Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Inoiz saiatu al zara txori bati musu ematen? 
7k12    
Marrazkia:Kristina Fernandez    
pdf    

Txirrin hotsarekin batera eskolako umeen jolas zaratek bete dute eliza atzeko parkea, zoko guztietatik datoz barre eta kantuak. Parkeko banku batean daude Elisa eta Jon, amak prestatu dien ogitartekoa jaten hitzik esan gabe, usoen arnas hotsa besterik ez da sumatzen. «Inoiz saiatu al zara txori bati muxu ematen?» galdetu du Elisak begiak borobil, usoek ogitartekoetatik erortzen diren ogi apurrak jaten dituzten bitartean. Jon txokolatezko bokadiloari begira gelditu da.

«Inoiz saiatu al zara txori bati muxu ematen?» errepikatu du Elisak, ahotsa urratuz negar egitera doanaren antzera. Jonek ogitarteko zatia irentsi duo Ez dio Elisari begiratu nahi, honek bere begietan irakurtzen baitaki. Baina Elisak ez dio begirik kentzen, eta Jonek ezin du begirada horren ziztada luzaroan jasan.

«Behin kardantxori bati Humphrey izena jarri nion» bota du bat-batean barru-barrutik. Elisak begiak zabaldu ditu bere lagunaren konfesioa entzuteko irrikaz. Momentu batez arnas hartzeari utzi diote biek. «Behin kardantxoria bati Humphrey izena jarri nion» jarraitu du poliki Jonek, «eta liburuen izkinetan idatzi nuen be re izena urtebete inguruz». Esandakoarekin konforme, normala baino bi aldiz handiagoa den hozkada egin dio bokadiloari, eta ezer esan izan ez balu bezala jarraitu du jaten.

Elisak besotik heldu eta begietara begiratuz galdetu dio: «Inoiz eman al zenion muxurik Humphreyri?». Joni arnasa gelditu zaio eta masailak gorritu, mugimendu hotzez askatu da eta korrika alde egin nahi du, baina itsatsita gelditu da pitonisak izena asmatzen dizunean bezala. Elisak ogitartekoa erditik ebaki eta usoei bota die. Magalean daukan kartoizko kutxa bularraren kontra estutu duo Elisa eta Jon anai-arrebak dira, Jon da zaharrena eta Elisa etxeko txikia. Elisak ongi ezagutzen zuen Humphrey, orain dela urte eta erdi inguru anaiari oparitu zioten kardantxoria. Egun hartatik bere nebaren begiek distira berezia izan zuten, aurreko astean kardantxoriarekin batera desagertu zen distira bera.

Elisari gehiegi pisatzen dio bihotzean daraman sekretuak, usoek ogitartekoen apurrei mokoka jarraitzen duten bitartean Elisaren gogoak astebete egin du atzera, igande goizera hain justu. Gogoratu du goiz eguzkitsua zela eta etxeko guztiak lo zeuden bitartean, bera kardantxoriaren kaiola parean zegoela. Gogoratu du txoriaren mugimenduei adi begiratzen ziela inoiz baino gertuagotik, eta bere arnasak txoriaren lumak aztoratzen zituela emeki. Gogoan dauka urduri zegoela, aspalditik zerabilkiela buruan egun hura. Armairuko soinekorik ederrena zeraman jantzita, lehengusuaren ezkontzara eraman zuena, eta han zegoen Humphreyri so. Gogoan du, baita ere, nola ireki zuen kaiola. Eta ez du ahaztu Humphreyren taktua esku artean, ez eta haren bihotzñoaren taupaden bizkortasuna ere. Gogoratzen du txoriari begietara begiratu ziola, irribarretsu zera esaten ziola: «Badakit Jonena zarela eta berak ere maite zaituela, baina nik gehiago maite zaitut». Eta oroitzen du ezpainak borobilduta eta begiak itxita Humphreyri eman zion muxu luzea, eta nola xuxurlatu zion «maite zaitut» emeki, bere ustez txoriak belarriak zituen lekura. Eta gogoan dauka Humphreyk ez ziola erantzun, haserretu egin zela, eta gogor estutu zuela txoria bere bularraren kontra, kardantxiloaren bihotz taupadak esku artean.desagertu zitzaizkion arte. Eta korrika gelan ezkutatu zela eta Humphrey zapata-kutxa barruan ohe azpian gorde zuela. Oroitzen du soinekoa erantzita biluzik sartu zela izara azpian, baina ez zuela lorik egin. Eta hantxe gelditu zela gogoratzen du, ohe barruan kuzkurturik, azpian Humphreyren hilotzak gero eta hotzago zetzan bitartean. Eta ez du ahaztu Jonek txoriaren kaiola hutsa deskubritu zuenean, anaiaren bihotza erdibitzen entzun zuela, begietako distirak eskapu egin ziola eta anaiak zortzi urteko pertsona abandonatuaren gorpuzkera hartu zuela. Eta oraindik gogora etortzen zaio bere anaiaren irudia liburuen izkinetako Humphrey guztiak ezabatuz, amorruaren trazuaz.

Orain han daude hirurak parkeko bankuan: Elisa, Jon, eta Humphrey kartoizko kutxa barruan. Elisak Joni begiratzen dio zeharka. «Tori» esan dio halako batean, kutxa Jonen begien parean jarriz. «Tori, nik ez dut gehiago maite» esan du Elisak, eta beste ezer esan beharrik ez dagoela iruditu zaio, horrekin dena esana dela, eta hemendik aurrerakoa garrantzirik gabeko jarduna besterik ez dela.

Jonek kutxari begiratzen dio arrebari ezer esan gabe. Humphrey jartzen du letra larriz kutxaren gainean. Berehala konturatu da kartoizko kutxak ez daukala zulotxorik, eta oroitu du, zer gertatu zitzaion kilkerrari zulorik gabeko pospolo-kaxan sartu zuenean eta nola esan zion aitak: «Zulorik gabeko kutxak animalientzat, arrainentzat urik gabeko arrainontziak bezalakoak dituk. Hilkutxak». Eta ordudanik Jonek zulotxoak egiten dizkie kartoizko kaxei, bertan zomorro, sugandila edo bestelako animaliak sartu aurretik. Baina arrebak eman dion kutxak ez dauka arnasbiderik, eta badaki horrek zer esan nahi duen; hilkutxa bat daukala esku artean. Ez daki zer esan, ezta zer sentitu ere, eta halaxe gelditu da ezer egin gabe, Elisaren ondoan, hilkutxa magalean.

Elisa berriz gustura dago; anaiari itzuli dio anaiarena, eta ongi jokatu ondoren, heroi txikien animoa dauka. Alai altxa da bankutik, eta alde egin aurretik anaiari eskua sorbaldan jarri, eta esan dio: «Orain errazago emango diozu muxu». Joan egin da gero, bost urteko neskatilek egiten duten moduan, erdi oinez erdi saltoka, ume kantua ezpain artean.

NOR DA
Azkoitian jaioa 1984an. Artearen Historian lizentziatua,
kale antzerkian eta zirkuan egiten
du lan Bapatean taldearekin.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli