Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
MARRAK
   
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    

Axota eskuan zutela aurkitu zuten poliziek. Lurrean zetzan, koadrozko pijama bat soinean, idaz-mahaiaren azpian gordean bezala. Ez zegoen bortxa arrastorik inon. Agortutako boligrafoak zientoka agertu ziren. Paperezko orriz betea zegoen gela. Ez zuten, ordea, idatzitako testurik aurkitu, guztiak marraturik baitzeuden; marratutako borobilak eta marratutako kaiolak. Ez zegoen heriotzaren arrazoia azaltzen zuen ezer. Kafe orduan, miaketa burutu zuten poliziek elkarri aitortu zioten inoiz ikusi zuten krimen eszenarik erogarriena zela. Gero, ahaztu egin ziren hartaz. Ez dut esan, baina koadrozko pijama jantzita aurkitu zuten gizasemea hilotz zegoen.

Autopsia egin zioten medikuek heriotza naturala izan zela ondorioztatu zuten. Antza, ez zioten garrantzirik eman odolean zuen tinta urdinezko balio gehiegizkoari. Ezta sabelean aurkitu zizkioten tinta arrastoei eta boligrafoen plastikozko estalki puskei. Idazlea zela idatzi zuten txostenean. Hitzik idatzi ezin zuen idazlea. Ondoren, hilotza hozkailuan sartu zuten senitartekoren bat bere bila etorriko zela ziurtzat emanda. Idazleak ezagunak izaten zirela uste baitzuen bizar gorriko forentse jaunak. Ez zen inor etorri, ordea. Hilabeteak pasa zituen gorpuak zero azpiko gordailu hits hartan. Ez zuten senitartekorik aurkitu. Hilda omen zeuden guztiak. Bakarrik gelditu zela bizien munduan, eta bakarrik jarraitu zuen hilenean ere. Idazleak bohemioak zirela eta ez zituztela lagunak edo sendikoak maite pentsatu zuen gorputegiko sarrerak eta irteerak zaintzen zituen administratibo aspertuak. Guztia ohikoa zen.

Maizter zegoen etxearen jabea asko atsekabetu zen. Azken hileko alokairua ordaindu gabe zendu zelako. Bide legal guztiak arakatu zituen hilak zor ziona ordain ziezaion, emazteak zorakeria harekin bukatzeko agindu zion arte. Orduan erabaki zuen beste maizter bat aurkitzea merkeagoa izango zitzaiola. Emazteak garbitu zuen etxea. Hiru aldiz garbitu zituen komuna, egongela eta sukaldea, baina logelako atetik aurrera egin ezinik etxera itzultzen zen. Senarrak eskatuta ausartu zen azkenean eta poliziek utzi bezala topatu zuen logela. Ohea deseginda zegoen. Ordenarik gabeko paperezko zorua aurkitu zuen. Lisatu gabeko arropak edonon. Sexu eszenen argazkiak burkoaren azpian. Emakumeak orri meta itzelak aurkitu zituen idazmahai gainean, ohe azpian eta liburutegiko apal batean. Lurrekoak ez bezala, aparteko ordenan pilaturik zeuden orriak; kubo perfektuak ziren. Hilabeteak pasa- tuko zituen orriak halako zehaztasunez paratzen. Emazteak izua sentitu zuen eta orriak zeudenean utzi zituen. Ohea aldatu eta hautsa kendu zuen, besterik ez. Senarrari esan zion ezin izan zuela lana amaitu. Egin zezala nahi bazuen berak. Senarra ere ez zen ausartu eta orri marratuak egonean utzi zituzten.

Halaxe aurkitu nituen nik; senar-emazteek adeitasun handiz etxea erakutsi zidatenean. Idazten ari naizen istorio hau kontatu zidaten. Bueno, kontatu ez zizkidatenak neuk asmatu nituen emazteak egiten zituen keinu urdurietan. Hilabeteko alokairua oparitu zidaten. Lotsa sentituko zuten, ziur asko, maizter berriari orri pilaz beteriko logela uzteaz. Gauak igaro nituen ohe izkinatik orriei begira. Ez ziren mugitzen eta ez nituen mugitu nahi. Garaia zela iritzita, gau batean, ohe azpian nuen orri Marrak pila ohatzera igo nuen. 500 orrialde, bata bestearen gainean milimetrikoki ezarriak. Lehen orriak bi marra horizontal zituen marraztuak goialdean. Bigarrenari heldu eta bi marra berberak zertxobait beherago zeuden. Hirugarrenean ere mugitu ziren beherago; laugarrenean mozten hasi ziren eta bosgarrenean, kiribiltzen. Seigarrenean elkar hartuta zirkuluaren bila zihoazen eta hamalaugarren orrian zirkulua orriaren erdian zetzan. Hurrengo orrietan zirkulua betetzen hasi zen. Axota beltzez marraztutako fotogramak ziren. Forma geometriko askoren mugimendua, zehaztasun erogarriz eraikia.

Gainontzeko orri sailekin jarraitu nuen. Beste batean makila zuzenez eraikitako panpina baten istorioa kontatzen zen. Etxe baten barnetik irten eta sartzen zen pertsona arrunta. Bere logelako idazmahaian lanean aritzen zena. Etengabeko galdera ikur bat buruan, zerbaiten esanahiaren bila zebilela zirudien. Paperezko irudiak bata bestearen atzetik lotzen zituen istorio bizitua, alajaina. Idazlea ez, paperezko zinemagilea zen izenik gabeko gizona. Gorputegian zetzana. Istorioak biziarazten zituena.

Azken orri sortak ekarri nau hona. Hitzik gabeko istorioa hitzetara ekartzera. Etxetik irteten zen pertsona hura etxearen barruan zegoen orain. Eta kolore urdinak irentsi zuen. Astiro, irudi sekuentzia zoroan zehar, etxea urdindu egin zen eta etxeko pertsona zoko batean zapaldurik zegoen.Azken marrazki sailean polizia autoak azaltzen ziren. Argi urdinek keinu egiten zuten. Marrazko izakia etxeko atearen alboan zegoen zerraldo: sabela urdindua, gorputza izoztua. Tinta urdinak jan zuen hitzik aurkitu ez zuen idazlea. Hitz hauek idatzi eta bolaluma urdina kraskatu dut. Hain da gozoa urdinaren eta heriotzaren zaporea hitzekin idaztea.

NOR DA

Unai Baztarrika Otegi

(Beasain, 1982) Injineru informatikoa ikasketaz eta ofizioz.

Idatzi eta irakurtzeaz gosetu den idazle eskolatu berria.

Bere mugak deusezten diharduena.

 

   

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli