Solas eta jolas

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai
  luma29

Bakar-bakarrik nengoen. Ez neukan laguntza  nori eskatu. Txikitan bai; iluntasunean esnatzen  nintzenean, amaaaa! deitzen nion, batzuetan loak hartu ezinik nengoenean ere bai, eta orduan  amak esaten zidan Purgatorioko arima santuei  errezatzeko, haiek lagunduko nindutela loa ekartzen. Horixe egiten nuen nik, ez zeru ez lur ez  zen toki hartako inuzenteei eskatzen nien goiko  bidea jo zezatela, gutxi gelditzen zitzaiela-eta zeru garbira igotzeko, eta bertara iritsiz gero atseden une zabala aurkituko zutela: handixek bidaltzeko niri lo pusketa eder bat, faborez eta mesedez. Nire eskaerak, beroa izanik, argi mehea pizten zuen airean, kea bezala zenbat eta gorago sendotuz joaten zena, goiko eremu hartara ailegatu  arte. Eta han, keak ukitutako dena argitu egiten  zen, eta orduan, aske utzitako globoak bezala jotzen zuten gora arima galdu haiek ere, zerura bidean, argitasunaren bila. Niri behintzat, keak  egindako bide beretik jaisten zitzaidan bueltan  loa ere, argia eta lasaia, eta sudurretik sartu eta  arnasa pausatu ahala erabat hartzen ninduen bere baitan.

Gogorapen horrekin batera etorri zitzaidan beste hau ere, alegia, nola umetan jolasten genuen  kanposanturako bidean zegoen ermitatxo batean, Aingeru Guardakoarenean. Sei urte nituela  ere, aingeru jantzita atera ninduten Agustinoek  ekainean Jesusen Bihotzari egiten zioten prozesioan, zuri-zuri jantzita goitik behera, buruko koroatik hasi, soinekotik jarraitu eta zapatetan bukatu arte, esku batean saskitxo bat nuela, lepotik  bi zinta zuriz zintzilikatuta, bertatik arrosa hostoak hartu eta airean sakabanatzeko.

“Aingeru guardakoa, aingeru guardakoa, jabetu zaitez nitaz osorik, har nazazu zure baitan, lagundu bidea argitzen. Izan zakidaz ate, izan nakizu bide. Zu zara nire lehenengo laguntxoa, betikoa, Argitu nazazu eta ni izango nauzu zure berba, zure eskuak.”

Halaxe eskatu nion, eta berak eskutik hartuta  eraman ninduen Arantzazutik harantzagoko leku zoragarri batera, Iturrigorritik aurrera. Errekari jarraitu genion puska batean, basoan barna.  Errekatxoak jira eta bira egiten zuen, pixka bat gora ere eginez, beste une batzuetan lur barruan  ezkutatuz, aurreraxeago berriro azaleratu egiten  zelarik. Oso errekatxo jolaskor eta kantari agertu zitzaidan, ur arina zeraman tokietan batez ere,  gero etenaldiren batean pausatu arren.

Halako leku apropos batean geratu ginen pittin bat jolasean, kastoreek bezala uharkatxoak  egiten harriak, orbela eta makilatxoak pilatuz ura  geldiarazteko, eta bide berriak eraikiz. Urak nola jokatzen zuen, eta guk jarritako mugak nola  zeharkatu eta apurtzen zituen ikusteak liluratzen  gintuen. Eguzkitik itzalera eta alderantziz ibili  ginen bide osoan.

Halako batean, ur jauzi txiki baten azpian ur  putzu egokia ikusita, bertan bainatu ginen; eta  halaxe freskatu ondoren, ur meharretan zapaburuak eta ezkailu batzuk harrapatzen ibili ginen,  berehala uretara itzultzen bagenituen ere. Bai baso dotorea zela hura! Ez zuen ezer falta. Bazirudien eguzkiak, urak eta haizeak lurra hornitu eta  jantzi egiten zutela, baso hezeak betetzen dituzten mota guztietako zuhaitzez eta landareez; hori guztia, jakina, bertan bizi zen jendeari esker,  alegia, hango izaki aberatsen laguntzari esker, elkarren ondoan bizi baitziren lur azpikakoak, haizeetakoak eta lur gainekoak ere, batzuk ikusiezinak, beste ale batzuk, ordea, oso nabariak.

Baso hura bere osotasunean sartu zitzaidan ene baitan eta baso bihurtu nintzen. Edo akaso barruan neraman paisaia kanporatu egin zitzaidan,  ez dakit. Dena bat zetorren nire bihotzean, eta  gogotik eta biziro maite nuen lur puska hura, gure buztinezko bihotzaren gela argitsu baten ispilu. Zenbat ate eta espazio berri ote zuen oraindik  nire barneak, gure lur honek? Zinez argia eta bizia dela gure lurra!

Gogoan daukat oraindik Aizkorripeko etxabola batean nengoela, gau izartsuan ilargiari begira lasai jarrita, nola sumatu nuen lurraren bira,  egunero egiten duen jira osoa, eguzkiaren inguruan egiten duen dantza sakratuaz gain. Ea zorabiatu egin nintzen, neskatila nintzela tiobiboetan gertatzen zitzaidan bezala.

Halako liluraldian zanbuluka nengoela, nire argizko izaki horrek, aingeruak, irribarre goxoaz  esan zidan: “Ondo da. Orain sar zaitez berriro  uretan eta gero jantzi zetazko soineko zuri hau,  laster gara-eta gure helmugan.”

Berak esandakoa bete, eta oinez jarraitu genuen. Handik gutxira, aurrean irekitzen zen  gaintxo bateko zelai berezi bat seinalatu zidan.  Zelai hori-zuriska distiratsu hartan urrezko etxe  borobil bat zegoen, ez harrizko etxe bat, baizik  eta eguzkiaz eginiko kristalezko eraikin borobila, lore-hauts koloretako eta urrezko oskola  handi batek burutzen zuela. Dena oso distiratsua zen eta airean kokatzen zela zirudien, lurrean zuztartuta baino.

“Segi aurrera –esan zidan-,zure etxea duzu hori, zure jatorrizko eta egiazko etxea.”

“Orduan... -esan nion-ni ere, zu bezala....“, eta  gora seinalatu nuen, zeru aldera. Buruarekin  baieztatu egin zuen, aldetik alderako irribarrea  aurpegian.

Segituan gogoratu nintzen txikitan elurrak  sortzen zidan magiaz. Kristal zuri hark ematen  zuen argiaren jantzia zela. Elur matazak aurpegian eta ahoan desegiten ziren eta zuritasunaren zuritasunez forma guztiak itxuraldatzen  zituzten, lurra argi zuriaz betetzen zelarik. Jatorri berbera izanik, ni ere kristal horixka nintzen, buztinezkoa ere bai...

Bat-batean dena nahastu zitzaidan kolpeka,  elurra, arrautza, harri-kristala, hautsa... jatorria, hura zen zurrunbiloa!

“Alerik ez eta errota nahi? –esan zidan-Joan iturburura eta edan lasai. Orduan ikusiko duzu.”

Halaxe sartu nintzen urrezko borobil hartan,  errespetuz eta pozez beterik, poliki... Barnea  ikaragarri handia zen, oraindik askozaz distiratsuagoa. Negarrari ekin nion...

Ba al dago magia deskribatzerik? Horixe badut helburu ere, oraindik ez naiz horretaraino  iritsi. Alkimistak konta al dezake nola hautsa  urre bihurtu den? Edo ama batek nola egiten  duen bere erraietan hazi batetik haragizko izaki argiduna?

Hala ere lekuko gara, gogoa galdu egin badugu ere, nola egun batean izarren hautsa bilakatu zen bizigai.

Horregatik orain alferrikako hausnarketari  utzi eta egiazko bizitzari ekin diot. Saiatzen naiz  ahalik eta denborarik gehien etxe borobil hartan ematen. Asmoa dut bertan bizitzen geratzeko. Oraindik guztiz neureganatu behar dut  etxe hori, neure baitan ondo sustraitu. Konfiantza hartzen ari naiz, edozein lekutatik ere jo dezakedala paraje hori, bidetan galtzeko beldurrik gabe.

Gure aitak erakutsi zidan mendian ibiltzen  eta geroztik makina bat aldiz galdu izan naiz,  ez dakidalako ondo ikusten. Orain nire baitako itsas zabalean argi iturri ederra daukat, itsas-gizonek itsasertzeko faroa daukaten gisakoa.

Nire buztinezko bihotzondoan kristal horiak,  eguzkiak bezala, dir-dir egiten dit. Asko gustatzen zait jendearen begietan loratzen den dirdira.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli