Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

   
  AZKENAZ BESTE  
Anjel Lertxundi • Alberdania, 1996

Anitza da Anjel Lertxundiren obra, anitza edukian, anitza forman; ipuina, artikulugintza, saiakera, narrazio liburuak... Azkenaz beste nobela saileko titulua da.

Betikoa den gaietariko bat jorratu du Lertxundik aipu dugun lanean, bizitza eta heriotzaren arteko lehia . Gai zaharra era atsegin bezain sakonean jarri du eztabaidan irakurlearen gogoan. Mende ezberdinetako bideetan jarri gaitu zaldiz gidatutako kalesa baten bitartez. Eta mendez-mendeko ibileran, gaia iraunkor.

Autoreak ezin hilez dirauten aita-alabak eta bidaian zehar, era batera edo bestera,  kondenaturik bizi diren pertsonaiak aurkeztu dizkigu.

Hil ezinka herraturik dabiltzan aita- alabak eta Salemen 1692. urtean gertatu ziren epai eta urkaketak ezena toki berean erakutsi dizkigu Lertxundik, hilezkortasuna eta hil beharra, fikzioa eta errealitatea uztartuz. Fikzioa den gertakizuna, irakurleontzat erreal diren Salem,  Boston,  Baiona edo Zarautzera ekarri du.

Edukiak idazlearengan eragiten dituen pentsamenduak sarritan azaltzen dira liburuan zehar ; bai pertsonaien ahoetatik, bai narratzaileak berak eginak: Bizitza, heriotza, patua…   “ Ezer gutxi zait bizitza, hiltzerik ez badaukat...” edo”.. .Ezin aldatu dugun iraganaren errudun eta ezin iragarri dugun etorkizunaren bazka nahi gaitu patuak...”

Izenburuak berriz (Azkenaz beste) kontakizunaren amaieran aurkitu du bere lekua, idazleak hilkor garenontzat bizi berri baten esperantzaren atea zabalik utzi duenean eta pertsonai hilezkorrarentzat heriotzarena.

Beste alde batetik gaiak eskatzen duen sakontasuna era dotore eta atseginean idatzi du egileak, metafora landu bezain xumeak erabiliz, konparaketa argi bezain hurbilak edo deskribapen zehatzak; horien adibide ugari aurki ditzakegu kontakizun guztian zehar, esate baterako: “...sutan luzaz edukitako esnearen gisa ahitzen zitzaizkion onik irteteko ametsak, esnegaina bezala loditzen etsipena.” Gainera ezohizkoa den hiztegi aberatsa erabili du, alor horretan ere irakurlea janzteko aukera eskainiz.

Bukatze aldera, ez nuke aipatu gabe utzi nahi, Lertxundik bere nortasun euskalduna, bere identitatea bermatzeko izan duen abilezia, kontakizunean euskaraz ikasten duen amsterdamdarra barneratu duenean edo istorioari Zarautzeko itsasoan bukaera ematearekin. Unibertsala den gaia euskaldun egin du.

Anduk “bere” estilo eta etorri xamurrarekin irakurlea bereganatzea lortu du Azkenaz beste eleberrian.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli