Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Goitik behera

DES EGITEN Ione Gorostarzu. Elkar 2012

li103

1984an jaioa, eta hala ere heriotza sano presente baten erretratua egiten du Ione Gorostarzuk Des egiten honen hasierako orrialdeetan. Halako larridura bat sartu zait, erasan egin dit hasierako poemen indarrak, ikusiz zein natural hitz egiten duen ulertu ezin denaren gainean, zein zoragarri deskribatzen dituen akabera eta bizirik gaudenean gertatzen zaizkigun beste heriotza batzuk: agurrak, adintzea, ohea goizaldean.

Poesiak soilik lor dezake hori; gugan dagoena eta inon ez dagoena deskribatzea. Oso hurbil dago idazlea bere erraietatik, eta beraz irakurlearengandik. Begitandu zait liburu bat pertsonala eta humanoa, garbia, zarata eta artifizio alferrikakorik gabea eta, azalduko dudanez, epeltxoa aukeran.

Poema bakoitzaren amaiera, bereziki zaindua liburu honetan bertsorik sakonenetan lez, laztan bat edo kolperik bat-batekoena da: “Labazko ilea/ sugarrezko azkazalak/ lo kuluxkan baina bizi-bizirik, Etna”. Eta hain zuzen sumendia irudikatuz, 31. orrialdean, liburuak beste norako bat hartzen du indarrik galdu barik. Iratzarri egiten da ahotsa, biztu idazkera. Antitesia, hitz-jokoa, paradoxa… eta imajinatu ditzakegun figura literario guztiak oharkabean eta fineziaz konbinatzen ditu Gorostarzuk. Berez-berez edan, eta ondoren ere, ezpain-miazkatu egiten dira hainbat pieza, luma aberatsaren seinale. Adimenarekin idatzi arren eta teknika hotzean leundu arren, fisikoak eta errealak dira irudietako asko: “loturik nago –zuengana–/ txekorra sokamuturrera bezala”.

Idazleak esana da bizitzako etapa ez hain luze batean, nahiko era inpultsiboan eta soltean idatzitako olerkien bilduma dela hau, eta badu, benetan ere, inkontzientzia eta amets puntu bat. Maitasuna purua da, eta gorrotoa ere bai. Zalantza, kontraesan, duda eta ahulguneak agerian uzten ditu. Eta ahulguneez ari garela hain justu, esango nuke erritmoari eusteko zailtasunak ere badituela diskurtsoak, errepikapenetan eta hoskidetasunean lar oinarritua. “Hotza da negua / hotza azken hatsa/ azken hotsa”. Heriotzaren gai errepikakorrera eta introspekziora itzultzen da liburua azken zatian, atrebitu ez balitz lez aurrera egiten, ahots propioari erantzuten. Idazle eskolako beldurrek eta gurasokeriek zerikusia izango dute behar bada –oraindik horrelakorik, idazle izaten ikastea posible dela pentsatzea!–. Irrikaz itxarongo diot nik liburuan barruntatzen den ahotsari, lehertzen denean: sentiarazi egin dit behintzat, aspaldiko partez.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago