Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 HODEI BAT EKARRIZ GERO, SOILIK 
   
Izaskun Etxeberria    

Urtero bezala, ospatu berria dugu Liburuaren Eguna, 1996tik, hain zuzen, UNESCOk aldarrikatu zuenetik. Apirilaren 23an ospatzen da egun horretan bertan jaio baitziren Cervantes, Shakespeare eta Garcilaso.

Aipaturiko egun seinalatuan liburutegietan emanaldi bereziak prestatzen dira, eskoletan ekintza desberdinak antolatzen dira, hedabideetan literatura goresten da eta esparru horietan guztietan irakurzaletasuna bultzatu nahi izaten da dakarzkigun onura guztiez ohar gaitezen.

Victor Morenok dio irakurketak baduela diskurtso fundamentalistatik dimentsio soziala bete nahi izaten duenean, irakurtzeak gure gizarteratzea ahalbidetzen duela esaten zaigunean, irakurtzea gizabanakoaren dimentsioa delako eta ez duelako zer ikusirik beste pertsonekin. Bloom irakasleak esan zuen ez dagoela erlazionatzerik irakurketa pertsonalak ematen digun plazera jendartearen ongizatearekin.

Egia da aipaturiko diskurtso fundamentalista hori gizartearen zenbait estamentuk bultzatu egiten duela. Literatura giza-botika bihurtu nahi dute, izan ere, balioak transmititzeko erreminta bihurtu nahi dute literatura, baina ez da hori biderik hoberena ezta bakarra ere. Eta horrek ez du esan nahi, Txillardegik aipatu bezala, idazlearen luma gizartean eragiteko tresna ez denik.

Begira diezaiogun, adibidez, gaur egungo Haur eta Gazte Literaturari: helduok jorratu nahi ditugun gaiak eta transmititu nahi ditugun balioak eskaintzen dizkiegu haur eta gazteei gehiegizko istorioekin: Nikolas Txikik esaten zuen bere izebak urtero, urtebetetze egunean, hartz-kumez, untxitxoz, katutxoz eta mota guztietako animaliatxoz beteriko liburuak oparitzen zizkiola. Hori gustatuko zaio nire izebari- gehitzen zuen.

Zubizarretak salatzen du azaleko psiko-literatura pedagogikoaren bidetik haurrei irakaspenak eman nahi izatea. Horren guztiaren bidez literaturaren erabateko instrumentalizazioa lortzen ari dela gaineratzen du. Literaturak liluratu egin behar du. Plazera da literaturaren gakoa dio Morenok eta erabat bat nator idazle nafarrarekin.

Arestian aipatu bezala, literaturak liluratu egin behar gaitu eta, are gehiago, literaturak plazera eman behar digu. Horrek ez du esan nahi, aitzitik, literaturak ez daukanik dimentsio sozialik. Izan ere, literaturak gizakiok kezkatzen gaituzten gaiak ezin hobeki adieraz eta transmititzen dizkigu lirikotasunez, magiaz, dramatikotasunez, umorez … pertsonaia sinesgarri eta hunkigarriak bitarteko dituela.

Pentsa dezagun alzheimerraz, memoriaren deserriratze latz horretaz, hitz egin nahi dugula, sentsibilizatu, sozializatu, emozioa eragin. Literatura lagungarri suerta dakiguke? Jar ditzagun adibide batzuk. Ez al zuen Unai Elorriagak “SPrako tranbia” eleberriko Lucas maitagarri bihurtu emazte Rosa hilari behin eta berriro hitz egiten zionean edo gaztetako une zoriontsu bat “txokolatezko segundoa izan zen hura” gogorarazten zionean?

Bestalde, didaktikoagoa suertatu zen Anjel Lertxundiren “Etxeko hautsa” nobelako protagonistari bere aitarengatik neurologoak azaldu zionean “gaitzaz ez dakigu zuk dakizun baino askoz ere gehiago, horixe da drama” ; edota Kirmen Uriberen “Mussche” eleberrian kontatzen denean Habana itsasontzian erbestera joan ziren Mirande ahizpatako baten testigantza: “Badakit gaixorik nagoela, baina bidaia hori ez dut sekula ahaztuko”. Alzheimerra zuen emakume hark xehetasun osoz kontatu zion Uriberi nolakoak ziren haurtzaroko egun mingots haiek.

Bukatze aldera, “Arrugas” (“Zimurrak”) komikian Miguelek Emilio logela kideari lagunduko dio bizi diren egoitzan eta, familiak Maragalli bezalaxe “Bicicleta, cuchara, manzana” dokumentalean, papertxoak, oharrak eta aginduak idatziko dizkio bigarren solairura bidali ez dezaten han baitaude alzheimerrak irentsi dituenak; bigarren solairuan baitago Modesto, gaztetan emazteari esan ziona: Hodei bat ekarriz gero, soilik.

Izaskun Etxeberria

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli