Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
«Artzapezpikuaren bisita» 

Adam Bodor "Artzapezpikuaren bisita" Itzultzailea: Unai Elorriaga, Elkar

li72    

Aitortu behar dut liburua lipar batean irakurri nuela eta aitortu behar dut azken hitza irakurtzearekin batera ahoa zabal-zabal eginda nuela. Irakurri berri nuena asimilatzea asko kostatu behar zitzaidalako sentsazioa izan nuen be rehala eta halaxe da. Egiaz, berrirakurketa lasaiago bat behar dudala uste dut. Zenbait liburu behin baino gehiagotan irakurtzeko modukoak dira eta beste zenbait behin baino gehiagotan irakurri beharrekoak. Bigarren zakuan sartuko nuke hau.

Kontakizuna bera, gertaera, ez da eskuak burura eramateko modukoa, baina mezuz josita dago, irakurlearen garunean pentsamolde bat iltzatzeko asmoa dago, gertakari harrigarrienak hotz kontatzen dira, eguneroko gauza arruntak bailiran irakurtzen dira, baina hurrengo orrialdera iristerako konturatzen zara irakurri berri duzun hori ez dela huskeria eta atzera egiteko premia sentitzen duzu. Berriro irakurtzen duzu eta idazleak gezia bota duela eta ia ohartu gabe jo zaituela ohartzen zara, huskeria modura, hotz, labur esaten duen hori, ez da inolako tontakeria. Mezu batzuk harrapatu ditut, edo hala uste dut behinik behin, beste asko ordea, bigarren irakurketa horretan azaleratuko dira ziur.

Hasteko irudizko eremu bat ezartzen du idazleak, Bogdanski Dolina hain zuzen ere, eta bertan kontzentrazio-eremu bat dago. Barruti horretan gaixoak sartzen dituzte, bereziki, biriketatik gaizki dabiltzanak, eta zaindariak eliza-agintariak dira. Zinez, metafora ederra da, eremu itxi bat eta kristautasuna akuiluarekin dantzan.Hala ere, eta aitorpenekin jarraituz, onartu behar dut, nire garuna oso itxia ego ten dela hasiera batean kontu fantastikoak ikusteko, nahiz eta badakidan fantasia hori maiz, hemen kasu, mozorroa besterik ez dela, errealitatea dagoela fantasiaren larruz jantzita dagoena, alegia.

Agertoki horretan Gabriel Ventuza azaltzen da aita zenduaren gorpuzkiak herritik ateratzeko enkarguarekin, Hamza anaiordeak bidalita, kartzelatik. Bitartean herri guztia artzapezpikuaren bisitaren zain dago, ez dakite noiz etorriko den baina etorriko da.

Fantasia, ironia eta mezu zuzenak, horiek bada, Adam Bodorrek errealitatea mozorrotzeko erabili dituen .jantziak. Errumaniako hungariar gutxiengo baten barnean jaio zen eta gazte zela kartzelatu zuten kontu politikoak zirela eta. Teologia ere ikasi zuen, nahiz eta sekula ez zen apaiztu. Argi dago, "Artzapezpikuaren bisita"n baduela eragina bere bizimoduak. Estiloa, hotza, zuzena eta lehorra, ekialdeko Europako estiloa esango nuke. Ez da alferrikako lerroalderik agertzen, deskribapenak ez ditu loratzen eta elkarrizketak ere ez ditu behar baino gehiago luzatzen; kontrakoa apika, irakurleak behar duena baino laburrago esaten ditu esan beharrekoak eta bizkor goaz orrialdez orria~de, arestian esan bezala, mezu sarkorrak ia hauteman gabe.

Unai Elorriagak itzuli du testua, gaztelaniazko bertsioa oinarritzat hartuta, lan txukuna egin duela iruditzen zait, beti baita arriskutsua itzulpengintzan jatorrizkoari lotuta idaztea, are arriskutsuagoa esango nuke hemen, triskantza nabarmenagoa zatekeen eta. Ez da halakorik, itzulpen txukuna da.

Elorriagak berak esan zuen, lehen aldiz irakurri zuenean, ez zuela ulertu baina liluratuta geratu zela. Ni berrespen horrekin bat nator, neurri batean, baina ez nuke esango liluratu egin nauenik. Berriro irakurri beharko dut.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago