Erabiltzailearen balorazioa: 3 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar InactiveStar Inactive
 
Itsaslabarreko etxea 
MEABE, Miren Agur. Aizkorri 2001.
luma59

Eskolan aginduta aspaldi batean irakurri zuen gure alabak Miren Agur Meaberen Itsaslabarreko etxea eleberria. Gogoan dut asko gustatu zitzaiola eta irakur nezan gomendioa ere egin zidala. Aurtengo gabonetan esku artera etorri zait liburutxo hau eta irakurtzeari ekin diot.

Haur eta Gazte literaturako Euskadi saria jaso zuen 2002an, eta ez haur eta ez hain gazte ez naizen neronek hamasei urteko Joanarekin emozio, intriga eta jakin-minez zipriztindutako udaldia igaro dut.

Gaia hasiera-hasieratik egin zait erakargarri: kostaldeko herri batean, Garraitzetan, bizi da Joana, protagonista, eta koaderno more batean idazten ditu bere sentipen eta burutaziorik kuttunenak. Joanak egin ohi duen moduan, nik neuk ere Miren Agurren eleberri honetatik hainbat aipu azpimarratzeari ekin diot, bere idazkera dotore, jantzi eta landuak harrapatuta.
 
Itsaslabarra leku kutuna da gure protagonistarentzat, bere habi ezkutua Han aurkitzen ditu sarri askotan behar duen idazteko bakardadea eta itsasoan bainu hartzeak  eragiten dion plazerra. Bere deskribapen zehatz eta gozoen bidez Miren Agurrek itsasoan murgiltzen gaitu, kresala usaintzea baino falta ez zaigularik liburutxo honen lerro artean dzanga egiterakoan.  Itsaslabarrak balio sinboliko indartsua du istorioan, hausnartze, barneratze eta norbere-bilatze uneetan hara jotzen baitu Joanak, toki bakarti, lasai eta ederrrera hain zuzen ere.

Udaldi horretan Joanak aldaketa asko bizi izango ditu, eta bata bere lehen hilekoa heltzearena izango da. Ataltxo hau, besteak beste,  bereziki polita iruditu zait; Joanarentzat hain berezia izango den jazoera hau deskribatzerakoan, idazleak erabiltzen dituen konparazioa eta xehetasunak  aproposak eta doi-doiak iruditu zaizkit.     

Alainekin maiteminduko da gure neska, eta Itsaslabarreko etxearen inguruan Lope de Solaizetarren kondairak bete-betean harrapatuko ditu biak. Deskribapen eder, hiztegi aberats eta joskera landuz jositako istorioa aurkitu dut orriotan.

Itsasertzeko herritxo baten inguruan erakustera ematen digu idazleak kostaldeko jai, ohitura, lagunarte eta, azken batean, kostaldearen  izaera bera. Izaera horretan itsasoak duen pisua edota eragina ere nabari agertzen da, protagonistak bizi duen maitasun istorioarekin batera.

Bi nerabeen arteko maitasun istorioa, misterio eta intrigaz jositako kontakizunean zehar txirikordatzen digu idazleak. Horretarako, lekuen eta sentipenen deskribapen borobilen bitartez gustura irakurtzen den kontaera bat aurkitu dut orriotan.

Freskoa, landua eta erakargarria egin zait liburua. Edozein unetan eskuartean hartzeko moduko testua da, baldin eta, abentura, intriga eta gaztaroko amodio-kontuetan pulunpatuaz, lantzean behin,  helduon eguneroko errutinatik apurtxo  bat irteteko abagune bila ibiltzen garen  horietakoa bazara behintzat.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago