Saiakera

LOPEZ DE ARANA ARRIETA, Inaxio "León Azoulay: euskarazko lehen soinuak (1900)
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
EBOLUZIOAREN BIDEAN, SALTORIK EZ!
 
Giza espeziea eta lengoaia. Inkomunikatuak.
atapuerca2
Irudian ikus ditzakegu garun-kortexean dauden guneak eta haien funtzioak.

Mintzaira omen da gizaki egiten diguna; bada, beste animaliekin egindako esperimentuetan, tximinoekin, hain zuzen, argi geratu da ez direla gure hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko gai.

Bonobo tximinoekin egin dira horietako batzuk: bonobo arrazako kume bat, jaio bezain pronto, senar-emazte bikote batek etxera eraman zuen seme-alabekin batera hezteko; familia-kidea bailitzan zaindu zuten eta saiatu ere saiatu ziren beren hizkuntza erakusten, baina alferrik! Ondorio gisa: tximinoaren bokal-traktua ez zen egokia ahoskatzeko; hitz berean esan ziguten, ez zela ele egiteko gai.

Esperimentu honek AEBetan gertatu zen pasadizo bat oroitarazi zidan. Bake-akordio bat egiten ari ziren estatuko presidentea eta indioen buruzagia, eta, prestatzen ari ziren tratatuan, presidenteak baldintza bat planteatu zuen: indioen semeren bat beraiekin uztea hezi zezaten. Indioen buruzagiak baietz erantzun zion, baldin eta haien semeren bat indioekin hezteko bidali izango bazuten. Esan beharrik ez da baldintza hori bertan behera utzi zutela.

Eta hona ekartzen dut pasadizo hau zera adierazteko: posible bazen, bonobo tximinoa etxera eraman zuen familiak haren semeren bat, jaio bezain pronto, tximinoen “tribu” batean hezteko bidaltzea, gai izango ote zen seme hori tximinoen “hizkuntza” ikasteko?

Esperimentu horretan argi geratu dena inkomunikazioa bi norabidetan izan dela: azken finean, guk animaliez gain dugun  jakintza guztia eta animaliek gutaz dutena maila berekoak dira; hau da, batek bestea so egitean, obserbazio-dedukzio mailatik ez dela gainditzen. Horregatik, gure ikerketen ondorioz, esaten dugunean: ––“ tximinoek, etsaiaren arabera, besteei abisatzeko oihu desberdinak erabiltzen dituzte”, oihu hitza erabiltzen dugu eta ez hitza, ez baikara gai bere soinuak eta kodeak identifikatzeko eta, jakina, ez gara gai abisu horiek errepikatzeko. Gu tximinoak bezain inkomunikaturik gaudela aitortzeko prest nago.

Gauzak horrela, nola lortu zuten gure arbasoek hitz egitea?

Animalien erreinuan adimena noiz agertu zen?

Gaur egun, informatika dela eta, honako kontzeptuak erraz erabiltzen ditugu: adimen artifiziala, garun elektronikoa...; eta gure ordenadoreak memoriaz eta prozesadorez beterik daude. Hala ere, gure ondoko animaliek gaitasun hau, adimena alegia, ez dutela behin baino gehiagotan esan dugu.

Baina, zer da adimena? Nik, adibidean bezala, informazioa hartzeko gai denak eta, informazio hori behin  prozesatuz gero, erabaki bat hartzeko gauza denak adimena duela esango nuke.

Sobera sinple dela esan daiteke, bai! Baina, gogamenaren ezaugarriak finkatzean, ez dakit zenbateraino tranpa egiten dugun: kontziente, aske, arduratsu, arrazional izatea, edo arte, justizia eta abar sortzeko, eta geroa programatzeko ahalmenak edukitzea, premisa hauek ez ote dira giza mintzairaren ondorioak izango?

Eta gure arbasoak, mintzaira artikulatua eduki ez zutenak, nolakoak ziren geure buruari galdetuko bagenio, ez daukat inolako zalantzarik adimentsuak zirela erantzungo genukeela. Nerbio-sistemadunak: zentzumenak, kanpoko informazioa hartzeko; garuna, informazio hori prozesatzeko eta, azkenean, erabakiak hartzeko... zer gehiago behar zuten inteligente diploma merezi izateko? Beste gauza da zenbateko inteligentzia zuten, baina hori neurtzeko gaur ere ez dago makinarik!

Beren mundua ezagutzen zuten: bazekiten zer zen lagungarri, zer kaltegarri haientzat; zein zen beren lekua taldean; eta gai ziren etsaiak hurbil zeudela edo janaria lortu zutela besteei abisatzeko ondo zekitelako zeintzuk ziren haien eskubideak eta betebeharrak... Baina, hau guztia idatzi dut gure etxeko txakurrean pentsatzen! Bada, haiek, arbaso haiek, berdin.

Askotan irudikatzen ditugu izaki hauek gizajoak izango balira bezala, sobera ahulak, gabeziaz beteta... Nik bestelakoak ikusten ditut: indartsuak; taldetan ibiltzen zirela ez dago zalantzarik, bestela ez zuten, inondik ere, lehenengo hitzak eta lehenengo esaldiak asmatzerik lortuko, eta aspaldian konturatu zirelako bizitza elkarren artean errazago eramaten ahal zutela; bost zentzumenak erabiliz gauza ziren elkarrekin komunikatzeko, adibidez, maitasuna edo haserrea erakusteko: imintzioak, keinuak, aurpegiarekin; eta ferekak edota zimikoak eskuarekin baino ez zituzten behar. Gauza horiek guztiak ikusten ditugu gaurko animalien artean.

Gizakiok elkarrekin komunikatzeko, nola edo hala, bost zentzumenak erabiltzen ditugu: solas egiten dugunean, txandaka, batek hitz egiten duen bitartean, besteak, entzuten du; eta keinuz komunikatzean, bata imintzioka eta bestea begira daude. Horrela ikusmena, entzumena, usaimena, ukimena eta dastamena, horiek guztiek balio digute besteari gure laguntasuna edo etsaitasuna erakusteko. Alferrik da esatea batzuk besteak baino gehiago edo nabariago erabiltzen ditugula, baina mintzaira aberasten joan ahala, besteak bere garrantzia galtzen hasi ziren: hitzak zehazteko edo esan nahi dugunari ñabardurak emateko; labur esanda, hizkuntzaren laguntzaile bihurtu ziren.

Noiz hasi ziren hominidoak hitz egiten?

Ez dugu inoiz jakingo noiz hasi ziren hizkuntza artikulatua erabiltzen, baina ez dirudi gure lehengo gizabanakoek gauza asko komentatzeko izango zutenik, zeren eta ez baitzuten egun batetik bestera hizkuntza aberats bat izan, ez guk ezagutzen duguna bezalakoa, behintzat; baizik eta haiek izan ziren hastapena eman ziotenak eta, gero, belaunaldiz belaunaldi, hizkuntzak garatu egin zituztenak.

Pentsatzekoa da haien lehenengo hitzak, lehenengo esaldiak oso puntualak zirela; baina, bere garrantziaz ohartu ziren, laster konturatu ziren-eta elkarrekin lan egiteko edo bizitzaren gorabeherak arintzeko ezinbestekoak zirela; eta horrela, poliki-poliki, ia konturatu gabe, taldearen osagaia izatetik kohesiorako baliabide izatera pasa zen. Hizkuntza kimu hori hain laburra izanda ere, edo horrexegatik, hain zuzen, beste talde batekin harremanetan sartzean, erraz elkar ulertzeko gai ziren; eta enkontru haietan euren abileziak erakustean, azken lorpenak konpartitzean, bere indarraz konturatu ziren.

Gero, esperientziaz ikasitakoa oroimenean gordeta, ohartu ere ohartu ziren hizkuntzarekin jolasten ahal zela: barre egitea oso lorpen berezia izango zen, zalantzarik gabe; eta txantxak, ziriak, kantak, hitz jokoak, eta abar sortzeko gai izan ziren. Fase honetan, hasieratik, noski, hizkuntzak komunikatzeko funtzioa betetzen zuen. Baina, laster, hasieratik ez bada ere, gure oroimenaren euskarri izateko funtzioa agertu zen eta, horrekin batera, ezagutzaren garraiatze eta jakituriaren biltze funtzioak garatzen hasi ziren.

Gizakiaren oroimenak ez dauka mugarik. Hasieran, gure lagun jakintsuek ezagutzak nork bere buruan gordetzen zituzten; gero, idazten ikasi eta, liburuak sortuz, gure liburutegiak eraiki genituen; eta, azkenean, informatikaren bitartez, munduko edozein liburutegi etxeraino ekartzea lortu dugu. Baina, idazkera asmatu zutenez geroztik, beste lengoaiak sortzeko gauza izan ziren: medikuena, matematikariena, fisikariena, beste hainbeste, eta horrekin zientziaren bidea zabaldu zuten.

Ikusten dugunez, hori ez zen gertatu egun batetik bestera, ezta pentsatu ere! Aurrerapausoak ez dira gertatzen saltoka, baizik eta, emeki-emeki, denbora luzean zehar. Denboraren neurria izateko proposamen bat egingo dizuet: idazlan honetan erabilitako karakter bakoitzari 50 urteko balioa emango bagenio –hasieratik hona 23.742 karakter–, zenbaki hori bider 50: milioi bat ehun eta laurogeita zazpi mila eta ehun urte (1.187.100) pasa direla onartu beharko genuke, gutxi gorabehera Atapuercako hortzaren adinarena; eta orain azken lerroko hasieratik hona 128 karakter baino ez ditut erabili, bider 50: sei mila eta laurehun urte (6.400) gutxi gorabehera gizakiak idazten daramana; harrigarria, ezta?

Hizkuntzak eta geneak.

Mintzairaren jatorria gizakiaren jatorriarekin batera doa; horrexegatik, hipotesiak bezainbeste proposamen izango ditugu. Ez ditut kontuan hartuko kreazionisten azalpenak: Babel dorrea eraikitzen ari zirenei zigortzeko, Jaungoikoak hizkuntza desberdinak eman zizkien elkar uler ez zezaten. Baina, monogenismoa defendatzen dutenen artean badaude batzuk hizkuntza guztiak ama-hizkuntza batetik datozela mantentzen dutenak. Badute lana! Hasi! Hasi! Proto-hizkuntzak asmatzea gutxi izan balitz, orain pre-protoak eraiki behar! Hori da lana, hori! Hala ere, ez dirudi planteamendu honek jarraitzaile asko duenik. Askok onartzen dute hizkuntzak agertu zirenerako gizakia munduan zehar zabalduta zegoela. Hala balitz, poligenistek proposatzen digutena onartu beharko genuke.

Komenigarria litzateke aztertzea mintzaira nola agertu zen. Gene mutazio baten ondorioz sortua izan zen? Zer-nolako mutazioaz ari garen jakitea gustatuko litzaidake. Ez dugu zertan pentsatu geneen aldaketaren bidez, bat-bateko aldaketa handia gertatu zenik; hala balitz, kreazionistek planteatzen duten eran, eten bat izango genuke eta aztarnategietan nabariko litzateke. Nik esango nuke justu aurkakoa: continuum bat ikusten dela, eta horrexegatik, hain zuzen, ez dut trabarik ikusten esateko hasieran “ahotsak” baino ez zirena, azkenean, “kateatuta” erabiltzean lengoaiaren lehenengo urrats bilakatu zirela.

Desberdintzea komeni zaiguna zera da: lehena, hitz egitean, bai soinuak emititzean, bai soinuak jasotzean, zeintzuk diren parte hartzen duten estrukturak eta bigarrena, mintzaira bera zer den. Gauzak horrela, ez dugu inolako trabarik izango esateko estruktura horiek genetikoki garatu eta transmititu izan direla; eta mintzairari dagokionez, zerbait konbentzionala dela eta nahita –adopzioetan, umeari gure hizkuntza erakustean agerian geratzen den bezala– alda dezakegula. Baieztapen hauek bat datoz esperientziaz dakigunarekin.

Bigarren puntutik hasten bagara, esan beharra dago egun munduan 6.000 hizkuntza desberdin baino gehiago daudela; edozein pertsona gai da horietako bat ikasteko; eta, gainera, kontuan hartzen badugu, hizkuntza guztiek bere idazkera izaten ahal dutela, hurrengoa ulertzeko bidean gaude: etxe, house, maison, casa... Hitz horiek bere herrialdetan baino ez dute esangurarik; eta hitz horiek erakusten digutena zera da: objektua izendatzeko proposatzen dugun hitza gure kideekin batera egiten dugu, hitz horiek, beraz, konbentzionalak dira.

Lehenengo puntuari dagokionez, Paulov-en esperimentua oso interesgarria da konturatzeko zer-nolako konexioak suertatzen diren gure garunetan; Paulov-en erreflexu baldintzatuaz ari naiz. Txakur batekin egin zuen: txakurrari jaten ematen zion bakoitzean, txilibitua jotzen zuen, txistu bat baino ez zen. Egun batean erabaki zuen, betiko orduan eta betiko moduan txilibitua jotzea, baina, honetan ez zion janaririk eman. Hala ere, txakurrari adurra zeriola ikusi zuen.

Zein da esperimentu honen garrantzia? Bada, erakusten digula soinua (hitza) eta janaria (objektua) batzean, lotzean, zer-nolako konexioak gertatzen ahal diren nahi gabe. Paulov-ek listuarena baino ez zuen aipatu, baina ziur nago beste erreflexu gehiago eratu zirela, hala nola, buztanaren mugimenduak, txakurraren zaunkak edo negarrak, urduritasuna, eta abar.

Adibide hau ulertuz gero, gai gara hurrengoa onartzeko: ume bati hitz bat erakusten diogunean, objektua eta hitza biak batera erakustean, umeak asoziazio hori egiteaz gain, egoeraren bazterrak, emozio-kargak barne, igarriz, dena batera oroimenean gordeko du eta, horrela, esperimentuan bezala, objektuaren faltan, hitza entzuterakoan, objektuaren errepresentazioa izango du buruan, baina ez da irudipen hori bakarrik izango, baizik eta jasotako emozioak ere berpiztuko dira.

Azter dezagun, bi pertsonek elkarrekin hitz egiten dutenean, zein estrukturak parte hartzen duen elkarrizketa horretan; A deituko diogu hitz egiten duenari eta B, entzuten duenari:

A: lehenengo eta behin jakin behar du zer esan nahi duen; oroimenean, aldez aurretik ikasitako “hitz bat” aukeratu bezain pronto, garun-kortexean dauden motor neurona batzuek, nerbio-bulkadak bidaliz, eragingo diote fonazio-organoari, hau da, arnasa hartzeko eta botatzeko lan egiten duten giharrei, ahoa zabaltzeko eta ixteko erabiltzen direnei, eta mingaina eta ezpainak mugitzeko parte hatzen dutenei; baina, gihar hauek guztiek bere neurrian lan egiteko, zerebelo-neurona batzuek garun-kortexeko motor-neuronek igorritako nerbio-bulkada guztiak modulatuko dituzte; eta haizeak, biriketatik kanpora joatean, ahots-kordei bibrazioa eragitean, sortutako soinua ahoan, silabaz silaba, ahoskatuz gero, hitza sortuko da.

B: belarrietan bildutako soinuak tinpanoen kontra jotzean, entzumen-nerbioen bitartez, nerbio-bulkadak  garun-kortexean dauden  zentzumen-neuronetara iritsiko dira; eta hauek, oroimenarekin dituzten konexioen bitartez, bultzada horiek oroimenean dauden irudiak piztuko dituzte eta, nola edo hala, hitzaren esangurarekin batuko dira.

Letra etzanez idatzi dut eboluzioan zein estruktura izan ziren aldatzen edo garatzen joan zirenak.

Zentzumenek eta garunak elkarrekin lan egitean, bai gizakiarengan, bai beste animaliengan, berdin jokatzen dute; baina, gizakiaren garun-kortexean zenbait gune gehiago badaude, hala nola, Broca eta Wernicke-ren areak; eta horiek eta fonazio-organoa, hain zuzen, izango dira genetikoki transmitituko direnak.

Aspaldi aipatua izan da Broca eta Wernicke-ren areek lengoaiarekin zerikusirik dutela: Broca-zentroa, adibidez, hitz egiteko zentroa da; garun-kortexean kokatuta dago; eta han daude hitzak sortzeko parte hartzen duten motore-neuronak, zeintzuek, lehen ikusi dugun bezala, fonazio-giharrei uzkurtzeko aginduak bidaliko baitizkiete. Eta Wernicke areak, ordea, oroimenarekin lan egiten du, han metatzen baitira hitzen oroitzapenak eta hitz egiteko erabiltzen diren arauak.

Honekin guztiarekin adierazi nahi dudana zera da: gizakiaren garunak eta fonazio-organoak, poliki-poliki, hitzak asmatu ahala, hizkuntza garatu ahala, eta, hautespen naturalaren bitartez, eboluzionatu zutela. Horrekin batera, gure garunaren gaitasuna, mailaz maila, handituz joan zen; eta horren ondorioz, burezurraren tamainak ere gora egin zuen.

Eta aldaketa horiek nola transmititzen dira? Bada, hori ulertzeko, eboluzioa defendatzen dutenek horrela azaltzen digute: ohitura bat, ezaugarri bat, banako batentzat abantailatsua denean, ondokoekin partekatzean, taldearentzat abantaila izatera pasatzen bada, hautespen naturalaren bitartez, gene-kodearen parte izatera iritsiko da eta hurrengo belaunaldietara transmitituko da.
botoia1
J.M. Munarriz

 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli