Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Giza grinak
AMORRUAREN UME  Jim Thompson. Itzultzailea: Miel A. Elustondo Igela, 2009
 
li34    
pdf    
Duela pare bat urte Jim Thompson-en “1280 arima”irakurri nuenetik, bere beste aleren bat probatzeko gogoa izan dut. Gertatu ohi da, hala ere, lehenengoak hain liluratuta uzten zaituenean, aho gustu gozo hori ez mikaztearren edo, beste autore batzuengana jotzea. Azkenean, aitzakia txikiren bat topatzen duzun arte berriro berarengana hurbildu eta zer eskaintzen dizun
dastatzeko. Kasu honetan, Michael Winter-bottom zinegile britainiarrak bere beste nobela bat, “The killer inside me”(euskaraz “Hiltzailea nire baitan”, sail berean argitaratua) oinarri hartuta, pelikula bat egin duela jakitea izan zen. Berriz ere azaldu zen Jim Thompson nire aurrean, eta berriz ere gozatu dut bere lana irakurtzen.

Hogeita hamar bat eleberri idatzi zituen, baita pelikula handien gidoiak ere (Stanley Kubricken “The killing”eta “Paths of glory”-renak, besteak beste), baina Jim Thompson-ek (1906-1977) ez zuen bizirik zela loria handirik ezagutu. Frantzian ezagunago bihurtu zen bere sorterrian baino,  hasieran aipatutako nobelagatik batez ere. Estatu Batuetan, aldiz, hil zen garaian ezin zitekeen bere lanik liburu dendetan aurkitu. Dena den, gerora jarraitzaile andana lortu du eta genero beltzeko izar bilakatu da.

“Amorruaren ume”, bere azken nobela izan zena, ez da denen gustukoa izango. Intzestua, tratu txarrak, prostituzioa, irainak edota drogak azaltzen dira bertan. Gainera, muturreko egoerak jorratzeko erabiltzen ditu, zenbaitetan irakurlea atzera egitera eraman dezaketenak. Mundu bortitza deskribatzen du, inguru deseroso batean murgilarazten zaitu, baina modu naturalean egiten du, gizartearen eta gizabanakoaren ahuldade eta krudelkeriak humanoak direlako.

Protagonista nagusia ama zuria duen Allen izeneko mutil beltza da, Amak sexu abusuak egin zizkion txikitan, ezin baitzuen garaiko gizartean haur beltza izatea onartu, eta semeak honen guztiaren ondorioak pairatu eta pairaraziko ditu. Iritsi berria den institutuan ezagutuko duen jendearen kontra egingo du. Eta bera gaizkia egin eta jendeari min emateko munduratua izan denez, lan hau ahalik eta finen egiten saiatuko da.  Pixkanaka, bera nolabait izorratu dutenen aurkako mendekuak prestatuko ditu, bakarra ere bere jomugatik kanpo utzi gabe.

Kontraesanak bata bestearen atzetik azaleratzen dira istorioan zehar, agerian utzi nahi ez diren desioak, desio bihurtzen diren tabuak, tabutzat hartzen diren kontuak, gustuko dugun eta mespretxatzen dugunaren arteko hari fina. «Eta harekin bat egiten nuela sentitu nuen, neu ere beti norabide ezberdinetan ibili nintzelako. Ihes egiten nion deabruarekin topo eginez beti. Neure buruarekiko zalantzaz betea beti, baita neure buruaz seguru nengoenean ere. [...] Zuzen zegoena egiten saiatu nintzen, noiznahi eta nonahi. Baina zuzena eta okerra identifika ezinak gertatzeraino zeuden endredatuta nire burmuinean, eta, ondorioz, haiei buruzko neure kontzeptu partikularrak eraiki behar izan nituen».

Jim Thompsonen idazkerak badu ez ohikoak diruditen istorioak erarik naturalenean kontatzeko gaitasuna. Irakurtzen zoazen heinean ez zaitu misterioaren bila eramaten, ez zaitu ustekabeko ustelen atzetik jartzen... baina harrapatzen zaitu. Oraingoan ere, gizakiaren alderik okerrenak erakusten ditu, bai kontatzeko bai entzuteko krudelegiak gerta daitezkeen giza ekintzak.

Iban Balerdi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago