Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

Pertsonaiak

ARGI. Armiarma. Albinoa da, zuria.

PELIPE. Eulitxoa. Hegoak kendu zizkioten.

TXIKLE. Labezomorroa. Biguna da, gogorra izan ordez.

OKER. Matxinsaltoa. Hanka-okerra da eta ezin du nahi duen tokirantz salto egin.

MARIGORRI. Amona mantangorria. Ez dauka pinportarik, gorri-gorria da.

IPURTANDI. Ipurtargia. Ipurdia oso handia dauka eta ipurdian argi itsugarria.

ZORTZI. Inurria. Oso buru handia du, ia gorputzaren tamainakoa.

LUXE. Ehunzangoa. Munduko ehunzagorik luzeena da.

1. eszena

Taula atzean pantaila zuria. Oholtzaren erdian, Argi armiarma dago. Bere burua aurkeztuko du.

ARGI: Kaixo, ni Argi naiz! Txakur izena dut, bai, baina armiarma naiz. Hankaluzea naiz, iletsua eta buruhandia (gorputz atalak seinalatzen). Armiarma guztiak bezalaxe. Baina badut berezitasun bat, segituan konturatuko zineten: ez naiz beltza. Ezta marroixka ere. Zuri-zuria naiz, elurra bezalakoa. Ezkutaketan jolasten dudanean, irabazi egiten dut beti. Ez naute inoiz aurkitzen. Sustoak ematen ere onena naiz. Eta zer esanik ez eulitxoak harrapatzen. Bakar batek ere ez dit ihes egiten. Badakizue zer egiten dudan? Horma zurian ikustezin bihurtzen naiz! Oraintxe ikusiko duzue...

Pantaila zurira gerturatuko da, eta paretara begira jarriko da, ikustezin bihurtzen dela erakusteko. Gero, lehengo tokira bueltatu eta azalpenekin jarraituko du:

ARGI: Baina ez pentsa zuria izateak abantailak soilik dauzkanik. Ez horixe. Desberdina izatea ez da erraza, ez. Burla asko egin didate, txiki-txikia nintzenetik: “Pintura erori zaizu gainera, ala?”, esaten zidan batek. “Ez, mamu bat ikusi du!”, erantzun besteak. “Bai zera, hozkailuan harrapatuta geratu da!”. “Ez, esnetan bainatu da!”. Beti egoten da armiarma mihi-gaiztoren bat inguruan. Eta nik ez dut jakiten zer erantzun. (Etenaldi bat egingo du) Baina okerrena ez da hori. Okerrena zera da... oso bakarrik sentitzen naiz! Lagunik gabe geratzen naiz beti! Badakizue zergatik? Garbiñe Mari Garbik dauka errua, etxe honetako jabeak. Alergia dio hautsari, eta etxea garbitzen dabil beti. Zenbat lagun ikusi ditudan haren erratz puntan aldentzen! Edo hautsa kentzeko trapuan katigatuta! Ni, ordea, ez nau sekula ikusten. Nahikoa izaten da pareta zurira gerturatzea, sofa urdinean edo egurrezko zoruan hankaz gora geratu gabe. Horretan zortea dut: etxeko horma guztiak dira zuriak.

Emakume baten ahotsa entzungo da, txistuka kantuan.

ARGI: Uiiii, badator Garbiñe Mari Garbi! Argi ibili beharra daukat!

Pantaila zurira itsasita geratuko da armiarma, eta plumero/erratz erraldoi bat agertuko da eszenatokiaren ertz batetik, txistu hots alaiarekin batera. Armiarma dagoen tokitik nahiko gertu pasako da plumeroa/erratza, eta berriz desagertu.

ARGI: Oraingoan ere libratu naiz!

2. eszena

Pantaila zuria agertuko da berriz ere, baina ertzetako batean armiarma sare bat egongo da zintzilik (sokazkoa izan daiteke, hamaka moduko bat). Armiarma zuria oholtzaren beste ertzean dago, pantailaren ondoan. Halako batean zomorro beltz bat agertuko da taulan (armiarma bat dirudi, baina hankamotza da; bi begi handi ditu), eta amaraunera hurbilduko da. Armiarma sarera igotzen saiatuko da, salto txikiak eginez baina lortu gabe; ez da iristen eta erori egiten da.

ARGI: Zertan zabiltza, txikito?

PELIPE: Zer? (alde guztietara begiratuko du, izututa, ez baitu armiarma ikusi ere egin). Aaaa, hor zaude! Jan nazazu! Ez dut bizi nahi! (oihuka)

ARGI: Zer arraio zara zu? Eulia?!

PELIPE: Bai, eulia (haserre). Hegorik ez dut, baina eulia naiz, bai. Edo nintzen, hobeto esanda. Ezin dut hegan egin! Jan nazazu, lehenbailehen... (belauniko, erregutzen)

ARGI: Armiarma eta eulia elkarren etsaiak dira, katua eta xagua bezalaxe. Denek dakite hori. Euliak dira nire mokadu gustukoena! Mmm... Baina zu, ez dakit ba... igual ez zaitut jango!

PELIPE: Zer? Zergatik ez?! Horretarako ere ez al dut balio?

ARGI: Hain ikusten zaitut babesgabe eta beldurtua... Egia esan, pena ematen didazu.

PELIPE: Pena, hori da ematen dudana! Pena besterik ez (erdi negarrez). Errukarria naiz. Horrela bizi baino, nahiago dut hil!

ARGI: Ez esan txorakeriarik... Lagunak izango gara! Etorri... (hanketako bat luzatuko dio)

PELIPE: (zalantzakor, ez dakiela gerturatu ala ez) Amarru bat izango da seguruenez, baina zer dut galtzeko? Ez da hori ba nahi dudana?

Hego gabeko euliak armiarmaren hankari helduko dio. Eta konturatu orduko, armiarmaren besoen artean egongo da. Armiarmak besarkada beroa emango dio. Musu ere emango dio. Eulitxoak ez du ezer ulertuko.

PELIPE: Benetan ari al zara? (mesfidati)

ARGI: Bai!

PELIPE: Zergatik?

ARGI: Zu ez zara euli normala, eta ni ere ez armiarma normala. Ikusi al duzu inoiz armiarma zuririk?

PELIPE: E... eeez.

ARGI: Ba hori!... Ezagutzen duzu Garbiñe Mari Garbi, etxe honetako andrea?

PELIPE: Ikusi dut, bai... Nahiago dut zuk jatea hark erratzarekin astintzea baino!

ARGI: Lasai, nik babestuko zaitut, ez izan beldurrik. Mari Garbi bere trapuekin datorrenean, zu ezkutatu zaitez nire atzean, eta horrela ez zaitu ikusiko! Etorri hona, proba egingo dugu.

Armiarma pantaila zuriaren ondoan jarriko da, eta eulia bere atzean jarriko du (armiarma baino askoz txikiagoa da).

ARGI: Ikusten?

Armiarmaren atzetik irtengo da eulitxoa, poz-pozik, irribarrez.

PELIPE: Ez dizut nire izena esan. Ni Pelipe naiz!

ARGI: Pelipe? (harrituta) Ni Argi.

PELIPE: Argi? (harrituta) Hori ez da txakur izena?

ARGI: Bai, badakit! (barrez)... Armiarma sarera nindoan oraintxe, siesta ordua da ta. Bazatoz nirekin?

PELIPE: Bai!

Armiarma sarera igoko da armiarma, eta eulitxoari igotzen lagunduko dio.

3. eszena

Pelipe eta Argi daude taulan, ezkina batean eserita. Atzean, pantaila zuria dago, armiarma sarerik gabe; sofa urdinaren zati bat ere ikusten da irudian.

ARGI: Zer egingo dugu? Jolastuko dugu ezkutaketan, aurreko egunean bezala?

PELIPE: Nahiago harrapaketan, baina ez du balio pareta zuriaren ondoan jartzea, e! Hori tranpa da!

ARGI: Bale! Baina ni ezkutatuko naiz lehenengo...

Labezomorro bat agertuko da taularen beste aldetik (beltza eta lodia, beste biak baino handiagoa), lurrean atxilipurdika, pilota bat bezala biraka. Etzanda geratuko da taularen erdialdean. Eztula egingo du, eta gero geldi geratuko da, zirkinik egin gabe hankaz gora. Beste biak begira geratuko dira, baina gerturatu gabe.

PELIPE: Zer da hori? Labezomorroa, ala?

ARGI: Bai, sukaldetik ihesi iritsiko zen honaino. Mari Garbik produkturen bat bota du, seguru! Kiratsa hemendik sumatzen da! (eskua sudurrera gerturatuz) Hilda ote dago?

PELIPE: Lagundu egin behar diogu!

ARGI: Nola, baina?

PELIPE: Goazen!

Armiarmaren harridurarako, labezomorroari kolpe txikiak ematen hasiko da eulia. Gainean saltoka. Labezomorroa bere onera bueltatzen hasiko da.Eztulka hasiko da.

PELIPE: Oso ondo! Oso ondo! Arnastu duzun pozoia botatzen ari zara! (paparrean kolpetxoak ematen jarraituko du)

TXIKLE: Nahikoa da, hobeto nago! (zakar, ahotsa sendoa du)

Labezomorroa txiribuelta bat eginez zutituko da, ti-ta batean (oskola biguna dauka, eta oso malgua da). Pelipe eulitxoa armiarmaren atzean ezkutatuko da, beldurtuta.

PELIPE: Ez zen nire asmoa zu haserraraztea... (armiarmaren atzetik irteten)

TXIKLE: Ez, ez nago haserre. Nola egongo naiz ba haserre? Bizitza salbatu didazu! Baina... ze zomorro mota zarete zuek?

PELIPE: Hego gabeko eulia naiz. Eta hau nire laguna da: Argi armiarma zuria.

TXIKLE: (barrez lehertzen) Bai bikote xelebrea!

ARGI: Hara bestea! Eta zu zer? (minduta). Noiztik dira bigunak labezomorroak?

TXIKLE: Egia, ni ere ez naiz oso normala... (barrez) Txikle naiz. (bostekoa luzatzen)

ARGI eta PELIPE: Txikle? (barrez)

TXIKLE: Bai, txikitan lagun batek txikle deitzen zidan, eta beste batek flan. Azkenean Txiklerekin geratu naiz. Hankaz gora geratzen zirenean, buelta eman ezinda, nik laguntzen nien jaikitzen. Baina hala ere, beti adarra jotzen... badakizue, beraiek ezin zuten bakarrik jaiki, eta enbidia! (barrez) Beti izan naiz arraroa, guztientzat. (tonua aldatuta, burumakur)

ARGI: Zer egingo diogu ba horrela jaio bagara? (animoak ematen)

PELIPE: Ni ez nintzen horrela jaio. Ume gaizto batek kendu zizkidan hegoak... (negarrez hasteko puntuan)

TXIKLE: Ez egin negar, ez izan txotxoloa! Etorri hona, eta ahaztu egingo zaizu hegan egiten ez dakizula! (lurrean etzango da)

PELIPE: Hori ezinezkoa da...

TXIKLE: Baietz ba! Ikusiko duzu, hegan egitearen antzekoa izango da.

PELIPE: Benetan? (artean sinegogor)

Eulitxoa ondora joango zaio.

TXIKLE: Egin salto nire gainean!

PELIPE: Eeez, mina egingo dizut!

TXIKLE: Bai zera! Probatu, eta ikusiko duzu!

Eulitxoa saltoka hasiko da, lehenengo poliki eta gero azkarrago. Benetan ez du labezomorroaren sabelaren gainean salto egingo, atzean baizik (baina aurretik begiratuta sabel gainean saltoka dabilela eman behar du): ohe elastiko moduko zerbait ipini daiteke atzean, eta han egin dezake salto.

PELIPE: (Pozez saltoka, garraxika) Baiiiiii! Hegan ari naiz, hegan ari naiz!

Pelipe gelditu egingo da, irribarretsu.

TXIKLE: Zer iruditu zaizu?

PELIPE: Bua, zoragarria izan da! Mundiala! (poz-pozik)

TXIKLE: Eskuetatik heltzen badidazu, bola bat bihurtu gaitezke, eta ziztu bizian joan gaitezke nahi dugun tokira. Pilota bat bezala! Eta ez duzu aldapa behera probatu... kristorena da!

PELIPE: Uauuu!! Antenak tente jartzen zaizkit pentsatzearekin bakarrik! Oraintxe bertan probatu nahi dut. Ez naiz zorabiatuko?

ARGI: Barkatu, lagunok, baina arazotxo bat daukagu.

PELIPE: Ze arazo?

ARGI: Mari Garbi. Handiegia zara, Txikle, nire atzean ezkutatzeko. Mari Garbi agertzen bada, segituan ikusiko zaitu, eta... badakizue zer gertatuko den.

PELIPE: Oooo, arraioa! Hori ez da arazotxoa, arazotzarra da (besoak zabalduz)! Zerbait pentsatu beharra daukagu, eta azkar!

TXIKLE: Zergatik dago hain tematuta zomorro denak akatzearekin? Ez dut ulertzen!

Guk ez diogu kalterik egiten!

PELIPE: Gizakiak horrelakoak dira. Itsusiak garela diote... Beraiek bai direla itsusiak! Pufa, batez ere umeak. Beraien buru haaandi horiekin. (barrez)

ARGI: Umeak oso itsusiak dira, bai! Puaj... ze naaazka! (keinuak egiten)

TXIKLE: Beraien ile xelebre horiekin... (eskuak buru gainean jarrita)

PELIPE: Eta arropa eskandaloso horrekin... (burua ezker-eskuin mugituz)

TXIKLE: Eta behatz luuuze horiekin... (keinuak egiten behatzekin; denak barrez)

ARGI: Eta hortzak? (goiko hortzak erakusten) Ez al dira konturatzen beraiek direla beldurgarriak eta ez gu? Eta Mari Garbi da denetan beldurgarriena. Ez da geldi egoten! Edozein momentutan ager daiteke.

TXIKLE: Badakit zer egin dezakegun. Beste etxe batera joan gaitezke!

ARGI: Zer?!

PELIPE: Bai, hori da! Etxez aldatzeko ordua da. Ni leiho batetik sartu nintzen hona, sargori egiten zuen egun batean. Jakin izan banu, ez nintzen sartuko! Hementxe galdu nituen hegoak. Eta hegoak kendu zizkidan umea hemen bizi da... Dardarka hasten naiz hura ikusi orduko!

ARGI: Ez nago konforme! Beste irtenbideren bat topatu beharko genuke. Ni hemen jaio naiz, eta hemen bizi... Ez dut besterik ezagutzen. Leihotik kanpora begiratuta eta telebistan ikusitakoa bakarrik. Eta ez da oso erakargarria, egia esan! Mundua arriskuz beteta dago. Beldurgarria da, oso.

PELIPE: Horretan arrazoia duzu. Eta zuk ez dituzu hor kanpoko arriskuen erdien laurdenak ere ezagutzen! Zenbat txori, katu, erle, suge, xagu... ote dabil hor kanpoan, belar artean ezkutatuta, arboletatik zelatan? Atzaparrak luzatuta, mokoak zabalduta, mihiak luzatuta (keinuak eginez)?

ARGI: Ai amaaaa... kanpora ez, mesedez!

TXIKLE: Ez daukagu kanpora atera beharrik! Loreak, zuhaitzak... nik ere ez ditut ezagutzen. Eta ez daukat ezagutzeko batere gogorik. Gainera, argiak mina egiten dit begietan... (eguzkitako betaurrekoak jantziko ditu). Labezomorroak hoditerietan bizi gara. Hodi ilun eta freskoetan. Horixe da gure “Metroa”. Hodiak erabiliko ditugu, etxe zikinago batera joateko, eta listo!

PELIPE: Ez dakit ba, nik beldurra diot iluntasunari...

TXIKLE: Lasai, nik ondo dakizkit sukalde batetik bestera joateko bideak. Auzoko etxe gehienak ezagutzen ditut. Badakizue zergatik utzi nuen azkenengo etxea?

ARGI: Zergatik?

TXIKLE: Jabeak botatzen zituen puzkerrekin mareatu egiten nintzelako!

PELIPE: Bai zera! Adarra jotzen ari zara...

TXIKLE: Benetan! Zuek ez dakizue nolako kiratsa, pufa... konortea galtzen nuen! (lurrean etzango da, zorabiatuarena egiten, hankak gora jasota. Pelipe barrez hasiko da)

ARGI: Utzi txorakeriak!... Ilunpetan galduta gaude gu! Ez dugu piperrik ikusiko. Hodietan ez genuke bi minutu ere iraungo. Bide estuak dira, hezeak eta ilunak! Oso ilunak. Joan zuek, nahi baduzue. Ni ez noa. (besoak gurutzatuta)

PELIPE: Ba ni ere ez. (serio) Klaustrofobia daukat!

ARGI: Niri ez zait ura gustatzen, edateko ere ez. Gainera, etxe zikinagoa... Ni horma zuri hauek gabe galduta nago!

TXIKLE: Baina ez duzue esan zerbait egin beharra daukagula?

ARGI: Bai, baina...

TXIKLE: Egia da... Zuek orain arte bezala segi dezakezue... zuek arazorik ez duzue hemen bizitzeko. Ez daukazue nitaz kezkatu beharrik. (besoak gurutzatuta beste aldera begira, minduta) Ze inuxentea naizen! Barkatu, momentu batean talde bat ginela pentsatu dut. Lagunak. (lurrera begira, triste)

PELIPE: Eta izan gaitezke. (animoso) Ezta, Argi? (armiarmak ez du erantzuten). Ezta, Argi?

ARGI: Bai, baina... (zalantzati)

PELIPE: Baina zer? Ezin dugu Txikle gaixoa abandonatu! Jatorra da, maitagarria da eta eta eta... ba hori, kontxo, hirukote polita osatzen dugu! (Txiklek aingeru aurpegia jarriko du, armiarma konbentzitzeko)

ARGI: Ba esango didazu nola egingo dugun elkarrekin jarraitzeko! Etxean ez dago ezkutalekurik. Txokorik estuenak ere garbitu egiten ditu...

PELIPE: Ez dakit ba... utzi pentsatzen... Zergatik ez goaz negutegira? Leihotik ikusten den hori, etxetik gertu dago...

TXIKLE: Zer da negutegia?

ARGI: Plastikozko etxea da. Tomateak eta letxuak jartzen dituzte han gizakiek, baina negutegi hori itxita dago. (behatzarekin publikorantz seinalatzen). Abandonatuta. Inor ez da, behintzat, horra sartzen. Hormak zurixkak ditu, egia esan... (pentsakor) Zuri zikina da, baina zuria azken finean.

PELIPE: Hori da! Negutegira joango gara! (pozik)

ARGI: Egia esan, ez zait ezer hoberik bururatzen...

TXIKLE: Ba goazen negutegia! Gu ausartak gara! (indartsuarena egiten) Etxe honetako zomorrorik ausartenak!!!

ARGI: Bai, noski, bakarrak garelako! (hirurak barrez hasiko dira)... Uste dut Mari Garbi datorrela... goazen, goazen!

Ziztu bizian desagertuko dira hirurak, eta Mari Garbiren txistu hotsa eta esprai zarata entzungo dira.

4. eszena

Pantailan leiho baten irudia ikusiko da; ertzetan pareta zuria du. Aurrean hiru zomorroak daude, leihoaren kanpoko aldean (txorien kantua entzun daiteke), negutegira abiatzeko gertu.

PELIPE: Irten gara hona, baina ezin dut behera begiratu... (oholtza ertzera gerturatuz, baina ez gehiegi) ai ene, bertigoa daukat!

TXIKLE: Euli batek bertigoa? (barrez) Hori ezinezkoa da! Zu akojonatuta zaude, hori da gertatzen zaizuna!

PELIPE: Baliteke...

ARGI: Jolin, negutegia urruti dago, gero!

TXIKLE: Bai zera, lau metro dira ta!

PELIPE: Ba hori, urruti. Gizakientzat ez, baina guretzat... metroa kilometro bihurtzen da. Hegoekin erraz, baina hegorik gabe...

TXIKLE: Hau oilobusti parea!

ARGI: Nik armiarma sarea egingo dut, eta denok zintzilikatuko gara... baina banaka, e? Bestela apurtu egingo da.

PELIPE: Bale, baina nondik, hemendik ala handik? (biei galdezka, oholtzan batera eta bestera, urduri)

ARGI: Hortik hobeto igual... (oholtzaren ertz batera joanda)

Halako batean, zomorro berde bat agertuko da oholtzan, salto bat emanda (beharbada ohe elastikoa erabili dezake salto egiteko), garraxika:

OKER: Artaburuaaaaaaaaaaa!!!

Matxinsalto bat da: hankak eta antenak okerrak ditu, oso okerrak, eta lurrean geratuko da, hankaz gora erorita. Jaikitzen saiatuko da, baina hankak trabatuta ditu, eta pixka bat kostatuko zaio.

PELIPE: Ai ama, ai amaaa, ai amaaaaa! (armiarmaren atzean ezkutatuko da eulitxo izutua. Armiarma, berriz, leiho ertzean, pantailaren alderdi zuriaren kontra jarriko da, ikustezin bihurtzeko).

TXIKLE: Lasai egon! Mozolo honek ezingo du nirekin! (zutik jarrita, besoak boxealarien moduan astintzen).

Matxinsaltoak beste salto bat emango du, oholtzan, eta labezomorroarengana gerturatuko da. Hankaz gora eroriko da berriz.

TXIKLE: Etorri hona! Etorri hona, txikito! (barrez, ukabilak estututa, salto txikiak ematen) Zeren zain zaude?

OKER: Zergatik nahi duzu borroka egin?

TXIKLE: Nik, borroka? Zuk jan egin nahi gaituzulako! Hara bestea! Nire burua defenditzen ari naiz, eta nire lagunena ere bai!

OKER: Ez nuen batere asmorik, bazkalduta nago (irriz). Gainera, labezomorroak ez zaizkit batere gustatzen!

TXIKLE: A, ez?

MATXIN: Ez, oso gogorrak zarete!

TXIKLE: Bai, ejem, egia da... (disimulatzen, bera biguna delako)

OKER: Gainera, ni baino handiago zara!

TXIKLE: Hori bai, hori bai!

OKER: Eta gainera, erotuta zaude.

TXIKLE: Erotuta niiiii?

OKER: Bai, zuuuuu! Nor bestela? Zu eta ni bakarrik gaude hemen, nahiz eta zuk pluralean hitz egin!

TXIKLE: Entzun duzue, lagunak? Bakarrik? Baita zera ere! Gu hiru gara!

OKER: Zeintzuk gu? (barrez) Uste nuena baino okerrago zaude... egunargiak kalte egin dizu garunean! (barrez lehertzen, antena okerrak ezker-eskuin mugituz).

TXIKLE: Zer diozu! Nire lagunak...

PELIPE: Ixo, Txikle!

OKER: Zer izan da hori?

TXIKLE: Ezer ez, ezer ez... (disimulatzen) Nire barruko ahotsetako bat, besterik ez. Goseak amorratzen nagoela dioen marrua. Joan zaitez etorritako bidetik!

OKER: Oraintxe bota duzu ederra! Etorritako bidetik joatea erraza balitz bezala! Inoiz ez dut lortzen nahi dudan bidetik joatea. Ezkerrera, esaten dut, eta nire hankak eskubira doaz. Galduta nabil beti! (umorez) Baina lasai, banoa eta... (buelta ematen hasiko da)

TXIKLE: Ez joan...

PELIPE: Bai, joan! Joan! (armiarmaren atzetik)

TXIKLE: Jatorra da, kontxo! (paretara begira)

PELIPE: Jan egingo nau, tonto!

Matxinsaltoa zur eta lur dago, labezomorroa horma zuriarekin eztabaidan ikusita. Ondo begiratuko du, eta bi begi beltz ikusiko ditu horman.

OKER: Aiba! Ikustezina da ta! Ai ene, hauxe bai dela ona! (barrez lehertzen). Zuek, zuek... ni bezain arraroak zarete. Edo gehiago!

ARGI: Gehiago ez, e!

TXIKLE: Ondo da. Lagunak izan gaitezke. Baina eulitxoa jaten baduzu, lepoa bihurrituko dizut!

OKER: Horrela? (burua modu barregarrian mugituko du, zaratatxoak ateratzen eta barrez. Gomazkoa dirudi. Denek egingo dute barre)

ARGI: Nola duzu izena? (bere ezkutalekutik atera eta ondora joanda)

OKER: Oooooker (balantzaka, antenak eta hankak mugitzen eta barrez). Oker!

ARGI: Hortaz, ez naiz txakur izena daukan bakarra! Ni Argi naiz. Eta hauek Txikle eta Pelipe dira. Labezomorro biguna eta hego gabeko eulia.

OKER: Joder... hemen ni naiz normalena!

PELIPE: Aizu, ez pasatu, e! (armiarmaren atzean erdi gordeta, mesfidati)

OKER: Iuju!! Hau poza zuek ezagutzea!! Nora zoazte?

ARGI: Negutegira.

OKER: Negutegira, benetan?! (barrez)

TXIKLE: Bai, zer ba? (susto aurpegia)

OKER: Ni ere hara nindoan! Baina bidez okertu naiz... Tximeleta batek esan dit toki ona dela niretzat, ez dakit zergatik...

ARGI: Gu ez gara sekula egon. Baina toki ona izatea espero dugu, bai!

PELIPE: Berriketak utzi eta goazen! Argi, sarea egin eta lehenbailehen jaitsi behar dugu, txoriren bat etorri aurretik...

TXIKLE: Hori da! Goazen! Nahi baduzu gurekin etorri (matxinsaltoari)... baina formal, e!

OKER: Baaaale.

5. eszena

Negutegira iritsi dira lau zomorroak. Pelipek belarrak daramatza buru gainean, luzeak, kamuflaje moduan. Pantailan bizikleta baten heldulekua ikusiko da, eta beste traste batzuk ere bai; fondoa ez da zuri-zuria.

PELIPE: Ezin dut sinestu... iritsi gara!!! (saltoka)

TXIKLE: Belarrean gora, lorean behera, sasiari buelta eman... nekagarria izan da, e! Eta ipurdia pintxoz beteta daukat! Aix...

ARGI: Nik ere bai! Oker, zergatik oihukatzen duzu salto handi bat egiten duzun bakoitzean? Zer esaten duzu, “artaburua”? (harrituta)

OKER: Bai, hori da: artaburuaaaaaa!!! Hori da nire gerra oihua. Tira, abixua da gehiago. Nola ez dakidan non eroriko naizen, ba abixatzeko!

ARGI: Aaaaaaa... Niri txitxare alu horrek egundoko sustoa eman dit! Erraldoia zen!

TXIKLE: Okerragoa izan da inurri gorri taldea! Badakizu zer nolako indarra duten horiek? Ez gaituztelako ikusi, bestela...

PELIPE: Bai zera. Okerrena txoria...

ARGI: Txoria? Gerturatu ere ez da egin eta! Oso urruti zegoen...

PELIPE: Bai, baina oso ikusmen ona dute! Belar hauen azpian ezkutatu naizelako, bestela...

OKER: Xelebrea zara gero! Ni handiagoa naiz eta ez nau ikusi!

PELIPE: Baina zu berdea zara!

TXIKLE: Eta ni? (barrez)

PELIPE: Ez, zu ez zara berdea... (gaia aldatuko du) Zein handia den negutegi hau, ezta? (gora begira)

ARGI: Hemen ez da Mari Garbi egon, hori seguru! Hau da anabasa! Ikusi, motoa, bizikleta, osinak... (seinalatzen) Eta egundoko hautsa! Aaaaaatxis!

PELIPE: Zenbat zirrikitu ezkutatzeko! Gainera, alde guztietatik dago estalita, eta zomorro txikiak bai, baina txoriak ezingo dira hona sartu, ala?

TXIKLE: Tematuta zaude txoriekin, e!

MARIGORRI: Ez, lasai, txoririk ez da sartzen hona. (Ez dira ohartu atzean zomorro taldetxo bat dutela. Amona mantangorria da hitz egin duena, baina ez du pinporta beltzik; gorria da oso-osorik, bai hanka eta bai buru).

Zomorroek buelta emango dute, izututa. Marigorrirekin batera ipurtargi bat, ehunzango bat eta inurri bat daude, denak ere berezi-bereziak: ipurtargiak ipurdi izugarria du, ehunzangoa normala baino askoz luzeagoa da (nahiz eta momentuz gorputzaren zati bat bakarrik ikusten zaion; bestea eszenatokitik kanpo dauka) eta inurriak burua eta gorputza borobilak eta handiak ditu. Makilak dituzte eskuetan denek.

TXIKLE: Bake giroan gatoz! (mukizapi zuria aterako du; armiarma eta eulitxoa bere atzean ezkutatzen saiatuko dira). Baina borrokatu behar bada... ez gara atzean geratuko!

OKER: Hau zorte txarra gurea, zuzenean deabruaren etxera etortzea ere... (mantangorriari begira)

MARIGORRI: Deabrua ni? (barrez) Ez izutu, ez dizuegu minik egin nahi.

PELIPE: Eta makila horiek? Zer dira ba, kili-kili egiteko? (ironikoki)

ZORTZI: Gure burua defenditzeko dira, badaezpada. Baina ez dugu erabiltzeko beharrik izango... Zein baino zein arraroagoak zarete!

ARGI: Zuek ere bai!

MARIGORRI: Bai, hala da. Horrexegatik, toki aproposera etorri zarete! Ongi etorriak gure etxera! Ni Marigorri naiz. Marigorri-gorringo. Konturatuko zineten amona mantangorria naizela, baina ez dudala pinporta beltzik. Gorria naiz goitik behera, odol tanta bat bezala. Lehen ezin nuen jasan halakoa izatea... Garai batean pinportak margotu egiten nituen, baina okerragoa zen: euria egiten zuenean, gorria bihurtzen nintzen berriro. Eta iseka egiten zidaten. Zuk ere (Oker matxinsaltoari begira) azkar asko esan didazu deabrua ematen dudala...

OKER: Ai, hanka sartu dut, barkatuuuuu... Hala ere, oso polita zara... polita benetan! (antenak mugituz)

MARIGORRI: Aizu, lotsagorritu egingo naiz...

IPURTANDI: Lasai, ez zaizu igarriko! (barre egingo dute denek)

ZORTZI: Hemen denok gara arraroak. Denok eta inor ez. Ulertzen duzue? Hemen normalena arraroa izatea delako. Ni Zortzi naiz. Argi dago zergatik, ezta? Zortzi zenbakiaren antza dut. Borobilegia naiz, handiegia, inurria izateko. Burua erraaaldoia daukat eta gorputza ere bai. Kakahuesa ematen dut. Baina berdin dio!

IPURTANDI: Bai, berdin da itxura, forma eta kolorea. Denak gara berdinak eta denak ezberdinak aldi berean! Niri Ipurtandi deitzen didate, ipurtargi esan beharrean. Eta ez naiz haserretzen, egia delako. Seguru ez duzuela sekula santan nirea bezalako ipurdirik ikusi! (buelta emango du, erakusteko).

PELIPE: Egia esateko, ez. Hori da ipurdi puska, alajaina!

ARGI: Ixo, Pelipe, ez izan lotsagabea...

IPURTANDI: Utziozu, arrazoia dauka ta. Ipurdi honekin negutegi osoa argitzen dut gauetan!

TXIKLE: Ooooooooo... Ba ikustekoa izango da!

MARIGORRI: Ez ikustekoa izaten da! (barrez) Itsutu egiten gaitu denak! (begiak estaliko ditu; denak barrez hasiko dira)

IPURTANDI: Bai, nire ipurdiak ilargia ematen du egunez eta eguzkia gauez! Hosto handi batean bil-bil eginda egiten dut lo, besteak ez esnatzeko, eta, hala ere, nire distira zazpi loreko distantziara ikus daiteke!

OKER: Aibala! Egundo halakorik!

PELIPE: Ba gu Argi, Txikle, Oker eta Pelipe gara. Argi armiarma zuria (behatzarekin Argi seinalatzen), Txikle labezomorro biguna (Txikle seinalatzen), Oker matxinsalto hanka-okerra (Oker seinalatzen) eta ni Pelipe, hego gabeko eulia.

MARIGORRI: Eta zuk, Luxe, ez duzu zure burua aurkeztu behar? (ehunzangoari) Oso lotsatia da gaixoa...

LUXE: Tira, bai... ni... ni... ni ehunzangoa naiz, baina ez ditut ehun zango. Gehiago ditut. (eszenatokian mugitzen hasiko da, poliki-poliki, eta gorputzaren zati gehiago joango dira agertzen). Luze-luze-luzea naiz, trenak bezalakoxea. Ba-ba-baina baldarra, oso pisutsua naizelako. U-u-u-uste dut, uste dut munduko ehunzangorik geldoena naizela... Txi-tximeleta bihurtu zen har batek e-e-eman zidan “xomorro arraroen” negutegiaren berri. “Han etxean bezala sentituko zara”, esan zidan. E-e-eta egia da.

ARGI: Ze hunkigarria... Hau da, hau, animalia arraro festa!

OKER: Bai, hau paradisua da!!!

MARIGORRI: Ez hain azkar, txo. Hemen geratu nahi baduzue, negutegiko arauak bete beharko dituzue.

OKER: Arauak? Jope...

PELIPE: Banengoen ba ni politegia zela...

IPURTANDI: Bat. Urrezko araua: negutegian erroldatutako zomorroek ezin dute elkar jan.

PELIPE: Hori primeran iruditzen zait. Oso oso baina oso ondo!

MARIGORRI: Xxxist! (isiltzeko keinua) Bigarrena: negutegiko biztanleek elkar lagundu behar dute: etxeak egiten, jana bilatzen...

ARGI: Hori ere zentzuzkoa da...

ZORTZI: Hirugarren araua: ezin zaio arraroa denari burlarik egin, ezta normala denari ere.

TXIKLE: Normala denari burla? Horrek ez dauka zentzurik! Arau horrek ez dauka ez hanka eta ez buztan!

MARIGORRI: Nola ezetz? Hemen bizi garen gehienok bereziak gara, eta normalak direnak gaizki sentitzen dira berezitasunik ez dutelako. Eta guk tentazioa izaten dugu haiek zirikatzeko...

ZORTZI: Egundoko tentazioa! Hain erraza da beste batzuen lepo barre egitea...

OKER: Bai, egia galanta! Baina barrerik ezin da egin, orduan? (bat-batean serio-serio jarrita)

IPURTANDI: Bai, bai. Entzun ondo laugarren araua, azkena: barrealdietan parte hartu behar da. Gutxienez egunean behin.

TXIKLE: Zer dira barrealdiak?

IPURTANDI: Ba barre egiteko momentuak, motel! Oso erraza da. Denok elkarrekin egiten dugu barre. Batzuetan negar ere bai, baina algaraka, e! Marigorrik oso barre barregarria dauka! (barrez)

Marigorri barrez hasiko da, eta denak berarekin batera.

PELIPE: Ze arau guaiak! (saltoka)

ARGI/TXIKLE/OKER: Bai, bai, bai...

MARIGORRI: Ba ez dakizue onena! Bihar mozorro festa egingo dugu! Momentu onenean etorri zarete! Oso dibertigarria izaten da: bareak barraskiloz mozorrotzen dira, ipurtargiak kilkerrez, erleak tximeletaz... Luxe (ehunzangoari begira) sugez mozorrotzen da, eta denak ikaratzen gaitu!

IPURTANDI: Bai, antenak ere dardarka jartzen dizkigu! (emozionatuta)

LUXE: Ba-bai-bai, egia da... (barrez, erdi lotsatuta)

IPURTANDI: Sugea oso animalia beldurgarria da! Azkarra eta isila da. Eta zomorrorik handiena ere erraz sartzen du bere aho itxuraz txikian... (ikaraz begiratzen diote) Egia esan, xaguak eta arratoiak ere ez dira askoz hobeak... Zortzi xaguz mozorrotu zen iaz! (inurriak buruarekin baietz)

ARGI: Eta benetakoak... etortzen dira hona? (larri; Pelipe eulitxoa berari helduta dago)

MARIGORRI: Batzuetan bai. Baina gutxitan. Eta ondo prestatuta gaude, datozenerako. Kilkerrek larrialdetako kri-kria egiten dute, kriiiiiiii luzea, eta ezkutalekuetara joaten gara denok, saltoka, hegan, arrastaka... azkar demonio!

ARGI/OKER/PELIPE/TXIKLE: Aaaaaaaaaaaaaa (lasaitasun hasperenak)

Zomorro denak barrez hasiko dira.

MARIGORRI: Barrealdiaaaa! (barre eroa egingo du eta guztiek egingo dute barre, gero eta barre handiagoak)

6. eszena

Zomorro denak agertuko dira taula gainean, musikarekin batera dantzan. Denak mozorrotuta daude: gainetik zerbait dute jarrita (hegoak, antenak, buztana, lumak...). Beste zomorro batzuk ere ager daitezke.

Kantuan hasiko dira denak:

Normala da arraroena
Arraroa da normalena
Itsusiena da politena
Baldarrena da azkarrena
Arraroa da normalena
Normala da arraroena

MARIGORRI: Ni gorria naiz!

IPURTANDI: Ni gizena!

OKER: Ni hanka-okerra!

LUXE: Ni luzeena!

Normala da arraroena
Arraroa da normalena
Itsusiena da politena
Baldarrena da azkarrena
Arraroa da normalena
Normala da arraroena

ARGI: Ni zuria naiz!

TXIKLE: Ni bigunena!

ZORTZI: Ni indartsuegia!

PELIPE: Ni makalena!

Normala da arraroena
Arraroa da normalena
Itsusiena da politena
Baldarrena da azkarrena
Arraroa da normalena
Normala da arraroena

7. eszena

Pantailan, negutegi barruko irudia. Aurrekoaren desberdina izan daiteke, beste traste batzuk ikus daitezke: gurpil bat, patinak... Zomorroak denborapasa dihardute, jolasean. Hurra batekin (oso handia da beraientzat; Pilateseko baloi bat izan daiteke, margotuta) ari dira Oker eta Luxe, baloia balitz bezala elkarri pasatzen.

OKER: Bota zure indar guztiarekin!

Pelipe sokasaltoan, belar bat dirudien soka berde batekin; Argik eta Ipurtandik eusten diote sokari.

PELIPE: Berrogei, berrogeita bat, berrogeita bi... ezin dut gehiago!

IPURTANDI: Ez izan makala! Hogei gehiago (euliak saltoka jarraituko du)

PELIPE: Ba orain zu!

IPURTANDI: Badakizu ezin dudala, ipurdia trabatzen zaidala! (barrez)

Txikle lurrean eserita dago, txirula batekin. Nota batzuk jo eta Zortziri begira jarriko da: inurria pesak egiten ari da, bi hurrarekin/frutu gorrirekin (oso oso handiak dira; plastikozkoak izan daitezke, margotuta).

TXIKLE: Lesionatu gabe, e, Zortzi? (barrez) Ez duzu txirula jotzen ikasi nahi?

ZORTZI: Ezetz ba! Zu ez zara lesionatuko, ez!

Marigorri agertuko da, negarrez. Eta egiten ari zirena utzita, guztiak geratu egingo dira, geldi eta isilik.

MARIGORRI: Hau atsekabea... (zotinka) Ez dakizue zer gertatu den... Ezin dut sinistu!!

Zomorro denak gerturatu egingo zaizkio, jakin-minez eta kezkatuta.

IPURTANDI: Zer gertatu da ba?

ARGI: Albiste txarren bat?

MARIGORRI: Oso txarra. Negutegia bota egingo dute!

ZOMORRO DENAK: Zeeeer!? (harrituta eta larrituta)

IPURTANDI: Bota? Ez da posible!

ARGI: Noiz?

PELIPE: Zergatik?

TXIKLE: Nola dakizu?

MARIGORRI: Enara moreak esan dit, gure lagunak. Etxea egingo dute orube honetan! Etxe handi bat. Eta laster izango da, gainera... (negarrez; Pelipe eulia gerturatu egingo zaio, burua laztantzera)

IPURTANDI: Baina seguru-seguru zaude?

MARIGORRI: Bai, esan didanez eskabadora ere ekarri dute! Bihar-etzi hasiko dira lanean! Ai ene, zer egingo dugu? (negarrez)

ARGI: Zerbait pentsatu beharra daukagu!

LUXE: Bai, eta azkar!

IPURTANDI: Ideia bat daukat! (ipurdiko bonbilla piztuko zaio).

LUXE: Ze azkar! (liluratuta)

IPURTANDI: Ikuskizun bat egingo dugu! Fokoak nire kontu! (irribarrez; besteek harrituta begiratuko diote)

MARIGORRI: Bota egin nahi gaituzte, eta zuk festa bat egin nahi duzu? (haserre antzean)

ARGI: Ondo dago egoera umorez hartzea... baina zerbait egin behar dugu! Nora joango gara?

PELIPE: Bai, baina ez gaituzte inon onartuko! (negarrez hasiko da, eta orain mantangorriak laztanduko dio burua)

IPURTANDI. Familia bat osatzen dugu, eta elkarrekin jarraitu behar dugu!... Horretarako egin behar dugu ikuskizuna, hain justu! Inoizko xomorro ikuskizun ikusgarriena! (harrituta begiratzen diote denek, artean ulertu ezinik)

ARGI: Zertarako?

MARIGORRI: Bai, zertarako?

TXIKLE: Garbi hitz egin, ez dizugu ulertzen ta!

IPURTANDI: Zirko ikuskizun bat sortuko dugu, eta alde batetik bestera joango gara gure zirko txikiarekin! Beste zomorroek esku zabalik hartuko gaituzte, eta babesa emango digute. Ideia polita da, ezta? (irribarrez)

TXIKLE: Tira... bai, izan daiteke!

PELIPE: Zirkoa, guk? Baina nola? (temati)

IPURTANDI: Oso erraza da! Inurri super-indartsua daukagu (Zortzi seinalatzen), armiarma ikustezina (Argi seinalatzen)... Pelipe, zu ikuskizuneko izarretako bat izango zara: euli hegalaria! Kanoi batean sartuko zaitugu, metxa piztu, zist, eta danba, hegan aterako zara! Hegorik gabeko euli hegalaria, bakarra munduan!

PELIPE: Bai, bai! (negarretik barrera igarota) Zu bai zarela argia, ipurtargi!

ARGI: Ez da arriskutsua izango? (kezkatuta) Pelipe gaixoa!

PELIPE: Kolpeek ez didate inporta! Hegan egiteagatik edozer gauza egingo nuke! Hori da nire ametsa!

IPURTANDI: Bakoitzak bere gustuko gauzak egingo ditu. Zu, Txikle, ohe elastikoa izan zaitezke...

TXIKLE: Ados! Txirula jotzen ere badakit!

IPURTANDI: Bikain! Norbait sorgintzea lortzen baduzu, primeran! Eta Marigorri... zu aurkezle lanetan jarriko zaitugu!

OKER: Bai, oso ahots polita daukazu... zoragarria... (maiteminduaren begiradaz)

MARIGORRI: Eskerrik asko, Oker... (lotsatua)

TXIKLE: Gorritzen ari zara! (Marigorriri, burlaizez baina modu maitakorrean)

LUXE: Eta nik zer egin dezaket ba? (burumakur) Nik ez dakit ezer egiten...

PELIPE: Nola ezetz? Trena izan zaitezke zu!

LUXE: Zer, munduko trenik geldoena? (kopetilun)

IPURTANDI: Ez, lasai, nik badakit hori nola konpondu! (ipurdiko argia piztuko zaio berriro) Patiñak erabiliko ditugu, irristagailuak! Zomorro txikienak batera eta bestera eraman ditzakezu...

LUXE: Zein irudimentsua zaren, Ipurtandi! Gustatzen zait ideia!

IPURTANDI: Arkakuso trapezista pare bat kontratatuko ditugu; denek dakite zein trebeak diren. Eta ni argiaz arduratuko naiz. (ipurdiko argia itzali eta piztu egingo du). Koloretako lore-hostoak jartzen baditut, koloriñetako argiak izango ditugu! Zer iruditzen zaizue?

ARGI: Ederto!!!

MARIGORRI: Primeran!

PELIPE: Bai, bai, bai!

OKER: Ejem, ejem! (arreta erakartzen) Ba ez dakit zer esan... ni Ameriketara bidaltzeko asmoa duzue ala zer?

TXIKLE: Ameriketara?! Non dago hori?

OKER: Ez zara nirekin gogoratu, Ipurtandi! (balantzaka)

IPURTANDI: Ez haserretu, Okertxo. Noski akordatu naizela! Zure zeregina hain garbi ikusten dut... esan beharrik ere ez neukala! Ezta, lagunok?

OKER: Bai?! Eta zein da ba? (begirada argituko zaio)

TXIKLE: Pailazoa!

IPURTANDI: Horixe bera! Zer bestela?

PELIPE: Bai, oso pailazo barregarria izango zara, Oker! (barrez)

OKER: Zuek uste? (era xelebrean mugituz)

TXIKLE: Bai horixe! Ohe elastikoa (bere burua seinalatuz) erabili dezakezu salto handiagoak egiteko! (lurrean etzan eta salto batean jaikiko da berriro). Eta gurpilarena ere egin dezakegu, eta malabareak, eta...

PELIPE: Zomorro denak gu ikusteko irrikitan egongo dira!

MARIGORRI: Munduko zomorro zirkorik ederrena izango da!

ARGI: Bai horixe!

LUXE: Aupa gu!

ZOMORRO DENAK: Aupaaa!!

8. eszena

Pantailan belarra ikusiko da. Zomorro taldea agertuko da oholtzan (musikaz lagunduta izan daiteke: musika banda bat egon daiteke; taldeko batzuk musika tresnekin; musika grabatuta egon daiteke, bestela). Taldearen buruan kañoia joango da eta eulitxoa barruan, denei agur eginez. Taldekide bik egingo diote bultza kainoiari eta gainerako kideak ere atzetik datoz. Oker sudur gorriarekin eta kapela batekin, Zortzi pisuren bat jasotzen, ehunzangoa patinekin... denak pozik eta mugimenduan. Zomorro berriak ere egon daitezke zirkoan, lehenago agertu ez direnak.

OKER: Badator zirkoa! Badator zirkoa!

MARIGORRI: Bai, badator zomorroen zirkoa, lagunok! Munduko zirkorik ikusgarriena! Armiarma ikustezina, hego gabeko euli hegalaria, pailazoak, inurri super- indartsua, munduko ehunzangorik luzeena eta azkarrena...

OKER: Etorri ikustera! Etorri!

Publikoari begira daude denak, eta kantuan hasiko dira (musika tresnek lagunduta izan daiteke).Rap antzekoa izan daiteke.

Ikusi gure zirkoa
disfrutatzeko mordoa
Ikusi gure zirkoa
disfrutatzeko mordoa

MARIGORRI: Ni aurkezlea naiz!

IPURTANDI: Ni argien arduraduna! (ipurdiko argia erakutsiko du; koloretakoa izan daiteke) Zomorro-mozorro festa Inon hoberik ezta Zomorro-mozorro festa Inon hoberik ezta

OKER: Ni pailazoa!

LUXE: Ni trenik azkarrena!

Ikusi gure zirkoa
disfrutatzeko mordoa
Ikusi gure zirkoa
disfrutatzeko mordoa

ARGI: Ni ikustezina naiz!

TXIKLE: Ni suge sorgintzailea!

Zomorro-mozorro festa
Inon hoberik ezta
Zomorro-mozorro festa
Inon hoberik ezta

ZORTZI: Ni indartsuetan indartsuena!

PELIPE: Eta ni suuuuuper-eulia!

5. eszenako abestitxoa errepikatu dezakete, bukaera moduan (pantailan letra ere ipini daiteke, nahi bada; publikoak ordurako doinua barneratuta edukiko du).

Normala da arraroena
Arraroa da normalena
Itsusiena da politena
Baldarrena da azkarrena
Arraroa da normalena
Normala da arraroena

Txalo zaparrada entzungo da megafoniatik (txaloak eta "aupa zuek!" edo "Gora zomorroen zirkoa!" bezalako oihuak grabatu daitezke). Beste aukera bat: oholtza azpian gelakideak agertzea, zomorroz mozorrotuta (erleak, tximeletak...) etorri den zirkoa txalotzen eta ongi etorria egiten (horrela gelako guztiek hartuko lukete parte). Antzezleak ere txaloka hasiko dira, publikoari erreberentziak eginez.

BUKAERA

Antzezlanaren azalpen laburra

1. eszena. Armiarmak bere burua aurkeztuko du.

2. eszena. Hego gabeko eulia ezagutuko du. Bizi diren etxea arriskutsua da, Mari Garbik dena garbitzen duelako.

3. eszena. Labezomorroa ezagutuko dute biek eta etxetik alde egitea erabakiko, negutegira joatea.

4. eszena. Bidean matxinsaltoa ezagutuko dute hirurek.

5. eszena. Negutegira iritsiko dira. Negutegiko bizilagunen ongi-etorria.

6. eszena. Negutegiko zomorro-mozorro festa. Kantua eta dantza.

7. eszena. Albiste txarra jasoko dute: negutegia bota egingo dute. Zirkoa antolatzea erabakiko dute.

8. eszena. Zirkoa antolatuta, mundura aterako dira.

OHARRAK

  • Antzezlan honen helburua: denok desberdinak garela erakustea eta 'bulling' egoerei aurre egitea.
  • Gaztetxoekin egiteko dago pentsatua (10-12 urtetik aurrerakoak. Ezin dute oso umeak izan, testu dezente dagoelako ikasteko). Hori bai, publiko guztiarentzat modukoa da: haur, gazte zein heldu.
  • Eskolan egiteko dago pentsatua. Gela guztietako ikasleen eta beraien gurasoen aurrean egin daiteke.
  • Antzezlan hau taularatzeko gutxienez zortzi antzezle beharko lirateke. Lau dira pertsonaia nagusiak, testu gehien dutenak. Azken eszenan gehiagok parte hartu dezakete: nahi beste izan daitezke.
  • Ikuskizuna motzagoa egiteko aukera ere badago, nahi izanez gero: 6. eszenararte antzeztuta ere ez luke zentzurik galduko.
  • Testu hau aproposa da irakurketa antzeztua egiteko ere, antzezlana prestatzeko eta taularatzeko aukerarik ez dagoenean . Posible izango litzateke, oso aldaketa gutxirekin, irratsaio bihurtzea ere (narrazailearen papera erraz sortu daiteke, eszenak lotzeko).
  • Antzezleak berdin-berdin izan daitezke neskak ala mutilak, pertsonaia batzuen izenek genero jakin bat iradoki dezaketen arren (Marigorri, Pelipe...). Animaliak erabilita, genero-aniztasuna bultzatu nahi da.
  • Oholtzan pantaila bat erabiltzea proposatzen da eta bertan botatzea irudiak: pareta zuria, leihoa, negutegia... baina posible da bestelako atrezzoa erabiltzea ere, egokiagoa irudituz gero. 
  • Kantuei doinua asmatu behar zaie. Ikasleek egin dezakete, irakasleen laguntzarekin.

Idoia Etxeberria Elortza

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago