Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

irakurketa_galarraga3.gif
 SALGAI. Euskal Kontsumo gizarte aztertzen

Patxi Juaristi. Alberdania,2005

Aldaketa garaiak bizi ditugu. Gurasoak edota are aitonamonak gazte zireneko garaia eta gaur egungoa arrunt diferenteak dira, zer esanik ez hamarkada batzuk atzerago egiten badugu. Gizarte berri baten atarian gaudela esan daiteke, eredu sozio-ekonomikoak zalantzan jarri eta aldatzen ari baitira. Kontzeptu ugari erabili dituzte gain-gainean dugun gizartea definitzerako orduan: masa kulturadun gizartea, gizarte arriskutsua, e-gizartea, informazioaren gizartea edo ezagutzaren gizartea, adibidez. Eskuartean dugun liburuan, aldiz, kontzeptu baten erabilera nagusitzen da besteen gainetik: kontsumo gizartea, hain zuzen ere. Patxi Juaristi soziologo eta unibertsitate irakasleak gizarte berri baterantz garamaten aldaketa guztien artean kontsumoaren ingurukoen hausnarketa egin du Salgai liburuan. Euskal kontsumo gizartea aztertuz saio interesgarrian. Juaristiren ustean, ikuspuntu sozio-ekonomikotik Euskal Herria nora doan jakiteko «ezinbestekoa baita kontsumo gizartearen eta bere izaeraren ondorioei buruzko azterketak eta gogoetak bultzatzea».

Lau atal ditu liburuak. Kontsumoaren arloan XX. mendean Euskal Herrian gertatu bilakaeraz hausnartzen da lehenean. Hau da, hamarkada gutxian urritasunaren gizartetik neurrigabeko kontsumoa praktikatzen duen gizarte arriskutsu batera egin den jauzia erakusten zaigu. Kontsumoa ekintza kolektiboa izatetik ekintza indibiduala izatera pasa da eta erosteko produktuak, uneak, tokiak eta moduak aldatzen ari dira, honek dakartzan ondorio psikologiko eta sozial guztiekin. Bigarren atal batean gehiegizko kontsumo hau ulertzeko arrazoiak ematen dira. Kontsumismoaren sustraitzea erraztu duten motiboen artean, aberastasuna, egitura ekonomikoa eta testuinguru politikoa aipatzen dira. Jendeak diru gehiago izateak, 3. sektorearen garapenak eta Europako Batasunaren jaiotzak lotura zuzena dute erosteko jarrera burugabearekin. Modu berean, balio, ohitura, pentsamolde berriek ere eragin zuzena dute. Garrantzia ematen zaio, halaber, komunikabideek zein publizitateak balio eta pentsamolde hauek gizarteratzeko orduan duten indarrari. Hirugarren atalean gehiegizko kontsumoak sortzen dituen arriskuei buruz mintzo da Juaristi. Etorkizuna arriskuan jartzen duen gizarte ereduaren aurrean gaude. Itxuran egoera onean bici bagara ere, txanponaren beste aldea ahantzi egin dugu, munduko zati batek bestearen beharra baitu bere ongizatea bermatzeko. Natur baliabideen eta langileen esplotazioa, kanpoko zorra eta gerrak bultzatzen ditugu gure aberastasuna eta ongizatea babestearren. Azken atalean kontsumo gizarteari aurre egiteko alternatibak eskaintzen dira, alternatiba praktiko eta iradokitzaileak guztiak ere, produktu eta zerbitzu onargarrien ekoizpena bermatuko duen ikur eta marka baten sortzea esaterako. Transizio garaia bizi dugu honenbestez. Eta transizio garai hau hobeki ulertzeko eskuliburu baliogarria izan zait aztertzen ari garen liburua. Kontsumo gizartearen gaineko ikuspegi orokor eta osatua ematen du, adibide ugari eta gaurkotasunez beteak eskainiz. Errotik aldatzen ari den gizartea da gurea, McDonald’s erraldoi bat bilakatzeko arriskuan dagoena. Baina gizarte eredu berria ez da oraindik finkatu, garaiz gaude nahi dugun etorkizunari buruzko eztabaidan parte hartu eta, kontsumo arduratsua praktikan jarriz, gizateriaren bizi kalitatea hobetu eta gure planetaren etorkizuna ziurtatzeko. Jarrera baikorregia izango da agian baina hauxe da liburuak irakurri ondoren utzi didan aldartea.
 
Aritz Galarraga

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago