Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Amaieratik hasierarako bidea
DECEPTION ISLAND Xabier Artola Alberdania 2010
li37  
pdf  
 
«Deus ez da amaitzen nork bere barruan hala sentitzen duen arte». Hori irakurri zuen “Deception Island”ipuineko protagonistak film baten kartelean. Bere bikote harremana amaituta zegoela sentitu zuen, mutil-lagunak Patagoniara eta Deception Island-era prestatutako bidaiari uko egin, eta K2-ra espedizioan joan zenean. Gaur, berriro sentipen bera loratu  zaio Aneri bulegoan dei bat jaso duenean: Asier, biriketako edemak jota dago K2-n, 7.000 metrotik gora eta oxigenorik gabe. Anek Iruñeko ospitalean egiten du lan. Bertatik zuzenduko dute erreskatea, Karlos Ramirez mediku aditua, Asierren lankidea eta Aneren bikotekide ohia burudela.

Mendizalea gailurretik bizirik jaisteko lasterketaren kontaketa protagonistak bizitzari eta giza-harremanei buruz egiten dituen gogoeta eta hausnarketekin nahasten du Xabier Artola ipuingile donostiarrak. Besteak beste, haur bat eduki eta elkarrekin hura hezteko proposamenaren aurrean Asierren isiltasun salagarria oroitzen du Anek, edo mutil-lagunak bizitzeari buruz esaten zizkionak: «ertzetik aldendu gabe ez dagoitsaso zabala ezagutzerik». Asierrentzat mendia da bizitza eta mendian ibiltzea da bizitzea. Bitartean, Ane, ertzetik begira geratzen da, orduro helbide elektronikoko sarrerako ontziari hiruzpalau aldiz erreparatuz, edo Himalayako eguraldi iragarpena kontsultatuz. Egileak liburuaren sarrerako aipu batean dioen bezala, «irauten badakigu, bizitzea ahazten zaigu».

Orduak pasa ahala, Asier urrunago sentituko du Anek, eta Karlos Ramirez doktorea gertuago. «Bizitza zer da ba, zulo batetik irten eta beste batean sartuz ibiltzea baino, leizerik leizeko bidaia gorabeheratsua; azkenekotik izan ezik, baina beste guztietatik ateratzen gaitun, nola edo hala. (...) eta zulokako bidaia horretara ohitu egiten da bat (...) (...) baina oxigeno falta dagoenean ez dago ohitzerik, ez mendian ezta bizitzan ere». Ezin aurreratuko dugu, K2-ko ezbehar hau Asierren azken zuloa –edo gailurra– izango ote den edo ez; baina Anek zulotik irten beharko du, ziurrenik, beste zulo batean sartzeko. Bizitzan  bezala, istorio honetan ere amaierak beste hasiera bat dakar. Eta «deus ez bada amaitzen nork bere barruan hala sentitzen duen arte, deus ez da hasten, nork bere barruan hala erabaki arte». Finean, hori da 2010eko Donostia Hiria Kutxa Saria irabazi duen ipuinaren sakonean kontatu nahi zaiguna: amaieratik hasierarako bidea.

Narratzailea bigarren pertsonan zuzentzen zaio protagonistari. Pertsonaia bera izan daiteke narratzaile hori, bere buruarekin bakarrizketan. Gainera, ahots kontalariak hikaz hitz egiten du beti. Hikak ematen dituen aukerak ongi asko baliatu ditu Artolak: lehenengo paragrafoan “dizkin”aditza irakurtzea nahikoa da protagonistaren sexuaz jabetzeko.

Istorioaren testuingurua gaurkotasuneko gai bat izateak duen eraginaz gain, egileak kontaketari ematen dion bizitasunak, zehaztasunak eta abiadurak ere irakurlearengan tentsio sentsazioa lortzen dute, baina oxigenoa agortu gabe. Hasi eta bukatu irakurtzen den horietakoa dugu “Deception Island”. Laburra, baina emankorra, amaieratik hasierara dagoen bidea bezala.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli