Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Planto!
na6    
pdf    

Zoriontsu ez naizela ohartu naiz, beti egon izan naizelako salbatuko nauen printze edo kamioilari edo astrofisikari baten zain, eta inoiz ez da agertu, eta ipuin berri honekin erakutsi dit salbatuko nauen edo zoriontsu egingo nauen bakarra ni neu naizela. Norbera da zorionbide bakarra, eta ez kanpoko zerbait edo norbait. Hori banekien, baina batzuetan, noizean behin, horrelako ipuinak behar ditugu negar egin eta begiak garbitzeko. Nik ere ez dut zorioneko galeperrik nahi, inoiz galeperrik jan edo prestatu ez badut ere, baina aukeran nahiago dut begetarianoa izan eta txoriak libre hegan ikusi zeru urdinean.

Txikitan kontatzen ziguten ipuin askorekin bizitzako zorion-gailurra ezkontzea zela, eta mutilzaharrak eta neskazaharrak gaizki bizi zirela, pertsona bakar batentzat jatekoa prestatzea ez baita gozagarria.

Egia da amodioz bizi dena sentimenduak isuri dezan uzten duela bere gorputz-arima, maitalearen ur-jolasetan murgiltzen dela eta hustu egiten dela, geroago, hurrengo zurrunbiloan, berriro ere betetzeko hosto hegalariz nahiz eltxo tristeez. Haragiaren gosetik sortzen da amodioa, ala? Gero belarjale bilakatu arren.

Beharbada, maitale, printze edo kamioilari horrekin pasatako uneak gure bizitzako zoriontsuenak eta politenak izan direla pentsatzen dugu eta betiko oroituko dugu, eta hain zuzen ere hori izango da gure bizitzeko arrazoia.

    Bizitza osorako
sinetsi nuen tristura
eta penetatik
salbatuko ninduen
printze bat

agertuko zitzaidala

Izan ere, txikitan entzun eta buruz ikasi nituen ipuinetan eta maitasun istorioetan amaiera zoriontsua zegoen, eta bizitza osorako sinetsi nuen nire tristura eta penetatik salbatuko ninduen printze bat agertuko zitzaidala eta zaldi zuri batean bere jauregira eraman.

Ipuin haietan hala gertatzen zen, baina benetan zer gertatzen da printzea (edo kamioilaria, musikaria…) agertu bai eta gure eskua eskaturik, gorputz osoa hartzen gaituenean bere etxerako zoriontsu izan gaitezen galeperrak janez, baina azkenean ohartzen garenean zoritxarreko garela ez zaigulako egiatan galeperra gustatzen?

Eta zer gertatzen da bizitza osoa, haurtzarotik, zain egon bagara, baina ez bazaigu inolako printzerik edo baserritarrik agertu? Itxaroten segi behar dugu zorioneko galeperra, begetarianoa bagara ere?

na6a  

Zoriontsu izateko modu bakarra ni neu naiz. Ni neu naiz neure salbazioa, neure printzea, neure zoriona. Batez ere ohartzen naizenean ez naizela zoriontsu. Ipuin honek esaten diguna da PLANTO! egiteko.

Zoritxarreko printze hori utzi eta zorioneko galeperrak airean hegan ikusirik, sentimendu txar guztiak urak eraman ditzala; negar egin hustu arte, bizitzaren loreak biltzeko. PLANTO esan eta libre senti gaitezen, eskerroneko iraganarengatik, alai orainean eta erabat baikor etorkizunarekiko.

Zoritxarreko printze hori ez du derrigorrez bikotekide bat izan beharrik. Zoritxarreko printze zoritxarreko egiten gaituen lan hori izan daiteke, edo nagusi petral hori, edo etengabean dirua pilatzea kontu korrontean.

Marizipriztinek zipriztindu nauela esan beharra dut. Ipuinaren hasierak Marierrauskinen ipuina ekarri dit gogora. Kristalezko oinetako punttadunek lirain eta eder egingo zutelakoan, printzearekin ezkondu beharra. Nahi eta nahi ez, kristalezko oinetakoek gaur egungo gizartearen rola betetzen dute, eta badirudi denok onartu behar dugula ezkontzea dela zoriona eta amaiera zoriontsua. Marierrauskinen ipuina hala bukatzen baita, zorioneko ezkontza batekin, eta galeperrez osatutako oturuntzarekin.

Marizipriztinen ipuinean, aldiz, erakusten zaigu ez dagoela ez hasierarik ez bukaerarik; denok baitakigu ez dagoela horrelakorik, ala? Urak bere bidea egiten baitu, eta malkoen iturriak irekirik segitzen du. Ez dago ez hasierarik ez bukaerarik, eta une jakin batean PLANTO! esan behar badiogu geure buruari aurrera segitzeko zoriontsu, ez dugu mugarik.

  Urak bere bidea
egiten du, eta
malkoen iturria
irekirik dago

Marierrauskinen gisako neskatila pasiboak, beti zain egon behar horrek, ez dakarrela zorionik esaten dio neska pasibo honi behintzat, eta beti garaiz gaudela emakume zoriontsu izateko, maitasunezko hitzak elkarbanatzeko eta oinutsik ibiltzeko.

Eta hau, ene uste apalean, marizipriztin protagonista neska bada ere, hasierarik eta amaierarik gabeko ipuin hau neska nahiz mutil guztiei zuzendurik dago, ausart gaitezen emakume eta gizon libre izaten. Ausart gaitezen behingoz gure ametsak betetzera, eta inguratzen gaituzten pertsonak zipriztintzera, haiek gu ere zipriztin gaitzaten. Ausart gaitezen gaizki gaudenean, lotsarik eta mugarik gabe negarrez hustera, gure bihotza aurkitzeko. Horrela ez gara inoiz bakarrik sentituko.

Ainara Maia

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli