Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
7k13    
Irudia: Kristina Fernandez    
pdf    
REC 

Ez da kondaira bat, ez. Orain dela hilabete eskas gertatu zen; hurbil; nigandik hurbil eta are hurbilago zugandik. Hemen, han; atzo edota herenegun, hori gutxienekoa da.

Emakume liraina zen, oso ederra; ederregia, antza. Dotorea, jantzia eta argia; oso azkarra, azkarregia, antza. Eta beti izan da horrela, jaio zenetik, hil zuten arte; arimaz hil zuten arte, esan nahi dut. Heriotza guztiak ez baitira kanpotik antzemangarriak. Egon daiteke barnea hilda eta gorputza besteen begietara bizi-bizirik. Eta nor ausartu daiteke hori gezurra dela esatera? Eta bera ... Bera hil egin zuten, gaur, oraindik, arnasa har dezakeen arren.

Goizeko 8:00ak. Ez zen lanera joan. Igandea zen. Egun hartan, logelako ispiluaren parean geratu zen zutik; bere islari aurrez aurre begira, estreinakoz egingo balu bezala. Isilik; hitzak soberan zeuden; eta soberan gainera, soinean zeraman oro. Biluzten hasi zen; poliki, motel, momentuaz gozatuz. Bera eta ispiluan ere bera, biak bakarrik. Bideokamera ohe gaineko apalategian utzi zuen; den-dena harrapatzeko moduko leku aproposenean, alegia. Rec botoiari eman eta berearekin jarraitu zuen.

BEC. <<Soberan ditut zapatak; hamabi bat zentimetroko takoi hauek ez ditut behar jada. Mundua zapaldu nahi dut bai, baina nire oinen indar hutsaz. Oinutsik, aztarna utziz pauso bakoitzean, nire urratsen biografia osteko sinadura bailitzan. Ezker, eskuin, ezker, eskuin, ezker, eskuin, baina beti aurrera.

>>Estutzen ninduen;ninduen bai, iraganeko aditza erabiliz, gaur soberan dut-eta gerrikoa. Zulo gehiegi ditu, edonork nire ‘nia’ gehiago, eta gehiegi, estutzeko aukera errazegia ematen duo. Soberan.

>> ’Estali’ baino hitz itsusiagorik ez dago, gezurraren pareko da. 'Erakutsi' oso gertu du hiztegian, 'estali' baino aurrerago gainera; eta horrek, horrek zerbait esan nahiko duo Aurretik doanak irabazten du beti lasterketa. Soberan, soineko hau. Estaltzen nauen soinekoa.

>> Oroitzen Dali margolariaren artelan hura? Leihoan, bizkarra emanez, emakume bat. Neu naiz. Zain. Beti zain. Beti zure zain. Beti zure etorreraren zain. Beti zure etorreraren osteko besarkadaren zain. Beti zure etorreraren osteko besarkadaren berotasun zintzoaren zain. Beti zure etorreraren osteko besarkadaren berotasun zintzoaren geroko muxuaren zain. Zain. Zai. ZzZzzzzZ. Erlojua ere, beraz, soberan. Tiki-taka, tiki-taka amaigabearen tortura bukatu zait gaur.

>> Belarritakoak soberan. Apaindurarik gabe entzun nahi ditut zure hitzak, besteen hitzak, nire hitzak... Ez naiz nire bihotz kexatiaren garrasiak entzuteko gai izan; belarritakoen erruz, seguru aski. Ingurukoen aholkuak ere apenas entzuten nituen, kostata; belarritakoen erruz, bai, seguru aski.

>> Hegoak ireki eta harrotzean bihurtzen dira aske tximeletak. Eta nik tximeleta izan nahi dut; eskubidea dut hegan egiteko; legez idatzita ez badago ere, eskubidea dut. ESKUBIDEA DUT = eskura dut bidea... Hegan alde egiteko bidea; eskura. Eta horretarako mototsa askatu behar dut; burua astindu eta ilea hegats bilakatu. Mototsa, soberan. Kendu mototsa, askatasun hotsa.

>> Zimurrak ezkutatzeko, beltzuneak desagerrarazteko, azal latza leuntzeko ... Makillajea. Muxu bat emanda berehala desagertzen da ezpainetakoa. Kontuz! Benetako muxua denean bakarrik; bestela, hor dirau ezpain-gorri artifizialak, betierean. Eta nik, orain dela urte asko apaindu nituen ezpainak lehen (eta azken) aldiz. Gaur, margoturik diraute. Aspaldi desagertua ordea, begietako errimela; lehen malkoak ezabatu baitzuen, Jainkoak daki noiz .... Makillajea. Alokairuzko aurpegia. Soberan.

>> Ez, oraindik ez. Ez nago prest; ez nago biluzik. Ez naiz bele-belean NI. Kuleroak, bularretakoa ... Soberan barruko arropa; soberan, azken arrastoak >>.

STOP. Stop botoiari saka eta ka lera irten zen; biluzik. Ordu anitz eman zituen nora ezean, helmuga zehatzik gabeko ibilaldi balean. Plazera.

Biluzik eta oihuka; hori baitzen behar zuena. Isilean oihuka baina; hitzik behar ez den oihu batean. Lepoa tente, arnas sakonean murgildurik eta biluzik. Bakea helezina bada, hori zen antzekoena. Aske sentitu zen, lehen aldiz.

Gizon haren itzalean bizi izan zen urte luzez; Koldo, Kepa ... berak ere ez zuen oroitzen zehatz, eta horrek ere garrantzi gutxi du orain. Boterea indarrez ezartzen duten koldar horietakoa zen, edo da, balek daki. Maitasunaz ezer gutxi ulertzen duten horietakoa, emakumeak gorputz desiragarria izatea delitua ez dela onartu ezin duten horietakoa, delitua hain zuzen, edonor gutxiestean dagoela konturatu 'ez diren horietakoa. Eta berak hasi zuen emakume haren erailketa, barne erailketa. Eta zorotzat hartu zuten sasi-epaile guztiek jarraitu zuten sarraski harekin. Epaitu egin zutelako bai; ezjakintasunak bultzaturiko epaiketa, alegia. Gutxi behar izan baitzuten zoroetxera bidaltzeko; hasperen bat, besterik ez.

Mundu osoak egon behar du zoro; inor bere senean badago, emakume hori baita. Eta hori ulertzeko gai ez dena, hori, horixe bera da zororik zoroena hemen. Baina ez zuen inork ulertu.

NOR DA
Haizea Galarraga Arrizabalaga
Gasteizen jaioa, 1990ean. Lehen Hezkuntzako
irakasle izateko ikasketak burutu eta
Euskal Filologiako masterra gauzatu zuen.
Idazle Eskolan lehenengo maila bukatu barri du.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli