Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Goienetxe kasua

7k1388Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Baziren zortzi urte hiri hartan Mertxek detektibe pribatu agentzia martxan jarri zuenetik; hain zuzen, emakume batek abian ipinitako lehenengoa eta bakarra. Zail samarrak izan zituen hasierak, ezezaguna baitzen, eta, gainera, beste detektibeek arbuiatu egiten zuten. Telefonoa isilik, bezerorik ez bulegoan, eta zorrak metatzen.

Halako batean, detektibe bihurtzeko ametsa bertan behera uztekotan zegoelarik, emakume bat sartu zen bulegoan. Mertxek azkar egin zion profila: garaia, arropa garestiak, ondo orraztutako ile horia; alegia, diruak ematen duen dotorezia naturaltasunez erakusten duten horietakoa. Ezinegona eta urduritasuna ageri zituen, ordea, hirurogei urte inguruko andreak. Aldean zeraman ardura astunak bisaia iluntzen zion, eta sorbaldak erorarazi.

Mertxek berehala hauteman zuen emakumearen beharra aukera paregabea izan zitekeela beretzat. Andrearen ardurei ondo erantzunez gero, bezero dirudun gehiago erakarriko zituen. Beraz, ezinbestekoa zen harrera ona egitea bezeroari, eroso sentiarazi eta profesional petoa izan.

- Kaixo, andrea. Mertxe Elordi naiz, detektibe pribatua eta bulego honen arduraduna.

- Bai, arratsalde on. Ni, Aurora Goienetxe.

Abizen hura entzute hutsak hotzikarak eragin zizkion. Listua irentsi eta irribarre behartuarekin gonbidatu zuen:

- Eser zaitez, mesedez, Goienetxe andrea, eta kontatu zerk ekarri zaituen hona.

Aurora isilik geratu zen, Mertxeri so, nondik hasi ez zekiela. Detektibeak, tentsioa nola edo hala desagerrarazi nahian, kafea eskaini zion, baina bezeroak whiskia nahiago zuen. Berak ere zerbait fuertea behar zuen, zituen susmoei aurre egiteko.

Esku biekin edalontzia estu oratuta, Aurora Goienetxek totelka, herabe, zera jakin nahi zuen:

- Begira, Elordi andrea, familiako arazo bat daukat, oso kontu pertsonala. Ulertuko duzu, ezer kontatu aurretik, ez dudala nahi familiatik kanpo inork ezer jakiterik.

- Horregatik inolako kezkarik ez izan, nire lana beti izan ohi da isilpekoa. - Hori da nire ezinbesteko baldintza; bueno, eta baita denbora ere. Lau aste dituzu, ez gehiago. Ezin gara luzatu, delitu batzuk preskribatzear daudelako, eta lapurtutako guztiagatik erantzun dezan nahi dut.

- Epe hain laburrean egin ahal dudan jakiteko, lehenengo arazoa zein den jakin behar nuke, eta, ostean, gai naizen esango dizut, Goienetxe andrea.

Whiskiari tragoxka bat egin eta hizketan hasi zen. Bere aita zenak, Arturo Goienetxek, emakumeentzat barruko arropa egiteko fabrika bat sortu zuen, hutsetik.

Mertxe ia aulkitik erori zen, zurbil-zurbil, eginda: «Ezin liteke! Kasualitate handiegia da!». Aulkian nola eseri asmatu ezinik, disimulatu eta haria ez galtzea erabaki zuen. Txundituta, begiak zabal-zabal eginda begiratzen zion Aurorari. Izan ere, aurrean zuen andre hura bere ahizpaordea izan zitekeela, ia ziur zegoen.

Lan asko eginda, diru asko irabazi zuen, kontatzen ari zitzaion Aurora.

Alaba bakarra izaki, lantokiaren ardura har zezan tematu zitzaion aita, baina erabakiak hartu beharrak gaixotu egiten zuen orduan neska gaztea zena. «Alaba bakar legitimoa izango da», buruan zebilkion detektibeari. Bazirudien ahizpa hark ez zekiela existitzen zenik ere. Itxuraz, Arturok ondo bereizi zituen legitimotasunaren mugak.

Ezkondutakoan, etxean geratzea erabaki zuen. Senarrak, Fernando Larramendik, bere lekua hartu, eta Goienetxek negozioa irakatsi zion gutxinaka, baita ardurak bere esku utzi ere. Hein horretan, Larramendiren posizioa indartzen joan zen, zuzendaritza guztiz berea izan arte, nahiz eta jabetza Goienetxerena izan.

Aita hil zenean, ondasun guzti-guztiak Aurorarentzat izan ziren, eta horrek senarra sumindu egin zuen, negozioa bederen utziko ziolakoan baitzegoen. Fernando behin eta berriz ahalegindu zen Aurora konbentzitzen negozioa bere izenean jar zezan, baina Aurorak ez zuen amore eman, aitaren borondatea errespetatu behar zuela argudiatuz. Zeharo erretxindu zen Larramendi, eta bikotekideak bata bestearengandik urruntzen joan ziren. Hala ere, Aurorak negozioa eramateko konfiantza osoa zeukan senarrarengan.

Ez zuen espero, inondik inora ere, gizonak bere sinadura faltsutu, atzerrian zeuzkan lau etxeak saldu eta dirua bereganatuko zuenik. Hori gutxi izan ez, eta Markos semeak esan zion dirua falta zela lantegiko kontu batzuetan. Zuela astebete, Aurorak oraindik ezer ere ez zekienean, Fernandok esan zion negozio bidaian zihoala Estatu Batuetako delegazio komertzialera egun pare baterako. Baina ez zen bueltatu, eta ez zekiten non zegoen. Bazekiten delegaziora ez zela joan.

- Begira, Fernando non dagoen jakin nahi dut: non bizi den eta ea herrialde horrek estradizio hitzarmenik ote duen, lau asteko epean asko jota. Zer diostazu?

- Zera egingo dugu: kontratua sinatu; eta ez badut emandako denboran lana betetzen, gastuak soilik kobratuko dizkizut.

Eta oraingoan bai, Goienetxe andreak erabaki irmoa hartuta, bi-biek eskuak estutu zituzten: Fernando Larramendik ez zuen ihesbiderik izango, Auroraren mendekuak, berak jakin ez arren, Mertxeren familiaren misterioa argituko zuen eta.

 

Idazleari buruz...

Arritxu Oliden naiz, atxabaltarra, idazten ikasle, beste hainbat arlotan legez, nahiz eta gaztaroa atzean utzi dudan aspalditxo. Beti saiatzen, kuriositateari kasu eginez.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago