Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
nire_esku  
pdf  
 
Nire esku
Nire esku zaude. Botoitxoari behera sakatu diot, gero gora berriz. Besteari orain, ezkerrekoari. Zuregana zuzendu dut fokua eta berdea zara. Begi berdeak, aurpegi berdea, zure kamiseta zuria ere berdea. Larruazalak kolore mingotsa hartu dizu eta oihuka jarraitzen duzu. Ozen. Barruraino sartzen da zure garrasia. Bizitzeko hil beharra daukagu. Ta hiltzeko bizi beharrik ez. Gorria zara orain. Tomate baten parekoa. Odola bezain gorria. Alkoholak muturra izorratu balizu bezala. Gorria duzu dena, nik hala nahi dudalako. Urdina, horia. Zuriarekin jotakoan momia bat dirudizu. Nirea zara.

Inoiz iritsi gabea nintzen Ibarrara. Tolosara bai, inauterietan. Beno, inauteriak edo. Sevillanaz jantzita etorri ginen larunbat gau batez, Euskal Herriko inauteririk onenak omen zirenak ezagutzera. Buruan arrosak, castañuelak eskutan… Ia mozorrotutako bakarrak gu geu ginen. Gero jakin genuen igandera arte ez omen dela mozorrotu behar hemen. Baina Ibarrara ez, Ibarrara ez nintzen gaur arte heldu. Beno, Tolosa eta Ibarra ia gauza bera direla esan du Igorrek, zubitik pasatzean. Ezetz Aitorrek. Zubitik alde honetakoa Tolosa da, beste aldekoa Ibarra. Zubia omen da bi herrien arteko muga. Zubiak ez dira beti gauzak lotzekoak izaten, beraz. Zubia. Ez nuen horrelakoa gogoratzen. Lehen ez zeuzkan hesi berde horiek. Bizilagunei gutxiago molestatzeko omen dira.

Garrasiak. Txaloak. Saltoak. Buruak gora eta behera. Alkohol zipriztinak airean, botilak lurrean. San Miguel botila guztiz hustu gabe bat etorri zait oinetara, bueltaka. Jo egin diot, jarrai dezala bueltaka, biraka. Biraka dabilena ez doa inora. Baina ez da inora joan gabe geratzen. Esan nizun dama, ez zela betiko…

Gorriak ikusten ari zara, nigatik. Gaueko protagonista egiten zaitut. Eta Miren eta Aitorri ere beraien partea eman beharko diet. Gorria, morea, urdina, kea. Eta ilunpean utzi zaitut nahita. Ez zarelako gaueko izar bakarra. Dena beltz daukazu orain. Ez zara inor, ahotsa bakarrik. Oihua. Eztarria. Mugimendua. Txurroak dantzan, suge pozoitsuen moduan.

Gaur inoiz baino azkarrago, indartsuago dabiltza nire hatzak. Dena doa azkarrago. Badirudi zu, zuek zaretela gaur niri jarraitu behar didazuenak. Zuek niri, eta publikoak zuei. Saltoka, oihuka, balantzaka. Eta bultzaka. Jauzi egitera elkar animatuz. Ez dauka jendeak hotzik. Normala, horrelako mugimenduarekin. Baina, batez ere, neskek ez daukate hotzik. Besteak berotzeak emango die beroa hauei ere.

Zeinen desberdinak diren gauzak, enfokearen arabera! Goitik argiztatuta buruhandia dirudizu. Behetik, berriz, zure hankarteak dirudi inoiz baino handiagoa. Zureak ere bai.
 
Ia bi ordu, beste bat, beste batak medio. Nekatuta jaitsi zarete eszenatokitik, izerdiaren disdira azalean. Hala ere, gaur beste batak ez dira bestetan bezain ugariak izan. Bai, bagenekien jendea bigarren taldea ikustera etorriko zela, batez ere, guk – zuek– bertsioak baino ez dituzue egiten eta. Lehengo platera gara –zarete–, sarrerakoa.
 
Trasteak pixka bat txukundu ondoren pote bat hartzera joan gara. Bat, bi, hiru, lau pote. Balak bezain azkar sartzen dira zuritoak gorputzean. House mugimenduan txertatu gara, eta berez doaz gure gorputzak, nahiz eta nekea ere izan gainean. Izan ere, hirugarren gaua dugu segidan. Bost eta erdietan geratzen gara Gurutzen. Bidea. Iritsi, muntatu, tabernan afaldu eta jotzera. Jendeak bi ordurengatik asko kobratzen dugula esaten du. Bi ordu balira! Eta desmuntatzea da okerrena. Muntatzerakoan, behintzat, ilusio bat daukazu, zerbait eraikitzen ari zara, zerbait sortzen… baina desmuntaia desegitea baino ez da, zerbait dena ezerez bihurtzea. Gaurkoan eskerrak libratu garen.
nire_esku1

Igor eta Aitorrek ia hartuak dituzte pare bat tiro. Nabari da, beste automatismo batekin daramate erritmoa. Orain gure txanda da. Zerbeza bana eskuan, komuneko ilaran jarri gara. Zergatik pasatzen dute neskek hainbeste denbora? Makillatzen, seguru. NANean nire argazkia ikusi dut, iletsuago eta lodiago. Gaueko bizitzak kiloak lapurtzen ditu. Doneztebekoa etorri zait burura. Eta zuri ere bai, ziur. Nola ez. Hain gertu. Baina jada hain urrun. Alferrik. Dagoeneko raya-k bakarrik konpartitzen
ditugu komunean.

–Hi, gaur ze ostian ibili haiz?
–Bai ezta? Rodajea hartzen ari haiz, e?
–Bizi ibili haiz, bai.
–Bai, bizi ibili nauk, bai.

Neska gazteak inguratzen zaizkigu. Musikariak garelako –zaretelako–. Batez ere zuri. Eta Aitorri. Ni ez, ni argien tipoa baino ez naiz. Ilunpean geratzen dena. Baina berdin zait.

Zuritoak inoiz baino txikiagoak dira edo inoiz baino egarri handiagoa daukagu.

–Komunera bueltatxo bat?
–Ez diagu lorik egingo martxa honetan!
–Lo gero ere nahiko egingo diagu.

Ez duzu nirekin komunera joan nahi. Baina ez lo egin nahi duzulako. Hotzik ez duen horietako batek berotasun gehiago nahi du, itxuraz. Eta zuk ere bai. Edanak zer duen. Batek bestea eskatzen du. Zuritoek ez dute bakarrik jauzi egin nahi eztarrian behera. Batek bestea. Besteak bestea.

Aitorri ere ahaztu zaizkio nekeak. Geratu gabe ari da. Eta zu bazoaz. Gaur beltzaran batekin.

–Lasai joan, moldatuko nauk. Bihar bost
eta erdietan.

Beraz bakarrik bueltatzea tokatzen zait gaur ere.

Ibarrako zubia altua da. Eta aldamenetan hesi berdeak jarri dituzte. Gertutik uste baino altuagoak dira. Non murgildu hauta dezaket. Ezkerrera Ibarra, eskuinera Tolosa. Martxan utzi dut autoa, zure ahotsa isil ez dadin. Bizitzako hil beharra dago. Hiltzeko bizi beharrik ez.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli