Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

 

 
PANOPTIKOA
 
Jeremy Bentham • Jakin irakurgaiak, 2002

Behin entzun nuen hitza

Toni Negri filosofo italiarrari entzun nion kasualitate batez lehenengo aldiz panoptiko hitza, ordutik buruan iltzatuta gelditu zait. Dagoeneko ahantzia nuen zertaz ari zen Toni Negri panoptikoa aipatzean, baina egun hartan nire ingurukoei galdetu nien, badakizue zer den panoptikoa? Pan-optikoa... ikusmenarekin zerikusia duen zerbait, beharbada? Bazirudien niretzako zein nire ingurukoentzako ezezaguna zela hain bitxia egin zitzaidan hitza. Panoptikoari buruz zertxobait jakin nahian hasi nintzen orduan.

Bentham anaiak izan ziren panoptikoaren garapen eta  zabaltzearen arduradunak. Panoptikoa eraikuntza zirkular bat da non puntu bakar batetik beste puntu guztiak kontrolatzen diren.Samuel Benthamek diseinatu zuen kartzela izango zen eraikin panoptikoa. Eraikinak erdian zainketa lanetarako dorre bat izango du. Dorre honetatik, eraikineko gela guztiak ikus daitezke, honela pertsona kopuru murritz batek, talde handi bat kontrola dezakeelarik. Panoptikoaren forma arkitektonikoak eragin zuzena izango du honen funtzionamenduan.Samuelen anaia Jeremy Bentham filosofo eta jurista ingelesa izango da panoptikoaren teoria landu eta zabaltzen saiatuko dena.Sistema hau, nahiz eta hasiera batean kartzela baten sorkuntzarako izan, dagozkion berezitasunak aplikatu ez gero, beste instituzio mota batzuetara  ere egokitu daiteke.Panoptiko sistemaren bidez, garai  hartako espetxeen egoera  kaxkarra hobetu nahi zuen Jeremy Benthamek .Panoptikoak berrikuntza ugari ekarriko zituen.Horregatik, eraikuntza hau egiteko zehaztasunak ez ezik,  honen funtzionamendua ere azaltzen du Bentham jaunak:garbitasuna segurtatzeko hartu beharreko neurriak edo presoen elikagaia eta jantzi beharreko arropen berezitasunak adibidez.Laburbilduta,Benthamen ustez, espetxe batek bertan kartzelaratuta dauden gizabanakoak zuzentzeko ezinbesteko  baldintzak betetzen ditu panoptikoak.

Beraz, leku jakin batetik pertsona batek beste gizaki batzuk kontrola ditzake.Denek dakite zelatatuak direla baina era berean ezin dute zelataria ikusi. Azken honek, askatasun osoa du bere tokitik mugitzeko   inor ohartu gabe.Baliteke orduan, gaur  egungo zaintze kamerek edozein leku, panoptiko bilakatzea. Hori horrela, existitzen dira enda panoptikoak: jabeak mostradoretik mugitu gabe    kontrola dezake  dendako zein bazterretan zauden, ze objektu begiratzen duzun edo behatza belarrira sartzen duzun. Izan daiteke aparkaleku panoptikoa , etxe panoptikoa     eta zergatik  ez, agian jada  mundu panoptiko batean bizi gara.Interneteko  google earth aplikazioa erabiltzen badugu adibidez , edonork, pertsona bakar batek, bere ordenagailuko pantailatik, munduko edozein txoko ikuska  dezake inork bera ikusi gabe. Badirudi Benthamek ez zuela uste bezalako arrakasta izan bere panoptikorekin. Bada, helburu zuzenak izanda ere, niri behintzat zirrara beldurgarri bat sortzen dit panoptikoak izan dezakeen bilakaerak.
                                                                    Miren Juaristi

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli