Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Txanpon faltsua

7k1390Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Ateari danbateko ozena emanda sartu zara etxean. Haserre zatoz. Ohean buelta eman, eta ez dizu kasurik egin emazteak. Lar ondo ezagutzen zaitu. Egongelako mahaian maitekiro prestatuta aurkitu dituzun tomatea eta patata-tortilla ez dituzu jan, irentsi baizik. Sesioa izan duzu nagusiarekin. Enegarrenez. Beste sei hilabeterako luzatu dizu kontratua. Enegarrenez. Langile on eta fidagarria zarela baina ezin dizula ezer egonkorragorik eskaini; testuinguru makroekonomikoa makurra dela. KPIa sikiera, esan diozu. «Testuinguru makroekonomikoa», errepikatu dizu ulertu ez bazenu bezala, motz samarra bazina bezala, eskua eskuin sorbaldan solemnitatez jarrita. Garaipen trazako ehuneko 0,5a harramazkatu diozu azkenean. «Ahalegina egingo dugu». Bidean ohartu zara zenbakiaren miseriaz, eta in crescendo joan den haserreak etxeko atean topatu du presio-eltzearen ihes-balbula.

Sofan bota zara, antsia borborka. Aurpegi sasiezagunen erakusleiho aseptikoa telebistan. Trump, Musk, Bezos, Gates. Nor diren ez dakizun eta bost axola zaizkizun urrezko idoloak. Diru arrastoa utziko balute bezala urrats bakoitzean, nola zaurituak odol errekak gudu-zelaitik ihesi. Euren hitz bakoitza munduari oka ari zaion lujuriazko orgasmoa balitz gisan. Ekaitza kanpoan. Trumoia eta tximista. Txikizioa. Azufrea eta sua darion zeru beltza Sodoma eta Gomorra gainean.

Haize bolada zakarrak bortxaz ireki dizu egongelako leihoa. Liburua erori zaizu gainera. Baudelaireren ipuin laburra. Txanpon faltsuarena. Eskale bati gezurrezko txanpona ematen dion aberatsarena. Koitaduari barre egiteagatik eman diola pentsatzen du lagunak, zitalkeria genuinoaren keinua. Kabroi bat, hitz bakarrean esanda. Baina, ez. Ohartzen da ergelkeria hutsez eman diola; karitatea eta negozioa ekintza bakarrean egin guran. Ia-ia barkatuko ziokeen lagunak zitalkeria, zinezkoa izatekotan; ez dago, ordea, «ergelkeria hutsez egindako gaizkiaren moduko bizio tristerik». Pantailara begiratu duzu berriro. Gizajoak ikusi dituzu oraingoan, txotxongiloak, aurrez sardedun deabruak iruditu zaizkizun lekuan.

Beste haize bolada batek airean dantzarazi du liburua. Orriak mugi eta mugi.

Eskalea zara, urruntzen doaz bi burges errespetagarriak kalean behera. Gezurrezko txanponaren distira itzalia antzeman duzu eskuin ahurrean. Sabelaldetik igotzen dator amorru bizia. Ez ematea zilegi da, ematea den moduan. Baina limosnan iruzur egitea? Ez, hori ez.

Korrika hasi zara, egin beharrekoa buruan aletuz. Oinetako zaharrak desegiten sumatzen dituzu pauso bakoitzean. Burges andana “belle epoque”-ko terraza maitagarrietan, kafetxoarekin, behartsu penagarriari harriduraz begira euren talaiatik.

Atzeman dituzu halako batean. Lepoan kolpetxo batez deitu diozu arreta zure ongileari. Espantuzko keinua zu ikustean.

• Barkatu, baina erratu zarela uste dut -esan diozu, sendo, txanpon faltsua erakutsiz.

Erabaki beharraren arraila ireki zaio atoan. Bazuen handiki harrokeriaz eskalea gaitzestea, edota errorea onartu -kabroikeria onartu, errorea baino- eta benetako txanpona ematea. Seguru asko, lehenengoa izango zen koherenteena. «Nor arraio haiz hi, niri kontuak eskatzeko!». Baina horrek adorea eskatzen du, begirada itzuli eta ekintza zikinaren kargu egitea.

Poltsikoan eskua urduri sartu, eta txanpon bi eman dizkizu.

• Barkatu, ez naiz konturatu… -atera zaio, erdi totelka.

Haren begiradari eutsi diozu. Boteretsu sentitu zara, duin; kale luze koloretsuaren bihotzean, jauntxoen lurrean, zure oinetako zartatu eta txaketa traketsa jantzita. Kontratu lotsagarrien paperak hausten direla iruditu zaizu, memelo handiusteen irainak mututzen direla, Gazara erortzen diren misilek sorterrian eztanda egiten dutela.

Jarraian, ostera, ezgauza sentitu zara, halako gizaseme bati zuregan halako ahalmena ematearren. Kalean behera jarraitu dute jauntxo biek, kantoi bazterrean desagertu diren arte. Ezker ukabila irekitzean, benetako txanpon biren ñirñir lasaigarria aurkitu duzu. Ez zara inozoa; ez zara bizi Aliziaren lurralde miragarrian, baina inoiz baino hutsalagoak begitandu zaizkizu. Otu zaizu benetakoena den txanpon hotzean ere ez dagoela egiaren arrastorik.

Trumoiak bueltan ekarri zaitu. Sofan jarraitzen duzu. Liburua itxi eta logelara. Ohean etzan zara, mantape gozoan. Bare zaude, desagertuta haserrea. Bikotearen azal epela eskuin ahurrean, distirarik gabe, ukigarri, egiazko.

 

Idazleari buruz...

Iraitz Legarra, 39 urteko markinarra. Hitzen labirintoetan galdu zalea eta Idazle Eskolako ikasle ohia. Ingeniaritza munduan dihardut lanean, noizean behingo aitzakiatxoak probestuz idazketaren uretan nabigatzen jarraitzeko.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago