Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
goienetxea_4a.png  

 

Lumetatik isuritako katuak
 
Literaturan, hainbat katu isuri izan dituzte idazleek beren lumetatik: maltzurrak, lagunkoiak, misteriotsuak, jatunak… Katuak eta katuak irakur daitezke poemetan, ipuinetan, eleberrietan zein komikietan. Batzuk aipatuko ditugu, gure begien aurretik pasatutako orrietan aurkitutakoak, baina baietz irakurleak katu gehiago gogoratu.

Poesian, adibidez, Koldo Izagirrek sarri agerrarazten ditu animaliak Rimmel bilduman, eta tartean katuak ere bai. Batean, adiskideari hoa zakurraren salara! esaten dio katu batek; beste batean, automobila izatea justifikatzeko katuak erabiltzen dituzte gurasoek umearen galderen aurrean: Auto azpiak/ maite dituzte katuek// udan gerizpea behar dute/ eta neguan/ motorraren berora dira biltzen. Fabulas fabulosas en dialecto vizcaino liburuan, hitz neurtuz kontatzen dira katuen eta katamotzen gorabeherak: gose delako etxetik basora alde egiten duenaren istorioa, edo txakurra bezain esanekoa ez izateagatik kaiolatutakoarena. Oskorrik ere famatu zuen abesti bat, Katuen testamentue.

Charles Baudelaire-ek Katuak poema idatzi zuen Gaizkiaren loreak liburuan: (…) indarra eta gozotasuna/ katuena, egoileak eurak, hozberak.

Federico Garcia Lorcak idatzitako poema bat, Canción novísima de los gatos, 1986an aurkitu zuten, eta honela dio hasieran: Mefistofeles etxezalea/ eguzkipean dago etzanda./ Katu dotorea da lehoi keinuduna,/ ondo hezia eta ona,/ nahiz eta apur bat bihurria. Jorge Luis Borgesek ere badu poema pare bat, Aun gato eta Beppo, Pablo Nerudak Oda al gato idatzi zuen amodiozko hogei poemen eta abesti desesperatu baten artean… Badira, beraz, silaba neurtuen gainean saltari aritu diren katuak.
goienetxea_4.png

Eta bide lauagoen gainean ibili direnak ere ez dira gutxi. Narrazio askotan irakurri ditugu katuei buruzkoak. Lewis Carrollek sortutako Lurralde Miresgarrian Alice-ri agertzen zaion chesire katu marraduna, adibidez, (…) oso astiro desagertu zen, buztanaren muturretik hasi eta irribarrean bukatuz (…). Edgar Allan Poek bi katu izan zituen, eta horietako bat gaixotu egin zen Poeren emaztea hiltzean; Katu beltza idatzi zuen gero idazleak. Ernest Hemingway hogei katurekin bizi omen zen etxean, eta idatzi zuen ipuinetako bat Katua euripean da, Gabriel Garcia Marquezen ustez, irakurri duen ipuinik onenetakoa. Julio Cortazarrek ere bazuen katu bat, Teodoro W. Adorno, eta bere idatzietan agerrarazten du behin baino gehiagotan: besteak beste, Rayuela-n, Egunari itzulia laurogei mudutan-en edota Filosofoez eta katuez gehiago-n; bere katuari jarritako izenaren zergatia azaltzen du azken horretan.

Eider Rodriguezen liburu berrienean bada ipuin bat, Ez du katu bat balio. Bertan, protagonistak estimu handiagoa dio katuari laneko nagusiari baino. Katua nobioak oparitu zion, krisialdi emozional bati aurre egiten lagunduko ziolakoan. Baina, katua hil egingo zaio. Eta berak lur jota jarraituko du, eta lanera joaten (nahiz eta beti berandu), eta nagusiaren harropuzkeriak ere bai. Nagusia akabatu nahiko luke. Thelonious hilik da eta gizon horrek ez du katu bat balio, dio protagonistak. Jose Luis Otamendiren narrazio batean, Euri kontuak liburuan, protagonistak Katuak izeneko poema bat itzuli behar du, Francisco Urondo delako argentinar batena, enkarguz, eta bizimodua aldatuko dio lan horrek, baita bere lagunari ere. (…) banekien zirrara eragingo zidana lehen hitz horrek, eta idatzi egin dut. Katuak.

Gehiago ere aurkituko ditugu, ziur, liburuetako lerroetan zehar. Horretarako, atzaparrak miazkatu eta orrietan arakatu, badira-eta hamaika katu. Hamaikatu, lumetatik isuriak.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli