Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Zegaitik?
Etxeak hil egiten dira beren barruan norbait
bizi ez bada,
baita pertsonak ere.
(Kirmen Uribe)
zergaitik1    
pdf    

Zergatik? Zergatik galdetzen zenion zeure buruari etengabe, zenbat eta gehiagotan galdetu, erantzuna orduan eta errazago topatuko zenuelakoanedo. Zergatik? Zergatik zuri? Zergatik justu ondoen zeunden momentuan? Zergatik utzi zintuen inoiz ez bezala maite zenuenean? Zergatik?

Gizakiok geure bizitzan zehar egin ohi ditugun akatsik handienak buruari jaramon egin behar diogunean bihotzari egiteagatik izaten direla esan zenion, eta bihotzari egin behar diogunean, buruari egiteagatik. Behin eta berriz erregutu zenion ez pentsatzeko buruarekin, maitasunean bihotzak agintzen zuela eta honen mintzoari egin behar ziola jaramon. Alferrik.

Denbora pasatu zen ordutik. Bazenekien iragana atzean utzi behar zenuela, berataz ahaztu behar zenuela aurrera egiteko, berriz ere zoriontsu izateko, baina ahaztea zaila da oso, bihotza duenarentzat. Esku artean hartu zenuen argazki albuma eta une batez denbora gelditu eta betikotu zenituzten irudiei begira hasi zinen, aspaldi hil ziren irudiei begira. Argazki horiek jaso zituzten zure azken irribarreak. Orain, zure memorian ez zen geratzen zoriontsu izan zineteneko irudi horien oihartzuna baino, bere oihartzuna baino.

Zure ondotik aldendu zenetik korapiloa zenuen sabelean, itotzen zintuen estuasuna eztarrian, arantza bihotzean. Ez zen berataz gogoratzen zinelako, ez, zutaz gogoratzen zinelako baino; zu bere ondoan zeundenean zinen hartaz, sekula gehiago izango ez zinenaz. Betiko galdu zenuen bera, eta berarekin batera zeure parterik handiena ere bai.

Ez zenekien aspaldian nondik nora zebilen, non zegoen; berdin zizun ordea, bazenekien eta non ez zegoen: zure ondoan. Ez zuen alferrik idatzi Sarrionandiak falta den hori falta den lekuan nabarmentzen dela gehien. Bere hutsuneak lehertzeraino betetzen zizun bihotza. Denborari denbora emateko esan zizuten lagunek, zauriak berez itxiko zirela, baina denbora pasatzen zen eta ez zen denbora baino pasatzen. Zuk berarekin oroitu nahi zenuen, baina ezinezkoa zitzaizun sekula ahantzi ezin zenuen hartaz oroitzea.

  zergaitik2

Aspaldi jaso zenuen bere azken telefono deia. Oraindik gogoan duzu zein eder ikusi zenuen kablearen beste aldean. Barru-barrutik poztu zinen bere ahotsa berriz entzutean. Hizketan hasi eta berehala, ordea, etorri bezala joan zitzaizun poza, tristurari lehenago zuena baino leku handiagoa utziz zure barnean.

Nola zenbiltzan galdetu zizun lehenik, ez benetan jakin-mina zuelako, esan behar zizuna esateko bidea eraiki behar zuelako baino. Eta hiru-lau lelokeria gehiago esan ostean, deblauki, beste pertsona bat ezagutu zuela esan zizun, eta beste horrekin hasi zela zurekin gogoratzea eragiten ziolako, aspaldian zuk zeuk baino gehiago. Zerbait esan nahi izan zenion, baina bere lekura bueltatu zitzaizkizun ezpainak.

Lehen ilunak baziren, are ilunagoak egin zitzaizkizun ordutik egunak, ilunegiak gauak, hain ilunak ezen gauen ostean ez baitzen sekula egunik iristen. Betiko itzali zen maitasunaren argia eta hura barik ez zenekusan tristura baino. Eta tristura horretan, natur zientzietan izarrei buruz ikasi zenuen gauza harrigarri bat etorri zitzaizun burura; eta gogoratu zinen nola izarrek, hil ostean ere hainbat urtean zehar argia ematen jarraitzen zutela esan zizuela andereñoak. Maitasunaren argiak ere izarrenak bezalakoa behar zukeen; harremana hil orduko itzali zen ordea, urtebetetze egunean putzada batekin betiko amatatzen diren kandelak bezala.

Zoriontsu zenekusan. Makillajerik ederrenak baino ederrago egiten zuen aspaldian ezpainetan marrazten zitzaion irribarre etengabeak. Oraindik negar egiten zuen, baina orain, zoriontsu zelako egiten zuen negar eta bere begiek zuten argitasuna malkoekin elkartzean, ortzadar kolorea hartzen zion begiradak. Benetan zoriontsu zenekusan.

Maiteminduta zeundetela ikasi zenuten gehitzea eta batzea ez zela gauza bera. Matematikek gehitu egiten zutela, maitasunak, aldiz, batu. Eta matematikariek bat gehi bat, bi zirela bazioten ere; maitasunean, bat eta bat, bat zela, edo hala izan behar zuela, ur tanta bik elkar ukitzean irudi. Baina orain, zure begien atzean bat ziren malkoak banatuta erortzen zitzaizkizun sudurraren alde banatatik, malko batek zure bidea eta besteak berea markatuko balu bezala, sekula elkartzeko esperantzarik gabe. Eta ezinbestean, elkar topatu ezinik, euren buruaz beste egiten zuten masailetatik behera.

Eta orduan, malkotan itota eta guztiz etsita zeundenean konturatu zinen, batzuetan, goitik behera datorren pilota bezala, gero eta beherago doan pertsonarentzat ere, ez dagoela lurra jotzea bezalakorik berriz gora egin ahal izateko. Konturatu zinen azkarregi doala bizitza atzera begiratzeko; eta aurrera egiteko gogoz, behingoz, burua jiratu eta begiak altxatu zenituen; eta konturatu zinen norberak egin behar duela bidea, bideak norbera egin ez dezan. Eta beti zergatik galdetzeaz nazkatuta, zergatik ez? galdetzen hasi zinen. Zergatik ez zinen poztu behar bera pozik ikusita? Zergatik etorkizunak ez zituen egun ederragoak ekarriko? Zergatik ez zinen zu ere bera bezala berriz maiteminduko? Zergatik ez?

Orain, zoriontsu zara zu ere.

Iban Auzokoa

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli