Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Argentinatik

Tandil, 1883ko Gabonak

   

Ez zekinat karta hau ailegatuko zainan, baina gure etxekoandrearen anaia omen dena dinagu bisitan etxean, gizon ona ematen din eta hark bultzatu nain eskribitzera. Berak lagundu zidan karta egiten, baina badakin, ni oso abila ez naizelako, labur arituko naun, esan beharrekoa omen dun eta inporta duena. Hala zion Julianok.

Gu ondo gauden. Pare bat hilabete izango ditun Bordelen Patagonia izeneko barkutzarrean sartu eta nik zer zekinat ba zenbat denbora itsasoan ibili, eta Argentinara ailegatu ginela. Buenos Airesen egon gaitun ia oraintxe arte, 40 bat lagun bai, eta erabat sakabanatu gaitizten, lana eman behar digutela eta. Mari Kruz, mesede bat eskatu nahi dinat. Ez zekinat gogoan izango dunan Beasainen eskolan elkarren lagun on izan gintunan Zaldibiako Arruarreneko Hatzoker. Hainbeste hitz egin dinat hari buruz… Ba, hura Filipinetara eraman zitenan gerrara eta Argentinara gure artean etorritako abaltzisketar batek esan zidanan Aranburu (hala esaten genionan eskolan) 5 urte gerran ibilita etxera itzulita dela, nonbait!

Gauza garbirik ez zekin, baina beldurgarria izan behar zinan inork ezer ez zekiela etxera etorri eta attek berak ere ezagutu ez izana. Denek hilda jotzen zitenan eta, hain zuzen ere, behatz eriagatik ezagutu omen zinan attek semea!

Ba, eskatu nahi dinadana dun, hi bizkorra haiz eta, moldatuko al haizen haren ezaupiderik egiten? Ataungo Aldabuko Pedro Begiristainen arreba haizela esaten badion, segituan jabetuko zain zein naizen! Ataungo Begiristain esan hik! Argentinara etorri naizela eta berak ere atarramentu onik izango ez duenez hor Euskal Herrian, hemen Argentinan lana besterik ez dagoela eta lasai etortzeko esan iezaion. Gure aldean atrebitua zunan lehen ere hura eta orain ere guk baino misterio gutxiago beharko din hark honutza etortzeko.

Segidan eskribitzen dinat, Juliano honek bidaltzea agindutako notizia. Buenos Aires eta Montevideoko egunkari guztiek jaso omen zitenan uda partean. Poltsikoan dirua baino ere begirune gehiagoz gordeta daramala ematen duen periodiko pusketatik hitzez hitz kopiatuko dinat hau:

"Se ha autorizado al Poder Ejecutivo de la República Argentina para contratar la inmigración de 10.000 vascongados como mínimum, y de 15.000 como máximum, en el término de cuatro años... El gobierno pagará diez pesos nacionales por cada inmigrante adulto, y cinco por cada niño mayor de doce años y menor de diez y seis".

Irailean, berriz, 24an, eguna eta dena ikusten baitzaion honi, egunkari horrek berak hau zion:

"... la república del Uruguay, la Argentina y Chile han acordado promover la inmigración fijando su mira en los colonos euskaros y habiendo determinado contratar entre todos unos 25 o 30.000 emigrantes vasconavarros".

Ba hori, aldarte ederrean nire ondoan dudan jaun honek honez gero nahikoa dudala esaten zidan eta hala beharko din ba. Uste dinat, hurrengoan bakarrik ere moldatuko naizela eta berriz ere eskribituko dinat, baina orain, Mari Kruz, hau leitu badun behintzat, Kaxetara jaitsi eta Nicomedesek lagunduko din hortik aurrera, karta nola bideratu Zaldibiaraino. Eta igual, Aranbururi eskura ematea ere gaizki ez… Baina tira, nik ezin eskatuko dinat hainbeste honezkero.

Badakin zorretan naizela eta bidaia ordaintzeko adina ez ezik, orain arteko ostatua hartzeko eta hala ere oraindik eskurako zerbait izateko adina eman hidana eta gehiago, ahal bezain azkar itzuliko dinat, bai horixe.

Eman iezazkien eskumuinak gurasoei, aitajaun-amandreei, eta badakin, denei. Ondo naizela esan, nitaz galdetzen dinatenei eta Zaldibiako Aranbururen arrastoa topa ezan behintzat, mesedez. Eskerrik asko, edo muchas gracias nahi badun, lehen gutxi eta orain askoz gehiago ez bazekinagu ere, hemengoak ere gaztelaniaz aritzen direnez, ari gaitun eta, horretara ere pixkanaka moldatzen.

Hire anaia, Pedro Miguel

 

Joxe Begiristain

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli