astindu zizkidan. “Bataz beste hamar-hamabi urte”. Gainbehera hasita zegoen, eta beldur nintzen zer nolako Sebas aurkituko nuen aurrez aurre.

    Telebistak txirrindulari baten irudia erakutsi zien ikusle gosetuei. Esku-ohean etzanda zeramaten anbulantziara. Esatariak ez zuen lasaitzeko betarik. Française des Jeux taldeko txirrindulari bat daramate. Ez du bat ere itxura onik. Thibaut Pinot da hori. Bai, horixe. Thibaut Pinot frantziarra! Etorkizun oparoko txirrindularia. Eta gauzak zer diren! Ganorabako baten erruz bere etorkizun distiratsua itzali egin behar ote da? Ez genuke nahi, ez. “Sinetsi neu naizela hori gertatzea gura ez duen aurrena”.

─Amatatu telebista, faborez.

    Paueko polizia kuartelera joateko agindua eman zigun Ertzaintzak. Hara ailegatu bitarte sabelean sortu zitzaizkidan uherdurak are eta nahasiagoak egin ziren Sebastianen aurreneko berbak entzun nituenean: “Nahi nuena Julian Gorospe animatzea zen. Besterik ez. Ez dakit zergatik ekarri nauten honaino”. Gizagaixoa gauza gutxiz akordatzen zen. “Besterik ez”. Begirada galdua zuen. Bisaia gero eta argalagoa. Ez zuen bizarrik egin luzaroan.

─Ondo al zaude laztana?

    Eskutik oratu zidan, deus esan barik. Hortzen zirrikituetatik hitzak bidea egin nahi zuen, laster jabetu nintzen, baina ez zen kapaza berba egiteko. Behin datuak hartuta, jendarmeek libre utzi gintuzten. Kanpoan genituen zain Ander, Laura, Xanet eta pare bat argazkilari. Hurrengo egunean L'Èquipe kazetako kirol saila zabalduko zuen fotoa hartuta, klik-klik, ihes egin zuten argazkilariek. Besarkada bat eman genion elkarri bostok. Ez nuen oroitzen arinago halako momenturik bizi izana familian.

─Aitona, zer galdetu dizu poliziak?

─Bada... ea bart zerbait ikusi dudan etxe inguruan. Antza denez, Joxe Mariri lapurretan egin diote ─Joxe Mariren izena gozo gozo esan zuen, sekretuak kontatzen diren legez. Barre egin zuen Xanetek.

─Eta gauza asko ostu dizkiote?

─Pentsa! Esnea, arrautzak, koltxoipean gordetzen zuen diru guztia eta andrearen bitxiak. Eraztunak, eskuturrekoak, lepokoak, arrakadak...

─Alaaaa...

    Harridura keinu bat egin nion Anderri. Olgetan zebilen Xanetekin ala esandakoa benetan sinesten zuen Sebastianek? Anderrek sorbaldak altxatu zituen, masailetan irribarre polit bat margotzen zitzaiolarik.

─Eta kartzelara joango zara? Amonari entzun diot esaten txirrindulari bat zapaldu duzula eta larri eraman dutela ospitalera. Aitona, nik ez dut nahi zu kartzelara joaterik.

    Ni nengoen aldera biratu zuen sama Sebastianek. Txundituta, begiak lausotu zitzaizkion.

─Ez da ezer, maitea. Hori uste zuen poliziak, baina gezurra da, aitonaren auto-karabana beste batenarekin nahastu dute. Txarto zeukaten idatzita matrikula zenbakia. Ezta, aitona?

Harri eginda geratu zen Sebastian, nire bihotza bezalaxe.

 

****

    Adostu genuen onena izango zela egun batzuk oporretan igarotzea. Landetan hartu genuen auto-karabanarentzako tokia, Ondres inguruko kanpin batean. Igerilekua leporaino beteta zegoen eta umeen joan etorria etengabea zen. Kanpinaren marrazkia zuen mapa bat zabaldu eta errotulagailu gorriarekin seinalatu zigun harreragileak partzelaren kokalekua. “Le seul. El único. The last one”. Malda txiki batean aurkitzen zen partzela. Anderrek aparkatu zuen auto-karabana, pazientzia handiz, desnibela ahalik eta gutxien nabaritu zedin.

─Hor ederto dago, Ander. Ez dugu ezertxo ere igarriko.

    Auto-karabanaren aurrealdean Thibaut Pinotek eta beste hiru txirrindularik utzitako marka are nabariagoa zen zuhaitzaren gerizpetan. Sebastian gustura zegoen auto-karabanatik jaitsi eta inguruan ikusi zuenarekin; opor giroan sentitzen zen.

─Opor batzuk behar genituen familian ─bota zuen birikak airez bete aurretik. Patrikan zeraman zapiarekin sikatu zituen bekokian eratzen hasi zitzaizkion izerdi tantak.

    Laura eta Ander umearekin joan ziren igerilekura. Ordu erdi eskas barru gauak eguzkia irentsi eta ilundu egingo zuen. Etxera bueltatu nahi zuten, hurrengo egunean jatetxea zabaltzeko. “Ni aitarekin geratuko naiz egun pare batez, Ander. Nahiko janari baduzue prestatuta hozkailuan. Moldatuko zarete ni barik. Barikurako bueltan izango gara aita eta biok”. Sebastianengana urreratu nintzen pauso txikiak emanez.

─Eguraldi ederra, ezta?

─Igerilekura noa dzanga bat egitera.

─Ederto, laztana.

    Ortozik jarri eta motxilatik ateratako hegatsak jantzi zituen. Urpeko betaurrekoak eskuetatik zintzilik, Charloten ibilkerarekin urrundu zen. Bistatik galduta, auto-karabanako hozkailura jo nuen, freskagarri edo ur botilaren bat aurkituko nuelakoan. Garagardo lata batzuk, atun lata kontserbak, txorizoa, ogia, laranjak... Arreta, ordea, atzealdean ezkutatzen zen liburu tankerako zerbaitek piztu zidan. Bi hilabete lehenago oparitu nion koadernoa zela ikusi nuen. Hala gomendatu zion medikuak. “Idaztea primerako ariketa da Sebastian. Batez ere eskuz egiten bada. Ohartu gabe, oroimena landu egiten dugu. Garunaren zati gehiago jartzen dira funtzionamenduan, teklatu bidez idatzita baino dezente gehiago. Gustuko duzu idaztea, Sebastian?”. Hotza zegoen koadernoa, hozkailutik atera berria, nahiz eta oraindik ere narru usaina zerion. Azpialdean orriak bereizteko zinta gorria zuen zintzilik. Zintari tira eginez zabaldu zitzaizkidan parez pare orri laukidunak. Sebastianek idatzitako zerrenda bat zen. Memento mori. Gerora jakin nuen esanahia: gogoratu hil egingo zarela. Interneten kontsulta eginda ikasi nuen Memento mori izeneko ipuin bat idatzi zuela Jonathan Nolanek, eta haren anaia Christopherrek gidoi bezala erabili zuela Memento filmatzeko. “Memento-ko protagonista bezala bukatuko duzu aita, gorputz osoa tatuajez beteta, ikusiko duzu”, esaten zion apropos Anderrek. Hil egingo garela jakinda, zerrenda motza begitandu zitzaidan:

1. Perpignan-Istanbul, bi urtez auto-karabanan.

2. Hegoamerika iparraldetik hegoaldera zeharkatu.

3. Bidaiak kamerarekin grabatu eta bideo bat editatu Xanetentzat. Irribarreak ezpainak masailetaraino altxa zizkidan.

4. Txartelaren kodea: 4231.

5. Julian Gorospe zuzenean ikusi. “Gizagaixoa. Batek daki noiz ikusiko zuen azkenekoz Julian Gorospe bizikleta gainean”.

6. Noiz da gure urteurrena? Barreari eutsi ezinik, poltsan gordeta neukan boligrafoa atera eta data zehatza jarri nion ondoan. 1984-05-20

7. Eiffel Dorrera igo Juliarekin. Koadernoa zarratu nuen kolpe batez. “Nola demontre akordatzen zen horretaz?!”. Ander jaio baino bi urte lehenago joan ginen Parisera. “Ezinezkoa da akordatzea! Gizonak ogia eta koadernoa sartu ditu hozkailuan”. Hiru hamarkada lehenagoko kontua zen. Euriak ez zuen atsedenik eman lau egunez, eta Eiffelera egin beharreko derrigorrezko bisita azken egunerako laga genuen. Antza denez, gure ideia bera izan zuten gainontzeko bisitariek. Jende ilarak amaigabeak ziren. Sebastian berehala hasi zen larritzen, eta hogei minututan errenkada luzean ezer gutxi aurreratzea lortu genuela ikusita, desesperazioak jo zuen. “Zin egiten dizut berriz itzuliko garela, eta tontorreraino igoko garela. Kosta ala kosta”, esan zidan belauniko jartzear zegoen gizonak. “Badakizu Hitler berak ere ez zuela igotzeko aukerarik izan? Naziek Frantzia okupatu zutenean erresistentziak igogailuaren kableak moztu omen zituen. Hitlerri ez zitzaion burutik ere pasatu 1.600 eskailera haiek igotzea”. Nous retournerons bota zuen Sebastianek, 'erre'-ak indartsu ahoskatuz, atzamarrarekin Hitlerren bibotea imitatzen zuen bitartean. “Ingurukoen aurpegiak ikusi izan balitu!”. Eman nion kaskarrondokoaz akordatu nintzen. Eta Sena ibai hertzean emandako azken paseoaz. Eta auzo latindarreko ardo kopez. Eta, bereziki, izara gorrixka zikin haien artean itzalitako sugarrez. Faire l'amour. Frantsesaren ekarpena ei da maitasuna egin esamoldea. Baina posible ote da maitasuna norberak egitea edo sortzea? Alegia, sexuaren bidez liluratzen ote dugu maitalea? Sexuak ernaltzen du, beraz, maitasuna? Urte bakoitzeko negu bat igarotzen da, eta garai bateko grina sutsua epelduz joan bazitzaigun ere, Sebastianekiko sentitzen nuen maitasunak hasieran bezain gori segitzen zuen. Nolanahi ere, Parisko hotel ilun eta zatar hartan, kiratsak ihes egiterik ez zuen korridorearen muturrean, bi nerabe sutsuren indarrarekin bota genuen atea, eraikin guztian kirrinka gogaikarri bat hedatuz, eta maletak behegainera jaurtita, ohea lohia edo garbia zegoenaren ardurarik gabe, elkarri erantzi genizkion prakak, eta aireportutik hotelera bidean taxian egindako igurtzi eta laztan ezkutuek hauspotutako desioak ase genituen. Eta, egiari zor, Sebastian nire izter artean dardarka ikusteak gehiago maite ninduela sentiarazten zidan. Faire l'amour.

Auto-karabanaren kanpoan zeuden olgetan Ander eta Xanet. Laura wifi seinalearen pasahitza galdetzera joan zen harrerara.

─Eta aita?

─Ez dugu ikusi. Uste nuen zurekin zela.

─Ez, igerilekura zihoala esan dit.

─Lasai. Bost minututan ez bada bueltatzen neu joango naiz bila, laster ilunduko du-eta.

─Bai. Zazpi belarriz egon behar gara.

    Bekoska jarrita bueltatu zen Laura. Ezer gutxi ulertu nion, txintik esan gabe Anderri autokarabanan sartzeko keinua egin baitzion. Xanet besoetan hartu eta hamar bat metro urrundu nintzen. Etzaulkian etzan ginen biok, xukaderaren gozotasunean.

─Begira Xanet! Begira nor datorren handik hegats eta betaurrekoekin. Flotagailu eta guzti dator baina!

─Aitona! Non ibili zara?

─Duela urte mordo bat piratek ezkutatutako altxorren bila. Inguru hauetan asko daude ur azpian gordeta.

─Eta aurkitu duzu ezer? ─itaundu nion.

─Bitxi gutxi batzuk. Hondartzan bakar bakarrik zegoen atso bati eman dizkiot.

─Jo... eta niretzat? ─kexatu zen Xanet.

─Zuri bihar ekarriko dizkizut, maitea. Ados?

    Xanetek baietz egin zuen buruarekin. Laster gelditu zen lozorroan nire altzoan. Sebastian eguneko azken eguzki printzak xurgatzen jarri zen besoak zabalik, gugandik gertu, bainu jantzitik ur tantak erortzen zitzaizkion bitartean. Gerrialdea inguratzen zion jirafa puzgarriaren aurpegi goxoan paratu nituen begiak. “Ederki ematen dio”.

─Zergatik ez zoaz semearengana piura horiekin? Eta esaiozu inguruko jatetxe batean afaltzeko jantzi zarela horrela, dotore-dotore. Eskertuko du. Uste dut Laurarekin hizka-mizkatxo bat izan duela orain ez asko.

    Hogei bat pausu eman ostean, Sebastian izoztuta gelditu zen auto-karabanaren aurrean. Eskua atearen heldulekura luzatu zuenean denbora eten egin zen. Hantxe gelditu zen eternala zirudien irudiak, mugimendu bakoa, urruneko itsasoaren soinuak girotuta. Xurgailu erraldoi bat zen gugandik 300 metrora iristen zen itsasoa. Fuuuup. Hondartza hertzean apar guztia agortu ostean indarrez akituta hiltzen ziren olatuek berriz egiten zuten atzera buelta. Halaxe egin zuen Sebastianek. Haranzko bidean hegatsek utzitako arrastoetatik egin zuen buelta, burumakur. Zertara joan ote den ahaztuko al zitzaion, bada? Errukarria gertatzen zitzaidan Charlote. Hain errukarri eta horren maitagarri. Sebastian abailduta zetorren, ordea, gudu zelaitik bandera zarpaila dakarren soldadu errenditua legez.

─Zer duzu, laztana?

    Sebastianek urpeko betaurrekoak kendu eta xukaderaren gainera bota zituen. Negar-zotinka ari zen. Xanet etzaulkian gozo gozo utzi eta indar handiz besarkatu nuen Sebas. Zotinak hasiz joan ziren, harik eta barrenak hustu zituen arte. Galdera bera errepikatu nion belarrira. Hasperenei eustea lortu zuenean altxa zuen burua sorbaldatik.

─Ander eta Laura berbetan entzun ditut atearen beste aldean. Nitaz ari ziren.

    Zerbait larria zetorren susmoa nuen. Bizkarra igurtzi nion, kokotean muxu bat ematen nion bitartean. Zotinka egin zuen berba.

─Anderrek esan du hobeto nagoela etxean. Emakume hegoamerikar bat arduratuko dela ni jagoteaz. Ezin zaidala bakarrik utzi. Nire erruz pikutara doala jatetxea. Zuk jatetxean egon behar duzula, eta ez ni zaintzen.

    Negar-zotinen abiadura berriz azeleratu zen.

─Arrazoi du, Julia.

─Ez esan txorakeriarik, Sebas.

    Eskutik hartu eta artez auto-karabanara eraman nuen. Luzaroan mintzatu ginen laurok, bilorik gabe ahoan. Barruak hustu eta elkarri ezkatak kendu genizkion. Ez zen inolaz erraza izan baina gutako bakoitzak esatekoak esanda, adostasun batera iritsi ginen: egun pare batez oporretan geratuko ginen kanpinean eta barikuan zabalduko genuen jatetxea. Hasiera batean neuk zainduko nuen aita, eta horretarako beste sukaldari bat kontratatuko genuen asteburuetarako.

    Anderrek hozkailuko ardo botila atera zuen. Edalontzien faltan, muturretik edan zuen trago luze bat. Egunetan zehar pilatutako korapiloa askatzen saiatu zen kolpe bakarrean. Sebas bolantearen aurrean jesarri zen. Artez begira. “Pentsakor ala noraezean”, huraxe zen beti nire zalantza. Eskuarekin keinuak egiten hasi zen, Afrikako safari baten erdian gidatzen egongo balitz bezala. Anderrek mahai gainean zeuden giltzak erakutsi zizkidan keinuen bidez. Ez genuen behar besterik. Sebastianek, baina, eskuko balazta askatu eta auto-karabanak mugimendu zakar bat egin zuen, erroberak aldapan behera mugiaraziz. Azkar hartu zuen abiadura hiru mila kiloko ibilgailu erraldoiak.

─Aita! Frenatu!

    Sebastianek, baina, auto-karabanaren aurreko leihoaren kontra jo zuen buruarekin, eta ez zuen erantzuteko gaitasunik izan. Kraaaak. Auto-karabanak zerbait zapaldu zuen bidean eta salto txiki bat eman zuen.

─Xaneeeet!

    Anderrek bi pauso azkar eman eta eskuko balaztari egin zion tira.

─Xaneeeeet! 

    Kanpora atera ginen ziztu bizian. Ilun zen. Etzaulkia txikituta zegoen gurpilaren azpian. Ez zegoen Xaneten arrastorik.

─Han dator! ─esan zuen lasaituta Laurak. Arineketan joan eta besotan hartu zuen. Xanet kanpineko komunera joan zen pixa egitera ezbeharra gertatu baino minutu pare bat lehenago.

    Mutu gelditu ginen istant batez. Ondoren etorri ziren negarrak, biraoak, liskarrak eta haserreak. Ander, Laura eta Xanetek kotxea hartu eta etxera egin zuten buelta. Bakar-bakarrik gelditu ginen Sebas eta biok.

─Etxera itzuli nahi duzu, maitea? ─eskuarekin igurtzi nion masaila.

─Gaur ez. Bihar. Igaro dezagun elkarrekin gure azken opor eguna. Ez da nik imajinatu nuen bezalakoa, baina banekien gauza bat: zure ondoan izan behar zuen. Uste dut nonbait idatzi nuela hori. Benetan ari naiz. Ez egin barrerik. Erakutsiko dizut aurkitzen dudanean.

    Algaraka jarraitu nuen, barruan gordetzen nuen sekretuaz deus esan gabe.

 

****

    Biharamunean ekin genion bueltako bideari. Eroso sentitzen nintzen zazpi metro luze eta hiru garai zen tramankuluaren agintean. Sebastianek ez zuen begirada leihatilatik urruntzen. Bazirudien aurreneko aldia zela itsasoa ikusten zuena. Hala izan zitekeela otu zitzaidan. Hilabete luzeak ziren Sebastianen aldamenean horren eroso sentitzen ez nintzenik. Kontuak atera nituen, aurrean neraman automobil frantsesarekiko distantzia jagoten nuen bitartean. Bi urte eta bi hilabeteko lehortea. Berriz begiratu nion Sebastiani. Itsasoari begira jarraitzen zuen. Akaso ordurako ahantzia izango zuen; nik luzaroan gogoratuko nuen. Larrutan egin genuen, ados, baina maitatua sentitu nintzen. Faire l'amour.

    Gasolioaren tankea idortzen ari zen. Kanpinetik atera eta gutxira piztu zen gasolio hornigailuaren itxurako pilotu laranja, Bayonne 17 panopean. Muga zeharkatutakoan gelditzea pentsatu nuen, hartara diru dezente aurreztu genezakeelako. Sebastianek erabilitako metaforaz gogoratu nintzen. Denborak ihes egiten zion, auto-karabana erregai gabe geratzen ari zen legez. Eta ni, hala eta guztiz ere, azkeneraino ari nintzaion zukua ateratzen erregaiari, orain gutxira arte Sebasek laranjekin egiten zuen bezalaxe. Tenorez genbiltzan oraindik.

    Irungo gasolindegi batean geratu nuen auto-karabana. “Ez ote zidan Sebastianek leku honetatik deituko herenegun?”. Tankea goraino betetzeko eskatu nion gasolindegiko langileari. Batbatean hiruzpalau segundoz iraun zuen dardara sentitu nuen poltsan. Mugikorra zen. Segundo baten hamarrenean azken egunetan bizitako gora behera guztiak etorri zitzaizkidan burura. Hamar dei galdu eta whatsappeko berrehundik gora mezu azaleratu ziren pantailan. Karmen, neba, Ander, Joseba, Edurne, Aitziber, Enrique, Joxe Mari... Eskuak dardaraka nituen. Ondo al zaudete? Mundu guztia ari da zuetaz galdezka. Zer demontre egin du Sebasek? Kaixo Julia, zmz? Zertan ari zinen pentsatzen? Zoratu egin al da? Erantzun mesedez! Non zaude? Telebistan zuetaz berbetan ari dira! Jatetxea zarratuta dagoela ikusi dut. Kartzelara eraman al dute? Ezer egin al dizu Sebasek? Aupa Julia! Esan nizun zaindu egin behar zenuela! Enteratu naiz ia Xanet gaixoa ere zapaldu duela! Sano al dago? Mugikorra amatatu nuen. Langileari ordaindu eta Sebasen ondora itzuli nintzen. Arnasa paparretik atera beharrean sentitu nuen. Ez nintzen kapaza izan aurrenekoan arrankatzeko. Ezta bigarrenean ere. Sebastianek leihatilatik begiratzeari utzi eta izterretik oratu ninduen.

─Ondo al zaude, laztana?

    Lozagiari begira jarri nintzen. Ezkerreko hanka dardarka neukan. Amorrua sentitu nuen zainetan eta milaka zatitan apurtu ziren oinei lotutako bilurrak. Ez zen ohitze kontua izan. Amorruak askatu ninduen. Amorrua da, azken finean, maitasunaren pareko indarra duen sentimendu bakarra.

─Bai, maitea ─eskua jarri nion bere eskuaren gainean.

    Hirugarrenean lortu nuen ibilgailua martxan jartzea. Segurtasun uhala jantzi eta errepidera atera ginen ostera ere.

─Hau al da etxerako bidea, laztana?

─Bai, maitea ─berriz estali nion eskua nirearekin.

─Ziur zaude?

    Baietz egin nion buruarekin. Leihatilatik begira jarri zen atzera ere. Itsasorik ez; paisaia berdea zuen orain parean. Ez zirudien aldaketaz jabetu zenik. Esan zitekeen aurreneko aldia zela mendiak ikusten zituena. “Oroituko ote da iristen garenean?”.

Ander Gartzia Badiola

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli