Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Ametsetakoa da maitasuna?
BITSA ESKUETAN Miren Agur Meabe Susa, 2010
 
li43    
pdf    
2010eko urriaren 17an, igandearekin, ireki dut Meaberen koaderno poetikoa, “Bitsa eskuetan”. Eta odolaren odolez, obulu hilak isuriz itxi dut 2010eko urriaren 22an, 19:30ean, ostiralarekin.

Txistuka, min itzela du poetak eskuetan, eta nik neure bihotzean, baina oraindik poesiak maite gaituela dirudi. Bere hitzak  ere neure sentitu ditut. Bi urteko negarraren itsasoan ia urtu naiz, baina bihotzak taupaka segitzen dit hau idatz dezadan, denok zauritzen baitugu noizbait norbait, inor inondik inora bezala. Ametsetakoa izan zen maitasunezko bitsa eskuetan, eta  zauria bihotzean, berriz, benetakoa.

La vie en roseikusten nuen dena maitearen besoetan, eta orain, lavie en rouge ikusten dut, eta edaten hasi nintzen neure  bakardadean ahazteko, oroitzeko, bakardadearengatik topa egiteko eta noranahiko emakume kaierduna bilakatu maite galduari idazteko. Nik ere nire telefono-zenbakia ez, baina «maite zaitut» idatzi nion bere auto granatearen kristaletan, eta haserretu zen. Doala pikutara denboraz kanpo bada ere! Emakume txapelduna naiz,  barka, deskribagaitza. Batzuetan olerkari  ameslari, bestetan «xoriño kanthari». Andre mamitsua nauzu, euskal poesiaren  arrosa. Miren Agur bezalaxe.

Oraintxe urriaren 22a da, eta urriaren 25erako erdituko naiz hitz hauez beste. Bitsa eskuetan agurtu nau Miren Agur Meabek, eta sinetsarazi nahi izan dit posible  dela oraindik zentimetroren bat haztea,  panpinekin berbetan segitzea eta ahaztea;  berbalagun bat topatzea zail dago egunotan eta garestiegia da maitasuna, ez baitauka salneurririk. Eta nik soilik beso batzuk nahi ditut, mundutik kontsolatzeko.

Baina gaztetxoa naiz, batzuentzat 13 urte omen ditut, baina 31 gehi 3 urte maitemindu ditut. Laburra da bizitza, eta haragiari kosk egin nahi diot, neska handi-handia egiteko. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, baina hauxe poesia hutsa da, eta maitasunezko plazerez asebete nahiko nuke biharko ilargi betean lagun minaren begirada samurrean. Baina ametsetakoa da hori, maitasuna. Maite ez ninduelako nahi ninduen, eta adi-adi esan zidan ez zela deustaz damu, eta orduan gabetasunez bihotzak buruari erotasuna eskaini zion. Nik ez nion gauza askorik eskatzen! Soilik besarkada bat tza-tza-tza dantzatuz batera.

Plazerez gose, txistuka, bitsa eskuetan eta zauriak bihotzean tantaz tanta odolusten ari naiz, eta min itzela dut eskuetan.  Zapitxo intimoetan gastatzen dugu emakume minduok hileroko soldata, eta amodioa gela huts batean argia piztea dela esan didalako poetak, itzali ditut begiak. Emakume independentea izan nahi dut, baina hala ere hark nahi duena nahi izango dut.  Baina ni neu, ez gutxiago, ez gehiago.

Ilargiaren argitan ez nazazu utzi, ene maite. Ilargiaren argitan amaren beharra duen alaba bat naiz, ni neu ama izan arte  behar hori izango baitut nik ere, eta hildakoekin hitz egitea osasungarria omen delako nire argazkia eta eskutitza sartu nion
duela ia zortzi urte aitari hilkutxan. Eta  oraintxe Gorramendiko haizeak eramanak  ditu haren eta hilkutxa osoaren errautsak.  Urteotan izan naiz zaharrago, tristeago, gizenago, maiteminduago, obariotik obariora iragandako marka bat. Jakin dut nik ere bizitzen, nola edo hala, aitak hiltzen jakin zuen bezalaxe: «Zoriontsu izan, Ainarita! Eta oroitu asko maite zaituztedala, baina orain utzi behar zaituztet, aurten negua goizago etorri baitzait niri...»

Eta gaur, 2010eko urriaren 25ean, egosten utzi dut eltzean maitasuna. Su txikian  eta begiak erne, erre ez dadin.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli