Gotzon Aranburu |
"Zaletasunek bultzatuta edo errebotez nabil jardunean"
Azkarate kulturarekin eta kirolarekin lotutako egitasmo ugarietan dabil lanean, finean, herrigintzan aritzen da lanean buru-balrri, bere zaletasunek bultzatuta.
Gorka Azkarate Urretxun jaio zen 1977. urtean, eta Zumarragan bizi da orain. Bere soslaia egiterakoan, egokitzen zaion adjetiboa polifazetikoa dela esan daiteke. Lanbidez ingenieroa, ikerketa zentro batean egiten du lan. Zaletasunek kulturaren eta kirolaren mundura eraman dute, eta bere aurpegia eta ahotsa nonahi ikus eta entzun daitezke Urretxun eta Zumarragan antolatzen diren ekintzatan.
Nola uztartzen dira zugan hainbeste jarduera mota: bertsogintza, literatura, kirola, musika, zientzia?
Zaletasunek bultzatuta edo errebotez nabil jardunean.
Kirolaren eremutik hasita, Goierri Garaia mendi lasterketako taldeko kidea zara, ezta?
Mendia oso gustukoa dut, oinez lehenengo eta gero korrika ere hasi nintzen. Goierri Garaia taldea osatu genuen zaletasun berdina genuenon artean.
Ehunmilia proba Urretxutik eta Zumarragatik pasa zenean esatari lanetan ibili zinen, Goierri Garaia mendi lasterketa taldeko kideak lanean aritu zineten?
Bai. Talde bezala laguntza eman genien hemen antolatu behar zen anoa-postuarekin, ibilbidea markatu genuen, eta niri esatari lanak egokitu zitzaizkidan.
Kirolatik literaturarako jauzia eginez, eta Bergarako Idazle Eskolan ikasketak egin zenituen; Zumarragan egiten diren Ilunabar Literarioetan ere parte hartu izan duzu.
2006ko udazkenean hasi nintzen Idazle Eskolan. Titulazio bat da, masterra. Etekinik handiena norberak lan eginda ateratzen zaie ikasketa hauei, eta ni literaturarekiko dudan zaletasunak bultzatuta sartu nintzen. Bi urtez ikasi nuen Bergaran, larunbatero joaten nintzen eskolatara, eta bi urteak igarota, jarraitzeko aukera dugu; ekintzak, bilkurak eta hitzaldiak antolatzen dituzte, ikasle ohiei irekiak direnak. Kontaktuan jarraitzen dut Bergarako kideekin, eta hortik sortu zen Zumarragara Ilunabar Literarioen ekintza ekartzeko aukera.
Zer egiten duzue Ilunabar Literario horietan?
Ni ikasle nintzela antolatu genuen lehenengo saioa, 2007an. Eskolako aldizkaria aurkezten dugu, eta testuak irakurri. Idazteko zaletasuna duen jendea elkartzen da, herrikoa. Hori da helburua: bertako literaturzaleak elkartu eta norberak idatzitakoa edo beste idazleena irakurtzea.
Urrian euskarazko irakurle taldearen bilerak hasiko dituzue, eta han ere gidaritza lanak egiten dituzu. Nolatan hasi zinen?
Udal Liburutegiak bideratuta, lehenengo gaztelaniazko irakurle taldea jarri zuten martxan. Euskarazko taldearentzat izena eman nuen, baina ez zen talderik osatu. 2009an, Udal Euskaltegikoak izena emanda genuenokin harremanetan jarri ziren, eta taldea martxan jartzeko moduan egon ginen.
Eta gidaritza lanak?
Gidaririk ez zutela, eta Idazle Eskolako esperientzia izanda, nire burua eskaini nuen lan hori egiteko. Egia esan, lan sinbolikoa da, irakurleek parte hartzea da garrantzitsuena, hori baita aberasgarriena. Nire lana liburuak aukeratu eta eztabaida sustatzea da.
Zenbat irakurle biltzen zarete?
10-12 lagunekoa da batazbestekoa. Irakurle batzuk gaztelaniazko taldean ere badaude. Beste talde batzurekin harremanak egin ditugu, Larrabetzuko Literaturia ekimenekoekin, adibidez. Idazleak ere ekarri ditugu, baina ez beti, oreka bat mantentzen saiatzen gara; izan ere, solasaldiak idazlearen hitzaldi bihur daitezke, eta irakurleek horrelakoetan ez dute hainbeste parte hartzen.
Musikaria ere bazara, eta aurten Antioko Musikaldiko liburuxkako hitzaurrea idaztea egokitu zaizu.
Zumarragako Musika Bandan jotzen dut, oboea. Musikarekin lotutako pertsona batek idatzi ohi du, eta aurten niri egin zidaten eskaera.
Zure lanbideaz bi zertzelada emango zenituzke?
Ikerketa zentro batean egiten dut lan. Produkzioan aritzen diren enpresek dituzten arazoei irtenbideak aurkitzen saiatzen gara.
«Bertsoak entzuleak behar ditu, bestela alferrik»
Azkarate Zumarragan, udaberrian, izandako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketan |
Gorka Azkaratek (Urretxu, 1977), Gipuzkoako Bertso Lehiaketako udazkeneko faserako txartela lortu zuen udaberrian, eta aurreko asteburuan Azkoitian aritu zen. Matematikoki txapelketatik kanpo geratu ez bada ere, ez zen oso pozik geratu egindako lanarekin. Bertsotan aritzeaz gain, Azkarateren jarduera bertso munduan, askoz zabalagoa da.
Azkoitian ez zinen ibili nahi bezain ondo, ezta?
Ez nuen nire egunik onena izan, makal antzean aritu nintzen, saioari neurria hartu ezinda. Akatsen bat edo beste egin nuen betelanean eta nahiko gris aritu nintzela esango nuke.
Nolatan lotu zinen bertsogintzara?
Ikastolan hasi ginen, seigarren mailan. Bertso Eskola sortu zuten Urretxun eta Zumarragan, eta lagunekin izena eman genuen. Horrela hasi ginen idatzizko bertsoak egiten eta bat bapatekoak kantatzen beranduago. Lagun asko hasi ginen arren, gutxi batzuek jarraitu genuen. Gaztetan sariketatan parte hartu genuen, eta poliki-poliki zure bidea egiten hasten zara. Gero, Bertso Eskolako ardura hartzeko unea iritsi zitzaigun, eta, egia esan, nire bertsokera entrenatzen baino lan gehiago egiten dut Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolako gaztetxoekin.
Zenbat ume izan ziren iaz Bertso Eskolan?
22 ume izan genituen. 8 urterekin hasten dira, eta hortik aurrerako gaztetxoak daude eskolan. Helduak ere baditugu, baina erritmoak ez du jarraipen bera. Helduak Bertso Eskolak antolatzen dituen ekintzatarako elkartzen gara, urtean hainbat aldiz, baina asteroko jarraipenik ez du. Martxoan Bertsoa dela, bertso antzerkiak direla, eta abar. Haurrekin eskolaz kanpoko jarduera bat bezala funtzionatzen du eskolak, ordutegi finko batekin, alegia.
Zer esango zenuke Urretxuko eta Zumarragako bertsogintzan dagoen harrobiaz?
Interes handia duten pertsonak dira, baita gaitasun handikoak ere. Gure lana mantendu eta indartu egiten dute.
Izena emateko modua zein da?
Eskolen bitartez bidaltzen dugu informazio guztia.
Martxoan Bertsoa egitasmoa aipatu duzu; zuek sortutakoa da, ezta?
Datorren urtean hamargarren edizioa izango da. Aurretik, bertso tramak eta agerraldi batzuk egiten genituen. Zerbait ezberdina egiteko gogoz geunden, eta txapelketaz gain, bertsolaritzarekin lotutako zikloa antolatzea otu zitzaigun.
Arrakasta handiko egitasmoa da.
Eskolako helduen taldeak indar handiz ekin zion, eta une polita izan zen. Oraindik ere, Martxoan Bertsoa antolatzeko elkartzen gara, hutsik egin gabe; harrigarria da, urtean zehar jarraipen handirik ez baitu helduen taldeak, hala ere, egitasmoa ez da gainbehera etorri 10 urtetan, kontrakoa esango nuke.
Hamargarrena izanda, edizio berezia izango da aurtengoa, ezta?
Zerbait berezia egiteko asmoa badago. Formulak funtzionatu du, ohikoa ez den jendea kantuan ikusi dugu oholtza gainean, baita ohikoak ez diren bertso entzuleak ere. Azken urteotan oso jende gaztea bildu da kanporaketak ikusteko. Uste dut, beharbada, kalera gauez ateratzeko aitzakia izan dela gaztetxoentzat, eta funtzio hori bete behar ote duen ez badakit ere, hor daude, bertsoak entzuten. Zaletuen harrobia ere behar da, bertsolariak behar dira, baina entzuleak ere ezinbestekoak dira, bestela alferrik ari gara.