Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Korapiloak (des) lotzen

ZUREAK EGIN DU Iñaki Friera Susa, 2009

li8      
pdf      

Gai sozialak ditu gogoko idazle barakaldarrak. Haur literatura landu duenean eguneroko egoerei lotu da, eta helduentzako argitaratu dituen bi nobeletan ere bide berari eutsi dio. Aurrekoan (“Lehorreko paterak”, Susa, 2001) Mendebaldeko herrietara pateraz datozenen errealitate gordina islatu nahi izan zuen. Oraingoan, berriz, emakumeen kontrako bortizkeria hartu du gaitzat, kalean eta komunikabideetan puripurian dagoena.

 Zaila gertatu ei zitzaion nobelarako ahotsa aurkitzea, izan ere, hain auzi sentibera ez baita samurra kanpotik jorratzea. Bere lanagatik, tratu txarrak jasan dituzten hainbat emakumeren testigantzak entzun ditu Frierak, eta horietakoren baten ahotik egitea pentsatu zuen hasiera batean. Gero, ordea, ikertzaile lana betetzen duen kazetari baten eskutik topatu zuen bidea. Beraz, guri heldu zaiguna genero beltzeko eleberri bat da.

Narratzailea aldizkari batean lan egiten duen berriemailea da. Egunerokotasuna duen gai bati buruz artikulu sakona idazteko enkargua eman dio zuzendariak. Aldi berean, zenbait gertaera arraro eta nahasi gertatzen zaizkio, hala nola ustez tratu txarrak pairatu dituen pertsona bat ezagutzea edota gizon bat emakume bat jipoitzen erakusten duen bideoa erredakzioan jasotzea. Hemendik aurrera kazetari lan grinatsua eta sentipen pertsonalak uztartzen joango dira. Halaber, generoari dagozkion misterio, ustekabe, korapilo eta antzekoak agertuko dira.

Nobela aurrera eramateko orduan bi plano desberdin erabili ditu idazleak. Alde batetik istorioa bera dago, kazetariaren ahotik jakinez goazena, bere kontakizuna. Bestetik, zerikusia duten hainbat pertsonaien (ahizpa, aita, idazkaria, psikologoa, etab.) adierazpenak daude, istorio nagusian tartekatuta azaltzen direnak. Modu honetan, narrazioko korapiloak nola askatzen diren ikusiko du irakurleak bi hariei tira eginez.

Nire iritzian liburuko gauzarik aipagarriena, emakumeen aurkako tratu txarren inguruan ematen den informazioa da. Beste inolako argumenturik nahastu gabe, horretan jartzen du autoreak indar guztia. Nabari da gaia menperatzen duela. Indarkeria jasaten duen Sofia (liburuan zehar agertzen den pertsona izen propio bakarra) da biktima nagusia, baina gehiago ere badaude: familia, adiskideak, laguntzeko prest dituenak… Mediku eta erizainen lana aipatzen da, psikologoen funtzioa, bortizkeria mota honen kontrako elkarteen garrantzia eta erasotzaileen pentsaera. Zalantzarik gabe,
Sofia eta bikotekidearen arteko erlazioen modukoen ezaugarriak jakiteko baliagarria irizten diot. Baten jeloskortasuna, posesibotasuna edota esklusibotasuna. Bestearen mendekotasun psikologikoa. Egongo dira bestelako kasuak, baina hau behintzat ongi azalduta dago.

Hau guztia esanik, nobela honek hotz xamar utzi nau. Ez da luzea eta erraz irakurtzen da, korapiloetan galtzeko arriskurik ez dago, baina thriller on bat izateko gehiago eskatu behar zaio. Kazetaria arazoari lotzeko erabiltzen den modua ahul antzekoa iruditu zait. Baita idazkariarekin edo Sofiaren aitarekin topatzen den lehen aldietan, kazetariak berak erakusten duen jarrera ezbaitia ere. Bestalde, Sofiarenaz gain beste izenik ez agertzeak argi erakusten du Frierak biktima nagusiaren gainean foku berezia jarri nahi izan duela. Gustu kontua izango da, baina nik gainerakoen izenen hutsunea nabaritu dut.

Aldekoak eta aurkakoak kontuan izanik, betiko moduan irakurleak erabaki beza.

Iban Balerdi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago