Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
manhattan_de_arana.gif
 
AITZINSOLASA

Desilusioa, sormenaren pizgarri

John Dos Passos (1896-1970) eleberrigilea Chicagon jaio zen, Illinois estatuan. Portugaldar jatorriko abokatu aberats baten sasiko semea izanik, bere amarekin atzerrian eman zuen haurtzaroaren eta nerabezaroaren zati handi bat. EEBBetara itzulita Harvard Unibertsitatean graduatu zen 1916an. Geroago, Lehenengo Mundu Gerran, anbulantzia-gidari ibili zen Italian eta Frantzian. Orduko bizipenak oinarritzat hartuta, Three Soldiers (1921) eleberri bakezale garratza plazaratu zuen, errealitate haren ankerkeriarekin topo egiteak sortarazi zion asalduraren adierazle.

Lehenengo Mundu Gerraren ondoren errealitatea ez zitzaion batere asebetegarri; iritzi berekoak ziren “Belaunaldi Galdua” idazle-taldeko gainerako kideak ere. Hain zuzen ere, horixe zuten ezaugarri behinena, errealitateak ernarazten zien desilusio handia, alegia.

Manhattan Transfer (1925) eleberriari esker, ospe handia lortu zuen. New York hirian kokaturiko kontakizun luze honetan berrikuntza estilistikoak egiteko aukera izan zuen John Dos Passosek, USA trilogian erruz baliatuko zituen berrikuntzak.

New Playwrights Theatre-rekin zuen harremanaren ondorioz, The New Masses egunkari ezkertiarrean idazten hasi zen. USA trilogia argitaratzearekin batera, Dos Passos langileen idazlea zelako ustea areago sendotu zen.

Nicola Sacco eta Bartolomeo Vanzetti anarkistak 1927an exekutatu izanak berebiziko eragina izan zuen idazle estatubatuar honengan eta bien barkamena lortzeko alferrikako ahaleginetan gogotik aritu zen. Harrezkero Estatu Batuen baitan “bi nazio” bereizi zituen: batetik, aberats eta pribilegiatuena eta bestetik, pobre eta babesgabeena. USA trilogiak (The 42nd Parallel, 1919 eta The Big Money) ederki islatu zuen bitasun hori. The 42nd Parallel (1930) eleberrian, 1900etik Lehenengo Mundu Gerrara bitarteko aldia izan zuen gai nagusia. 1919 (1932), berriz, gerraz eta Versaillesko ituna sinatu zen urteaz ari da. Hurrengo hamar-hamabost urteez, ordea, The Big Money (1936) liburuak dihardu, hain zuzen ere, 20ko hamarkadako bat-bateko hazkuntza ekonomikotik hasita 30ko hamarkadako porrotera arte. Dos Passosek halako egiazkotasun-kutsu batez hornitzen ditu bere kontakizunak, alegiazko bere pertsonaiak indartu nahirik. Esaterako, benetako egunkari-tituluak eta garaiko kantak egokiro nahasita, “newsreels” izeneko koktel informatiboak sortzen ditu. Aldian behin sistemaren ordezkari ezagunen biografiak ere erabiltzen ditu trilogian, hala nola, Henry Ford autoegile, Thomas Edison asmatzaile, Woodrow Wilson presidente eta J. P. Morgan finantzariarena. Gainera, “beste nazio” horretako kideak ere agertzen dira, besteak beste, Eugene V. Debs sozialistak, Thorstein Veblen ekonomilariak eta Lehen Mundu Gerrako Soldadu Ezezagunak. “Kameraren begia” izeneko prozeduraren bidez gertakarien beste neurri bat eskainiko zaigu, ikuspuntu hurbila, poetikoa eta egilearen bizitzaren zipriztinez hornitua.

USA izeneko lan mardularen ondoren District of Columbia (Adventures of a Young Man, 1939; Number One, 1943; The Grand Design, 1949) trilogia apalagoa argitaratu zen; bertan John Dos Passosek argi eta garbi agertu zuen langileen mugimenduak, komunismoak eta New Deal izeneko erreforma ekonomiko-sozialak gero eta lilura gutxiago pizten ziotela. Bere sormenaren gainbehera eta bere ikuspegi politikoa –gero eta kontserbadoreagoa– ederki asko islatu zituen bere ondorengo lanetan.

Manhattan Transfer: hiri handi baten taupada mingarria.

New York jatorri anitzeko gizon-emakume aldren bilgune gisa ageri zaigu, zenbaitzuek hizkuntza-arazoak ere badituztela. Guztiek ingelesa dute lokarritzat, mintzatzen hasi orduko euren jatorriaren zantzua agerian uzten badute ere. Alemaniarrak, frantziarrak, hiritik kanpoko eskolatu gabeak, juduak eta New Yorkeko jargoia darabilten hiztunak ditugu, besteak beste, Manhattan Transfer liburuko pertsonaietako batzuk, zein bere mintzaera eta bereizgarri fonetikoekin. Ugaritasun horrek hamaika buruhauste eta eragozpen sortarazi dizkigu liburu hau euskaratu dugunoi. Hartara, batzuetan asmamenaz baliatu beharra izan ditugu eta besteetan ezinaren aurrean makurtzea besterik ez dugu izan, itzulpena taxuz egitekotan.

Kontakizunak bat-batean eta zirraragarriro egiten du jauzi pertsonaia batetik bestera eta leku batetik bestera, gidoi zinematografiko bat bailitzan. Era berean, sentimenei buruzko hainbeste xehetasun ematen zaigu, ezen baitirudi kaleak isuritako urrinei nahiz kiratsei antzematea badugula, baita ilunabarraren isla gorriez gozatzea eta hiriko trafikoaren ardailan murgiltzea ere. Hori dela eta, pertsonaien sentsazioak eta sentimenduak gertu-gertutik sumatzen ditugu, euren larrupean biziko bagina bezala, ia-ia geure egiteraino. Dos Passosek deskripzioetan darabilen zolitasunak zuzen-zuzenean zementuzko hiri-oihanera garamatza, oihan bizi-bizi, koloretsu eta kalapitatsura.

Inguruabar bortitz horretan gertatzen da bizibidea ateratzeko eguneroko borroka, batzuen mesedegarri eta besteen galgarri dena. Borroka hori askorentzat bizirik irauteko bide bat baino ez da; banaka batzuek, aldiz, lan-munduan arrakasta lortzeko tresna kasik obsesiboa dute. Hala, pertsonaiek bizimodu konplexua dute: guztiek amets bana dute golkoan, horren ordainetan euren egunez egunekoa garraztasunez mukuru beterik badago ere. Arrakastaren eta porrotaren arteko muga ez dago guztiz zehazturik; garaile ustekoak alproja zikin batzuk besterik ez dira eta itxuraz galtzaile direnak edota bizitza gordinari hagina sartu ezinik dabiltzanak izaten dira zintzoenak eta sentiberenak. Hiria pertsonaien bozkarioen eta bihozminen lekukoa da, haien gazi-gozoak bertatik bertara ikusten ditu, alegia, hiriaren presentzia hain da nabarmena, beste pertsonaia baten gisara jokatzen baitu: jaikitzen da, lo egiten du, hitz batean, bizi-bizirik dago… Aldi oro kaleren bat aipatzen da (berrogeita hamar kale inguru ageri dira liburuan), baita parkeren bat, plazaren bat edo eraikinen bat ere. Datu horiek guztiak kontuan hartuta, hiriaren garai hartako planoa erraz asko irudika dezakegu geure gogoan. Hudson ibaiari buruzko aipamenak ere sarri egiten ditu Dos Passosek: beti langar eta ketan; denetariko itsasontzien desfile amaigabeen agerlekua; gerratik datozenek, justiziatik ihesi dabiltzanek, langileek, deportatuek, trafikatzaileek eta abarrek igaro beharreko atea. Kontakizuna ferry batean hasten da eta ferry horrexek bukaeraraino eramango gaitu. Laburbilduz, ibaia funtsezkoa da narrazioaren egituran.

    Kontraste mingarriz beteriko mundu honetan, New York bezalako hiri handiak gizarte-bidegabekerien adierazle argiak dira. Manhattan Transfer eleberriak desoreka hori gordinki islatzen du. Ezinbestez gaur egungo hiri handi bat gogora dakarkigun giza gune batera garraiatzen gaitu. Txiroen minaren eta itzalik ezaren aurrean, aberatsek soraioa eta are destaina beste erantzunik ez dute. Zoritxarrez, gaur egun ohiko bihurtu da kontraste samingarri hori.

    Azken batean, XX. mende hasierako New York hiriaren gizarte-mailei buruzko halako azterlan bat da Manhattan Transfer eta, gure iritziz, nagusiki adierazi nahi du ondasun-banaketa bidegabeak idazlearen baitan eragiten duen nahigabe larria. Pertsonaiak gaizki kokatuta daude bizitzaren argazkian, lekuz kanpo: dirua edo boterea edukiagatik maitasuna falta dute edo maitasuna eskuratzen dutenean diruak edo botereak ihes egiten die. Beti zerbaiten husmina sentitzen dute. Prestuak izanez gero, dohakabeak izaten dira; liburu honetako jende zitalak, ordea, errazago du bere xedeak iristea.

    Bestalde, garai hartako gertakariei buruzko aipamenak ere ugariak dira, hala nola, gertakari politikoak (Lehenengo Mundu Gerra, “boltxebiken mehatxua” etab.), gertakari kulturalak (“Follies” izeneko ikuskizunak, kontakizunean eta pertsonaien gogoetetan txertatutako kantak etab.). Horrek guztiak garai hartako gizartearen bihotzean kokatzen gaitu, mezua zirraragarriago, sinesgarriago eta zuzenago eginez.

    Beraz, Manhattan Transfer eleberriak New Yorken XX. mende hasieran gertatu zen kultur arragoa erakutsi nahi du, gizarte-maila guztiak islatuz, suhiltzaileen adar-hotsekin batera taupada eginez eta hiri handi bat bisitatu ondoren bidaiari guztien ahoan sortu ohi den gezamina irakurleei erantsiz.

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago