Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Errinozerontitis sindromea
errinozerontitis2    
pdf    

Azterketen emaitza artean klinikaren anagrama zuen gutun-azal txuri eta txukun batean sartu, eta buruko minez, lehen bezain nahasia atera nintzen mediku kontsultatik. Sendagilearen diagnosiak horrelaxe zioen:

«Buru hezurraren parietaleko bi aldeetan ziklospirinaren odolaren maila altuek eraginda, edema angioneurotiko bana antzematen da. Horrek parietal barrunbearen eta epidermisen artean dagoen gantzpanikulari aldizkako porfiria zorrotza eragiten dio, kopeta alboetan konkor arin bana agerraraziz».

Larria ote zen galdetu nionean, mahai atzean paretan zintzilik zeuzkan bospasei diplomek ematen zizkioten autoritate, babes eta irmotasunarekin, argi eta garbi hitz egin zidan.

Buf!... oso ondo ez zekiela, baina aspaldiko gaitza zela…, jende askok pairatzen zuela…, gaitz horren inguruan kongresu batzuk antolatu zirela…, bere izebaren izeba bati antzeko koskortxoak atera zitzaizkiola ipurdian…, ikerketa batzuk egiten ari zirela… Azkenean, ahopeka, Gorritin konfiantzako petrikilo bat ezagutzen zuela eta nahi banu telefonoa emango zidala, esan zidan.

Nire aurpegiak harridura adierazten zuela ikusita, duintasun osoz erantsi zuen.

–Oso argi dago, zuk “Errinozerontitis Sindromea” daukazu.
–E!... z…

Erantzuteko denborarik utzi gabe hurrengo asterako hitzordua eman, eta «hurrengoa!», deiadar egin zuen.

Etxera iritsi bezain pronto, komunean sartu nintzen eta gutun-azala askatu gabe, ispilu aurrean nire buru goialdea, arretaz, aztertu nuen. Kopetako bi aldeetan min eta azkura handia ematen zizkidaten bi koskortxo nituen. Oso handituta zeuden eta gogor-gogorrak.

Ispilutik nire kezken irtenbiderik ez zegoela ikusirik, komunetik atera eta ordenagailuaren pantaila aurrean eserita, nire ondoezaren jatorria bilatzeko asmoz teknologia berriekin saiatu nintzen. Googlen sartu, «gaitz arraroak» idatzi eta enter sakatu nuen. Egundoko zerrenda atera zen, baina ditxosozko sindrome horri buruz txintik ere ez. Oraindik sailkatu gabe egongo zela pentsatuz, ordenagailua itzali eta beste bide batzuk jorratzea erabaki nuen.

Izan ere, telefonoa hartu eta nire lagun min eta neska lagunari deitu nien. Betiko orduan betiko tabernan geratu ginen.

Kalera irteteko nire jantziak ondo baino hobeto aukeratu nituen. Txikitako txandal zahar bat, korrika egiteko zapatilak eta kopetako arazoa disimulatzeko, lasterketa herrikoi batean –ez naiz oso ondo gogoratzen zein– parte hartzeagatik oparitutako buruko xingola.

  errinozerontitis1

Luzatze ariketa batzuk eginez, tabernan sartu nintzen.

–Kontxo! Ez nekien orain kirolik egiten zenuenik –esan zidan lagun minak, iristerakoan.

Neska lagunari berriz ez zitzaion gehiegi gustatu nire mozorroa.

Vaya, vaya por dios!… baina, baina a ze piura!… nik ez zaitut ezagutzen, e!...

Nire janzkeraren arrazoiak azaldu nizkien eta horrekin batera eskuan, oraindik askatu gabe, neraman gutun-azala luzatu nien.

Nire lagun mina izan zen lehena sendagilearen diagnosia irakurri eta epaia emateko.

–Bai, ez dago inongo zalantza izpirik. Duela oso gutxi aldizkari nahiko serio batean irakurri dut zeurea. Errua antena parabolikoetan dago. Bai, hauek eremu elektromagnetikoa sortzen dute, mikrouhin bidez. Ba, uhin horiek gure burmuinak sortutako eremu elektromagnetikoarekin talka eginez gero, horrelako albo-ondorioak suerta daitezke.

Nire neska lagunak sinesgarritasun falta aurpegiarekin begiratu zion.

–Ez motel, ez esan txorakeriarik; zeharo nahastuta zaude! Errua elikagai transgenikoak jatearena da. Elika-katean, geuk eraginda, transgenikoek nozitzen dituzten gene aldaketak azkenean geuk ere
–kate horretan azken muturrean gaudenok, bizkorrenak garenok– geuk ere jasaten ditugu.

Segituan, haserre oso, nigana zuzendu zen.

–Segi, segi! Segi entsaladari artoa eskukadaka botatzen!...

Neska lagunak eta lagun minak taberna utzi zutenean, hantxe geratu nintzen ni zerbeza bati begira, burumakur, kopetan nuen eragozpenari gainera errudun konplexua erantsita.

Etxera nahiko lur jota itzuli nintzen eta halaxe pasatu nuen aste osoa.

Medikuenera bueltatzeko bezperan nire neska lagunaren telefono dei bat jaso nuen. Oso gauza garrantzitsua esan behar zidala komentatu zidan. Eta ezin zuela gehiago itxaron. Eta ba! Total!... telefonoz esango zidala. Oraindik asko maite ninduela, baina duela aste batzuk nire lagun minarekin ibiltzen hasia zela. Sentitzen zuela, eta inoi… (piiii, piiii, piiii…)

Hurrengo egunean goizeko 11.00etan medikuaren kontsultara sartu nintzen. Oso kasu arrunt bezain arraroa zela eta oraindik bere jatorria jakin gabe jarraitzen zuela hasi zitzaidan.

Nik bai, nik nire buruhaustearen zergatia banekiela esanez moztu, eta orain nik «hurrengoa!» deiadar eginez, alde egin nuen kalerantz.

Egia esan, hasieran gaizki pasatu nuen, baina orain nahiko ondo nago. Konkorrak loratu egin dira eta jadanik ez didate apenas minik ematen. Janzkerak bultzatuta korrika egiteari ere ekin diot.

Bestalde, entsaladari inongo konplexurik gabe artoa barra-barra botatzen jarraitzen dut.

Mikel Agirregoezkorta

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli