Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Ihesean eta jolasean

LASTERKA Jean Echenoz

li94    

Jean Echenoz frantziarra aski ezaguna da egungo Europako eleberrigintzan. Bere ibilbide luzeko azken urteotan, hala ere, literatura modu desberdinak jorratzeari ekin dio, eta bide honetako bigarren alea dugu «Lasterka» izeneko hau. Aurretik, «Ravel» idatzi zuen, musikagile lapurtarraren bizitzan oinarritua. Ondoren, Nikola Tesla jeinu estatubatuarrari buruzko «Tximistak» etorriko da. Hirurek, benetako pertsonen bizitzen gaineko trilogia osatuko dute. Musikan, kirolean eta zientzietan nabarmendu zen hirukotea, norberak berean neurriz kanpoko maila emateraino.

Oraingoan idazteko bide eman diguna, Emil Zatopek (1922-2000) korrikalari txekoslovakiarraren bizitza ardatz moduan hartzen duena da. Atletismoaren historian sekula izan den izarrik handienetako batena, alegia. Pasa den mendeko erdialdera, eta hamar urtez, distantzia luzeko espezialitate guztietan gailendu zen Zatopek. Hainbat munduko errekor erdietsi zituen, eta Helsinkiko Olinpiar Jokoetan urrezko domina 5.000 eta 10.000 metroko probetan zein maratoian, gaur arte beste inork berdindu ez duen balentria. Gainera, komentatzeko modukoa da, anekdota legez bada ere, gure artean aritu zela azkenekoz lehiaketa ofizial batean, Donostiako Nazioarteko Krosean, hain zuzen ere.

Kontuan hartu behar da, hala ere, korrikalari honen aukeraketa ez zela izan soilik bere kirol lorpenengatik. Pertsonaia literario gisa ere, Emil Zatopekek ezaugarri apartak eskaintzen dizkio autoreari. Batetik, gustuko ez zuen ariketa fisikoa egiten hasteko arrazoiak. Horrekin lotuta, lasterka aritzeko eta entrenatzeko zuen modua, planteamendu logiko ororen kontrakoa. Gainera, hor daude bizi izan zeneko tokia eta garaia ere, izan ere, XX. mendeko mugimendu politiko garrantzitsuenen tartean bizitzea egokitu zitzaion, eta horrek zeharo baldintzatu zuen bere ibilbidea. Liburua bera, naziek Txekoslovakia inbaditu zutenean hasten da, gero bloke sozialistaren parte bihurtu zen garaian jarraitzen du eta 1968an sobietarrek Praga tankez nahiz militarrez hartu zuten unean amaitzen da. Badago erabilitako ikuspegi zirkular horretan liburuaren formaren eta pista baten inguruan korrika aritzearen arteko alderaketa ere, puntu berean bukatzen baitira biak ala biak, ihesi joan nahi izanagatik.

Estiloari dagokionez, Echenozek sinpletasunaren alde egiten du eta esaldi motzekin bere erritmoaren sarean lotzen gaitu. Liburua ere laburra da eta arin garamatza batetik bestera, atletak berak egiten zuen moduan bere egunerokoan. Aipagarria da, halaber, benetako datu biografiko zein asmatutako zatiekin lortzen duen efektua, errealitatearen eta fikzioaren nahasketaren arteko ariketa bikaina. Lehen aipatu bezala, pertsonaiak berak eskaintzen duen bidea, hein handi batean. Zalantzarik gabe, sakonago ezagutzea merezi duen gizaki baten biografia nobelatua da idazleak eskaintzen duena, irakurleak goza dezan.

Iban BALERDI

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago