Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
AZKEN AGURRA

Peru Dulantz

Nakamak, elefante amonak, bazekien hiltzera zihoala. Akituta zegoen, gorputz zaharrak ezin zion gehiago eutsi. Egunak zeramatzan ezinean eta, are okerrago dena, jan gabe. Belar izpi txikiena ere gonbitoka botatzen zuen ahoratu orduko, eta Odami mendiaren magaleko iturri garbietan, zurrupada txikitan, edandako ur apurra ez zen nahikoa gorputz handi hark bizirik irauteko behar zuen energiaz hornitzeko.

Mendebaldeko taldeak ere bazekien amaiera gertu zegoela, besteak beste, azken egunetako ibilaldi motel eta laburren jomuga zein zen gero eta argiago ikusten zutelako: Kata-malungako harana, elefanteen hilerria. Taldekideak urduri zeuden, aztoratuta. Hogei urte inguru izango ziren taldeko gidaria zela Nakama, eta zaharrenek bakarrik gogoratzen zuten haren aurrekoa. Bera gabe galduta sentituko ziren. Nork gidatuko zituen, aurrerantzean, belar eta zuhaitz goxoenak zeuden bazterretara? Nork erakutsiko lehorte ikaragarri eta luzeenetan ere agortzen ez diren ur-putzuen kokalekua? Nork antzemango zituen, berak egiten zuen bezala, ia oharkabean, isilpeko ehiztarien joan-etorriak?, eta nork isilaraziko zituen taldekide guztiak, gertuegi zeudenean, ehiztariek ez entzuteko moduan ihes egiteko?

Kutora goi-lautadako animalia guztiek harriduraz begiratzen zioten ikuskizunari, geldi-geldirik, eta errespetu-adierazgarri zen isiltasunean; izan ere, zebrak, gazelak, hienak, lehoiak, gepardoak, lehoinabarrak eta lurralde hartako antilope eta ugaztun guztiek ezagutzen zuten Nakama; haiek ez ezik, haien gurasoek eta aiton-amonek ere, ume-umeak zirenetik ezagutu zuten Nakama, alderdi hartako benetako erregina eta jabe gisa; elefanteen taldeko gidari, beti indartsu, nagusi eta ziur. Eta orain, ezin zuten sinetsi ere egin begien aurrean zeukatena; ez, ezin liteke, ezinean eta balantzaka, taldekideek eutsita eta bultzaturik baino mugitu ezin zen hura, ezin zen haiek ezagutzen zuten Nakama izan.

Nakama, bitartean, lasai zegoen. Gorputzak ez zion nahi zukeen bezala erantzuten, baina buruak tinko eusten zion, eta helburu garbi bat zeukan: Kata-malungara garaiz iristea, han bake-bakean hiltzera. Kostata egiten zuen aurrera, urratsak bata bestearen atzetik arrastaka emanez, eta —gero eta maizago— arnasa hartzeko atsedenak eginez. Bitartean, ez erortzeko maitekiro eutsi egiten zioten albo banatan zeuzkan laguntzaileek (ahizpa gaztea bata, eta alaba zaharrena, bestea).

Amaierara gerturatu ahala, gero eta argiago etortzen zitzaizkion Nakamari bere bizitzako pasarte garrantzitsuenak: ume-umetako jolas axolagabeak, amaren maitasuna eta babesa, zentzuz ez ibiltzeagatik izandako istripu eta gorabeherak, lehen maitasun-harremanak, ama gisa eta taldeko gidaritzan izandako arrakasta… Bai, zalantzarik gabe, pozik zegoen egindakoarekin eta atzean utziko zuenarekin.

Ilunabarra zen Mendebaldeko taldea Kata-malungako sarrerako haitzartera iritsi zenean. Inolako seinaleren beharrik gabe, taldea bertan gelditu zen, Nakamak, oraingoan bakarrik, aurrera segitzen zuen bitartean. Hasieran ezin izango zuela zirudien, gelditu eta albo batera erori egingo zela, baina ahalegin handia eginez aurrera segitzea lortu zuen, arnasestuka eta bufaka. Taldekide guztiak zeru oskorrirantz zihoan irudi gero eta txikiago, gero eta lausoagoari begira gelditu ziren.

Halako batean, Nakamaren ahizpak tronpa altxatu eta marru egin zuen ozenki. Handik gutxira, elefante guztiek gauza bera egiteari ekin zioten, eta tronpak gora orroka eta marruka hasi ziren, denak batera. Taldeko txikienek ere, jolasteari utzi eta besteekin bat egin zuten; eta sortutako burrunba ikaragarria lurralde hartako lau haizeetara hedatu zen.

“Jakin dezatela guztiek, jakin dezatela iparralde, hegoalde eta ekialdeko taldeek ere, Nakama, mendebaldeko taldeko gidaria, Kata-malungako haranera joan dela bere arbasoekin bat egitera, eta han gure zain egongo dela gure egun handia iristen den arte”.

Jose Luis Larrañaga

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli