Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Ingurune erdaldunean haur euskalduna hezten
mu3    
pdf    

Gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna: GUTXIEGI. Oharra: erdaraz gehiago hitz egin behar du». Emaztea eta biok harri eta zur geratu ginen sei urteko alabaren lehen hezkuntzako lehen urteko lehen hiruhileko notetan (2009-2010 ikasturtean) idazpen hori irakurri genuenean. «Nola liteke?, sei urte ditu eta D ereduan dago». Egia da oraindik ez dela gaztelaniaz hitz egiteko gauza, eta ez duela asko ulertzen, baina zein maila eman behar du, bada, GUTXIEGI bat merezi ez izateko euskal eskola publikoa omen den horretan?

Hurrengo egunetan zalantza horrekin jo nuen seme-alabak zituzten lankide euskaldunengana, eta ustekabe galanta hartu nuen; izan ere, alabaren notetan idatzitakoak baino gehiago, gure alabaren hizkuntza egoerak harritu zituen; «Arabako lautadako herri horretan bizi izanda, nola egin duzue? Gure kasuan, emaztea eta biok euskaldunak izanagatik, eta beti euskaraz hitz egin arren, gure seme-alabek berehala ikasi dute gaztelania eskolan, eta han erdararako joera handia hartu dute» batek; «Ikastolan hasi zirenetik euskara alboratuta daukate» besteak; «7 urteko semearen urtebetetzean haur guztiak batera ‘aquí estamos hablando castellano’ oihukatzen zuten, erritmoa mahaia kolpatuz markatzen zuten bitartean» hirugarrenak. Ezin nuen sinetsi, egoera benetan negargarria zen, nik uste baino okerragoa. Zertan izan gara gu, bada, bereziak? Zer egin dugu guk besteek egin ez dutena? Hori argitzea da, hain zuzen ere, artikulu honen helburua.

Alaba jaiotzeaz batera etorri ginen bizitzera herri honetara, eta, nahiz eta oso giro erdalduna topatu, gu, naturaltasun osoz, euskaldun gisa bizi izan gara. Bikote harremana beti izan da euskaraz, eta euskaldunekin «beti» euskaraz hitz egin izan dugu. Horrela, hasieran euskararen basamortua iruditu zitzaigun herrian hain bakarrik ere ez geundela konturatu ginen. «Aizu, ez dakit konturatu zaren, baina Eroskiko harakina getariarra da, eta primeran egiten du euskaraz». «Bada, botikako neska, beltzarana ez, bestea, ilehoria, euskalduna da, eta oso atsegina». «Umeen arropa-dendakoa pixka bat bultzatu eta euskaraz egin dit. Aizu, garrantzitsua da umea aurrean dagoela eta bere arropaz ari garela, eta argi esan diot: nirekin, saldu nahi baduzu, badakizu, euskaraz egin». «Bai, eta liburuzaina, kultur etxeko harrerakoa, IFA supermerkatuko kutxazaina, VITALeko langile berria, urliaren ama, sandiaren aita…». Azkenerako, alabarekin edo alaba gabe etxetik kalera ateratzen ginenean beti izaten genuen elkarrizketaren bat euskaraz, eta askotan euskara gaztelania baino gehiago ahoratuta bueltatzen ginen.

Beste faktore garrantzitsu bat izan liteke hiru urtera arte eskolatu ez izana; izan ere, horren ondorioz, alaba eskolatu zenerako bere ikaskide guztiek ikasturte bat, gutxienez, egina zeukaten euskaraz, eta ulertzeko gauza ziren behintzat. Gure alaba, berriz, euskaldun elebakarra zen. Hizkuntz egoera horri andereñoaren konplizitatea eta eskolan euskararen erabilerari ematen zitzaion prestigioa gaineratuta, ikasturtearen amaierarako haur guzti-guztiek beren artean euskaraz egitea lortu zen, bai eskolan, bai eskolatik kanpo, irakasleen harridurarako eta, ziotenez, eskola horretan lehen aldiz.

Bestalde, euskaraz dugun haur-hizkera aberatsa ere asko erabili genuen, eta gure etxea «papo», «apapa», «mama», «txitxi», «punba» eta enparauez bete zen. Batzuk ez dira horren aldeko, eta hasiera-hasieratik haurrei «ondo» hitz egin behar zaiela diote; baina gure aurrekoek mendeetan zehar erabili badituzte, arrazoiren bat egongo zen horretarako. Hitz horien fonetika oso erraza suertatzen zaie oraindik hizketan hasi ez diren haurtxoei. Haur euskaldunak txiki-txikitatik «ura» esatera bultzatzen baditugu, ez harritu «agua» edo «aba» esanez erantzuten badute.

Horrez gain, ikus-entzunezkoen atala aipatu behar da. Hori ere kontuan hartu genuen, eta lehenengo urteetan etxean ez zen inolako aparailurik pizten euskaraz ez bazen, alaba bertan zegoela behintzat. Amona bisitan etorri eta “Gran Hermano” ikusi nahi bazuen, sukaldera bidaltzen genuen. Bestalde, izeba-osabek intentziorik onenarekin egiten dituzten opari zaratatsuen arazoak (adibidez, erdaraz «garrasi» egiten duten panpinak) konponbide erraza du: pilak kendu eta kito. Umea txikia den bitartean ez da konturatu ere egiten, eta denok eskertzen dugu.

Dena dela, aipatutakoak nahiko kontu zaharrak dira orain guretzat; izan ere, gure helburua erabat lortutzat ematen baikenuen: alabaren ama-hizkuntza, hizkuntza nagusia, euskara da, eta beste haur eta helduekin dituen harremanetan euskara erabiltzen du. Horregatik, azken bi urteotan dezente erlaxatu gara, eta alabari erdarekin harremana izateko bideak gero eta gehiago zabaldu dizkiogu, bere martxan ikas ditzan; aurten Olentzerok ditxosozko Nintendoa ere ekarri ez dio bada!

Beraz, pozik gaude orain arte egindakoarekin, eta ez dugu andereñoaren gomendioari jarraitzeko asmorik, ez baitugu uste, inola ere, alaba gaztelania ez ikasteko arriskuan dagoenik.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli